Gerraren etorrera Ordizian

1936ko gerra etorri zenean, ordiziar asko ihesi joan ziren, beldurtuta. Batzuek senitartekoen etxera joan ziren, baserrietara; beste batzuek Bizkaia aldera edo Frantzia aldera.

Mailak: DBH, LH, Batxilergoa

Proiektua: Ordiziako Udalarentzat egindako lana

Ikasgaiak: Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia, Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen ezaguera, Euskal Herriko historia

Gaiak: Oroimen historikoa

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

Hainbat lanketa egin daitezke bideo honekin bai LHn (egokiena azkenengo zikloa), DBHn eta Batxilergoan. Bideo hau aproposa da gerrari buruz gehiago jakiteko eta bereziki Ordizian bizi izan zutenaz jabetzeko.

Gai honekin lotutako bideo gehiago: ikus “Testuingurua” atala.


-Bideoa ikusi aurretik, ikasleei galdetu 1936ko gerrari buruz zer dakiten. Familian kontatu al diete gerrako konturik? Konta ditzatela. 

-Gerra noiz hasi eta noiz bukatu zen galdetu. Ea denen artean asmatzen duten. Gerra Zibilaren zergatiaz ere galdetu, nolatan hasi zen gerra. 

-Bideoa ikusi.

-Ezagutzen duzue bideoan agertzen den inor? Testigantzak entzunda, badago harrigarria egiten zaizuen zerbait? Tiroketak nondik nora izan zitezkeen imajinatu dezakezue? Pentsatu izan duzue sekula oraindik bonbak egon daitezkeela gure basoetan lurperatuta?

-Bideo honetan gerraren hasiera kontatzen da, nola egin zuten ihes Ordiziatik. Zer gertatu zen gero? Zer iruditzen zaizue? Laster itzuliko ziren? Batzuek erbestera bidali zituzten... Badute “gerrako umeen” berririk? Ordiziarrik ere izango zen tartean. Nahi izanez gero, ikusi gerrako umeei buruzko bideoa (5 min): http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/gerra-erbesteko-egonaldia

-Etxekoei galdetu, ea familiakoren bat kanpoan ibili ote zen gerra garaian. Hurrengoan, etxean entzundakoak kontatu ikaskideei.

-Felipe Korta (Ordizia, 1928). Ordun zortzi urte iteko. Ta ia zortzi urtekin detailliek’e asko akordatzen die. Ta gogoratzen naiz, klaro, zan uztaille, nola jarri zien: gerra hemendik eta, ba emen zetozek eta etxien, ta kriston mogimentuk zaharrak eta gaztik eta...

-Pedro Urretagoiena (Ordizia, 1924). Behin jun naiz ogittara, eta aireplanok etorri zien, aireplanik, eta bonbak botatzen hasi zien. Ene Maria eta Jose! Ene, zer zan hura! Portal baten sartu ta han egon nitzen, bai. Ogia hartu eta han eon nitzen portal baten, aireplanok alde egin arte. (Bildurrez, ezta?) Bildurrez, bai.

-Felipe Korta (Ordizia, 1928). Eta goizian jaiki gea ta joe, kaiñoi bat hamen, hamen Guardi Zibillek dauden pare hortan hor, Agerre basarri bat bazan hor; hor kaiñoi bat; beste bat han, kanposantu ondun.

-Patxi Gabilondo (Ordizia, 1927). Han gure gainen zeren gudarik, tiroka, gora, eta goitik honea tiroka, botatzen zien.

-Felipe Korta (Ordizia, 1928). Ta baserrie erdi samarrien zeon. “Leku txarrian gatxaudek hamen”. Batetik bata, eta bestia beste... Erdibiden harrapatzen zien.

-Patxi Maiza (Ordizia, 1933). Nik hiru urte neuzken, honea sartu zianen morok, ta ni akordatzen naiz: gure etxe hori akribillau in zuen tiroz.

-Antonia Etxaniz (Ordizia, 1931). Nola jun giñen, hori dauket gogon, amakin eskutik hartu ta plazatik, eta plazea zegon, militarrak izengo zien, nik, ordun ezta ulertzen´e… hainbeste jende autobusa hartzea, basarrira juteko. Basarrira jun giñen eta han.

-Felipe Korta (Ordizia, 1928). Bueno, hartu dana ta Zaldibira jun giñen. 

-Patxi Gabilondo (Ordizia, 1927). Danak zeren, este, ilaran jarrita, gu sartu eta eramateko Frantzi aldera o... eta orduan ze in zan? gure amona, amona gendun, eta eroi in zan, eta eroi zanen, esan zon aittek: ‘Nahi dona gertatu deilla, ni ez noa!’

-Patxi Maiza (Ordizia, 1933). Ordun guk alde in behar izan gendun. Ni txiki nintzena, ni beson, hiru urte neuzken, ta nere arrebak’e lau urte; ez, sei, (nik hiru, bost urte zaharrenak, bi urte zaharragoa da). Ta akordatzen naiz nola jetsi giñen goitik behera, ni... uste det amak eskutik, eta nere arreba aittek.

-Patxi Gabilondo (Ordizia, 1927). Hoixen, jende asko jun zan! Rusia aldera ta jende asko jun zan hemendik!

-Felipe Korta (Ordizia, 1928). Ta bueno, gerraten ordun izen zan ba… markatu giñuzen, e, erabat. Nik uste det gure haurtzaroa garai hartan erabat markatuta izan zala gerrakin. Zeatik danak… jolas guztik eta kontu guztik eta giro guztie zan gerran ingurun, gerra ingurun. 

-Patxi Maiza (Ordizia, 1933). Gero hor ikusten giñuzen bonbak eta, errekan, eta lurren eta hor mendin eta ingurutan, bai. Holako bonbak, asko, espoletak eta… Jolasten ibiltzen giñen gu batzutan.

-1936ko uztailean hasi zen Espainiako Gerra Zibila, estatu kolpe batekin. II. Errepublikaren kontra altxatu ziren militarrak, Franco buru zutela. Militarrak eta Eliza ez zeuden konforme Espainiako Gobernuarekin, ezkerrekoa eta antiklerikala zelako. II. Errepublika 1931. urtean hasi zen; aurretik beste diktadura bat egon zen, Primo de Riverarena.

-Karlistak eta eskubikoak altxamenduaren alde agertu ziren. Ezkerrekoak eta nazionalistak, ordez, Errepublikaren alde. Nafarroan eta Araban ez zen erresistentziarik egon. Gipuzkoan batez ere Elgeta inguruko mendietan izan ziren borrokak. Bizkaia izan zen gehien iraun zuena. Gerra 1937ko ekainean bukatu zen Euskal Herrian (estatuan, berriz, 1939ko apirilean), Bizkaia konkistatu zutenean.

-Gerrak ondorio latz asko ekarri zituen herri guztietara: jende asko joan zen etxetik ihesi, gazte asko hil ziren borroketan, eta errepresio bide asko jarri zituzten abian. Milaka izan ziren kartzelatuak eta fusilatuak. Gerra ondoren, berriz, gosea eta murrizketak izan ziren nagusi.

-Kolpea jo zutenek irabazi zuten gerra. Horrenbestez, Francoren diktadura etorri zen gerra ondorenean (1939-1975). Ikus Ordizian gerra ondoren euskararen egoera nolakoa zen azaltzen duen bideoa.

-Hainbat ordiziar fusilatu zituzten gerra garaian. Herriko lau gazte Etxarri-Aranatzen hil zituzten, beste bat Burgosko Haza herrian… Pasarte honetan Juli Expositok bere anaia nola hil zuten kontatzen du: http://www.ahotsak.eus/ordizia/pasarteak/ord-043-004/

-Ordiziko neska gazte batzuei ilea moztu zieten, kaskamotz, familia abertzalekoak zirelako. Lotsarazteko modu bat zen, hainbat herritan erabili zutena.

-Ordiziako Memoria Historikoa Berreskuratzeko taldea ari da gerratean Ordizian gertatu zena jasotzen. 

-Gerraren inguruko bideo gehiago, orokorrak direnak (edozein ikastetxetarako baliagarriak):

 

Gerra: bonbardaketak

Gerra: erbesteko egonaldia

Gerra: ihes egin beharra

Gerra: kartzela eta fusilamenduak

Gerrako ume eibartarrak

Gerraostea: errotak itxita

Gerraostea: kupoa entregatu beharra

Gerraosteko gosea

Saturrarango kartzela

Gerraostea: Franco Donostian

Gerraostea: euskararen zapalkuntza

Euskara galarazita eskolan

Euskara debekatuta kalean

Gerraostea: emakumea lantegitik etxera

Emakumea frankismoan   

 
-Beste bideo batzuk, gerra garaian herri jakinetan gertatutakoei buruz:

Euskararen egoera Pasaian

Gerra zibila Tolosaldean

Gerra zibila Lekeition

Gerrako ume eibartarrak

Eibarko bonbardaketa

Gerra Eibarren 

 

Utzi zure ekarpena