Astoka

Astoarena egiten jarri, eta gainetik salto egitea da astoka ibiltzea. Jolasteko hainbat modu daude: asto katea da horietako bat.

Mailak: LH

Proiektuak: Aretxabaletako Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas

Gaiak: Jolasak

3,94 puntu 5 izarreko maximotik
17 iritzi guztira

Jolas hau Aretxabaletako Kurtzebarri ikastetxean landu zuten, LHko 6. mailan.

Zer behar da?

Espazio zabala behar da, katea osatzeko lekua. Eskolako patioa aproposa izan daiteke.

Nola jolastu?

1- Saltagina izan ezik, gainerako denak astoarena egiten jarriko dira, ilara bat osatuz. Makurtu, eta eskuak belaunetan jarriko dituzte; burua, berriz, barrurantz sartuta. Astoen artean tarte handi samarra egotea komeni da (bi metro inguru), saltaginak ondo salto egin ahal izateko.

2-Saltagina asto ilararen hasieran jarriko da, eta saltoka hasiko da, asto denen gainetik banan-banan. Eskuak astoaren bizkar gainean jarriko ditu salto egitean; hankak ondo zabaldu behar ditu, astoa ez ukitzeko. Bukaerara heldutakoan, bera jarriko da asto moduan.

3-Ilarako lehen astoa zutik jarriko da, eta saltagin bihurtu. Astoez gainetik salto egingo du. Eta horrela egingo dute denek, txandaka. Etenik gabekoa dirudien katea osatuko dute neska-mutikoek.

3-Erortzen denak edo salto egitea lortzen ez duenak salto egiteari utziko dio.

4-Noiz amaituko da jolasa? Aurreikusitako ibilbidea amaitzean bukatu daiteke jolasa (adibidez: patioari buelta osoa ematea).


Partaide kopurua (gutxienez): 2

Adina: 7 urtetik aurrera

Antzinako jolasa da, Euskal Herrian ez ezik munduko hainbat herrialdetan jolasten dena. Astoka egiteko modu asko daude: denak asto moduan jarrita, bakarra jarrita, binaka, taldeka...

"Kuarta-mantaka" da astoka jolasteko moduetako bat (Eibarren jasoa). Nola jolasten da? 

Ilarako lehenengoa hasiko da saltoka, eskuak astoaren bizkar gainean jarriaz salto egitean. Banan-banan egingo dute salto ilarako denek. Lau aldiz egingo du salto bakoitzak: lehenengo saltoa normala izango da, eskuak bizkar gainean jarrita salto egitea. Bigarren saltoan, saltaginak ipurdiarekin astoaren bizkar gaina ukituko du. Hirugarrenean, berriz, salto egitean hanka batekin astoaren ipurdia joko du. Laugarren saltoa (manta) ez dakigu nola izaten zen, eta asmatu egingo dugu (aukera batzuk: salto egitean astoaren burua ukitzea, salto egin aurretik eta ondoren txalo jotzea…). Salto bakoitzean saltaginak oihu egingo du:

-Bat: Ikutzeke!

-Bi: Kuleton!

-Hiru: Pospolin!

-Lau: Manta!

Urtxintxa Eskolakoen proposamena, ildo horretan: http://www.urtxintxa.eus/jolasa/batean-salto/

"Txorro-morro" da astoka egiteko beste jolas bat, garai batean oso zabaldua eta ezaguna zena. Ez dugu ikastetxeetan landu, umeek kolpeak hartzeko beldur zirelako. Ahotsak-en hainbat testigantza jaso ditugu jolas horri buruz. Adibidez: Arrasateko hauxe. Ikus Urtxintxa Eskolakoen proposamena ere: http://www.urtxintxa.eus/jolasa/txorro-morro/

“Txorro-morro”-ra nola jolastu? Umeak bi taldetan banatzen dira, eta batzuek besteen gainera egiten dute salto. Ume bat hormaren kontra jartzen da, zutik, eta bere kideak hari helduta astoarena egiten, kate bat osatuz (aurrekoaren hankei helduta). Beste taldekoek gainera egiten dute salto, banaka, lasterka joanda. Asto luzearen gainean geratu behar dute, erori gabe. Ez badute lortzen, talde aldaketa egoten da. Lortzen badute, berriz, lehenengo saltaginak hatz bat jartzen dio bizkarrean/lepoan lehenengo astoari, eta galdera egiten dio: Txorro, morro, piko, kallo ala ke? Hatz bakoitzak izen bat dauka (Txorro: hatz lodia). Azpiko umeak asmatu egin behar du. Asmatzen badu, beste taldekoak jartzen dira astoarena egiten; bestela, berriz lehengo berak.

Bideoan agertzen diren adinekoak:

Kontxi Garaitonandia (Aramaio)

Lorentza Altuna (Arrasate)

Miren Zuazabeitia (Aretxabaleta)

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza