Dena aprobetxatzen zen

Dena aprobetxatzen zen lehen, apenas sortzen zen zaborrik etxeetan. Baso eta zelaiak ere askoz hobeto zaintzen zituzten. Natura errespetatu eta zaintzearen garrantziaz ohartarazteko bideoa. Baserriak ingurunearen zaintzarekin duen loturaz jabetzeko ere balio du.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Herritartasunerako Hezkuntza, Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen ezaguera

Gaiak: Ingurumena

3 puntu 5 izarreko maximotik
12 iritzi guztira

"Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan" proiekturako prestatutako bideoa. Materiala nola erabili jakiteko, ikus gida didaktikoa.

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

-Garapen iraunkorraren aldeko joera

-Ondasun komunak errespetatu eta zaintzeko ohitura

-Aniztasuna aintzat hartzeko eta era positiboan baloratzeko gogoa

-Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea

-Arbasoen bizimodua eta historia hurbila ezagutzeko interesa

 

Bideoa ikusi aurretik

1-Gaiaren aurkezpena egingo du irakasleak. Lehenaldira begira jarriko gara, orainaldia hobeto ulertzeko. Natura zaintzearen garrantziaz arituko gara. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu. 

-Gaur egun ingurumenarekin lotutako zer arazo ditugu? (Kutsadura, ozono geruza, zaborren kudeaketa...)

-Zuen ustez ba al zeuden lehen arazo horiek?

-Zer aldaketa nabaritzen duzue lehendik orainera ingurumenarekin lotuta?

-Zuen ustez inportantea al da baserritarren lana, ingurumenean oreka bat egoteko? Zergatik?

 

Bideoa ikusi bitartean

1-Aurre-ezagutzak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2-Arreta deitu dieten pasarteak gogoan hartu.

3-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. (Adib. “galera”, “konpostatu”, “ahaldiya”, “simaurra”, “malkarra”, “gorotza”, “estrazazko papera”, “sukalde ekonomikoa”, “txerri-jana”, “azienda”, “otea”, “larra”, “lera”...)

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari etekin guztia ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

1-Ulermena ziurtatu. Zalantzak argitu.

2-Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, talde(t)an:

-Espero zenuten ikusi duzuena? Zerk piztu dizue arreta? Zer nabarmenduko zenukete?

-Zer iruditzen zaizue lehengo zaborren kudeaketa sistema? Ezagutzen al zenuten?

-Posible izango al zen gaur egun lehengo zabor bilketa sistema? Zergatik?

-Baserrietako bizimoduak zein eragin izan du ingurumenean?

-Aldatu al da egoera? Noiz eta nolatan gertatu ote ziren aldaketak?

 

3-Iragana eta oraina konparatuko ditugu, talde txikitan jarrita. DINA 3ko 2 orri emango dizkiogu talde bakoitzari. Batean, lehengo paisaia bat marraztuko dute eta bestean, berriz, oraingoa; zaborrarekin lotuta biak ere. Horretarako, kontuan izan behar dute bideoan aipatzen dutena eta gelan bertan aipatutakoak. Behin marrazkiak egin ostean, gelako hormetan itsatsiko dira, eta alde nabarmenenak zein diren erabakiko dute guztien artean.

4-Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke, talde txikietan. Lau adibide (ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere):

  • Gaur egunera begira”. Ikerketa bat egitea, binaka. Zenbat tona zabor sortzen da gaur egun? Gutako bakoitzak urtean zenbat zabor sortzen du? Eta gure herrian? Eta eskualdean? Bilaketa ahalik eta sakonena egin. Ondoren, kartel batzuk egingo dituzte datuekin, eta gelaz gela hitzaldiak eman (lehenengo, ikaskideen aurrean). Kartelak ikastetxeko pasabideetan itsas daitezke. Irakasleari hitzaldiekin lotutako sekuentzia didaktiko hau baliagarria gerta dakioke, ideiak hartzeko. Politika albo batera uzten saiatuko gara: ariketa honen helburua zaborren arazoaz kontzientzia hartzea da, ez besterik.
  • Mundu zabalean”. Munduko txoko guztietan du eragina kontsumismoak eta zaborren kudeaketa txarrak. Horren adibide dira honako albiste hauek: Plastikozko uhartea eta Ghana: hilerri digitala. Ikasleen lana horrelako gehiago topatzea izango da, binaka, eta horien inguruko azalpena ematea beraien buruak bideoz grabatuta (bideokamera edo sakelakoa), telebistako aurkezleak bailiran. Bideoak gelan ikusiko dira, eta, hala, denen artean albistegi bat sortuko dute.
  • Gaur egunera begira”. Ikasleak lau bat laguneko taldetan bilduko dira. Ondoren, alde batetik etxean dituzten produktuen ontziei zein dendetakoei argazkiak aterako dizkiete, eta baita botata aurkitutako zaborrari ere. Behin argazkiak bilduta, talde bakoitzak bere panela sortu beharko du argazki horiekin eta, amaieran, erakusketa bat antolatuko dute ikastetxean. Horretarako, ikasleek gai horri buruzko azalpenak prestatu beharko dituzte.
    • Nola daude bilduta erosten ditugun produktuak? Ematen al diogu garrantzirik horri erosterakoan?
    • Zenbat plastiko sor daiteke hilabetean etxe batean?
    • Zerbait aldatzeko premiarik ba al dago? Zer?
    • Konpromisorik hartzeko prest al zaudete horren aurrean? Zein?
  • Zu zeu elkarrizketatzaile”. Etxeko edo inguruko adinekoei galdetu, eta beraien bizimodua nolakoa zen jakin. Elkarrizketa labur bat egin, binaka. Ahala dela, bideoan grabatu. Galdetegia gelan prestatuko dute, guztiek batera. Zer eta nola aprobetxatzen zuten galdetu (arropa, janaria, objektuak...) eta zaborren gaia nola kudeatzen zuten (erre, berrerabili, konpostatu...). Jasotako testigantza gelakideei erakutsiko die bikote bakoitzak, elkarrizketatuari buruzko datuak emanez (nor den, nondik ezagutzen duten, zergatik elkarrizketatu duten...). Aukera bat: ondoren, grabatutako zati onenekin bideo muntaia egitea elkarlanean, ikastetxean eta herrian zabaltzeko. Adibidez Movie Maker programarekin (nola erabili erakutsiko zaie).
  • Jolasten”. Bideoan aipatzen da lehen dena aprobetxatzen zela, eta gauza askori bigarren erabilera bat ematen zitzaiela. Gainera, era horretan ez omen zen zaborrik sortzen. Bada, taldeka jarrita eta sormena erabiliz, honako material hauek gelara ekarri, eta funtzionala den zerbait egingo dute ikasleek:
    • Jogurt potoak
    • Komuneko paperaren kartoizko hodiak
    • Freskagarri latak

5-Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek, gelakideei beraien jardueren emaitzak ezagutarazteko. Aurkezpenak laburrak izango dira eta grabatu egingo dira, bideokamerarekin. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da.

 

EBALUAZIO-IRIZPIDEAK:

Ebaluazioa grabazioak ikusi ondoren egin daiteke.

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek beraiek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

 

Edukiari buruz

-Ea gaiak interesa piztu dion.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

 

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikaziorako gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera izan duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

 

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.

 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:

- Ea adinekoen testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.

- Ea lehenaldia eta orainaldia lotzeko eta bere ikuspegia aberasteko gogoa eta gaitasuna izan dituen.

-Ea garapen iraunkorraren aldeko joerarik azaltzen duen.

-Ea ondasun komunak errespetatu eta zaintzeko ohitura agertzen duen.

- Ea ikerketan informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duen, iturriak bilatzeko orduan.

- Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.

- Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.

-Ea bere iritzia eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.

-Ea ahozko ekoizpenean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den.

Joxe Mari Irizar (Donostia, 1940): (Hau Konstituzio plaza da?) Bai, hoi da galera, basura biltzen ibiltzen zana.

Roke Etxeberria (Andoain, 1928-2012): Bai, zeakin ibiltzen zan: zaldiya eta karruakin ibiltzen zan, herri guztin.

