Gerrako ume eibartarrak

"Harek umiak" izeneko dokumental labur hau 1936ko gerran erbestera bidali zituzten ume eibartarren testigantzek osatzen dute. Beraien esperientzia kontatzen dute.

Mailak: DBH, LH, Batxilergoa

Proiektuak: Eibarko Udalak babestuta

Ikasgaiak: Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia, Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen ezaguera, Euskal Herriko Historia

Gaiak: Oroimen historikoa

5 puntu 5 izarreko maximotik
3 iritzi guztira

 Hainbat lanketa egin daitezke bideo honekin bai LHn (egokiena azkenengo zikloa), DBHn eta Batxilergoan. Bideo hau aproposa da 1936ko gerrari buruz gehiago jakiteko eta bereziki Eibarko ehunka umeri gertatutako ezgautzeko balio du. Gaur egun gerran dauden tokietan umeen egoera zein izan daitekeen pentsarazteko ere bai.  

Euskarari buruz hausnarketa egiteko ere erabilgarria da. Izan ere, bideoko lekuko gehienek gaztelaniaz hitz egiten dute. Horietako gehienek gerraren gorabeherengatik galdu zuten euskara. Izan ere, euren adineko eibartar ia denek dakite euskaraz. Gerrako umeek Eibar euskaldun bat utzi zuten, eta Eibar erdaldunera bueltatu ziren. Hona hemen euskararen zapalkuntzari buruzko bideo bat, euskararen egoeraren berri izateko baliatu daitekeena: 

Gerrari buruzko bideo gehiago: ikus “Testuingurua” atala.



-Milaka izan ziren gerratik ihesi joan zirenak, ume zein nagusi. Batzuek mugatik igaro ziren, beste batzuk mendiz mendi... gehienak itsasontziz.
-Eibarko 211 ume bidali zituzten erbestera gerra garaian.
-Orotara 30.000 ume baino gehiago bidali zituzten Euskal Herritik kanpora, erbestera. 
-Ebakuatutako "gerrako ume" gehienak Frantziara (11.000), Belgikara (5.000), Erresuma Batura (4.000) eta Errusiara (3.000) joan ziren. Beste herrialde batzuek ere jaso zituzten haurrak: Suitzak, Herbehereek, Danimarkak eta Mexikok. Suediak eta Norvegiak koloniak izan zituzten Frantzian.
-1936ko irailetik aurrera hasi ziren haur taldetxoak Frantziara eta Belgikara eramaten. Alabaina, lehen expedizio ofizialak 1937ko martxoan egin zituzten: Frantziara eta Errusiara. Ebakuazio masiboak, baina, Gernikako bonbardaketaren ostean etorri ziren. Ordura arte Europako herrialde batzuek ez zuten esku hartu nahi (Erresuma Batuak, esaterako). 1937ko apirilean, sarraskiaren oihartzuna nazioartera zabaldu zen. Orduan, herrialde batzuk jarrera aldatzen hasi ziren; izan ere, herritarrak gobernuak presionatzen hasi ziren, giza laguntza eman zezaten. Hala, Eusko Jaurlaritzak zibilen ebakuazioa negoziatu ahal izan zuen Europako hainbat herrialderekin. 
-SS Habana itsasontzia ebakuazioen ikurretako bat da. 1937ko maiatzaren 21ean irten zen Santurtziko portutik, Southamptonera joateko (Erresuma Batua). 3861 ume eta 200 heldu (andereñoak, erizainak, apaizak...) zeramatzan. Expedizio ikusgarria izan zen. 
-Gerra bukatu zenean, herrialde gehienek umeak jaioterrira bueltatzea ahalbidetu zuten. Mexikok eta Errusiak ez, ordea: ez zuten harreman diplomatikorik Francoren gobernuarekin. Gainera, II. Mundu Gerrak harrapatu zituen han. Urte askoan ez zuten bueltatzerik izan (lehenengoak 1957an hasi ziren bueltatzen, Errusiatik, hogei urte eta gero). 
-Inork erreklamatu ez zituen umeak (umezurtzak tarteko) ere geratu egin ziren. Belgikan, adibidez, 1.300 ume adoptatu zituzten.
-Buelta oso gogorra izan zen ume askorentzat. Familiarekin elkartu ziren, baina gerraosteko miseria izugarria zen. Atzerrian, berriz, gehienei ez zitzaien jatekorik falta. Ume batzuek, gainera, familia aberatsetan bizitzen egon ziren. 
-Ume askok euskara galdu zuten erbesteko egonaldiaren ondorioz, eta batzuek ez zuten inoiz berreskuratu. Izan ere, gerraosteko giroa oso erdalduna zen: euskarak ez zuen aldeko haizerik. Justu kontrakoa.  

-Gerra garaian Eibarren gertatu zenarekin lotutako bideo hauek ihes egitearen arrazoiak hobeto ulertzen lagun dezakete:

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza