Euskara, integrazio hizkuntza

Jatorri askotako pertsonak bizi dira Euskal Herrian. Bideo honetan euskara ikasi duten atzerritar batzuen bizipenak jaso ditugu.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Integrazioa, Bizikidetza, Euskara

4,83 puntu 5 izarreko maximotik
6 iritzi guztira

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

  • Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Bizikidetzarako jarrera erakustea
  • Etorkinen integrazioa sustatzeko grina
  • Hizkuntza-aniztasuna ezagutu, errespetatu eta balioesteko gogoa

 

Bideoa ikusi aurretik

1-Gaiaren aurkezpena egingo du irakasleak. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu. Halako galderak izan daitezke:

-Ezagutzen al duzue euskara ikasi duen atzerritarrik?

-Nongoak dira? Zergatik ikasi dute euskara?

-Zein hizkuntzatan hitz egiten duzue haiekin?

-Galesen, esaterako, galesera eta ingelesa hitz egiten dira. Hemen euskara eta gaztelania/frantsesa bezala. Zuek Galesera joanez gero, galesera ikasiko al zenukete?

 

Bideoa ikusi bitartean

1-Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2-Ikasleen arreta erakarri duten pasarteak gogoan hartu.

3-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu.

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari etekin guztia ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

1-Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.

2-Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, talde(et)an:

-Herri honetan bizitzeko, euskara ikasteko beharrik ikusten al duzue?

-Euskarak integratzeko balio duela esango al zenukete? Zein arrazoi identifikatu dituzue?

-Ingurune euskalduna izan ala ez, herri txikia ala hiria izan… asko baldintzatzen al du horrek euskara ikasteko prozesua?

-Bideoan mutil bat kexu da berak euskaraz egiten duelako, baina bertakoek gaztelaniaz. Zer iruditzen zaizue?

-Atzerritarrek euskara ikasteak eragin al dezake bertakoengan, bultzatu al ditzake euskara gehiago erabiltzera?

-Beste batek atzerritarrei gaztelaniaz egiteko joera dugula ere aipatzen du. Atzerritar itxura izateak sortzen al dizue aurreiritzirik, hizkuntza aukeratzeko garaian?

 

3-Gutxien uste dugunak euskaraz jakin dezake, Euskal Herrian munduko toki guztietatik etorritako jendea bizi baita. Zumaia eleaniztuna dokumentalaren ‘promoa’ ikusi.

-Zuen ustez, Zumaian zenbat hizkuntza hitz egiten dira?

-Eta zuen herrian? Eta Euskal Herrian?

 Zumaia eleaniztuna dokumental laburra ikusi (euskarazko azpitituluak aukeratuta), eta komentatu.

-Ezagutzen al duzue zuen herriko aniztasuna?

-Zenbat hizkuntza dakizkizue zuek?

-Zenbat hizkuntzatan dakizue “eskerrik asko” esaten? (arbelean ipini guztiak)

Taldeka jarri, eta 101l.ahotsak.eus webgunean bilatu:

-“Eskerrik asko” esateko bost modu, ezagutzen ez ditugun 5 hizkuntzatan (“Gaiak” > “Hiztegia101L”)

Hitzak arbelean idatziko ditugu (nola idatzi ez baldin badakigu, gutxi gorabehera: ahoskeraren arabera).

 

4-Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide (ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere):

  • Zu zeu elkarrizketatzaile. Kazetari bihurtu, eta euskara ikasi duen norbait elkarrizketatu. Bi-hiru ikasleko taldeetan, galderak aurrez gelan prestatuta. Elkarrizketatua Euskal Herrira etorritako pertsona bat izan daiteke edo bertan jaioa izanik euskara nagusitan ikasi duena. Elkarrizketa bideoan egitea gomendatzen dugu, gero ikasgelan ikusi ahal izateko (elkarrizketak egin aurretik, ikus jarraibide orokorrak), eta elkarrizketatuari argazkia ateratzea. Ikasleek aurkezpen txiki bat ere prestatuko dute (elkarrizketatuaren biografia laburra, nondik ezagutzen duten, etab.), bideoa erakutsi aurretik ikaskideei azalpenak emateko.

Jasotakoarekin, hainbat lanketa egin daitezke. Bi aukera aurkezten dira hemen. Gela bi taldetan bana daiteke, eta batzuek bat egin dezatela eta besteek bestea; lanketa bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta interesgarria izan daiteke biak ezagutzea.

  1. Bideo guztietako pasarte onenekin ikus-entzunezkoak prestatzea, dokumental/erreportaia laburrak (3-5 minutukoak), sare sozialen bidez zabaltzeko (lan hau egiteko bideoak editatzeko programaren bat ezagutu behar dute eta ereduak eman beharko zaizkie).
  2. Elkarrizketa guztiekin aldizkari digital bat osa daiteke (transkribatu, forma eman...), webgune edo blog batean jartzeko. Horrez gainera, inprimatu, kopiak egin, eta ikastetxean bana daiteke. Lan hau egiteko, ereduak ematea komeni da: egunkariak, blogetako elkarrizketak… (Elkarrizketek titulua izango dute, azpititulua, argazkia, argazki-oina…).  

 

  • Mundu zabalean. Munduko hizkuntza gutxituei erreparatuko diegu. Euskara bezala egoera diglosikoan dauden hizkuntzetan jarriko dugu arreta. Ikasleak ikertzaile bihurtuko dira. Taldeka jarri, eta informazioa bildu beharko dute. Taldeetako batek informazio orokorra bilduko du (zenbat hizkuntza gutxitu egon daitekeen, zein den egoera, diglosia zer den…). Gainerako taldeek, berriz, hizkuntza bana hautatuko dute, eta horri buruzkoak topatu (non hitz egiten den, zein den egoera, zenbat hiztun dituen etab). Bildutako informazioa ikaskideen aurrean azalduko dute, eta aurkezpen txiki bat prestatuko dute horretarako (mapak, argazkiak… adibidez Prezi programarekin; erabiltzen ez badakite, ereduak erakutsiko zaizkie).

 

  •  “Gaur egunera begira”. Gaur egun mundua hementxe bertan daukagu. Ez daukagu bidaiatu beharrik kultur eta hizkuntza aniztasuna ezagutzeko. Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Euskal Herrian? 101 L proiektua ezagutuko dugu guztion artean. Ondoren, 101l.ahotsak.eus webgunean saltseatuko dute ikasleek, binaka. “Gaiak” ataleko gaietako bat aukeratu beharko du bikote bakoitzak (adibidez: “Euskarari buruzko iritziak”), eta bi pasarte polit bilatu. Ondoren, aurkezpen txiki bat egin beharko dute, ikaskideei bideoa erakusteko:
  • Zer pasarte aukeratu dituzten esan.
  • Hiztun horiek nongoak diren eta non bizi diren.
  • Zergatik aukeratu dituzten pasarte horiek.
  • Bideo-pasarteak erakutsi gelan: denek ikusi eta entzun. 
  • Beren iritzia emango dute aukeratutako gaiari buruz.

 

  • Ika-mika. Eztabaida egingo da gelan, ikasleak taldeetan banatuta. Hauxe izan daiteke eztabaidagaia: Atzerritarrek euskara ikasi beharko lukete? Seiko taldeak baldin badira, hiru iritzi batekoak izango dira, baiezkoaren aldekoak, eta beste hirurak bestekoak: ezezkoaren aldekoak (zotz eginda erabaki daiteke bakoitzaren rola zein izango den). Hirukote bakoitzak arrazoiak eta argudioak prestatuko ditu, eztabaida hasi aurretik bilduta.

Hasi aurretik, ikasleei eztabaiden ezaugarriak eta erabiltzen diren formulak edo testu antolatzaileak zein diren azaltzea komeni da (ikus sekuentzia didaktiko hau, bereziki 84-85 orrialdeak), esateko modua esaten dutena bezain inportantea baita.

  •  “Bestearen azalean. Antzezlan txikiak (esketxak) prestatu lau-bost ikasleko taldeetan, hizkuntza eta atzerritarrekin loturiko aurreiritziei buruzko egoera bat asmatuta, pentsarazteko bidea ematen duena. Adibide batzuk:
  1. Atzerritarrei gaztelaniaz esatea lehenengo hitza, kanpotar itxura hartuta.
  2. Beraien hizkuntzan hitz egiten ari diren bi atzerritarri gaizki begiratzea, eta albokoari esatea atzerritarrak ez direla integratzen.
  3. Atzerritar bati buruz gaizki esaka aritzea, pentsatuz ez duela euskara ulertuko (adibidez, lana kentzera datozela).

Behin egoera hori antzeztu ondoren, gainerako taldeek nola aldatu proposatuko dute (pertsonaien jarrerak, egoera bera...) eta segidan antzezleek egoera berria antzeztuko dute (bat-batean, inprobisatuta). Talde guztiekin berdin egingo da.

Antzezteko unean, edukiaren egokitasunaz gainera, hauek ere kontuan izango dituzte: espazioaren erabilera, begirada ikusleei zuzentzea, pertsonaien gorputz-adierazpena, ahotsaren entonazioa... Aukera bat: ikasturte bukaeran antzezlan guztiak beste gela batzuetako ikasleen aurrean egitea.

Abesti bat jarriko dugu, pantaila handian, guztiok ikusi eta entzuteko, jolasa zein den azaldu aurretik:

  1. Taldekideek egokitu zaien abestia ikasiko dute. Horretarako, idatziz jarriko dute (ahal den bezala: ulertzen dugun bezala, guretzat zentzurik ez izan arren eta hitzak asmatu arren). Koreografia bat ere asma dezakete edo antzeztu (erdi-mozorrotuta).
  2. Abestiaren euskarazko bertsioa egingo dute. Doinua ez da aldatuko, baina letra bai. Umorezkoa izan daiteke, drama… abestiaren arabera erabakiko dute zein lanketa egin. Irudimena erabili!
  3. Abestiaren bi aldaerak ikaskideen aurrean kantatuko (eta antzeztuko) dituzte. Eta ondoren abestiaren bideoa erakutsiko dute.

Lehiaketa ere antolatu daiteke. Bozka gehien lortzen duen bikotea/hirukotea irabazle!

 

5- Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek, gelakideei beraien lanaren emaitzak ezagutarazteko. Aurkezpenak laburrak izango dira eta ondo legoke bideokamerarekin grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusteko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzeakomeni da. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak.

 

  • Ebaluazio-irizpideak:

 

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

 

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

 

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

 

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.


Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

-Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.

- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.

- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.

- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.

- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean.

- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen.

- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen.

- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia.

- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak.

- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.

- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen

- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.

- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.

- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.

- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.

- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.

- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.

- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.

- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).

- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.

- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.

- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen.

EUSKARA, INTEGRAZIO HIZKUNTZA

Janusz Borkowski (Polonia-Donostia, 1984): Ba nere lehenengo hilabetea Euskal Herrian hizkuntzarik gabe ez zen horren errexa. Dibertigarria zen agian, baina… pentsatu dut hemen inglesarekin ere bai posible da bizi eta komunikatu, eta azkenean egia atera zen, que ez: ezetz. Eske beharrezkoa da hizkuntza ezagutzera… orduan, bueno, hasi nuen gaztelaniaz ikasten, eta gero gutxi gorabehera urte bat, urte bat eta erdi pasatuta, hasi nuen euskerarekin.

Thomas Pierre (Frantzia-Donostia, 1977): Hemen dudarik gabe euskara jakiteak laguntzen… bai, bai, bai, laguntzen du asko, ba… baina… ba inguru batera sartzeko, ez? Inguru baten sartzeko, eta hori: mundu batean sartzeko, eta hemengo… hemengo dinamika ere ulertzeko. 

Sebastien Cartier (Frantzia-Zumaia, 1970): Garrantzitsua da, bai. Bai, bai, oso.

Mia Rissanen (Finlandia-Zestoa, 1963): Bai, zalantzarik gabe. Zalantzarik gabe.

Vahe Papyan (Armenia-Donostia, 1993): Euskal Herrian bai, dudarik gabe bai.

Anders Lanzen (Suedia-Zumaia, 1977): Euskal herriaren hizkuntza da eta neretzat oso garrantzitsua da euskeraz hitz egin.

Diana Glebkute (Lituania-Donostia, 1981): Eta bai, niretzako oso inportantea da.

Barry Manley (Irlanda-Donostia, 1961): Beti gauza bera esaten dit, esaten dut beti, e: nik euskeraz hitz egiten dut hemen bizi naizelako eta besterik ez. 

Andreea Denisov (Errumania-Donostia, 1990): Aber, nik uste det hemen bizitzeko oso inportantea da, lanpostu baterako, eta horregatik nere ama pues pentsatu du eskola batean euskaraz hitz egiteko, horrela pues, e aukera gehiago daukagu gure bizitzan lan egiteko eta hori dena.

Cilla Ulrika (Finlandia-Donostia, 1962): Gero, euskararekin ere bai, hori, integrazio gehiago. Integrazio oso haundia lortu det horrekin, gaztelaniarekin baina gehiago, esango nuke. 

Irina Tichtchenko (Errumania-Zumaia, 1971): Bai, euskera ikasita, ikasi ta gero ya zeozer, zirkuloak egia esateko zabaltzen direla, e, pixkanaka-pixkanaka, bai. 

Tarana Karimova (Azerbaijan-Tolosa, 1977): Nabaritu det pixkat hori, ez? Gertuago sentitzeko eta gizarteko pertsonak, inguruko lagunak… eta hori bai, hori bai. Badakit trato… gertuago sentitzen det euskerangatik, hori nabaritzen da.

Mia Rissanen (Finlandia-Zestoa, 1963): Pertsona batzuk emozionatzera ere iritsi ziren ba ikusita haien eritziz ba nik enpeño handiz ikasi nahi nuela eta animoak eman eta…

Wednesday Silva (Ginea-Bissau-Oñati, 1976): Heldu nintzenean Oñatira, e… matrikulatu nuen Oñatiko euskaltegian, baina bueno jakinminagatik, e. Eta bueno, hasi nintzen.

Yiwen Wang (Taiwan-Donostia: 1981): Euskaraz ikasten ari naiz. Eta bueno, baino momentu… aber: ulertzen hitz egin baino hobeto.

Miki Lamedica (Italia-Donostia, 1986): Baina hasieran zan ba: niretzat nahiko normala. Juten zea Portugalera, portugesa ikasten duzu…

Vahe Papyan (Armenia, Donostia, 1993): Bai, nik pertsonalki nahiko nuke erdera bezala hitz egitea euskaraz, eta bueno, saiatzen naiz. Azkenean saiatzen naiz.

Miki Lamedica (Italia-Donostia, 1986): Eta ez zan bakarrik nik… ni integratzeko, baina oso zea, derrigorrezkoa zan… edozein gauza, interesgarria, euskaraz zan: .ontzertua, musika, antzerkia… batzuk, gauza batzuk mmm gaztelaniaz ere… baina interesgarrienak niretzat eta niri gustatzen zaizkidan gauzak dena euskera dira eta ziren. Orduan, niretzat zan ba kriston pena: antzerki batera ez joatea ez dudalako ulertzen.

Mia Rissanen (Finlandia-Zestoa, 1963): Neretzat oso inportantea zan. Karo, pertsona bakoitzek… bere integrazio modeloa izango da. Nerea, behintzat, buruan izan dudana beti izan da: bertako jendearekin, harreman zuzenak izatean, eta baita jende nagusia ere bai. Aukera eman beraien hizkuntza propioarekin beraiekin komunikatzea, eta honbre, nere senarraren familiarekin batez ere, ba garbi neukan neretzat lehentasuna zuen ba haien hizkuntzara integratzea ni, eta ez haiek niri o inglesez o gazteleraz egitera behartu. Eta hori ba kalean beste guztiekin ere bai.

Irina Tichtchenko (Errumania-Zumaia, 1971): Ya umea, lehenengo umea eduki nuenean, pentsatu nun: “Aber, honi laguntzeko ikasi behar da” eta, gero horretaz aparte, beti jakin nahi nun horretako hizkuntza bat, pixkat… beti neukan hori ametsa. Hasi nintzan gero hori, ideia horrekin, alabari pixkat laguntzeko, eta gero, ya hainbeste gustatu zitzaidan ze jarraitu eta jarraitu, jarraitu nuen, bai.

Thomas Pierre (Frantzia-Donostia, 1977): Egunero erabiltzen dugu euskara. Eta ni alabarekin ere frantsesez, baina oraindik txikia da eta uste dut etorkizunean erabiliko dudala pixkat gehigo.

Len Bux (Irlanda-Zumaia, 1967): Ez dakit, igual Bilbon edo Gasteizen desberdina izango da, baina hemen, herri txikian, Gipuzkoan oso inportantea da, bai, bai, bai, noski. Ta umiakin, gainian… Nere umian lagunak, adibidez, beti mundu guztia hemen euskaraz… bai,  nagusia da hemen.

Thomas Pierre (Frantzia-Donostia, 1977): Ba gaztelania oso gutxi. Eske azkenean nik ezagutzen ditut jendea hemen euskalduna da eta neskalagunarekin ari gara beti… ezagutu gara euskaraz eta bai. Bera andoaindarra baina euskarazko irakaslea eta beti da, bai, bai, beti erabiltzen du euskara, bai.

Davide Filgueiras (Galizia-Bilbo, 1982): Bilbon zaila da euskaldun moduan zure bizitza aurrera eramatea. Gogoratzen dut: Andoainen niretzako zen plazer bat, osea, kaleko kartel guztiak euskaraz, jendearekin ere ehuneko 80 euskaraz egiten... Bilbon, puf, ehuneko 20. 

Sara Casado (Gaztela-Mantxa-Bilbo, 1981): Ba saiatzen naiz nere bizitza euskeraz egiten, bai.

Petra Elser (Alemania-Donostia, 1953): Arazoa da… hemengo jarduera da gaztelaniaz hitz egitea, nahiz eta euskalduna izan: etorkinekin edo euskara ez dakienarekin berehala gaztelania hitz egitea.

Chuserra Barrios (Aragoi-Ondarroa, 1980): Hasten zarenean, ba hamen jentik relazionatzen edo jentia ezagutzen Euskal Herrixan, ba betik zeoze betik euskeraz esaten. Bestelan, hasten bazaz ya erderaz hitz egiten, jentik ya zeuri relazionaten zu ya gazteleriaz eta beti zuri hitz egiten du gazteleriaz. Eta hori oso zaila da gero kentzia, edo holako ohitturak kentzia.

Tarana Karimova (Azerbaijan-Tolosa, 1977): Euskerarekin hori, gertatzen zaidana zan jendearen hori, reakzioa, entzutekoan zapiko norbait hitz egiten dula euskeraz eta hori, baina ere bai erreztasuna ematen dizu jendeai hurbiltzeko garaian, gauzak egiteko garaian…

Mia Rissanen (Finlandia-Zestoa, 1963): Atzerritar arpeia daukadanez, ba ba… gutxitan hasten zaizkit euskaraz hitz egiten, hori egia da, baina bueno, nik lehenengo hitza euskeraz egiten detenez, ba gero bai.

Davide Filgueiras (Galizia-Bilbo, 1982): Zure hizkuntza erabiltzen ari naiz neu, kanpotarra naizela, eta zeu ez?

Mia Rissanen (Finlandia-Zestoa, 1963): Nik uste det ikusteak kanpotik etorritako batzuk ba hain garbi daukagu euskara ikasi nahi degula, ba bertako batzuentzako ere akulu, akuilu bezela izan da, ba eragina egin dula behintzat. Eta horrek asko pozten nau. 

-Euskara ikasten dutenei ‘euskaldun berri’ esaten zaie. Asko eta asko dira azken hamarkadetan euskara ikasi dutenak, herritarren zati handi bat. Eta gero eta gehiago dira euskara ikasten duten atzerritarrak ere.

-Zer dakite euskarari buruz hona bisitan datozen turistek? Ikus Miarritzen eta Donostian.

-Jordi Serra katalanaren testigantza ere interesgarria gerta dakiguke; batua ez ezik, bizkaiera ere ikasi du:

-Bideo honetan agertzen diren hiztunak 101 L proiekturako elkarrizketatu genituen; euskara ikasi dute edo ikasten ari dira. Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak jaso eta ezagutaraztea da 101 L proiektuaren helburua. Hauxe da webgunea: 101l.ahotsak.eus

-Euskal Herrian ehundik gora hizkuntza hitz egiten dira, baina askotan aniztasun hori ezezaguna egiten zaigu. Gure baitara bilduta bizi gara, egunerokotasunean murgilduta, eta inguruan dauzkagun herritarrei ez diegu behar beste erreparatzen. Hori bai, badaude aniztasun hori ezagutzea helburu duten proiektu interesgarriak ere. Hona hemen hiru:

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza