Banderetara: zapiaren jolasa

Zapiarekin egiten den jolasa da "Banderetara", oso jolas ezaguna.

Mailak: LH, HH

Proiektuak: Elgoibarko Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas

Gaiak: Jolasak

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

Jolas hau Elgoibarko herri eskolan landu zuten, HHko 5 urteko umeekin, baina LHrako ere aproposa da.

Zer behar da?

Zapi bat eta jolasteko leku zabal bat.

Nola jolastu? 

  1. Bi marra marraztuko ditugu lurrean, klarionarekin. Marren arteko distantzia umeen adinaren arabera alda daiteke: gero eta handiagoak, distantzia ere handiagoa. Adibidez, 6 metroko distantzia badago bi marren artean, erdibidean, 3 metrora, beste marka bat egingo dugu lurrean: hortxe ipiniko da zapia duena.
  2. Zapia eutsiko duena nor izango den erabakiko dugu, eta gainerako umeak bi taldetan banatuko dira. Horretarako, zotz egin dezakete. Talde bietako kideen kopurua bera izango da, eta jokalari bakoitzak zenbaki bat izango du. Sei baldin badira, batek 1 zenbakia izango du, beste batek 2 zenbakia… eta horrela 6 arte.
  3. Talde bateko kideak marra baten atzean jariko dira eta besteak paran, beste marraren atzean. Zapiduna, berriz, erdian. Talde bakoitzetik aldiko bana irtengo da korrika. Zein? Zapidunak zenbaki bat esango du, eta zenbaki hori duten bi jokalariak (talde bakoitzetik bat) zapiaren bila abiatuko dira. Adibidez, zapia duenak “bi” esaten baldin badu, talde bakoitzeko “bi” zenbakidunak aterako dira korrika zapia hartzera.
  4. Helburua: zapia hartu, eta bere taldekideei eramatea, marra dagoen tokiraino. Bidean doala, beste taldekoak harrapatzen baldin badu, zapia bestearentzat izango da. Zapia lortzen ez duena jolasetik kanpo geratuko da, eta bere zenbakia beste taldekide batek hartuko du. 
  5. Taldeetako bat jokalari gabe geratzen denean amaituko da jolasa. Beste aukera bat: inor ez kanporatzea, eta umeak aspertutakoan edo puntu kopuru jakin batera iristean (adibidez, zapia 10 aldiz hartzea; zapia hartzen den aldiko puntu 1 lortuko dute) bukatzea jolasa.

Jolasteko modu alterbatiboak. Zenbakiak esateko orduan, beste aukera batzuk. A. Matematikak lantzea: zuzenean zenbakiak esan beharrean, batuketak, kenketak, biderketak eta zatiketak esatea. Adibidez: 12 ken 8 esaten badu, 4 zenbakia dutenak irtengo dira zapiaren bila. B. Zenbakiak banaka esan beharrean, binaka eta hirunaka ere esan ahal izatea. Zenbakiak binaka esanez gero, zenbaki horiek dituzten bi pertsonak bata bestearen gainean, bizkarrera igota, joan beharko dira zapiaren bila. Hiru zenbaki esanez gero, berriz, “erreginaren aulkia”-n: hau da, bik eskuak emanaz eta pixka bat makurtuz beren beso gaina aulkia bailitzan modura jarri beharko diote hirugarrenari eta hirugarrena beso gainetan esertzen denean joango dira zapi bila. 

Partaide kopurua (gutxienez): 5

Zapiaren jolasa oso ezaguna eta zabaldua da, baita Euskal Herritik kanpora ere.

Zapiaren jolasari “banderetara” jolastea esaten zioten Elgoibarren Maite Vallejok eta haren lagunek.

Hona hemen Urtxintxa Eskolakoek egiten duten proposamena: http://www.urtxintxa.eus/jolasa/zapitxoa/

Utzi zure ekarpena