Arre Arre Mandako Eskoriatzan

Ume txikia altzoan hartu eta gora eta behera eraginez egiten den kanta-jolasa.

Mailak: HH

Proiektuak: Eskoriatzako Udalak babestuta

Gaiak: Kanta-jolasak

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

Eskoriatzako Luis Ezeiza ikastetxean HHko ikasleek kanta ikasi, eta kantatu egin zuten. Ikastetxean bertan grabatu zuten bideoa.

Nola Jolastu?

Umea altzoan hartuta egiteko jolasa da, kantatu ahala umeari salto eragitekoa; heldu batek (ala ume nagusiago batek) txikia altzoan hartzen du, eta kantatu egiten dio, belaun biak saltoka mugituz. Batzuek altzoan izan beharrean hanka bakarraren gainean ipintzen dute umea, esku bietatik helduta, eta oin bat gora eta behera mugitu (adibiderako ikus Urtxintxa Eskolakoen bideo hau).  

Umeak berak panpin batekin ere egin dezake: berak kantatu, panpina altzoan hartuta edo oinaren gainean jarrita, gora eta behera mugituz. 

Arre-arre mandako,
bixer Tolosarako
etzi Panplonarako,
handik zer ekarriko?
Zapata ta gerriko.
Norendako?
Norendako?
Mikelendako/ gure umetxuendako


“Arre-arre mandako” antzinako ume kanta da. Bideoan agertzen den adinekoa Arrasateko Ana Mari Axpe da. Kanta-jolas hau oso ezaguna da, eta hainbat herritan jaso dugu: Aramaion, Oñatin, Antzuolan, Elgoibarren, Eibarren, Andoainen, Elorrion...

Aldaera denak antzekoak dira. “Zapata eta gerriko” esan beharrean, “zapata eta soineko” ere jaso dugu. Donostiako Xerafina Iriartek beste bukaera bat ematen dio kantari, umearen izena esan beharrean:

Arre-arre mandako,
bihar Tolosarako,
etzi Panplonarako,
handik zer ekarriko?
Zapata ta gerriko
Altza, altza, Periko!

Utzi zure ekarpena