Euskalkiak eta umorea

Euskalkiek balio al dute umorea egiteko? Hainbat gazteren iritziak batu ditugu bideo honetan.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Euskara

4,50 puntu 5 izarreko maximotik
2 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatu asmo diren jarrerak:

-Euskarari buruz hausnartzeko interesa

-Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea

-Herri hizkerak ezagutu, erabili eta balioesteko gogoa

-Euskalkien aberastasunaz jabetu eta haien erabilera sustatzeko nahia

 

Bideoa ikusi aurretik:

  1. Gaiaren aurkezpena egingo dugu. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu.
  2. Euskalkiak izango ditugu hizpide, aurre-ezagutzak aktibatzeko. Herri hizkeretan hitz eta esamolde adierazkor asko erabiltzen dira, tokian tokiko euskarari naturaltasuna, informaltasuna eta grazia berezia ematen diotenak. Gisa honetako galderak egin ditzakegu:

-Zuek erabiltzen al duzue euskalkirik? Hala bada, guztien artean hitz eta esamolde berezi batzuk zerrendatu. Arbelean idatz ditzakegu.

-Ezagutzen al duzue zuena ez den beste euskalkirik? Zer iruditzen zaizue? Oso desberdinak dira? Eta inguruko herrietako euskara? Berezitasunak aipatu.

-Zuen ustez euskalkiek ematen al dute umorea egiteko biderik? Nola? Zergatik?

 

Bideoa ikusi bitartean:

1.Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2.Euren arreta erakarri duten pasarteak gogoan hartu. Aukera bat: testua inprimatu eta ikasleei banatzea, nabarmendu nahi dutena edo ulertu ez dutena apuntatzen joan daitezen.

3.Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Esate baterako, euskalkietako hitzak: “emendau” (itzali), “lepo” (beteta, topera), “yiya”/“yaitsun”/“kasi-kasi” (ia-ia), “juen”/“jun”/“fan” (joan), “fan binaz” (joan behar naiz), “kabiru!” (lasai egon, ez harrotu!), “goitti-beheitti”/“goiti-beheiti” (gora eta behera), “solasin” (hizketan), “erraiten” (esaten),” gehixau” (gehiago), “txantxikuarrak” (oñatiarrak), “xako” (zaio), “xat” (zait), “erran” (esan), “prefosta” (zalantzarik gabe), “haboro” (gehiago), “zonbait” (zenbait), “paseten” (pasatzen), “deus” (ezer ez), “txandagaz” (txandarekin)…

4.Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren:

  1. Ulermena ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Bideoko gazteek ondo pasatzen dute beste herri eta euskalki batzuetako hitzak eta esamoldeak erabiliz. Zer hitz dira zuek erabiltzen dituzuenak? Esan grazia egiten dizueten hitz batzuk. Herri hizkerakoak dira? Eta beste hizkuntza batzuetako hitzak, erabiltzen dituzue?

-Ba al duzue imitaziorik egiteko joerarik? Adibideak jarri. Ikasleak euskalkien imitazio batzuk egitera animatu. Gazteen erreferenteei buruz hausnartu: nondik jaso dituzue?

-Ez da erraza zurea ez den hizkera erabiltzea… eta are gutxiago bertsotan baldin bada! Bi bideo hauetako bat ikus dezakegu, adibide gisa: Maialen Lujanbio bizkaieraz eta Igor Elortza gipuzkeraz eta Buruz burukoa bizkaieraz.

  1. Umorearen eta isekaren arteko marra fina izaten da zenbaitetan: bestea gutxiestea dakar batzuetan (nahita ala nahi gabe). Noiz da zilegi herri hizkerekin umorea egitea eta noiz ez? Adibidez: oso ohikoa da euskaldunak imitatzeko baserritarrarena egitea, gaztelaniaz gaizki hitz eginez eta “pues” esanez. Kasu horri buruz hausnartuko dugu, eta ikasleek beren iritzia emango dute:

-Zer iruditzen zaizue? Barregarria da ala iraingarria?

Iker Mundianoren testigantza hau ere ikus daiteke. Beste egoera batzuk ere aipa ditzakegu.

  1. Euskalkitegia jolasa erabiliz, ea zenbat asmatzen dituzten!

 

5. Azken ekoizpena:Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide (ikasleek aukera dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere edo proposamen bat baino gehiago egin):

  • “Sormena lagun”. Txisteak kontatuko ditugu, herri hizkeran. Norbere euskalkian izan daiteke ala beste edozein euskalkiren kutsua izan dezakete. Txiste maratoia egingo dugu. Ahal dela, ikasle guztiek kontatuko dute txisteren bat. Ea denen artean zenbat txiste kontatzeko gai diren! Ikasleak ez badira erraz animatzen, aukera bat: bi taldetan banatzea, eta txandaka kontatzea txisteak.
  • “Sormena lagun”. 2-3 laguneko taldeetan banatu, eta talde bakoitzak bi bertso asmatuko ditu, herriko euskalkian edo beste euskalki batean. Umore ukitua baldin badute, askoz hobeto!

Bertso giroa sortzeko, umorezko bertsoen bideo pare bat ikus daitezke. Hona hemen zenbait adibide: Depilatzeko prest?, Momentu itxelak, Goazen telesaileko gidoilariak eta Irakurri gabeko liburuen defentsa.

-Doinua eta neurria aukeratu

-Gaia eta kontatu nahi dena zehaztu

-Bertsoak osatu, azken puntutik hasita. Aukera bat: horretarako arbel digitala erabiltzea

-Doinua aukeratu. Horretarako, doinutegia erabil dezakegu (lerro kopurua aukeratuta, doinuak agertuko zaizkigu).

-Ikaskideen aurrean kantatu

  • “Jolasten”. Oraingo gaztetxoek ezagutzen al dituzte kantu tradizionalak? Girotzeko, kantuekin bikoteak egiteko jolas hau ikus dezakegu, Mihiluze saiokoa (lehiakideek emaitzak esan aurretik bideoa geratu, eta ea ikasleek asmatzen duten): Pareak bai.

Ondoren, euskalkian kantatutako abesti batzuk ezagutu eta aztertuko ditugu. Talde bakoitzari (3-4 pertsona) kanta bat egokituko zaio (zotz eginda edo eurek aukeratuta). Letra bere egingo du (letra aurkitu, idatziz ipini, aztertu, ulertu eta ikasi), entsegatu eta gelan kantatu (gelakideekin partekatu). Karaokea antola daiteke, eta saioa grabatu.

Proposamen batzuk (Mihiluzeko bideoan ere aipatzen dira herri hizkeran kantatutako zenbait):

1-Ain1: Gaban arnasa

8-Gozategi: Emoistazu muxutxue

15-Su ta gar: Eguen bat

2-Tapia eta Leturia: Karmentxu

9-The Uskis: Katuek bezala

16-Urgabe: Lamie

3-Urgabe: Ainhoa

10-Gatibu: Euritan dantzan

17-Gatibu: Bizitzen badakit

4-Gatibu: Ez naizu epaitu

11-Amaia Zubiria: Bertsuak jarri dizkat

18-Xabier Lete: Gizon arruntaren koplak

5-Pantxoa eta Peio: Urtxintxak

12-Gatibu: Maitte

19-Oskorri: Markoxen txerrixe

6-Erramun Martikorena: Xorieri mintzo zen

13-Niko Etxart eta A. Duhalde: Euskal Rock and Roll

20-Benito Kertxundi: Balearen bertsoak

7-Pier Paul Berzaiz: Baratze bat

14-Gatibu: Urepel

21-Oskorri: Katuen testamentue

 Gelan entzundako abesti guztien artean gehien gustatzen zaiena aukeratu, eta guztiek batera lipdub bat egin dezakete. Lipdub-a dena segidan grabatzen da, eta ez dauka edizio lanik. Adibiderako ikus Seguran egin zutena: Gizon arruntaren koplak.

  • “Bestearen azalean”. Imitazioak egin, euskalkian hitz egiten edo euskalkietako hitzak eta esamoldeak erabiliz. Taldeka egiteko ariketa da (3-4 ikasle). Bi aukera emango zaizkie eta ikasleek erabaki dezatela zer egin nahi duten:
  1. Antzerki esketx labur bat. Istorioa pentsatu, pertsonaiak aukeratu… entsegatu eta antzeztu. Gaia: librea. Antzeztutako txiste bat ere izan daiteke. Beste aukera bat: Gazte hiztegiko hitz edo esamolde bat aukeratu, eta hori hartzea ardatz moduan umorezko esketxa egiteko.
  • Istorioaren nondik norakoak erabaki
  • Pertsonaien izaera eta jarrerak zehaztu
  • Gidoitxoa idatzi: gertaerak eta elkarrizketak
  • Rolak banatu eta atrezzoa zein jantziak pentsatu
  • Entseguak egin
  • Ikaskideen aurrean antzeztu

b. Abesti baten bertsioa. Abesti bat aukeratu, eta bertsio umoretsua egingo dute. Letra berria asmatu, ikasi, entsegatu eta prest daudenean, ikaskideen aurrean kantatuko dituzte bertsio guztiak, txandaka. Aukera bat: bideo txiki bat prestatzea abestiarekin (grabatutako irudiekin, marrazkiekin, argazkiekin...).  

Inspirazio iturri moduan, Wazemank:

Jatorrizkoa

Bertsioa

Korrika (Egan)

Kurrinka

Ai Anselma (Joselu anaiak)

Ai ze pelma

No hay tregua (Barrikada)

Selektibidad

Arratsalde honetan (Sorotan Bele)

Goizeko bostetan

Kupela (Epelde ta Larrañaga)

Aldeintzak hemendik

 Aurreko jarduera egitean ikasitako abestien bertsioak egitea da aukera bat. Edo gustuko edozein abesti izan daiteke. Jatorrizko abestiak ez dauka euskaraz izan beharrik; beste hizkuntza batetik ere itzul daiteke. Adibiderako ikus: MP5 taldearen 'Bizikletia kandau', Zesuma taldearen 'Maria Jesus', Ingoaldeu taldearen 'Buelta bat eta etxera' edo Mister Euskaldunen 'Txuleta sagardo'.

  • Abestia aukeratu
  • Letra lortu edo transkribatu
  • Letra berrirako gaia eta istorioa pentsatu
  • Letra berria sortu eta ikasi
  • Entseguak egin
  • Ikaskideen aurrean kantatu

 

5- Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: abestia, antzezlana, txistea… eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea (ahozko jardunen bilakaera ikusteko). Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak). 

 

Ebaluazio-irizpideak:

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek beraiek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde dinamika ala arazoren bat izan duen.



Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.

- Ea aztertzen eta balioesten duen hizkuntza estandarrak eta euskalkiek euskararen iraupenean eta transmisioan duten funtzioa.

- Ea deskribatzen duen euskarak egun duen egoera, azaletik bada ere.

- Ea formulazio egokia aukeratzen duen, erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan argitasunez eta kortesiaz jarduteko.

- Ea pasadizoak, txisteak... etorri handiz eta bizi narratzen dituen.

- Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.

- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.

- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.

- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.

- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean.

- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen.

- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen.

- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia.

- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak.

- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.

- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen.

- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.

- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.

- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.

- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.

- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.

- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.

 

- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.

- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).

- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.

- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.

- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen.

Asier Retegi (Oiartzun, 1990):

-Inguruko herritako jendik ba azkenin antzeko hitz egiten do. Hori naturala da, normala da, baino ya urrutixeo jo ezkero eta ya diferentziya nabarmenagua izan ezkero, hor bai gauzak igartzen diela, ostras ba guk ez dugu hola esaten, zuek hola esaten duzue, ez? Eta bai.

Alaitz Bengoetxea (Irun, 1989):

-Txokoltia. Deskubritu gendula Irunen bakarra esaten zela.

Olatz Bengoetxea (Irun, 1990):

-Bai, guk ‘txokoltia’, ‘txokoltia’…

Alaitz Bengoetxea (Irun, 1989):

-Ez dakit, ez zait inoiz okurritu ‘txokolatea’ esaten zenik. ‘Txokoltia’.

Manex Agirre (Aramaio, 1982):

-Bai, euskalkixek jokua emuten dabe, bai. Bai, batez be diferentzia marketan dabilelako, osea zuk zurie dala konsideretan dozune zure ondokuek diferente esaten dauen momentuen ya, ez? Badau hor e, zera. 

Asier Retegi:

- Azpeiti eta Azkoiti ingurukuak, jo, unibersidaden leku guztitan dozte, eta haikin ba bai, ba bai, gauza asko ikasten dia, ez? Argia itzali ‘emendau’ ta ‘lepo’ eta holako gauzak, bai, geratzen dira, tratua baldin badakazu....

Patxi Castillo (Bera, 1992):

-Ni oroitzen naiz adibidez Arantzako batzuk etorri zienian eta ‘yiya’ hasten zien erraten eta: Ze ari zea ‘yiya’ erraten? Ez, hori Beran ‘yaitsun’ izan dena beti, ez? Kasi-kasi hori. Eta orduan guk kasi-kasi erranda beaiek ohitura dute ‘Yiya’ errateko eta adibidez hori, ez?

Maialen Chantre (Bera, 1991):

-Bai.

Manex Agirre:

- Otxandixon… eske… Ze esan biha dostazu? Honen ama Otxandixokua da. Otxandixon ‘jun-jun’ esaten dabe, tio.

Andere Arriolabengoa (Aramaio, 1982):

-Ya, badakit, nire amak be bai.

Manex Agirre:

-Eske oso graziosua da. Jajaja Otxandixokin gainera Aramaiok dauko beti harreman… gatazkatsua, ez dakit zelan esan. Katxondeora hartute, e, baina beti…

-‘Juen’, guk ‘juen’ esaten dou ta erak ‘jun’.

Andere Arriolabengoa:

-Eta Arrasaten ‘juan’ esateko esaten dabe ‘fan’. ‘Fan bi naz’. Eta guretako hori oso graziosua da.

Manex Agirre:

-Bai. ‘Fan’ hori bai. Ta gero Atxabaltan daukie ‘kabiru’ famosue. Ez dakit, baten bat ikusten badaue nerbioso dauela edo prisaka edo… edo harrotute daudela edo… esaten dotsie: ‘Bueno, kabiru, e!’. Oseake bere gorputzien kabiduteko. Politte da.

Andere Arriolabengoa:

-Baina hori guk be esaten dou.

Manex Agirre:

-Baina esaten dou Atxabaltan esaten daueilako.

Andere Arriolabengoa:

-Bai, baina uste dot hori gure eiñ doula ya, ez?

Manex Agirre:

-Ya, izan laike.

Itsaso Elizagoien (Etxalar, 1995):

-Beti Lesakarrak gure euskarakin sartzen die, e. Guk hitz batzuk diferente erraten ditugu: beraiek “goitti-beheitti” erraten dutena guk “goiti-beheiti” erraten dugu.

Maialen Chantre:

-Bortzirietako gainerako herritan erraten da ‘Goitti’ eta ‘behetti’ eta Etxalarren ‘goiti’ eta ‘beheiti’. Hori nik uste dela Iparraldetik hurbilago daudelakotz, zeatik Zugarramurdin, ama Zugarramurdikoa dela, han ‘goiti’ eta ‘beheti’ erraten da ere bai, eta ‘soindua’ erraten da. Eta muga… Zugarramurdi eta Etxalarrek muga egiten dute, eta Etxalarrek ere Sarakin ere muga iten du, eta eragin hori nabaritzen zaie etxalartarrei, bortzirietako bertze herriek ez dutena.

Patxi Castillo:

-Guk ez ditugu haien hitzak erabiltzen baino ez dakit… betiere orain, urte batzuk pasatu eta gero, ikusten zu pozgarria dala, ez? Erran biharrian, erderara joan biharrian…

Maialen Chantre:

-Baina garai haietan bazilatzen genien.

Patxi Castillo:

-Garai haietan: ‘Ez dakizu solasin ta ze ari zeate?’ (Garai hartan? Orain ya ez?) Ez, bueno, garai hartan azkenean 14 urte dittuzun inguru hortan hitz bat norbaittek aldrebes erraiten baldin badu, nahiz ta bere herrian horrela erran ta ya… da… hiru hilabeteko katxondeua da.

Iker Mundiñano (Iruñea, 1986):

-Aita etxarriarra izanik eta ba Sakanako gauza asko ditut, eta gauza asko sartzen ditut eta orduan igual bide hortatik ere niri adarra jotzeko, bazilatzeko, askotan izandu da gauza, ez dakit, e: ‘Fan behar ga’ esan dudanean ba igual farre iten didate. ‘Fan behar ga?’ ez dakit ze…

Manex Agirre:

-Ze gehixau? Bergarakuekin beti azentuen kontue dau: ‘Bergarakúa’.

Andere Arriolabengoa:

-Eta txantxikuarrana…

Manex Agirre:

-‘Hori Bergarakua da’. Eta Oñatikuek eske dana daukie graziosue. Jajaja

Andere Arriolabengoa:

-Eurak die graziosuek.

Manex Agirre:

-Berezixek die, bai. Aditzetan guk j  itten doguna eurak x-ekin ittie ya… kuriosue da, ez? ‘xako’ ta ‘xat’ eta ‘gustaten xako’ ta… ‘Gustaitten xako’…

Andere Arriolabengoa:

-‘Gustaitten’.

Itsaso Elizagoien:

-Niri klasin behinik pin… ni napar bakarra, ez bi… bertze bat Berakoa dago… denak Gipuzkoarrak, klaro… Donostin… bizkaitar bakarren bat… eta bi napar gaude. Nik ez dut batuan iten han. Nik nire euskaraz iten dut. “Bai, erran, erran, erran!”. Hola aitzen zaizkit.

Samuel Biscay (Aiherra, 1988):

-Holako umore iteko pasatuko gara beste euskalki batetarat: ‘Xibe’… bai, bai. Xiberotarrez ari garelarik… ‘prefosta’ bai… ‘Prefosta’ emaitea denetan.

Leire Barbier (Aiherra, 1988):

-‘Ü’-a denetan emaitea… ‘ü’ da soinua, ez da ‘u’… ‘ü’-a…

Samuel Biscay:

-Eta ‘haboro’ ere.

Leire Barbier:

-Enseatzen gira ere batzutan hegoaldetarrez mintzatzea. Horrekin irri egiten dugu. (ados). Xiberutarrez ere, baina horrekin zailago da; zailxeago da.

Samuel Biscay:

-Uste dut hegoaldekoa errexago dela xiberutarra baino.

Leire Barbier:

-Erraiten dugu ‘egun on’ erran ordez orai ‘Kaixo’.

Samuel Biscay:

-‘Kaixo, zelan?’

Leire Barbier:

-Guk ez dugu sekulan erraiten ‘kaixo’ eta ‘egun on, iep’…

Samuel Biscay:

-‘Iep’ edo ‘egun on’ Batzutan irri iteko ‘kaixo, zelan? Ondo?’ ‘Bueno’… ‘Bueno’ emaitea denetan.

Leire Barbier:

-‘Aber’, ‘bale’…

Samuel Biscay:

-‘Bakoitxa’, ‘eutsi’… holako jokua da guretzat ze soinua izigarri gustatzen zaigu.

Leire Barbier:

-Desberdina da…

Samuel Biscay:

-Desberdina da eta guk gustuko dugu soinu hori; beraz, baliatzen dugu. Eta ukaitea aberastasun hori: hizkuntza bera bainan desberdin… zonbait aldiz nik lanian ere ba besteei… erraten dut ‘kaixooo!’. ‘Egun on, kaixo!’.

Leire Barbier:

-Gero, orai erraiten dugu gero eta gehiago hala ere ‘kaixo’… nik ere erraiten dut. Baina ez da…

Samuel Biscay:

-Me… nik beti da irri egiteko joko bat hori. Ez da… jajaja.

Andere Arriolabengoa:

-Guk hemen daukou, hemen paseten da zeoze oso kuriosua eta guk askotan e grazia itteko ta hola euskeraz ta hola gipuzkerara eta Goierriko e, ez dakitt…

Manex Agirre:

-Joera hori badau imitetako, bai. Egixe da, bai, egixe da.

Andere Arriolabengoa:

-Grazia, ez. ‘Ze habil, motel…’ Holako… gura danien grazie puntu hori gure euskalkixa erabili biherrien… aldatu itten dogu euskalkixa.

Manex Agirre:

-Bai, bai, egixe da. Eta exitua eukitten dau, e. jajaja

Iker Mundiñano:

-Niretzat ez da da hain barregarria hori, arruntagoa da gipuzkera orokorrean, Gipuzkoan egiten den euskara nire herrian egiten denarekin oso antzekoa da. Eta ez dakit, oso arrotza edo ikusten dugu bizkaitarra. Arrotzago. Ez dakit, desberdintasun handiagoak ikusten ditugu bizkaitarrarekin. Eta gogoan dut oain gutxi adibidez egondu ginen e Gernikan eta atsalde osoa eman genun eta bazen mobilizazio moduko bat, ekimen bat, egun osokoa ez dakit zer, eta egun osoa eman zuten bozgoragailutik pues gauzak esaten eta… ezdakitzer, egin beharrekoak botatzen eta gora eta behera, eta gogoan dut lagun batek hartzen nindula ta: ‘Iker, baina hitz egin dezatela euskaraz, edo itzultzaile bat behar dut, ez dut deus ulertzen! Itzultzaile bat behar dut, kauenlaputa, doguz-doguz-doguz’. Eta egun osoa horrekin eman genula, ba hasi ginen atsaldean zerbezak ez dakit ze eta gauen hamaikak aldera ya pues ordun elkarrekin eta: ‘Bai, joan behar doguz, doguz’ eta ez dakit ze, ‘txandagaz’… eta ezdakizer…

-Euskalkiak euskararen aldaerak dira, herrian herriko hizkerak. Euskalki nagusiez gainera, azpieuskalki ugari daude. Ikus euskalkien mapa eta ezaugarriak.

-Euskalkiek euskara batua aberasten dute. Besteak beste onura hauek ekar ditzake:

  • Euskararen erabileran eta atxikimenduan modu positiboan eragitea, errejistro informalerako hainbat esamolde eta formula eskaintzen dituelako.
  • Euskara aberatsagoa (sinonimia gehiago, ez denek euskara berdin-berdina) eta indartsuagoa eraikitzea.
  • Hizkuntza sena eta sormena indartzea, hizkuntzarekin umorea egiteko gaitasuna barne.
  • Guraso eta seme-alaben arteko transmisioa sendotzea.
  • Tokian tokiko euskarak herri identitatea, hizkera horrek hiztuna bertako sentiaraztea.
  • Euskalduntzea erraztea (modu naturalean egitea).

-Ikus euskalkiei buruz prestatu ditugun beste bideo-fitxa hauek ere:

-Hizkera informalari buruz, berriz, beste bi bideo-fitxa hauek ditugu:

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza