Anbotoko Mari

Anbotoko Mari da euskal mitologiako sorginik ezagunena: Anbotoko dama ala “señoria”. Herri askotan ikusten zuten zeruan hegan, gauetan, eta sinesmen asko zeuden harekin lotuta. Besteak beste, eguraldia aldatzeko ahalmena zuen.

Mailak: LH

Ikasgaiak: Euskara eta literatura, Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen ezaguera

Gaiak: Euskal mitologia, Ipuinak

4,88 puntu 5 izarreko maximotik
64 iritzi guztira

Proposamena:

-Bideoa ikusi, eta komentatu. Ulertu ez dituzten hitzak azaldu.

-Anbotoko Mariri buruz zer dakiten galdetu.

  • Non bizi da?
  • Noiz eta nola agertzen da?
  • Nolakoa da? Ze itxura dauka?
  • Zein ahalmen dauzka?
  • Gaiztoa da ala zintzoa?
  • Zer da kometa bat?
  • Norbaitek badaki Anbotoko Mariri buruzko ipuinen bat? Konta dezala.

-Taldeka jarri, eta Mariri buruzko kondairaren bat idatzi; entzundakoren bat izan daiteke ala beraiek asmatu dezakete. Antzeztu ere egin dezakete.

-Etxerako egitekoa: Anbotoko damaren kontuak galdetu, eta hurrengorako ekarri. 

Miren Arantzeta (Elgeta, 1921):
- Ene! Gu… Anbotoko señoria zaintzen egoten giñan ez dakit zenbat bidar. Ta igual izarra ikusten giñuan… Badia… egoten dia kometia holan “jjiii” faten dianak? Beti zain egoten giñan. Ta baten ikusi giñuan. Aaa! Guk izarra danik be ez, e! Anbotoko señoria zan ha, e! Bere buztana atzian dabela. Guretako Anbotoko señoria zan ha, e! Bueno…!
Jose Azkarate (Eskoriatza, 1915):
- Hori, Anbotoko señorioi izaten zan… gabetan pasatzen omen zan alde batetik bestera. Horreik, izarra edo hola... Ikusten da ba batzuetan, joaten dala, ez dakit... Bai, bai, bai, hori zan Anbotoko señoria. Joaten zan hemendik, Oriamenditik edo, hortik Anbotora pasatzen zan, ezta?
Maria Etxebarria (Aramaio, 1930):
- Bueno, hori e: gure amak eta esaten ebien: igual e ba izarrak edo argixa edo… eta “han, ointxe pasau da, Anbotoko señoria Anbototik Gorbeixara”. Gorbeixan itten dittu ez dakit zenbat urte, eta orduan itten dau denbora txarra ala denbora ona, ez dakitt, eta bestian bestaldera.
Antonia Madariaga (Mallabia, 1914):
Ilargiko sorgiña - Anbotoko señorie, aittak esaten oskun. Hoixen urten, eta sue darixola Anbotora juten zala.
Xerafina Iriarte (Donostia, 1932):
- Eta Anbototikan Aizkorrira pasatzen zala, eta gero harea juten zanian egualdi ona o trumoiak edo. Kasketak harrapatzen emen zittun ta!

  • Anbotoko Mari euskal mitologiako jainkosa nagusia da. Beste izen batzuek ere hartzen ditu: Aralarko dama, Txindokiko dama, Aizkorriko dama, Murumendiko dama... Mendi askotan egiten ditu egonaldiak, bere ohiko bizilekua Anbotoko leize bat bada ere: Mariren koba.
  • Mari ama lurraren irudikapena da, izadiaren eta bertako elementuen erregina. Emakume itxura du, gehienetan ederra. Suzko bola eta zuhaitz itxura ere har dezake. Hegan egiten du, eta eguraldia aldatzeko gaitasuna dauka.
  • Ulertzen ez zituzten fenomenoei azalpen magikoa ematea ohikoa da. Kometa bat ikustean, Mari dela pentsatzea.
  • Mariri buruzko kondaira asko daude, oso desberdinak. Batzuek diotenez, bi ahizpa ziren, gaiztoa eta zintzoa, eta gaiztoak bestea menditik behera bota zuen, inbidia ziolako; hala bihurtu omen zen sorgin. Beste batzuen ustez, amaren esana ez betetzeagatik izan zen: “Deabruak eramango al hau!”, esan zion amak. Eta “ez zerurako eta ez lurrerako” geratu zen Mari, sorgin bihurtuta.
  • Beste kondaira bat: Dama Diego Lopez de Haro Bizkaiko jaunarekin ezkonduta omen zegoen. Ezkontzean, Marik etxean inoiz ez zuela aitaren egingo zin eginarazi zion senarrari. Hark ez zuen esana bete, eta Mari bere alabarekin hegan atera zen. Kristautasunaren aurkako jarrera hori beste ipuin batzuetan ere agertzen da: elizara eraman nahi izan zutenean, su bihurtuta egin zuela ihes.
  • Batzuen esanetan, Sugaar da Mariren bikotea, eta bi seme dituzte: Mikelats eta Atarabi, ongiaren eta gaizkiaren irudikapenak.

Utzi zure ekarpena