Joxe Mari Irizar (Donostia, 1940): Galera horrekin joaten zan Donostiara. Goizian bostetan jun bihar izaten zan, eta kalez kale, idikin, bildu, eta ekartzen zan. Eta izaten zian izendatuk, basarrik: halako kaletatik halako kaleta, halakontzako. Bestea... Ordun zan... abonue etxera ekartzen zendun. Basarritarra joaten zan hua... abonua etxera ekartzen zulako, ez ziyen pagatzen, e! Ez zuen patzen.

Maria Luisa Zalakain (Amasa-Villabona, 1930): Behiyak karro bati lotu, eta karruaai botatzen ziyon zea guztik, basura guztik han biltzen zian, zea guztik.

Joxe Mari Irizar (Donostia, 1940): Zian bi o hiru basarri, hortara ibiltzen zianak, eta ordun iten zan galera bat bestiai utzi, e. Auzolanian bezela. Geo iten zan igual ekarri ta [...] haundiya zan leku batian utzi, ta han pillatzen utzi, konposatzen han uzten zan, eta gero basarritarrak alkarri lagunduz, auzolanian itten zan ahaldiya, iyotzeko gora simaurra, malkarretara.

Gillermo Olasagasti (Hondarribia, 1940): Herriko basura biltzen ibiltzen zen karrua etortzen zen tarteka gure etxera. Gure etxe atariyan hustu, guk zikin guztiya dena gorotzetik bereixi, eta ona zena gorotzen tartian jarri,  gorotz gehio izateko.

Asenzio Irizar (Donostia, 1926-2012): Baiño zaldi-karruakin baiño, eitten zan lehenbizi eskuzko karrua zeozten, ta eskuzko karruak zuten tapa, eta zulo bat pala ta zea... eskoba ateatzeko.

Maria Luisa Zalakain(Amasa-Villabona, 1930): Eta kaliak garbitzen zittuen esku-karruakin... Esku-karro bat hartzen zuen, bin artian... bin artian garbittu, e!

Joxe Mari Irizar (Donostia, 1940): Hau, berriz, Donostin barranderuak ibiltzen zuena: hori oain berriro arte. Ikusten dezu: bere soka zula, tiratzeko, bizkarrai helduta eamaten zun, eta hemen eskoba sartuta joaten zan... Bai, eskoba ta pala. Eta kaliak garbittu, horrea bota, eta geo eramaten zittuen pillatzera. Oain esaten dan bezala, lurran ongarritako eramaten zan. Oain hemen gauz, nobedade bezela, konpestajiakin hor dabiltza, baina ordun dana konpostatzen zan.

Roke Etxeberria (Andoain, 1928-2012): Oso gutxi izaten zan basura, oaingo aldian. Basura zer? Guk oiluak izaten giñun ta, zea, patata azalak, iriñakin nahastu eta benga, dana han aprobetxatzen zan ta azan sustarrak eta danak oilueidi. Oain aina basura? Jo.

Juana Lasa (Tolosa, 1929): Eske dana aprobetxatzen zan.

Antonio Zubeldia (Altzaga, 1930): Dana aprobetxatzen zan.

Antonio Gorostidi (Tolosa, 1931): Ez gendun botatzen edozein moduz, e . Dana aprobetxatzen zan.

Jose Antonio Barandiaran (Hernani, 1935): Dana, dana, dana. Ordun ez zan txarrik.

Pilar Lizarralde (Donostia, 1935): Dana. Ordun, dana aprobetxatzen zan.

Valentian Ugalde (Hernani, 1937): Ez zan plastikoik, ez zan ordun. Eta papel de estrazan ta. Fideua behar bazendun´e papel de estraza batian ta, azukria bihar bazendun´e berdin ta... Estrazazko geo batzuk paper batian ta beste batzuk estrazazko zorro batzutan ta... Gero, sua piztutzeko ta paper hua.

Jose Antonio Mujika (Donostia, 1943): Desde luego oaingo, oaingo zea, zakar sistema ez zan. Oseake asko erre ingo zan, gauza batzuk, ze, klaro, ordun  sukalde ekonomikuak zeuden, haundi hoitakuak, eta gainerakua txerri-janera. Bai, bai, eta norbaitek eramango zitun.

Axun Atxaga (Urnieta, 1939): Txerri-jana,  bai, bai, bai. Txerri-jana ekartzen gendun, txerrintzako.

Jose Migel Mendiburu (Donostia, 1934): Ordun zuk eamaten zenun... amak eramaten zun pues esnia ta gauzak etxez etxe, bere klientiedi, bere klientiei. Ordun handikan ekartzen zun gero txerri-jana. Txerri-jana zan txerriyantzako.  

Milagros Alzaga (Usurbil, 1930): Esku batian marmita ta bestian txerri-janantzako kaldera.

Jose Antonio Mujika (Donostia, 1943): Ordun goatzen naiz: balde batzutan ibiltzen zian eta... bai baserrikuak eta bai baserrikoak ez zirenak ere izaten zituzten igual txabola batzutan txerriak, eta eramaten zuten txerri-jana, bai, bai.

Milagros Alzaga (Usurbil, 1930): Oain konpuestua bezala. Oain baldetan ateratzen degu hemen, ba ordun haik iten zuen baldetan gorde.  Jaso iten zuen. Eta hustutzen zuen nerera, eta nik etxera. (Atez ateko zea hori!) Bai, atez atekuoi, bai, bai.

Pepi Añorga (Donostia, 1939): Txerri-janak ekarri etxea, ta geo hoi danak apartatu iten zitun amak danak: txerriyantzako alde bat eta ganauantzako bestia... eta hexurrak edo zerbait baldin bazakan, hua kanpora. Dana, dana, egunero-egunero-egunero apartatzen zitun, bai.

Bixente Pagoaga (Arrasate, 1946-2012): Eske oin naturalezie... ez xako emuten inportantziarik. Ez xako emuten inportantziarik, eta neri horrek pena haundixa emuten dost zeatik eze galtzen gabiz kultura bat. Kultura baina haundixe, e. Eta horreri oin ez xako emuten inportantziarik.

Josefa Gabilondo (Elgoibar, 1920): Oin mendixak eta... lehengo mendixak ikusitta, oingo mendixak ikusi... ezin leike, hara, sinistu ere. Lehen ez zan ikusten ez ota bat, ez larrik eta ez ezer.

Patxi Yeregi (Berastegi, 1928-2009): Garbigo egoten zien. Azienda asko ibiltzen zan... eta jendek garbigo. Oain ya, oain zikiña dao ta sua aixe ateatzen da. (Bai) Baino ordun ez zan; ordun kasu gehio iten zitzaien.

Jose Juaristi (Etxebarria, 1941): Baino gaur zer dao? Piñue ta sasixe.

Patxi Yeregi (Berastegi, 1928-2009): Lehen ez zan piñuiken. Lehen pagoa eta haritze, baino oain piñue jarri zuen; azkenenko urte hok  asko piñue jarri do jendek.

Paskual Uribe (Durango, 1926): Oin danak dauz abandonauta, baso guztixek.

Joxe Mari Lertxundi (Aia, 1932): Euzkitan ihartu iten zan belarra, eta iten zian metak, eta bestia ganbara ta... ta haik iteko zelai onenak, belardi onenak uzten zian. Pagoetako mendi hori dana segaz pasatzen zan, ordun. Belarra, gaztaina eta gero garua. Ta oain, oain zikindua dao, arbolak daude leku askotan gaiñea, baino ordun zan mendiya garbi-garbiya. Eta udazken agosto atzenetik hasi ta belarra ta... jendia, mendi hori dana beten ibiltzen zan. Zean, iluntzean, hor menditik lera... ez dakit badakizun zer dan? Bueno, gurdiya bakizu zer dan. (Bai). Lera arrastaka etortzen dana da. Ta hor menditik hartzeko leran izaten zan, eta denak lera hori kargatu ta... haundik etortzen zian, gainera. Eta haikin ilunabarren danak goitik behera, eta holaxe funtzionatu zun basarriyak.

Joxe Antonio Etxeberria (Irun, 1938-2014): Ta oain ari da jendia dana... mendiya dana, hola aldapa dona, mendi gelditzen dana, dana sasi eta dana... Ez da... Abandonatzen ari da bazterra, neretzako penagarri.

Joxe Mari Lertxundi (Aia, 1932): Geo mendiya pixkana jun zan utziz ta oain dana... Oain ardik eta behorrak dabiltza mendiyan, baina hori... ze esango dizut nik? 50 urten tarten in da aldaketa hori.

Gregorio Berrotaran (Hondarribia, 1945-2012): Hemendik hamar urterako Gipuzkoaren erdia sasitua dago. Bizkaia berdin. Ganaduak kendu dira. Hondarribin bertan oain ganadua egongo da bost-sei etxetan. Beste danak kendu dira, eta haiek daude zaharrak kapaz dien arte, eta beste baserrieta,n ganadua kenduta ere, garbitzen ari dira zaharrak duten jubilazioko sos pixkarekin. Lotsa ematen dietelako zelaiak abandonatzea. Ba zergatik? Ba handik bizitu dira, eta “nola utziko duk ba baserrian sasitzen”? Eta igual ez da behar, baina oain bolak-eta itten dira errez, makinakin ta komeri, ta diruz ordaindu eta usteltzeko. Baino aitton hoiek denak dituzte 75-80 urte. Hemendik hamar urteko hoiketan iñor ez da kapaz eta agian umeak iñork ez du egingo garbiketarik.

-Azken 60 urteetan bizimodua gehiago aldatu da azken bi mendeetan baino. Baserrietan auto-ekoizpena zen nagusi, ahalik eta gutxien erostea, eta truke sistemarekin moldatzen ziren. Horri buruzkoa da Gregorio Berrotaran hondarribitarraren testigantza hau.

-Baserriaren gainbehera neurri batean industrializazio prozesuarekin hasi zen. Baserritar asko kalera joaten hasi ziren, lanera. Globalizazioak, berriz, urruti ekoiztutakoa bertakoa baino merkeagoa izatea ekarri zuen. Eta azken urteotan baserritik bizitzea oso zaila bihurtu da, ez baita errentagarria. Horrek ondorioak ekarri ditu ingurumenean: abererik ez belarra jateko, ez da txerri-janik behar, baratzetarako ongarri gutxiago behar da, abereen azpiak egiteko ez da garorik erabiltzen...

-Lehen askoz zabor gutxiago sortzen zuten. Plastikorik ez zegoen. Botilak eta ontziak berrerabili egiten zituzten, behin eta berriz bete: olioa, sagardoa, ardoa, lixiba... Zabor elektronikorik ere ez zen sortzen, ez baitzegoen gaur egungo tresnarik: garbigailua, hozkailua, telebista, ordenagailua, sakelako telefonoa, tableta, inprimagailua...

-Zabor askoz gutxiago sortzeaz gainera, zaborra biltzeko sistema ere desberdina zen: zaborraren zati handi bat berrerabili egiten zen. Ongarritarako ez ezik, animaliei jaten emateko ere bai. Joxe Mari Irizarrek pasarte honetan kontatzen duenez (01:39 minutuan), galeran batutako kristala eta metala bereiztea lanbide bat zen. 

-Joxe Mari Irizarrek auzolana aipatzen du. Auzolanari buruz gehiago jakiteko bideoa, proposamen pedagogikoekin:

Auzolanaren kultura

-“Ongizatearen gizartean” bizi gara, kontsumoaren gizartean. Eta gaur egungo beharrak ere desberdinak dira. Gai honetan sakontzeko, ikus:

Gutxirekin pozik

-Garai batean baserritarrek (eta herritarrek orokorrean) harreman sendoagoa zuten naturarekin gaur egun baino. Sendabelarrak erabiltzen zituzten gaitzak sendatzeko, ilargiari begiratzen zioten baratzerako lanak egiteko... Eta natura zaintzea garrantzitsua iruditzen zitzaien. Hona hemen errespetu hori erakusten duen pasarte bat, jada galdua dagoena: Argizaria kentzeko, erleei baimena eskatzen.

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza