Gerra Zibila Tolosaldean

1936ko gerra nola bizi izan zuten kontatu digute Tolosako eta inguruko herritarrek. Gerra zer zen ez zekiten, baina ondo ikasi zuten.

Mailak: DBH, LH, Batxilergoa

Proiektuak: Tolosako Udalak babestuta

Ikasgaiak: Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia, Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen ezaguera, Euskal Herriko Historia

Gaiak: Oroimen historikoa

5 puntu 5 izarreko maximotik
1.212 iritzi guztira

Hainbat lanketa egin daitezke bideo honekin bai LHn (egokiena azkenengo zikloa), DBHn eta Batxilergoan. Bideo hau aproposa da gerrari buruz gehiago jakiteko eta bereziki Tolosan bizi izandakoaz jabetzeko.

Gai honekin lotutako bideo gehiago: ikus “Testuingurua” atala.

-Terminoak argitzen:

  • ‘Naparrak’: karlistak, erreketeak, tradizionalistak. Francoren tropekin bat egin zuten, Estatu kolpea eman zuten militarrekin, nazionalekin. ‘Zuriak’ ere esaten zitzaien, nahiz eta txapel gorriak erabili.
  • ‘Gorriak’. Errepublikaren aldekoak, ezkerrekoak (errepublikarrak, sozialistak, komunistak, anarkistak…). EAJkoak, nazionalistak, ez ziren ezkerrekoak eta Elizaren alde zeuden, baina Errepublikaren alde agertu ziren gerran, eta haiei ere ‘gorriak’ esaten zitzaien horregatik.

-II. Errepublika. Gerra hasi zenean, II. Errepublika zegoen indarrean, 1931. urtetik. EAJk indarra hartu zuen garai hartan Tolosaldean. Izan ere, Primo de Riveraren diktaduraren ostean, abertzaleak libre sentitzen hasi ziren. Euskal kulturaren eta euskararen susperraldia hasi zen (lehenengo Aberri Eguna, esate baterako). EAJ alderdi tradizionalista eta elizkoia izan arren, eta Errepublika ezkerrekoa, jeltzaleei haize berriak ondo etorri zitzaizkien: autonomia gehiago lortzeko bidea ikusten zuten, Kataluniako Autonomia Estatutuaren (1932) ostean. Karlistak, ordea, ez zeuden konforme Errepublikarekin, erregerik gabeko estatu laikoarekin. 1937an militarrek Estatu kolpea jo zutenean, Mola generalak antolatu zuen gerra, Nafarroatik, eta karlisten laguntza izan zuen (8.400 errekete, boluntario). Gipuzkoan ere indar handia zuen karlismoak, eta gazte asko sartu zen errekete, Espainiako militarren altxamenduarekin bat egiteko.

-1934ko iraultza. II. Errepublikan, 1931tik 1934ra ezkerra egon zen agintean, baina Espainiako Gobernurako 1933ko hauteskundeetan eskubiak gora egin zuen, eta ezkerrak hartutako neurri aurrerakoiak atzera botatzen hasi zen. 1934ko Iraultza gertatu zen orduan, sindikatuek deituta: langileek grebak egin zituzten. Tolosan, urriaren 5ean, bertako lantegi eta tailerretako langileak hiriaz jabetu ziren. Barrikadak jarri zituzten sarreretan, eta tren geltokia hartu zuten. Fidel Azurza alkate tradizionalistak Estatu indarrei parte eman zien, eta urriaren 6an militarrak iritsi ziren Tolosara. Besteak beste, Julian Rouge sindikalista gaztea tiroz hil zuten. Urriaren 12rarte iraun zuten liskarrek. Hainbat langile eraman zituzten kartzelara eta batzuk lanetik ere bota zituzten. Okupazio militarrak hilabete eta erdi iraun zuen. 1934ko iraultzarekin lotuta, ikus bideo hau. Tolosakoari buruzko informazio gehiago, Atarian.

-Espainiako 1936ko hauteskunde orokorretan ezkerra gailendu zen berriz. 1934ko iraultzagatik kartzelatuei amnistia eman zieten, orduan. Eskubia sutan zegoen, eta militarrek Estatu kolpea jo zuten (Elizaren babesarekin), boterea berreskuratu eta ‘gorriak’ desagertarazteko. Europako giroa ere aldeko zuten: eskuin muturrekoak indar handia hartzen ari ziren (Hitler, Mussolini…). Esan beharra dago Gipuzkoan ere eskubia gailendu zela hauteskundeetan; herri gehienetan, ezkerreko pentsamoldea ez zegoen oso zabalduta. Tolosaldean, alkatetza denak tradizionalisten (karlistak) eta nazionalisten esku zeuden.

-Gerra hasi zenean, 1936ko uztailaren 18an, ezkerrekoak antolatzen hasi ziren, altxatutako militarrei aurre egiteko. Errepublikanoek miliziak osatu zituzten, eta gazte ezkertiarrek bertan eman zuten izena. Errepublikarrak, sozialistak eta anarkistak ziren batez ere. Jeltzaleek ez zekiten zer egin, zeinen alde borrokatu. Ez ziren ezkertiarrak eta oso elizkoiak ziren: Jaungoikoa eta Lege Zaharra. Batzuek karlistekin bat egin nahi zuten, ‘gorrien’ kontra egiteko. Abuzturarte ez zuten erabaki Errepublikaren alde agertzea. Euskadiren Autonomia Estatutua zegoen jokoan. Gerra hasita zegoela onartu zen Estatutua. Euzko Gudarostea sortu zuen orduan Eusko Jaurlaritza sortuberriak, gudariekin, eta milizianoekin bat egin zuten.

-Tolosaldean soldadu ibilitako gazte gehienek Francoren aldeko tropekin egin zuten borroka, Errepublikaren kontra altxatu zirenekin. Karlista batzuek boluntario joan ziren, errekete, baina gehienak derrigortuta joan ziren gerrara: kintak harrapatu zituen. Entzun Belauntzako gizon honen testigantza: http://www.ahotsak.eus/belauntza/pasarteak/bel-001-019/

-Tolosan baziren miliziano joan ziren gazte ezkertiarrak ere. Tolosan Errepublikarren zentroa eta Casa del Pueblo zeuden, eta hainbat sindikatu; langile mugimenduak bazuen indarra, 1934ko iraultzan argi geratu zen bezala. 1936ko maiatzean Santiago Carrillo politikari komunistak hitzaldia eman zuen Tolosako zezen plazan, eta bete egin zen. Ikus argazkia.

-Tolosaldeko jeltzale batzuk, berriz, gudari ibili ziren. Ez ziren beste toki batzuetan bezainbeste, Tolosa azkar hartu baitzuten, abuztuaren 11rako, eta Eusko Gudarostea abuztuaren 5ean jarri baitzen abian. ‘Aurrera joandako’ gazte nazionalista batzuk gudari sartu ziren.

-Francoren aldeko tropak: 1936ko uztailaren 19an, altxamendua izan berritan, Iruñetik zutabe bat atera zen Gipuzkoa alderantz, Erriberri, Uxue, San Martin Unx eta Beireko 94 erreketerekin. Arratsaldean bertan Leitzan ziren, muga sendotzeko eta ondoren Gipuzkoa erasotzeko. Leitzan, inguruko errekete batzuk elkartu zitzaizkien. Hurrengo egunean, Tolosatik Pantaleon Zabala kapitaina, 32 erreketerekin. Eta hurrengoan Donostiatik beste 18 lagun. Gipuzkoarren artean Tolosa Konpainia osatu zuten. Uztailaren 24an Berastegin sartu ziren, eta Iruñetik errekete gehiago elkartu zitzaizkien, 300 izatera iritsiz guztira. Egun batzuk geroago Betelutik zetorren Becerra zutabea erantsi zitzaien, errekete, falangista, soldadu eta guardia zibilez osatua. Leaburun eta Altzon aritu ziren borrokan. Belabieta eta Izaskungo ermita okupatu zituzten, Cayuela koronelaren zutabearekin batera, abuztuaren 9an. Abuztuaren 11n bi zutabeak Tolosan sartu ziren. Informazio gehiago, Atarian.

-Checa komandantearen heriotza. Nazionalak Tolosara gerturatzen ari zirela, Errepublikaren aldeko indarrek Checa komandantea tiroz hil zuten. Dionisio Amundarainek horri buruzko azalpenak ematen ditu: http://www.ahotsak.eus/ibarra/pasarteak/iba-002-010/

-Gerra hasi zenean, II. Errepublika zegoenez indarrean, Gipuzkoako herri askotan bertako karlisten kontra jo zuten. Altxamenduarekin bat egin zuten, eta arriskutsuak iruditzen zitzaizkien. Karlistak kartzelara eramaten hasi ziren, beraz. Karlista batzuek ihesi joan ziren, beste batzuk ezkutatu... Eta hilketak ere egon ziren zenbait lekutan, fusilamenduak. Tolosa izan zen leku horietako bat: 12 karlista hil zituzten ezkertiarrek. Joxe Mari Gorrotxategi tolosarrak kontatzen du gertatu zena, pasarte honetan: http://www.ahotsak.eus/tolosa/pasarteak/tol-035-027/ Errepresioa, beraz, bi aldetakoa izan zen.

-Errepublikarren eta nazionalisten kontrako errepresioa bortitzagoa izan zen. Nazionalak sartu zirenean, kartzelatuak eta hildakoak askoz gehiago izan ziren. EAJ ez zen fusilatzeen aldekoa, baina nazionalista asko fusilatu egin zituzten, Errepublikaren alde agertzeagatik. Aranzadi elkarteko Juantxo Agirre Mauleonen arabera, 89 tolosar fusilatu zituzten, horietatik 32 San Blaseko kanposantuan (eta baita tolosarrak ez ziren 19 pertsona ere). Honekin batera, Gernikako eta Durangoko bonbardaketetan zein Tolosan izandako leherketa baten ondorioz beste 4 tolosar hil ziren, eta beste 3 pertsona kontzentrazio-esparruetan. Informazio gehiago, Atarian.

-Espainiako Gerra 1939ko apirilean amaitu zen. Hego Euskal Herrian lehenago: 1937ko uztailerako euskal probintziak nazionalen esku zeuden. Hemengo gazteak gerrara bidaltzen jarraitu zuten bitarte horretan.


-Tolosaldeko lan batzuk, gerrarekin lotutakoak:

  • Tolosaldea:

1936ko Gerrako oroitzapenak: Tolosaldean eta Leitzaldean

Frankismoa eta trantsizioa, Tolosaldean eta Leitzaldean

  • Tolosa:

Memoriaren izenak: errepresioa eta giza eskubideen urraketa Tolosan, Gerra Zibilean eta Lehen Frankismo garaian (1936-1945)

  • Amasa-Villabona:

Frankismoaren aztarnak arakatzen I

Frankismoaren aztarnak arakatzen II: egiaren minak



-Gerraren inguruko bideo gehiago, orokorrak direnak (edozein ikastetxetarako baliagarriak):

 

Gerra: bonbardaketak

Gerra: erbesteko egonaldia

Gerra: ihes egin beharra

Gerra: kartzela eta fusilamenduak

Gerraostea: errotak itxita

Gerraostea: kupoa entregatu beharra

Gerraosteko gosea

Saturrarango kartzela

Gerraostea: Franco Donostian

Gerraostea: emakumea lantegitik etxera

Emakumea frankismoan   

 
-Beste bideo batzuk, gerra garaian herri jakinetan gertatutakoei buruz:

Euskararen egoera Pasaian

Gerraren etorrera Ordizian

Gerrako ume eibartarrak

Eibarko bonbardaketa

Gerra Eibarren

Gerra zibila Lekeition 

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza