Erraketistak

XX. mendearen hasieran eta erdialdean emakume pilotari mordoxka egon zen. Munduko hainbat tokitara joan ziren jokatzera. Erraketista horietako asko Eibar ingurukoak ziren.

Mailak: DBH, LH

Proiektuak: Eibarko Udalak babestuta

Ikasgaiak: Herritartasunerako Hezkuntza

Gaiak: Genero-berdintasuna, Kirola

4,22 puntu 5 izarreko maximotik
1.040 iritzi guztira

Hainbat lanketa egin daitezke bideo honekin, betiere adinari egokituz. Hona hemen horietako batzuk: 

1. proposamena

-Galderak. Bideoa behar beste aldiz ikusi, hiru-lau, ikasleak taldetxotan jarrita, eta galdera hauei erantzun, idatziz:

  • Non hasi ziren erraketan jokatzen?    
  • Nongoak ziren erraketista gehienak?
  • Zenbat urterekin hasten ziren erraketan jokatzen?
  • Nora joaten ziren jokatzera?
  • Zenbat erraketista agertzen dira bideoan? Zer dakigu beraiei buruz?
  • Erraketistak zergatik zeuden gaizki ikusita?

2. proposamena
-Interneten bilatu, ingurukoei galdetu eta hurrengo egunerako informazio gehiago ekarri:

  • Erraketista batzuen izenak eta argazkiak. Herrian erraketistarik izan bada, herrikoenak (etxean/herrian galdetu).
  • Erraketista horiei buruzko informazioa, fitxa modukoa, oinarrizko datuekin (non jokatu zuten, noiz, non bizi izan ziren…). 

3. proposamena
-Eztabaida eta hausnarketa eragin, taldeka jarrita: kirola eta berdintasuna. 

  • Lanbide horren alde onak eta txarrak aipatu.
  • Zein zen emakumearen egoera mende hasieran? Normala al zen emakumeek kirola egitea? Bideo hau ikusi daiteke: Emakumeak kirolik ezin egin. (Zigortuta bizikletan ibiltzeagatik. Apaizak ez zien uzten altura jauziak egiten). 
  • Esan burura datozkizuen pilotari eta futbolarien izenak. Gizonezkoak dira denak, ezta? Zergatik? Ba al dago emakume pilotaririk? Futbolaririk? Eta tenislaririk? Gizonezkoak bezainbeste irabazten dute? Haiek bezain ezagunak al dira? 
  • Kirolean profesionalki dabiltzan euskal emakumeak eta punta-puntako taldeak aipatu (Edurne Pasaban mendizalea, Josune Bereziartu eskalatzailea, Joane Somarriba txirrindularia, Naroa Agirre pertikalaria, Bera Bera eskubaloi taldea, Itxako eskubaloi taldea…).
  • Ikasleen adinekoei begiratu: zein kiroletan dabiltza? Neskak eta mutilak berdin? Mutilak gehiago? Kirol berak ala diferenteak? Noiztik egiten dute kirola? Nola hasi ziren?
  • Ondorioak atera. 

Bartolo Arriola: Ba lelengo Donostian hasi zittuan, Donostian jauan fronton Urumea edo jauan, eta han posturak eta itten jittuen ba.

Maria Bengoetxea: Neskak hamen pelotarixak be onak eguazen, e!

Bartolo Arriola: Eibarko zonia izan zuan gehixen egon ziana.

Toni Salaberria: Hamen frontoia eta hamen gu, bizi giñen. Ta klaro, egun guztia frontoian egoten giñen.

Lucia Farras: Eibarren bazeuan holako… Eibarkuak izan die gu baino espabilauaguak beti, e!

Bartolo Arriola: Eibarren asko ibili zittuazen, neska asko ibili zittuan erraketan, eta beste batzuek urten egin juen eta beste batzuek ez. Etxian, bertan geratu bihar.

Julita Arregi: Lehen zenbat jente Eibarretikan, bai gizonas eta bai andrak, raketistak, zenbat! Andrak, e.

Mari Carmen Agirre: Bai, nere lehengusiñak be bai.

Julita Arregi: Zenbat Sevillara, Madrillera, Barzelonara...

Lucia Areitioaurtena: Bartzelonan, Madriden, Sevillan, Valladolizen, Valenzian… Salamancan be baegoazen momentu baten.

Toni Salaberria: Lelengo juan zan beste bat, Arratekua. Eugenia Iriondo zan. Bai, lelengo haxe, bera, eta gero ni. Ha aurrelarixa eta ni atzelarixa.

Lucia Areitioaurtena: Eibarrera juaten nitzan ensaiatzera pelotia, pelotiakin. Eta joan nitzan, Barzelonara joan giñan Lidian ahiztia gaztiagua eta ni, joan giñan nobienbrian 10ian en el 1941. 14 urte, 15 itteko, pentsatzen dot nekazela.

Toni Salaberria: Hamahiru urte edo, hamabi edo hamahiru.

Bego Ereñaga: Hamabost urtegaz.

Lucia Areitioaurtena: Nun-nundik etara ein bihar zan bizimodua. Aiztak be bixak eguazen biharrian. Danok ein dogu biharra.

Toni Salaberria: Desiziñua hartu neban, ama hil zanian, ba zeoze egin biha genduan! Zeoze, edo niñera edo krieda edo… ta orduantxe ya bieldu nindduen pelotari.

Lucia Areitioaurtena: Modan ipini zan, ta gero badakizu… unibersidadera joan biharrik be ez euan. Ba irabazi be ondo, bastante ondo itten zan. Osea, guk larrei ez genduan irabazten, eta ez giñan allegau puntara, baina konparaziño bat: Toni, Sapili, ta Aurora ta… euazen batzuk, bs puntarenguak, ba ondo irabazten ebenak, orduan denborarako.

Bego Ereñaga: Bostehun pezeta hilero. Bai, ta gero, jokatzen gendun "puntos" ta "cada punto" hiru, hiru pezeta ta "aprobada una cincuenta" ta eitten bazendun ba… igo eitten ban.

Lucia Areitioaurtena: Tanturik gehixen itten dabena ba irabaz… irabaztaile. Guri pagatzen oskuen irabazten ebanak bost pezeta, eta lau pezeta zea, ‘colocada. Ta ‘colocada’ da ba bigarren gelditzen zana. Ta biri pagatzen otsen bakarrik, gehixen ein dabena eta hurrengua. Guk zenbat bider itten genduan, irabazten gendunian kinielia… orduan egoten zian, ointxe akordauta, e zera, kalian kanpuan saltzen, platanuak. Ta igual ba pezeta bigaittik zortzi platano emuten oskuezen, eta Kontxita zan beste laguna, Lidian ahizpia eta ni, ba lau platano bakoitxak jan eta dana mesanotxe guztia azalez bete eta ohera.

Asko egon da, neska asko asko asko, ze etara kontuak, gure frontoian eguazen kontratauta 40-41 de pelotaris. Bakarrik, e. Raketistak.

Lucia Farras: Nere amak zeukan lengusiña bat, raketistia, Eibarkua y mal mirada. Estranjeruan eta ibiltzen zan.

Lucia Areitioaurtena: Igual etorri hona, ezta, udan, eta gu tratatzen gittuen... ba uf, kanpuan gaozenak, ez dakit ba, zeoze in biha genduala.

Toni Salaberria: Ni eruatia nahi eben, e, zerera, Madridera pelotara. Ta gure amari esan etsen: pelotarako alabia ze ta, ezetz! Beran ala… berak ez dabela nahi alaba putarik.

Maria Bengoetxea: Joan itten zian Mejikura ta, beti esaten zan, dirua itten ebenian ta: ‘Aiii, raketiakin, bide onetik indakua ete da hori, diru hori’... bai, beti egoten zan.

Lucia Areitioaurtena: Kritikia beti dao. Batek zeoze itten baeban ya danok giñan txarrak. Frontoian… neskak, gainera, eguazen neskak ikusgarrixak, esan gura dot pixkat… neska guapak gainera, eibartarrak eta eguazen guapisimak. Eta bilatzen zeben igual batek bonboiak bialdu otsazela, bestiak lorak bialdu otsazela, beste batek bialdu otsazela entradak teatro baterako… eta horrek danori ezetz esatia…

Toni Salaberria: Nik ez dakitt... zeatik han iñok ez zeban itten ezebe! Formal danak.

Lucia Areitioaurtena: Gu zerian konbentu monjan moruan egoten giñan. Hantxe kuarto baten sartuta.

Toni Salaberria: A, bai, e, formal, e! Ez, e, ha famia: bata ta bestia ta... ez, ez, formala, formala.

Lucia Areitioaurtena: Gehixenak eta asko ondo ezkondutakuak dauz, e, neskak. Hemengua be, Ermukua, dao bat Sevillan mediko batekin ezkonduta.

Julita Arregi: Jokuan itten dau batek, Mari Karmen Ojanguren? Hori be de raketista fue. Madridera joan zan, eta hantxe ezkondu zan madrileño batekin.

Mari Carmen Agirre: Bai, ba neuk be lehengusiña bi. Hori tia, hor bizi zana, labanderia-ta… gero Madrillen bizi zan señora!

Julita Arregi: Bai, suertia eindakuak asko, e.

Mari Carmen Agirre: Bai, “porque eran gemelas ", Aureli ta Emili. Eta jun zian Madridera; baiña antziñan, e. Ba treintaiunuan edo dosan edo jun zian Madridera. Eta oso pelotari on-onak, ta fiñak, eta hantxe bizi zien gero Madriden.

Lucia Farras: Nere aman lehengusiñia, bai, Agirre, Pilar Agirre. Ointxe puntuan hil da Donostian. Haura Ameriketan eta raketista…

Bartolo Arriola: Beste bat: onena izan zuan Txikita de Irura, Tolosa ondokua. Ha be izan zuan ba horrek… destakau zianak, onak. Hori, Arrateko hori be bai, hori be bai.

Maria Bengoetxea: Toni zan bat, Isasixan bizi zan. Ointxuan hil da, neure edadekua. Ta pelotari ona zan, harek Mejikon diru mordua irabazten eban.

Lucia Areitioaurtena: Frontoian jokatzen zan diru asko-asko-asko jokatzen zan. Eta eguazen neskenak lau frontoi, Barzelonan bakarrik. Leku askotan eguazen frontoiak, baina Barzelonan lau eta danak beteta. 

-Hasiera, Donostian izan zen: Ildefonso Anabitarte enpresagizon donostiarrak 16 neska aukeratu zituen, eta frontoiko pilota modalitate berri bat erakutsi zien, tenisaren antzekoa: erraketa. 1917an hasi ziren emakumeak lehenengoz erraketan modu profesionalean jokatzen, Madrilen (Cedaceros frontoian). Zesta puntan lehenxeago hasi ziren, 1897. urtean.

-Erraketak arrakasta izan zuen, eta zabaltzen joan zen. Emakume erraketistak mundu guztiko frontoietan aritu ziren: Donostian, Bilbon, Iruñean, Madrilgo eta Bartzelonako hainbatetan, Sabadellen, Valentzian, Sevillan, Vigon, Logroñon, Santanderren, Zaragozan, Salamancan, Valladoliden, kanariar uharteetan… baita Mexikon, Brasilen, Miamin eta Kuban ere. Bi frontoi nabarmendu behar dira: 1928an Bartzelonako “Sol y Sombra” eta Madrilgo Moderno ziren famatuenak.

-Gerra zibilaren ostean, erraketa indarra galtzen joan zen. Agintari berrien ustez, ez zen lanbide aproposa emakume batentzat: emakumeak etxean egon behar zuen, etxeko lanak egiten eta familia zaintzen. Kirola ez zen emakumearentzat. Joko horretan aritzen ziren frontoiak ixten saiatu ziren, eta ez zuten erraketista berririk onartu.

-XX. mendeko hirurogeiko hamarkadaren amaieran, soilik Madril eta Bartzelonako frontoietan jarraitzen zuen erraketa modalitateak. Azken partida 1980. urtean jokatu zen.

-Euskal erraketistak asko izan ziren, pilotarako zaletasun handia zegoelako. Donostiatik Eibarrera eraman zuten Hasieran aritu zirenak Donostiakoak eta Eibar ingurukoak ziren: Debabarrenekoak (Eibar, Ermua, Mallabia) eta Durangaldekoak (Abadiño, Iurreta). Gero Tolosa eta Urola bailarako erraketistak gehitu zitzaizkien, eta azkenik beste hainbat lekutakoak ere bai. Euskal Herritik kanpo ere zabaldu zen erraketa; hainbat tokitako neskak aritu ziren.

-Erraketista asko eibartarrak ziren. Zergatik? Eibar beste herri batzuk baino irekiagoa zen, ez hain katolikoa; sozialistak eta errepublikanoak ziren nagusi. Emakumeek askatasun gehixeago zuten (hala ere, batzuek ez zuten begi onez ikusten). Mugimendu handiko frontoia zeukan. Pilota eskolak sortu ziren, eta pilotarien harrobia bihurtu zen Eibar.

-Eibarren hiru eskola egon ziren, erraketistak prestatzeko (Astelena, Isasi kaleko Caminero eta Munizipala). Tolosako Beotibarren, Zarautzen, Errenterian eta Madrilen ere egon ziren eskolak. Frontoi bakoitzean bere berezko estiloa erakusten zen.

-Frontoietako enpresek egunean bi jaialdi antolatzen zituzten; arratsaldez eta gauez. Ondorioz, batzuetan berandu arte aritzen ziren jokatzen. Beteranoek lehenengo txandak zituzten, gazteenek azkenak. Soldataz gainera, kinielak zituzten.

-40ko hamarkadan, erraketista amateur batek hilean 300 pezeta irabazten zituen. Erraketista onak zirenek hilean 2.500 eta 3.000 pezeta artean. Diru asko zen orduan.

-Erraketa jokoko pilotek 50-60 bat gramo pisatzen zuten, eta erraketak tenisean erabiltzen direnak baino sendoagoak eta luzeagoak ziren; uztaia ere estuagoa zuten.

-Eibartarrak asko izan ziren: Natividad Lopez, bideoan agertzen den Antonia Salaberria “Toni”, Mari Carmen Lasagabaster “Amaia”, Eugenia Iriondo Astarloa…

-Erraketista ospetsuenetako batzuk: Maria Antonia Uzkudun “Anoetako Chiquita” (1927, Anoeta), Agustina Otaola Zapiain (Errenteria, 1931) eta Eladia Altuna “Irura”.

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza