Gerra Zibila Lekeition

Nolakoa izan zen gerra garaia Lekeition? Zer egin zuten herritarrek? Eta zer gertatu zitzaien?

Mailak: DBH, LH, Batxilergoa

Proiektuak: Lekeitioko Udalak babestuta

Ikasgaiak: Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia, Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen ezaguera, Euskal Herriko Historia

Gaiak: Genero-berdintasuna, Oroimen historikoa

2,57 puntu 5 izarreko maximotik
574 iritzi guztira

Hainbat lanketa egin daitezke bideo honekin bai LHn (egokiena azkenengo zikloa), DBHn eta Batxilergoan. Bideo hau aproposa da 1936ko gerrari buruz gehiago jakiteko eta bereziki Lekeition zer gertatu zen jakiteko.

Gerrarekin lotutako bideo gehiago: ikus “Testuingurua” atalean.

Bideo honek genero ikuspegia lantzeko ere balio du, nahiz eta ez den propio horretarako sortua izan: testigantzateko asko emakumeek dira, eta emakumeek gerra garaian bizi izan zuten egoera zein zen erakusten du.  

Jesusa Akarregi: Hamasei urte neukazan gerria estrella zanian.

Bitoria Aboitiz: Gerria hasi zala gu entere ez giñen eiñ, ikusi egin genduan mobimentua eta arin-aringie ta…

Gregori Goitia: Kamion handixa, kamion handixa mutil gaztiekin. Ama guztiek negarrez, ama guztiek negarrez, haixe zan etxurie, ene… Mutillak koittaduk, hogei urtekuk, mendira! Mendira!

Faustino Garatea: Ba gaztiak, 16-17 urteko mutillak jun ziran hemendik asko.

Jesusa Akarregi: Bonbak bota ebazen Lekitton. Bonbardeua daola, eta ezkutaten, e, danak.

Bitoria Aboitiz: Eske han kueban egoten giñen gu, Zubiko kueban. Hantxen jateku ta… ama ta juten zirien hara ta hona ta jatekua lograten, eta gu hantxe, umiak. Hantxe kueban. Asko, e, gure modura asko egoten giñian!

Mertxe Pagoaga: Eta ez zan pasa ezer… Bai, pasa zan! Lekitton neure edadeko bat hil zan… Hil zan aizta bat, bestia inbalida geldittu zan… ta hantxen, hantxen jo eban e bonbiak, Lekitton be bai, egon zan desgrazia, bai.

Mila Mendia: Ebakuaziñoan urten genduan… 28 de abril izan zan Lekittoko ebakuaziñoia...

Mari Tere Aboitiz: Ta hamen, kueban eoten giñin ezkutata, honek Kalbaridxoko kueban, ta haraxen etorri zan gixon bat esaten, ebakuaziñoia daola, ze reketiak sartun ein bihar dabela ta nahi dabenak, badakixu, juan. Ta bapora guztiak, euazan baporak, holakotu zirian ta jentiak kalietara atara ta trastetan ta baeuan, baiña jentiak eta.

Gregori Goitia: Gero ixan zan ba, desalojua etorri zanian... Desalojua etorri zanian, aitta eta jun zirian horra… desalojaten jun, ta nik e aittari: "Neuk be jun, neuk be zeuaz nahi dotela juan". Ta: "Ez, ze laster etorriko gara gu. Zu geldirik amumaz, zu geldirik". Geldittu giñian amumaz.

Jesusa Akarregi: “Aitta, atara gu! Aitta atara gu, atara gu… Lekittotik!”. Ama be hasi zan, e… ta atara gaittuzen, ta lehenengo Bilbon sartu giñin. Esan dotsut ba: puerto frankora. Hantxe... Ta gero handik ein gaittuzen danok koloka. Batzuk hara eta bestiek horra ta. Gallarta eta horretxetatik zihar, Gallartatik zihar.

Begoña Ansotegi: “Ama”, diñotset neuk, “palazixua erreten dao! Hangokua be bai, ondoko txaleta be bai...”. “Bai, aduania be bai”, diño gure amak. Ta klaro, aduania, arbolak hor dana… ta horrek hirurek, hirurek eguazen sutan, eta horrek suen artetik kamiñutik zihar etozen lez soldauak, suen garragaz… ikusten genduan personak pasaten-pasaten. “Han datoz soldauak! Xxxi”, guri. “Sartu barruan. Egon geldi-geldirik danok, sartun han, barruan”. Kamarotietan.

Jesusa Akarregi: Hartu ebenin Lekitto, gu Frantzixan eon giñian.

Teresa Erkiaga: Ebakuauta be egon giñen urtebete kanpotik, Kataluñatik. Ta gero ostera be Frantzixara jun giñan. Han be barrakoi haundi baten danok han batera lo, lasto gañietan.

Jesusa Akarregi: Etorri giñienian, ez eukagun besterik: frantses txarridxakin ibili gariena, Agirren keridak gariena… dana horixe. “Hemen datoz puta txarrixak”. “Heman datoz zantarrak, ibili-ibili frantsesakin ta”. Eneee, neri zoratu eitten jaten, ene… “Txarrixok”, eta zertzuk esaten gaittuzen ba.

Pedro Juan Akarregi: Etorri giñinin hona, Santoñatik, heldu giñuzen trastiak eta… etorri giñen hona… Gure gauza guztiak, guri dana kendu oskuen. 

Mila Mendia: Hau, etxi hau, beittu, koltxoi bat ez eukan sano! Dana lohittuta, txixa… baina hamendik pasau i zan... bueno, batalloik! Edonor! Italianuak, soldauak… enfin, danak!

Pedro Juan Akarregi: Ixarak eta kristo guztia kendu eskuen.

Mila Mendia: Inkautaziñoiak izaten zirian orduan. Ta 5.000 pezeta kendu otsien multia, beraganduteko.

Faustino Garatea: Dana kendu, eta batzuk ganera kartzelara eruan, apurtxu bat zana holan, e… burun ibiltzen zana abertzale modura ta. Horrek kartzelara. Afusila be bai. Damaso Leturian-ta aitta bat, Damaso Leturian-ta aitta, eta bestia Malaxenekua.

Jose Eiguren: Ta hil ebezien, bi hil ebezien, ganera. Bat Damason aitta, Damaso Leturian aitta, afusila ein eben eta beste bat, hojalatero bat, beste bat.

Amale Leturia: Aitte hil ebenian, nik 8 neukazan, eta beronek 5.

Damaso Letutia: Bost, bost.

Amale Leturia: Berak haxe eukan: berak ez otsan lez iñorri ezer ein, pentsatzen eban iñork ez otsala berari ein bihar. Gero berai toka jakon...

Damaso Leturia: Nik pentsaten dot zala gehixo bertoko inbidixak, ta orduan... badaukouz, Amale, badaukouz, nik be badaukadaz, hamengo jente batzuk zelan, 6 edo 7 lagun zirian, firmaten ebenak ba “la pena de muerte”. Kontrarixuk, firmaten.

Faustino Garatea: Ta pena de muertiakin ta kartzelan ta asko egon zirian! Klaro, asko jun zirian boluntarixo... Españin kontra; bueno, Francon kontra.

Gregori Goitia: Gure aitta, gero etorri zienian, ba kartzelara eruan ebazen.

Teresa Erkiaga: Kartzelan sartu eben gure aitta, eta hiru urte edo egin ebazan kartzelan. Bai, eta gu handik zihar: gure ama lau umegaz handik.

Gregori Goitia: Ba Markiñako kartzelan egon ziran. Markiñako kartzelan eon ziran. Ikusi nebanian… jun giñen bisitaten. Ikusi nebanian aitta eta tio han, burdiñen tartien ziher, daozela, emon notsan negarrari…

Ana Mari Trebiño: Andra asko zien hemen kartzelan, e!

Mila Mendia: Eta gero ulia ebai…

Ana Mari Trebiño: Ulia ebai, eta lazo gorrixa ta horixa ipini hemen, ta azeite de rizino emon ganera!

Mila Mendia: Bai, eta kalerik kale erabili.

Ana Mari Trebiño: Kalerik kale.

Jesusa Akarregi: Geure tia, bai. Tia Klaudiari, amumen aiztiari ein eutsen: potu bete hori emon, azeite rezino, koittadu. Ta gomittoka. Hori gu baiño ariñao zan, gu allega orduko. Tia Klaudita. Neskari ulie ebai, ariñao ein eutsen. (Baiña zer dala-ta ein eutsen?) Eurari gogue emoten eutselako. Kastiguan moduan. Karmen Antzarrari ein eutsen bat. Bestie Rosario Akordari be bai, bi. Akordari bi. E, bestie nor zan? Danak nekixazan… A, Miren Ponponeri be bai.

Gregori Goitia: Lau andra, e, lau andra… bat tripaz handixa ganera, e... Lau andra. Egunero-egunero itten eben… handitxek, Itsasalden euzenian, handitxerik ataraten zabezen eta tanborraz herri guztixeri bueltia emoten… ta ulia ebaitta. Rape. Zure besua baino zurixao, danak, lau andrak. Ta tanboliña atzetik, eurak aurretik. Herri guztian.

Ene, ene, hauxe da gerria... gerria!

- 1936ko uztailean estatu kolpea eman zuten militarrek, Espainiako II. Errepublikaren kontra, eta Gerra Zibila hasi zen. Hiru urte iraun zuen: 1936-1939.

-Estatuan, sozialistak eta ezkerrekoak Errepublikaren alde agertu ziren; eskumakoak eta Eliza militarren alde. Euskal Herrian, ordea, egoera diferentea zen. Jeltzaleak elizkoiak ziren, eta oso tradizionalistak, baina errepublikarren alde jartzea erabaki zuten. Zergatik? Eskuindarrak Euskadiko Autonomia Estatutuaren kontra zeuden. Gerra hasi ostean onartu zen Estatutua, artean II. Errepublika indarrean zegoela. Eusko Jaurlaritza orduantxe sortu zen.

-Herri guztietan, baita Lekeition ere, mutil gazteak gerrara joan ziren. Batzuk miliziano moduan (errepublikarrak eta sozialistak, ez ziren asko), beste batzuk gudari (Eusko Jaurlaritzak sortutako Euzko Gudarostearekin) eta gainerakoak Espainiako armadarekin (karlistak, borondatez, eta beste asko derrigortuta: "Kintak harrapatuta").

-Gerraren hasieran Lekeitio nahiko lasai zegoen, baina, nazionalak urreratu ahala, toki arriskutsua bihurtu zen. Sirenak jotzen zuenean, herritarrak ezkutalekuetara joaten ziren. Bonbak ere bota zituzten hegazkinetatik; hildako bat eta hainbat zauritu izan ziren.

-Lekeitiok errefuxiatu asko hartu zituen. Olderik handiena 1937ko otsailean gertatu zen: Ondarroatik errefuxiatu mordoa iritsi zen, oinez. Izan ere, frankistek hartutako herrietan zibilak kanporatzen hasi ziren, beste aldean borrokan senideak zituztenak. Bi bidetatik bidali zituzten frontearen bestaldera: Maltzagatik eta Ondarroa-Lekeitiotik; gehienak gipuzkoarrak ziren. Lekeitiotik beste toki batzuetara joan ziren asko gero, autobusetan.

-Lekeitioko ebakuazioa 1937ko apirilean izan zen. Frankistak herrira sartzear ziren. Herritar batzuk bertan geratu ziren, baina asko ihesi joan ziren, beldurrez. Itsasoz alde egin zuten gehienek, baporeetan.

-Alde egin zuten askori etxeak eta ondasunak bahitu zizkieten, inkautatu. Familia abertzaleei isunak ere jarri zizkieten.

-Familia abertzaleko hainbat emakumeri ilea moztu zieten, errizino olioa edanarazi eta herrian bueltaka erabili, publikoki lotsarazteko.

-Lekeitiar asko kartzelan egon ziren, gizonak zein emakumeak. Itsasalden izan zituzten emakumeak, herrian bertan. Gutxienez bi pertsona heriotza zigorrera kondenatu, eta fusilatu egin zituzten: Jose Leturia eta Anizeto Malaxetxebarria; abertzaleak ziren. Lekeitioko karlista bat ere hil zuten, Bilboko errioko itsasontzi batean preso zegoela: Bruno Larrazabal.

-Herriko mutil gazteak ere hil ziren, borroka lerroan, alde batean zein bestean. 

-Gerrari eta gerraosteari buruzko bideo gehiago, orokorrak direnak (edozein ikastetxetarako baliagarriak):

 

Gerra: bonbardaketak

Gerra: erbesteko egonaldia

Gerra: ihes egin beharra

Gerra: kartzela eta fusilamenduak

Gerraostea: errotak itxita

Gerraostea: kupoa entregatu beharra

Gerraosteko gosea

Saturrarango kartzela

Gerraostea: Franco Donostian

Gerraostea: emakumea lantegitik etxera

Emakumea frankismoan   

 
-Beste bideo batzuk, gerra garaian herri jakinetan gertatutakoei buruz:

Euskararen egoera Pasaian

Gerra zibila Tolosaldean

Gerraren etorrera Ordizian

Gerrako ume eibartarrak

Eibarko bonbardaketa

Gerra Eibarren 



Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza