Bizimodua lehengo Ordizian

Mailak: DBH, LH

Proiektua: Ordiziako Udalarentzat egindako lana

Ikasgaiak: Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia, Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen ezaguera

Gaiak: Ohiturak

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

Hainbat lanketa egin daitezke bideo honekin. Aproposa da Ordiziako eta inguruetako ikastetxeetarako, baina posible da beste herrietara ere eramatea, tokian tokiko egokitzapenak eginda. Proposamenak egokitu egin daitezke ikasleen adinaren arabera, baina hona hemen ideia batzuk: 

-Bideoa ikusi eta ikusitakoari buruz hitz egin. Harrigarria gertatu zaizuena, zuentzat berria dena, aipatu.

-Nola joaten ziren batetik bestera kotxerik ez zegoen garaian?

-Automobilak. Noiz hasi ziren ugaritzen? Zein hamarkadatan, zuen ustez?

-Zenbat auto dituzue zuen etxetan? Gelako guztien etxetakoak zenbatu. Automobilen alde onei eta txarrei buruz hausnartu.

-Bizikletaren erabilera. Herria ondo prestatuta dago bizikletan ibiltzeko? Bizikletaren abantailak eta desabantailak.

-Noiz asmatu zuten garbigailua? Non eta zeinek? Noiz hasi zen zabaltzen? Lehengo emakumeek egiten zuten lana ezaguna da zuentzat?

 

Lanketa posibleak:

-Herrian ziren labaderoei buruzko ikerketa egin. Bost behintzat bazirela dio Patxi Maizek. Non zeuden? Herriko adinekoei galdetu. Argazkiren bat topatzen saiatu, labaderoen izenak... Labaderoak zeuden tokian kartelak jarri.

-Taldeak osatu. Talde bakoitzak bere ikerketa egin beharko du aurrerapen teknologiko bati buruz: noiz eta non asmatu zen (historiaren laburpena), noiz zabaldu zen… eta Euskal Herrian izan duen bilakaera (euskal bizikleta eta garbigailu markak; Gipuzkoako telefono sarea). 

            -Autoa

            -Bizikleta

            -Telefonoa

            -Garbigailua

Informazioa topatzeko, Ahotsak-en bertan daukazue bide bat: autoak, bizikletak, bizikleta lantegiak, telefonoa... 

Patxi Gabilondo (1927): -Kotxek? Ordun gutxi. Oso gutxi. Orduan oso gutxi.

Pedro Urretagoiena (1924): -Bizikletan, bizikletan. Gure gauzea hoi zan.

Felipe Korta (1928): -Garai hartan, pentsatu, ez kotxeik ez zeuken iñok e. Motoik ez zeuken iñok e. Guk bizikleta bat gendun ta edozeinek ez zun izaten bizikleta bat.

Joxepa Urkiola (1934): -Keba, ordun maiz hankak, hankak ibiltzen zien. Oinez juten giñen. Jun ta etorri. Ataundik Lazkaora ta Lazkaotik Ordizira. Oinez, ebikin, ebitan.

Pedro Urretagoiena (1924): -Ordun bizikleta zeukenak mucho, e?

Patxi Maiza (1933): -Bai, ni Beasaingo fabrikara bizikletan joaten nitzen.

Felipe Korta (1928): -Alegira igual o Amezketara… juten giñen bizikletatan, ta beti lokal bat eoten zan bizikletak gordetzeko, eta ez dakit bi erreal eo ze pagatze gendun, ta han utzi.

Pedro Urretagoiena (1924): -Zuek bizi zeate inglesak baino hobeto. Joe, kotxea?

Patxi Gabilondo (1927): -Kotxea noiz aillega... oain hasi da asko. Gehiegi!

Joxepa Urkiola (1934): -Oin herritio honutza etortzeko kotxea ibiltzen due.

Patxi Maiza (1933): -Ba ni ezkondu nintzen 67n… eta barrio hontan zeren bat, bi, hiru kotxe, eta nik ekarri non laugarrena.

Pedro Armendariz (1925): -Hemen kartero zanak karro batekin eaman ta ekartzen zon jendea. Karroa zeuken kartero horrek, eta eaman, harek eamaten zitun jendea.

Patxi Gabilondo (1927): -Asteazkenetan behintzat asko behorrakin o zaldikin, astokin e bai…dexente ikusten zan. Asteizkenero, e.

Pedro Armendariz (1925): -Gertukok eta astokin, jeneralen astokin.

Patxi Gabilondo (1927): -Bestela, astok e dana marmittez beteta, etortzen zien baserritarrak. Marmitte jarri eta benga, esnea partitzera kalera.

Maria Rosario Mujika (1934): -Atzeko kalen, gu re bizi ginan Atzeko kalen, ohittura haundie zan Eguberritako ta festatako balkoietan oilaskok jartzekoa. (Oilaskok?) Oilaskok balkoian. Txitak erosi eta hantxe, etxen sobratzen zan jana eta artoa ta ematen zien, eta hazitzen zittuen... eguberritako ta festatako hantxe izaten zuen. Konejuk e bai.

Felipe Korta (1928): -Ordun telefonuk Ordizin, ba ez dakit, bankun batek justun, ta fabrikan batek akaso, baiño dozena erdi bat ez zien eongo. Telefonoik iñok ez.

Antonia Etxaniz (1931): -Telefonoik ez.

Pedro Urretagoiena (1924): -Radioa bai, bagendun, radioa bai. Telefonoa ez. Telefonoa geroztik, jo!

Antonia Etxaniz (1931): -Nik beti... publikora. Ayuntamiento azpin zeon hori ta.

Pedro Urretagoiena (1924): -Herrikoa. Ayuntamentu azpin han zeon telefonoa; haruntza jun ta bai.

Antonia Etxaniz (1931): -Horrutza jun ta bai, handik diar in. Gaur dauden komodidadek batera ta bestera... ez, ez.

Maria Rosario Mujika (1934): -Ordun ez tinbreik, ta ez, ez. Etxen, etxetan atetan eoten zan soka bat txintxilika, ta ateratzen zien eta: ‘Banator’. Sartzen ziñen sukalderaino.

Patxi Maiza (1933): -Argie bai, baina ude geneuken etxe ondon, oaindik hor dau, bozadera bat.

Felipe Korta (1928): -Bozaderatik atera ude…

Patxi Maiza (1933): -Bozadera bakizu zer dan? Ba zulo haundi bat... behera perforauta, ez dakit zeuzken... 12 metro o. Ta handik gorako… (putzue) putzue, bai. Euskeraz guk bozadera esaten giñun, eta holako aparato batekin, hola goiti behera, goitik behera eginez, ba pertza behera jetsi o pitxarra… garai hartan pitxarrak e lurrezkok zien, ta hura bete eta iyotzen genun gora… ba edateko o ontzik eta gauzak garbitzeko. Eta gero ama eta hoik, ba hola losa bat zeon, eta han aitzen zien ba…

Felipe Korta (1928): -Han bazan labaderoko moduko bat, ta hantxe harri bat bazan eta tipiti-tapa, joe, ama gaixuak nola ibiltzen zien. Eta udan, bozaderan askotan ur gutxi izaten zan, eta hartu erropa guztik eta errekara eramaten genun. Ta errekan han garbitzen zitun amak, eta atzera berriz ekarri erropak eta hola ibiltzen giñen. Ordun ez zeon labadoraik, klaro. Ezta aituta re, ezin zeikienik eta… pentsatu ere ez.

Patxi Maiza (1933): -Gero zeren hor e zean, Garagarza plazatik gora daon kale horrek, batek Iturtxo du izena, bestea Egutari oain esaten dioe, (Egutera, bai) eta gero besta bat oain bonberok eon zien hortan, hor zeon besta bat eta hemen, trenbiden alde hontan, hortik errekatik kanal bat zan eta hemen besta bat zeon, labaderok esaten zienak. Eta hor igual ba sartuko zien aldiko 10-12 emakuma. Eta ordun ekartzen zuen barreño haundi baten burun trapu bat burun jarrita, hura beteta, eta hor garbittu eta etxera eamaten zittuen.

-Ordiziako etxe gehienetan zegoen kanilako ura, baina herrian bertan baziren ura bozaderatik hartzen zutenak ere, bideoan agertzen den bezalaxe. Baserrietan zailagoa zen ur korrontea izatea. Iturrira joaten ziren ur bila, eta askotan urruti egoten zen. Ahotsak proiektuan hainbat tetsigantza ditugu argindarrarekin eta urarekin lotuta: http://www.ahotsak.eus/gaiak/010301/ 

Utzi zure ekarpena