Txirrin: arbolatik arbolara

Zuhaitz batetik bestera joanez jolasten den harrapaketa jolasa.

Mailak: LH, HH

Proiektuak: Elgoibarko Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas

Gaiak: Kanta-jolasak

5 puntu 5 izarreko maximotik
Iritzi 1 guztira

Kanta-jolas hau Elgoibarko herri eskolan landu zuten, HHko 5 urteko umeekin. LHko lehen urteetarako ere aproposa da. 

Zer behar da? 

Espazio zabala behar da, eta, ahal dela, zuhaitzak dauden toki batean egin beharko litzateke. Toki perfektua: lauki bat osatzen duten lau zuhaitz izatea (hiruki bat osatzen duten hiru ere izan daitezke edo laukizuzen bat osatzen duten sei). Ezin bada, arbolen ordez beste zerbait ere erabil daiteke: lau zutabe, adibidez. Elgoibarko herri eskolan, bi zuhaitz eta bi zutabe erabili zituzten. 

Nola jolastu?

1-Lau zuhaitz aukeratu behar dira (lekuaren arabera, 5 edo 6 zuhaitz ere erabil daitezke), eta, jolasten hasi aurretik, zuhaitzak zein hurrenkeran “kenduko” diren erabaki behar da (hor jarraituko dute, noski, baina ez dute “etxe” moduan balioko). Aulki-jokoaren antzeko jolasa da hau, baina aulkien ordez zuhaitzak erabiltzen dira.

2-Jokalari kopurua zuhaitz kopurua gehi bat izango da: zuhaitzak 4 baldin badira, 5 lagun (5 baldin badira, 6). Eta ume batek abestu egingo du. Horrenbestez, guztira 6 izango lirateke.

3-Ume bat erdiko puntuan jarriko da (zuhaitzek osatzen duten laukiaren edo laukizuzenaren erdian), eta kantatu egingo du, besteak bere inguruan bueltaka dituen bitartean. Posible da umeak arbolatik arbolara ibiltzea ere, ume horren inguruan izan gabe.

4-Kantatzen dagoen umea isiltzen denean, “txirrin-txirrin” esateari uzten dionean, beste umeak zuhaitzak ikutzera joango dira. Zuhaitz gabe geratzen den umea jolasetik kanpora geratuko da.

5- Zuhaitz bat “kenduko” da, jada ez da “etxea” izango. Eta berriz abestuko du umeak. Lau jokalari egongo dira, eta hiru zuhaitz. Hurrengoan bi zuhaitz eta bukaeran bat.

6-Jokalari bakarra geratzen denean bukatuko da jolasa.

Partaide kopurua (gutxienez): 6

Txirrin bat eta txirrin bi,
hiru txirrin eta lau txirrin,
bost txirrin eta sei txirrin…

Txirrin, txirrin, txirrin, txirrin…

Elgoibarko Miren Vallejok umetan jolasten zuen modua hartu dugu guk oinarri moduan kanta-jolas hau proposatzeko. Arbolatik arbolara jolasean, aulki-jokoan bezalaxe, edozein kanta erabil daiteke; kantatzen ari dena isiltzen denean, gainerakoek zuhaitzetara lehenbailehen iristen saiatu behar dute, zuhaitz gabe ez geratzeko. Vallejok eta bere lagunek “Txirrin” kanta erabiltzen zuten. 

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza