Arre Arre Mandako

Ume txikia altzoan hartu, eta gora eta behera eraginez egiten den kanta-jolasa.

Mailak: HH

Proiektuak: Eibarko Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas

Gaiak: Kanta-jolasak

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

Eibarko Mogel ikastolan HHn landu zuten, 2 urteko umeekin. Ume txikiekin egiteko kanta-jolasa da.

Nola jolastu?

-Umea altzoan hartuta egiteko jolasa da, kantatu ahala umeari salto eragitekoa; heldu batek (ala ume nagusiago batek) txikia altzoan hartzen du, eta kantatu egiten dio, belaun biak saltoka mugituz. Batzuek altzoan izan beharrean hanka bakarraren gainean ipintzen dute umea, esku bietatik helduta, eta oin bat gora eta behera mugitu (adibiderako ikus Urtxintxa Eskolakoen bideo hau eta Oñatiko Txantxiku Ikastolan grabatutako beste bideo hau).

-Umeak berak panpin batekin ere egin dezake: berak kantatu, panpina altzoan hartuta edo oinaren gainean jarrita, gora eta behera mugituz. Horixe egin zuten Eibarko ikastetxean.

Parte-hartzaileak (gutxienez): 2

Arre, arre, mandako

Bixar Tolosarako

Etzi Plamplonarako

Zapata ta gerriko!

Norendako?

Norendako?

Mikelendako! (umearen izena) / Gure umetxuendako!

“Arre-arre mandako” antzinako ume kanta da. Bideoan agertzen den adinekoa Arrasateko Ana Mari Axpe da. Kanta-jolas hau oso ezaguna da, eta hainbat herritan jaso dugu: Aramaion, Oñatin, Antzuolan, Elgoibarren, Eibarren, Andoainen, Elorrion...

Aldaera denak antzekoak dira. “Zapata eta gerriko” esan beharrean, “zapata eta soineko” ere jaso dugu. Donostiako Xerafina Iriartek beste bukaera bat ematen dio kantari, umearen izena esan beharrean:

Arre-arre mandako,
bihar Tolosarako
etzi Panplonarako,
handik zer ekarriko?
Zapata ta gerriko.
Altza, altza, Periko!

Utzi zure ekarpena