Euskara batua eta euskalkiak

Adinekoek euskara baturik gabeko garaia ezagutu zuten, eta alfabetatu ere erdaraz egin ziren, eskolan gaztelaniaz ikasi baitzuten; herri hizkera da haiek dakitena, etxean ikasitakoa. Euskalkiei eta euskara batuari buruzko haien iritziak batu ditugu bideo honetan.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Euskara

4,19 puntu 5 izarreko maximotik
50.004 iritzi guztira

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

  • Garai bateko pentsaera ezagutzeko interesa
  • Adinekoen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Herri hizkerak ezagutu, erabili eta balioesteko gogoa
  • Euskalkien aberastasunaz jabetu eta haien erabilera sustatzeko nahia
  • Euskara batuaren garrantziaz jabetzeko asmoa

 

Bideoa ikusi aurretik

1-Gaiaren aurkezpena egingo du irakasleak. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu. 

-Zer iritzi duzue euskara batuari buruz?

-Noizkoa da batua? Zergatik eta nola sortu zuten?

-Batua sortu zutenean, eztabaida handiak izan ziren. Badaukazue horren berri? Zein ziren eztabaidagaiak?

-Zuen ustez, batuak eragiten al die euskalkiei? Zer harreman dago batuaren eta euskalkien artean?

 

Bideoa ikusi bitartean

1-Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2-Deigarri iruditutako pasarteak gogoan hartu.

3-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez, “nehor” (inor), “aditu” (ulertu), Xabiertxo gerra aurreko euskarazko ikasliburu bat zela, Aita Laffite eta Koldo Mitxelena nor ziren…

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari etekin guztia ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

1-Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.

2-Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, denok elkarrekin. Hona hemen horretarako balio dezaketen galdera batzuk:

-Adinekoak normalean ez daude euskaraz alfabetatuta. Ezagunak egin al zaizkizue entzun dituzuen iritziak?

-Euskara batua sortu aurretik, ba al zegoen euskarazko liburu eta egunkaririk? Nola idazten zuten?

-Sasoi batean asko izan ziren euskara batuaren kontrakoak. Ezagutzen zenuten H-ari buruzko eztabaida? Zer iruditzen zaizue? Zergatik zeuden batuaren kontra?

-Gaur egungo ikuspegitik eta, zailtasunak ezagututa, nola ikusten duzue batua?

3-Bi belaunaldiren iritziak entzun ditugu, gerra aurretik eta ondoren jaiotakoenak. Gaur egun ikuspegia beste bat da. Inor gutxik jartzen ditu zalantzan euskara batuaren beharra eta balioa. Eta euskalkiak mantendu behar direla ere gehien-gehienek diote. Hori bai, nola egiten da hori? Kontrapuntu moduan, entzun dezagun gazte hauek diotena: Euskalkiak hezkuntzan (00:15-01:10), Umeei batuan eta euskalkian (01:05 arte) eta Euskalkiak komunikabidetan.

-Euskalkiak eta euskara batua bateragarriak direla diote gehienek, elkar elikatzen dutela. Zer iruditzen zaizue zuei?

-Noiz erabili behar da batua eta noiz euskalkiak? Hezkuntzan, komunikabideetan… mugak argi al daude?

-Euskara informala herriko hizkeran eta formala batuan? Gai al zarete euskalkian eskutitz bat idazteko? Zer nolako euskara darabilzue sakelako mezuetan eta sare sozialetan?

 

4-Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide (ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere; posible da bat baino gehiago egitea):

  • Zu zeu elkarrizketatzaile. Ikasleak kazetari bihurtuko dira, 2-3 pertsonako taldeak osatuta (zozketa bidez erabaki daiteke). Herritarrek euskara batuari eta euskalkiei buruz zein iritzi duten jakitea izango da helburua. Herriko adinekoek zein gazteek. Lehenengo, galdetegi txiki bat prestatuko dute denek elkarrekin, talde guztiek gauza bera galdetzeko. Elkarrizketak bideoz egitea komeni da, gero ikaskideekin partekatzeko. Grabazioaz gainera, elkarrizketatuaren datu batzuk ere jasoko ditugu: izen-abizenak, jaioteguna, biografia laburra. Argazkia ateratzea ere ondo legoke. Elkarrizketak egin aurretik, jarraibide orokor batzuk ematea ere komeni da. Lana egindakoan, talde bakoitzeko kideek aurkezpen txiki bat egingo dute, grabazioa erakustearekin batera, prozesua azaltzeko. Aukera bat: jasotako testigantza guztiekin ikus-entzunezko bat prestatzea, gero herrian ezagutarazteko. Argazkiak, marrazkiak eta musika ere sar ditzakete (horretarako, ikasleei bideoak editatzeko programaren bat erabiltzen erakutsiko zaie, eta ereduak eman).

 

  • Historia egiten. Lau-bost ikasleko taldetan banatu, eta ikerketa txikiak egingo dituzte. Esanguratsua den artikulu, dokumentu, elkarrizketa edo bideoren bat/batzuk aukeratu, laburtu, eta ikaskideei azaltzea izango da egitekoa. Horretarako, aurkezpen txiki bat prestatuko dute. Talde bakoitzak bere erara egingo du, eredu jakin bat jarraitu gabe (teknologia berriak erabil ditzakete, aurkezpenak egiteko programaren bat, horma-irudiak, argazkiak…). Aukeratutako dokumentuak ere oso desberdinak izan daitezke. Hauek izan daitezke aztertzeko moduko gai batzuk, guztion artean euskararen historia hobeto ezagutzeko:
  • Euskara batua eta euskalkiak
  • Euskaltzaindia eta euskara batuaren sorrera
  • Euskarazko testuen idazkera (XVI. mendetik hona)
  • Euskalkien erabilera hezkuntzan eta komunikabideetan
  • Euskara batua-euskalkiak eztabaida

 

  • Bestearen azalean. 4-5 laguneko taldeak osatu, eta antzezlanak egingo ditugu, rol jolasak. Rol eta lanbide ugari jarriko ditugu poltsa/zaku batean, papertxoetan idatzita: telebista aurkezlea, dendaria, enpresaburua, medikua, eskalatzailea, bertsolaria, poeta, rock abeslaria, erretiratua, ume bihurria, gurasoa, gazte makarra, igeltseroa, amona, baserritarra... Guztion artean erabaki rolak. Horretarako, erabiliko dugun hizkeraren inguruan ere hausnartuko dugu. Egoeraren eta pertsonaiaren arabera, hizkera ere aldatu egiten al da?

Ikasle bakoitzak papertxo bat hartuko du, eta talde bakoitzak antzezlan labur bat (esketx bat) prestatuko du, egokitutako pertsonaien araberakoa. Antzezlana prest dutenean, ikaskideen aurrean antzeztuko dute. Pertsonaiak karakterizatzeko, mozorroak edo objektu txikiak erabil ditzakete (bibotea marraztu, zapi bat edo kapela bat jantzi...).

Antzezlan bakoitzaren ostean, iritziak trukatzeko eta antzeztutako pertsonaien jarrerei eta hizkerari buruz hitz egiteko tartea hartuko dugu, elkar aberasteko.

Kaleko hizkeran edo hizkera informalean euskaraz egiteko zailtasunak antzemanez gero, aukera bat: Hizkera informala: irainak bideoa eta proposamenak lantzea.

 

  •  “Iritzia eman”. Euskara eta ni. Euskararekin duten harremana kontatuko dute ikasleek, sentimenduen ikuspegitik. Ez dute ezer idatzi beharko. Beraien sentipenak ahoz azalduko dizkiete ikaskideei, eta bat-bateko jarduna izango da, neurri handi batean. Giro informala lortzeko, lurrean eserita egin dezakegu, biribilean jarrita. Banaka hitz egingo dute ikasleek, txandaka, euskararekin eta gainerako hizkuntzekin izan duten esperientzia kontatzeko (biribilean eseritako hurrenkeran egin dezakete). Aukera bat: irakaslea ikasleei galderak egiten joatea, hitz eginarazteko. Beste aukera bat: galderak edo puntuak arbelean jartzea, hala ikasleek gida bat izan dezaten. Pentsarazteko eta hitz eginarazteko, galdera hauek erabil ditzakegu:


-Noiztik dakizu euskaraz? Nola ikasi zenuen?

-Familia. Gurasoak nongoak dituzu? Zein hizkuntza hitz egiten dute?

-Euskalkiak. Zein harreman duzu euskalkiekin (gertukoak zein urrutikoak)?

-Batua. Zein harreman duzu batuarekin?

-Beste hizkuntzak. Beste zein hizkuntza dakizkizu? Joerarik bai erdarara jotzeko? Noiz? Norekin? Zergatik?

-Euskara. Zer da euskara zuretzat (inposatutako hizkuntza, eskolako hizkuntza / etxekoa, gurea, maitea…)?

 

5- Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena/azalpena/antzezlana egingo dute ikasleek, gelakideei beraien lanaren emaitzak ezagutarazteko. Horiek bideoz grabatzea interesgarria izan daiteke, irakasleak ez ezik ikasleek eurek ere baloratu ahal izateko. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea komeni da. Horretarako, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak.

 

Ebaluazio-irizpideak:

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

 

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

 

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

 

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.



Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

-Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak

- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin

- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak

- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean

- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean

- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen

- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen

- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia

- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak

- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen

- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen

- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei

- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean

- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen

- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan

- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen

- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan

- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen

- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…)

- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena

- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak

- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen

Maria Luisa Arzallus (Donostia, 1940): Nik, eskolan hasi nitzanian, ez nun ezer entenditzen… erderaz, baiño ezer ez! Baiño geo, bueno, nola-hala erderaz ikasi genun. Nik ez dakit idazten ta letzen ta eskri… zea euskeraz, e! Gaixki iten det, e. Klao, dena erderaz, dena erdera, dena erdera in genun.

Miren Zuazabeitia (Aretxabaleta, 1930): Eta baina orduen, euskeraz etxe barruan bakarrik, e! Kanpuen erderaz ein bihe zan, orduen!

Maria Paula Mengual (Azkoitia, 1929): Bai, dana erderaz. Hori daukeu guk penie: ez dakiula euskeraz irakurtzen, ta idazten gutxixo.

Iñaki Ormazabal (Ordizia, 1927): Nik daketen euskerea da etxekoa, e! Nik ez det ikasi… ikastolan ez naiz ibili! (Izenak eta…) Nik gramatikaik-eta zea, euskerazkoik ez dakit.

Maria Paula Mengual (Azkoitia, 1929): Idazten eta irakurtzen neri kosta iten zat, ta askotan pentsatzen det: “Irakurri behar diat ba”, ta jarduten det irakurtzen, ta bi-hiru biderrez irakurri ber ulertuko baldin baet zeoze.

Anixeta Gereñu (Legazpi, 1922): Oin, batu hori hasi danez gero, oso diferente da, desde luego. Hori hasten bazea leitzen… oin pentsau in behar dezu, zeatik gauza asko ez dezu entenditzen, zeatik oso diferente itten da.

Kontxita Mendizabal (Hondarribia, 1930): Hori re ez dugu guk entenditzen, zeatik guk guria dugu ta hor hitz asko die entenditzen ez ttugunak. Nik e bialtzen banaute oja bat bi aldetara: erderaz eta euskeraz, pues segittuan erderari beituko diot. Bai, bai, gehio entenditzen dut.

Leon Telletxea (Urruña, 1925): Eskuaraz bazen, ondoan frantsesez. Artikulu hura irakurtzen hasi naiz -nahi baduzu sinitsuko duzu eta nahi baduzu ez- ez nitzen arribatzen ahal konprenitzen. Obligatu nintzen frantsesa goatia, ze erran nahi zuten. Diferentatzen! Eskuara, eskolan ikasten dutena, anitz hitz badire arrunt diferentak gure euskaratik.

Pedro Jauregi (Andoain, 1922): Nik egunkariya re oaindik kastellanoz aixago zeatzen det euskeraz baino.

Maitxo Egileor (Errenteria, 1942): Jarri ittten zea, ohittu iten da, baino hasieran oso zaila ein zitzaiten, e.  Eta gero hori da, lehenoztikan euskeraz irakurtzeko ohitturik ez genun.

Maria Lekuona (Hernani, 1926): Gue euskera nik uste det polittagua zala. Lehengua nei polittagua iruitzen zitzaidan. Garbiyagua o ez dakit ba.

Arantxa Artano (Andoain, 1935): Klaro, nik neria dut, ta iruditzen zait garbiya dala, baino ni inoiz ez naiz egongo esaten dunakin: “Eske zuena ze politta dan, guria askoz e zatarragoa da”. Ez, jauna! Neretzako hitz eiñ in behar da eta kitto. Eta bakoitzak berea!

Beñardo Irastortza (Irun, 1928): Denak, denak desberdin itten dugu. Eta Iparraldea joaten bazea, tonua bakarra ez hitzak e desberdintzen die. Biño denak bat inta, oaingo batu honekin igual alkar ulertuko dugu!

Juan Luis Goikoetxea (Mungia, 1947): Gogoan daukat orduan guk, 68an ta, Arantzazun Euskaltzaindia euskara batua onartzen ta ebilenian, guk kantatzen genun gehienok, ezta? Labegerieren kanta, ezta? “Gu gera Eusakdiko…”. “Gira”, barkatu. “Gu gira Euzkadiko gazteri berria”… kantatzen gendun. Ordun, gu euskera batuaz identifikauta egon giñen, eta guretzat modernoa euskara batua zan eta abar.

Juan Antonio Gallastegi (Durango, 1933): Gu, orduko gaztiok edo, danok gengozen ba batuan alde, ezta? Ta batuen alde joatia ez dau esan gure euskalkixen kontra zoiazenik, ezta? Ez, oso ondo lotu laikez bixak, eta lotu bihar dire, ezta? Baina egozen nausixek, ño! Ezta ezegaittik be ez eben gura batuan, ezta?

Ramon Labaien (Donostia, 1928): Hor gertatu zan, bueno, gertatzen dana gerra baten ondorio, izan zan bi belaunaldiren arteko fraktura bat: gerra aurreko belaunaldia, hoik, eta gerra ondorengo, frankismo garaiko, belaunaldiya. Eta bueno, belaunaldi zaharrekoak hartu zituzten belaunaldi berriyaren iniziatibak agresiyo politiko bat bezela.

Javier Linazisoro (Bergara, 1927): Han zeren gerra aurretiko Xabiertxo eta haren moduan beste liburu asko. Harek idatzi zien h barik eta beste beste… oingo modismo barik.

Kontxita Beitia (Donostia, 1940): Klaro, oso artifiziala, ez? Eta H, H… zuk bakizu ze, ze izan zan momentu hartan h sartzea, e? Eta esaten dezu: azken finean zer da ba, letra bat, ez? Baina ez dakizue: horrek h-kin idazten du eta horrek ez du h-kin idazten. Eta ya, horrekin ya hasten zan sekulako borroka. Baino ikaragarria, e!

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947): Eta orduan esan ziaten nik ezin nuela han lan egin, zeatikan ni h-zalea nitzala eta h-zaleak españolistak zirala ta ikastola hartan españolistarik ez zala sartuko, ta bota ninduten, eta gelditu nitzan lanik gabe.

Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944):  H beharbada ez genuen onartu behar, baina bueno, hala egin zan eta sinbolo bihurtu zan, eta oin hor daukagu h hori, traba egiteko besterik balio ez duena, ezta? Baina… Ni akordatzen naiz Laffitek nola esan zuen Arantzazun, ez? “Guregatik egiten baldin baduzue -beste aldekoengatik, alegia-, etzazue egin”, ezta?

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947): Gehienez zan ezkerra eta progresistak h-aren alde, eta besteak h-aren kontra, baina ez zan h-a bakarrik, klaro. H-a zen ikurra. Batasunaren bultzatzaile nagusiena Koldo Mitxelena zan, eta Koldo Mitxelena PNVkoa zan. Orduan, horrek esan nahi du PNVn bazegoela gutxiengo luzido bat ulertu zuena batasunik gabe, akabo. Bainon gero masa kontra zegon. Kontra zegon hain zuzen ezkerra alde zegolako. Ez h-a bai edo h-a ez, zan ezker-eskubi burruka bat.

Javier Linazisoro (Bergara, 1927): Euskera berririk ez dot nahi jakitzeik pe, e! H ta z horrek, ez, ez, ez…. Hori ez dau esistitzen. H hori Frantzian bai, h, harek “ha!” itten dabelako. Etxehar, bai. Guk ez, guk ez dauku halakoik. Eta ni horren danan kontra nao gainera, eta euskera batuan be kontra nao ni.

Emile Larre (Baigorri, 1926): “Gu euskaldunak gira, nornahi baino gehiau! Hori aitu diau beti. Ze, ze… eta ez du deus e... gu baino euskaldunagoik nehor ez da!”. Ba, bainan Eskual Herria ez da hemen fini. Izan behar du hangoekin e. “Ba, españolak dire haek!”. Ta hola ekin behar ukan dugu.

Amale Arzelu (Donostia, 1924): Euskera batua… beira, oain nik uste pixka bat hobetu dala, baina hasieran… ez dakigu, zer, zer da? Euskera batu… zer, zer da? Ez zitzaigun batere-batere atsegin.

Batixta Goikoetxea (Hernani, 1935): Aitak eta amak euskera erakutsi ziaten, ta haiek eakutsitako euskera maitte det. Ez oaingo euskera. Oaingo euskera hori netzako bate ez da. Ta zarrai esaten digute guk ez dakigula euskeraz. Eta nik esango diat: “Hik e premia ederra dakak ikasten!. Nik ez zakit baino hik dakiken horrek ez ziak zerbitzen nei”.

Jokin Muxika (Donostia, 1932): Eta hizkuntza aldatu da izugarri. Guk erabiltzen giñuzten hitzak ta esaldiak eta oaingo gaztiei esan, eta ez dia konturatzen, ez due ulertzen.

Javier Linazisoro (Bergara, 1927): Ez euskeriana, hizkuntza danen aberastasuna dialektotan dao.

Kontxita Beitia (Donostia, 1940): Herri bakoitzak dauken bere hizkera propioa zerbaitegatik da. Hizkuntza herriak egiten du azken finean, eta herriaren nortasuna hor dago, hizkuntzan.

Alejandra Eguen (Elorrio, 1928): Ta hau euskeriau, hemengo euskeria, euskera hau, galdu ein biha xaku, ze umiek, e… umien euskerie ez dou aitzen ta.

Bixente Lizaso (Urnieta, 1931): Batua dalako horrek, horrek nahastu du asko. Hemen ni hola mahayian hizketan hasten geanian larunbatian o… ta zer, biloba… 13 urte dittu… ez, 12 izango dittu; 12 oain in dittu. Ta harek esaten dit: “Ez da hola esaten, attona. Ez da hola esaten. Hori hola esan bihar da”. Ta mekau… bueno, “bale ba”, ixildu in bihar. Bai, bai, asko daude zeatuk, kanbiatuk hitzak.

Joaquin Arizaga (Biriatu, 1929): Nik uste normala ikastolan goi eskuara ar(i)tzea, hola [universel] izanen da, bestela Bilbaora joaten bazare ez duzu deus konprenituko, nik ez dut deus konprenituko eta zuk ere ez, ta Xuberora joaten banaiz ere ez.

Maria Lekuona (Hernani, 1926): Hori bizkaitarrei lehen ez zitzaioten entenditzen. Oian bai, oain beste… euskel batua edo zer da? Oain gehio baino bizkaitarrai… ezta ezerre.

Kontxita Beitia (Donostia, 1940): Gero ikusi degu oso ona dala, azken finean asko irakurtzen degu eta denok ulertzen degu. Eta irakurtzen deguna gutxi gorabehera edo idazten deguna, denok idazten degu berdin… baino horrek ez du esan nahi gero galdu egin behar dala bakoitzaren euskalkia, e. Euskalkiak gorde egin behar dira.

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947): Ta orain uste det nere belaunaldiak egin duen gauzarik haundina euskeraren batasuna izan dala. Eta uste det, gaiñera, mendetan ez dula euskarak holako aurrerapausorik eman. Harro nago gerra hartaz, gerra bat izan zan ta.

Arantxa Artano (Andoain, 1935): Eta ni euskara batuakin oso konforme nao, e. Konforme no gehienbat idazteko ta hola, e. Eduki dezagun zea bat, hizkuntza guztik daukaten bezela.

Joaquin Arizaga (Biriatu, 1929): Nahi badugu eskuara bat izan, behar dugu denek igual ikasi, ez?

Jean Haritxelar (Baigorri, 1923): Tokian tokikoak… tokikoak segituko du, dudarik gabe. Nere ustez. Bainan indar bat eginez hizkuntza amankomunari buruz bakotxak behar duela urrats bat egin, nahi baldin badugu, nahi baldin bada Euskal Herriak ukan dezan hizkuntza bat.

Joaquin Arizaga (Biriatu, 1929): Frantsesa bat da, ta española re bat da, eta eskuarak deretxu hori enetzat behar du izan. 

-Euskara batua Euskaltzaindiaren ekimenez sortu zen. 1968an jarri zituzten oinarriak, Arantzazun egin zuten batzarrean. Euskara batuaren sorrerak eztabaida ugari sortu zituen, hainbat arrazoirengatik: euskalkien biziraupena arriskuan ikustea, aurretik euskaraz idazteko (liburuak, artikuluak...) erabilitako moldeak aldatzea zekarren, arrazoi politikoak (ezker-eskubi borroka)... H-a izan zen eztabaidaren ikurretako bat: tradizioaren aldekoek h-a espainiar alfabetoko letra zela zioten, eta gerra aurreko idazkera defendatzen zuten (H gabea); aldaketaren aldekoek, berriz, H-aren alde egin zuten, euskalki batzuetan soinudun letra delako (aspiratua). Informazio gehiago: Wikipedian.

-Euskalkia etxeko eta kaleko euskara izan ohi da, belaunaldiz belaunaldi transmititzen dena. Tokian tokiko euskara ez da hezkuntzan modu iraunkor eta planifikatuan irakasten. Euskalkiak hizkera informalarekin lotu ohi dira eta batua, berriz, hizkera formalarekin. Bakoitza noiz eta nola erabili ez dago, ordea, beti hain garbi. Gazteek euskaraz adierazkortasun falta dutela ere esaten da, eta horrexegatik jotzen dutela erdarara. Batzuen ustez, euskalkiak eta herri hizkera ikastetxean ere landu behar dira, jardun formala zein informala, eta ahozkoa bereziki.

-Batuaren onurak:

  • Alderdi guztietako euskaldunok ulertzen diogu elkarri
  • Edozein gairen inguruan jardun dezakegu (zientzia, teknologia…)
  • Hizkuntza eta herria osotasunean ordezkatzen du, herrialdeen eta euskalkien mugak gaindituta
  • Euskara ikasi dutenen kopurua izugarri handitu da
  • Ikasi dutenei esker, hautsi dira gero eta meharragoak ziren euskararen mugak
  • Euskara batuari esker, hizkuntzak prestigioa irabazi du

-Euskalkien onurak:

  • Erabileran modu positiboan eragin dezake, euskalkiak modu informalean hitz egiteko hainbat esamolde eta formula eskaintzen dituelako
  • Euskara hobea, zuzenagoa eta indartsuagoa eraiki daiteke, aberatsagoa (ez denek berdin-berdina)
  • Hizkuntza sena eta sormena indartu daitezke, hizkuntzarekin umorea egiteko gaitasuna barne
  • Guraso eta seme-alaben arteko transmisioa sendotu egin daiteke
  • Tokian tokiko euskarak herri identitatea eman dezake, hizkera horrek hiztuna bertako egiten duen sentimendua
  • Euskalduntzea errazago eta lasterrago egin daiteke

-Hizkera informala edo lagun arteko euskara lantzeko, bi bideo dauzkagu prestatuta, euren proposamenakin:

-Euskalkiei buruzko bi bideo ere baditugu, euren proposamenekin:

-Eta hizkuntza jarrerei buruzko bideo-proposamen hau ere interesgarria gerta daiteke:

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza