Euskararen egoera Ordizian, gerra ondoan

Gerra ondoren euskaraz hitz egitea galarazita egon zen toki askotan. Ordiziako egoeraren berri ematen dute bideo honetan hainbat herritarrek.

Mailak: DBH, LH

Proiektuak: Ordiziako Udalak babestuta

Ikasgaiak: Euskara eta literatura

Gaiak: Oroimen historikoa, Euskara

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

Hainbat lanketa egin daitezke bideo honekin bai LHn eta bai DBHn. Bideoa bereziki Ordiziako ikastetxeetarako aproposa den arren, beste herri batzuetan ere landu daiteke gerra ostean euskarak bizi izan zuen egoeraz hausnartzeko. Adinaren arabera lanketak egokitu daitezkeen arren, hona hemen aukera posible batzuk:

1. proposamena:

-Euskarazko hezkuntzari buruz hausnartzeko, galdera egin ikasleei:

  • Zuen gurasoek euskaraz ikasi zuten? Eta zuen aitona-amonek?

-Bideoa ikusi. Birritan. Galdera hauei buruz hitz egin dezatela, taldeka jarrita:

  • Zergatik zegoen galarazita eskolan euskaraz hitz egitea? Eztabaidatu. Iritziak jaso. Azalpenak eman.
  • Zer iruditzen zaizkie bideoko zigor horiek?
  • Eskolan gure hizkuntza erabiltzeko aukera dugu orain. Baloratzen dugu?
  • Euskararen erabilera eskolan, gaur egun. Inposaketa moduan ikusten dute? Hala bada, zer egin beharko litzateke hori aldatzeko?
  • Kalean zein hizkuntza erabiltzen dute? Zaila al da euskaraz bizitzea?

2. proposamena:

-Gaiarekin lotutako beste bideo batzuk ikusi, eta lanketarekin jarraitu. Ordiziatik eremu zabalagora joango gara. Lau bideo ditugu euskararekin lotuta: 

3. proposamena:

-Ikasleak kazetari. Banaka ala talde txikietan egiteko lana. Adineko euskaldunen bati (amona, aitona, bizilaguna, familiako ezaguna...) elkarrizketa egin, bere esperientzia kontatzeko eskatu: gaztelania nola/zergatik ikasi zuen, euskaraz hitz egiteko oztoporik izan duen sekula, euskara zer den berarentzat, zer iritzi duen gaur egungo euskarari eta eskoletako heziketari buruz... Ahotsa grabatu egingo da; ahal dela, irudia ere bai (bideoa). Ahozko ondarearen biltzaile bihurtuko dira gaztetxoak. Grabazioak ahotsak.eus webgunean jartzeko aukera izango dute.

-Bideoarekin elkarrizketak egiteko argibideak nahi izanez gero (audioa, argia, enkoadrea...), jarri harremanetan gurekin, ahotsak@ahotsak.com helbidean. 

-Joxe Mari Faus (Ordizia, 1934): Garai oso ilunek izan zien huek, e. Jendia ez dakit, hizketan iteko bildurrez ta…

-Maria Rosario Mujika (Ordizia, 1934): Orduan ez zuen uzten euskeraz eiten. Orduan debekauta zeon euskeraz egittea.

-Juli Exposito (Ordizia, 1925): Euskeraz hitz egitea ukauta zeon.

-Joxepa Urkiola (Ordizia, 1934): Bai, oso kastigauta.

-Iñaki Ormazabal (Ordizia, 1927): Bai, bai, bai, bai. Dana erdera zan orduan, e! Ordun euskeraik... ke ba! Ezta, ezta, ezta...

-Patxi Gabilondo (Ordizia, 1927): Ez zuen uzten euskeraz iten, e. Ez zuen itten, euskeraz iten ez zuen uzten. Orduan… castellano kristo guztie.

-Felipe Korta (Ordizia, 1928): Bai, garai hartan ezta harritzekoa, zegatik euskeraz etxen bakarrik eiten gendun. Etxetik kanpora ba ba... erdera, baiño soil-soillik.

-Iñaki Ormazabal (Ordizia, 1927): Ordun dana erderea zan. Ordun euskeraz iñok ez zuen itten, e! Guk etxen egitten gendun. Nik daketen euskerea da etxekoa, e! Nik ez det ikasi, ikastolan ez naiz ibili! (Izenak eta…) Nik gramatikaik-eta euskerazkoik ez dakit.

-Patxi Maiza (Ordizia, 1933): Ordun ez zan hitz bai e eitten euskeraz. Batipat esango dizut ba… gal erainda zeon, etzan kalen hitzik eitteik, eitten genuna etxen.

-Joxe Mari Faus (Ordizia, 1934): Nik etxen bai, baino kalen gutxi, erderaz iten gendun gehiena hemen, Ordizin e, garai hartan.

-Patxi Maiza (Ordizia, 1933): Garai hartan dan-dan-dana erderaz iten zan. Ezkutun in behar izate zendun. Guk lagunek, esan dizuena da, gu elkarrekin juten giñanen kuadrillan hizketan kalen, ba itten gendun euskeraz, baino sartzen baginen tabernan, ya tabernan sartzen ziñenen beste jende pilla bat zeon eta ordun erderaz.

Eskola ere dan-dan-dana erderaz ikasi gendun guk.

-Patxi Gabilondo (Ordizia, 1927): Eskola? Eskola dana castellano.

-Patxi Maiza (Ordizia, 1933): Danak erdeldunak. Bueno, bazeren euskaldunak baiña dana erdera ematen ziguen, e.

-Pedro Urretagoiena (Ordizia, 1924): Ez nion maisuari entenditzen. Kastillanoz iten zon dana, ta ez nion entenditzen.

-Maria Rosario Mujika (Ordizia, 1934): Etortzen nitzen Ordiziara eskolara ta esaten zien “la casera”. “La casera”. Eta ez zien uzten euskeraz eitten.

-Joxepa Urkiola (Ordizia, 1934): Ordun polittena zan ba erderaz, ta geo “kaxerok” esaten ziguen. Ta ordun, erderaz dana, dana.

-Felipe Korta (Ordizia, 1928): Dana, dana erabat erderaz. Gu ume ginen garaien eskolan, euskeraz zeoze esaten bazendun, bueno! Gainea umek berak e, okerrenak: “Kaserua” ta…

-Joxepa Urkiola (Ordizia, 1934): Bai, bai, “los kaxeros”.

-Felipe Korta (Ordizia, 1928): Beti burlaka ta hola ibiltzen giñuzen.

-Maria Rosario Mujika (Ordizia, 1934): Dana erderaz, dana, bai, bai, ez zizuen uzten euskeraz eitten, e! (Eta euskeraz in ezkero, kastigue?) A, bai, beharko. Bakizu, eskuk hola jarri reglakin ta jo, o bestela bi plantxa... bi plantxa o bi burnizko plantxa bezela o bi ladrillu jarri eskutan ta ordubeten hola euki, eta holako kastiguk izaten zien ordun. Oain bezela uste dezu, ala? (Joe) A, eta jarri belauniko, eskuk hola jarri ta jartzen zizuen bi plantxa esan dizuan bezala, bi ladrillu. Umek giñen eta bi ladrillo hola, ordubeten eukitzea hua haundie zan, e. 

  • Eskolan euskaraz egiteagatik zigortzea gerra aurretik ere gertatzen zen toki batzuetan. Baina gerraostean, Frankismoan, jokaera hori orokortu egin zen. Espainola zen hizkuntza posible bakarra. Euskara modu sistematikoan zapaltzen zuten. 
  • Zigorrena irakasleen esku zegoen. Denek ez zuten jotzen, baina batzuk oso ziren gogorrak. Ikasle batzuek oso esperientzia traumatikoak izan zituzten.
  • Batzuek, heldu bihurtu zirenean, ez zieten seme-alabei euskara erakutsi. Ez zuten nahi haiei berdina gertatzerik. Beste batzuek, ordea, euskarari indar handiagoz eutsi zioten.
  • Gerraostean, Frankismoan, kalean euskaraz hitz egitea gaizki ikusita zegoen. Toki batzuetan (Donostian, adibidez) isunak ere jartzen zituzten. Euskaraz aritzen zenari “hable en cristiano” esaten zioten.
  • Euskarak prestigiorik ez zuen. Erdara zen dotorea eta baliagarria; euskara, baserritarren hizkera narratsa. Hori sinistazten zuten. Eta askok sinestu egin zuten. Euskaldunak konplexuz beteta zeuden.
  • Etxea izan zen euskararen gotorlekua. Etxean mantendu eta zaindu zuten euskara, familia abertzaleetan batez ere.

Utzi zure ekarpena