Gerraostea: emakumeak lantegitik etxera

Francoren diktadura garaian, emakumeak lantegietatik etxera bidaltzeko lege bat jarri zuten (1942-1961). Ezkontzean, lana uztera derrigortzen zituzten.

Mailak: DBH, LH, Batxilergoa

Ikasgaiak: Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia, Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen ezaguera, Euskal Herriko historia

Gaiak: Genero berdintasuna, Oroimen historikoa

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira
Bideo hau memoria historikoa ez ezik, genero ikuspegia lantzeko ere baliagarria da. Emakumeak lan munduan jasandako berdintasun falta ezagututa, horri buruz hausnarketa egin, eta gaur egun lanean emakume eta gizonezkoen egoera nolakoa den azter daiteke. Zenbat aurreratu den, zer dagoen egiteko...

Hainbat lanketa egin daitezke bideo honekin bai LHn (egokiena azkenengo zikloa), DBHn eta Batxilergoan. Hona hemen galdera posible batzuk:

Zer sentitu duzue bideoa ikusita? Eman iritzia

Gaur egun zein da egoera lan munduan emakume eta gizonei dagokienez? Aldaketarik egon da? Aldaketarik egin beharko litzateke?

Gai honekin lotutako bideo gehiago: ikus “Testuingurua” atala.

-Espainiako II. errepublika garaian, emakumeen eskubideen aldeko hainbat lege aldaketa egin zituzten, besteak beste boto eskubidearen aldekoa. 
-Gerraostean, Franco diktadorearen agindupean, lege aurrerakoiak bertan behera utzi zituzten.
-Emakumearen irudi tradizionala berreskuratu zuten: etxekoandre eta ama ona, elizkoia eta lagunkoia, senarrari men egingo ziona. 'Umeak-etxea-eliza' trilogia naziarekin egin zuten bat. Hainbat neurri hartu zituzten norabide horretan.
  • Boto eskubidea bertan behera utzi zuten.
  • Ezkontzean lana uztera derrigortu zuten emakumea. Eta emakume ezkonduak ez zituzten lanean hartzen, senarraren baimenarekin ez bazen.
  • Emakumeak senarraren baimena (sinadura) behar zuen banketxetik dirua ateratzeko, ondasunak erosi edo saltzeko... ezin zuen bere kontu korronte propioa izan, eta ez zuen independentzia ekonomikorik.
  • Neska gazteek Zerbitzu Soziala egin behar zuten, Sección Femeninan: josten, jakiak prestatzen eta egoki portatzen irakasten zieten, Falangearen oinarriez gainera. Zerbitzu Soziala egiten ez zuenak ezin zuen pasaportea atera, eta ezta hainbat ikasketa egin ere. 
  • Emakumeek debekatuta zuten hainbat ogibidetan jardutea: epaile, fiskal, magistratu, polizia, militar...
  • Neskak 23 urte arte gurasoen tutoretzapean zeuden. Ezkontzea izaten zen etxetik irteteko modua.
  • Dibortzioa eta ezkontza zibila bertan behera utzi zituzten. 
  • Politika natalista jarri zuten abian: familia ugariak izatea diruz saritzen zuen Gobernuak.
  • Abortuaren eta antisorgailuen kontrako neurri aktiboak hartu zituzten. Aldeko propaganda egitea ere zigortuta zegoen legez. 

Utzi zure ekarpena