Gerraren ondorioak

Gerrek ez dute ondorio onik izaten. Bideo honetan gerraren ondorioetako batzuk ezagutaraziko dira, lehen pertsonan. Gatazka eta zapalkuntza egoerak ezagutzeko eta hausnartzeko bidea emango du, eta baita historia hurbila ezagutzekoa ere. Gaur egun gerran dauden herrialdeekiko enpatia eta interesa sortzeko abiapuntua izan daiteke, eta gerraren kontrako jarrera aktiboa bultzatzeko modua ere bai. Gainera, emakumeen ikuspegia ematen du bideoak, eta genero ikuspegia lantzeko ere balio du.

Mailak: DBH

Proiektuak: Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Herritartasunerako Hezkuntza

Gaiak: Genero berdintasuna, Oroimen historikoa

1 puntu 5 izarreko maximotik
Iritzi 1 guztira
"Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan" proiekturako prestatutako bideoa. Materiala nola erabili jakiteko, ikus gida didaktikoa.

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

-Gerren ondorioak ezagutzeko interesa

-Gerrek dakartzaten gatazka eta errepresio egoerekiko jarrera kritikoa

-Bizikidetzarako jarrera erakustea

-Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea

-Gatazkak elkarrizketaren bidez eta modu baketsuan konpontzeko joera

-Aniztasuna aintzat hartzeko eta era positiboan baloratzeko gogoa

 

Bideoa ikusi aurretik

1-Gaiaren aurkezpena egingo du irakasleak. Lehenaldira begira jarriko gara, orainaldia hobeto ulertzeko. Gerraren ondorioak aztertuko ditugu. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu. 

-Hemen gerrarik egon da? Noiz? Zer gertatu zen?

-Zer gehiago dakizue horri buruz?

2-Talde txikitan jarrita, ikasleek gerraren ondorioak zerrendatu beharko dituzte, eta ondoren arbelean idatzi.

-Zer uste duzue eragin zuela gerrak?

 

Bideoa ikusi bitartean

1-Aurre-ezagutzak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2-Arreta deitu dieten pasarteak gogoan hartu.

3-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak idatzi. (Adib: “ Cervera kanoi-ontzia”, “frontea”, “errosarioa”…)

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari etekin guztia ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

1-Ulermena ziurtatu. Zalantzak argitu.

2-Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, talde(t)an:

-Ezaguna egin zaizue bideoan aipatu duten zerbait? Entzun al duzue halakorik aurretik?

-Nola sentitu zarete bideoa ikustean? Eragin al dizue sentipenen bat?

- Zer izan da zuentzat deigarriena? Zein ideia azpimarratuko zenukete bideotik? 

-Konturatu zarete testigantza denak emakumeenak direla? Zuen ustez, gizonek kontatuko balute, berdina kontatuko zuten ala fronteko kontuak gehiago? Zein izan da emakumearen rola gerran?

4- Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke. Adibide batzuk (ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere):

  • Mundu zabalean”. Jar gaitezen mundu zabalera begira: momentu honetan munduan zer tokitan daude gerran? Horri buruz hitz egin. Talde txikiak osatuta, talde bakoitzak gerran dagoen herrialde bat aukeratuko du, eta horri buruzko informazioa bilatu (non, noiztik, zergatik, ondorioak). Gelakideei azalduko diete gero (bikote bakoitzak aurkezpena nola egin erabakiko du: programaren bat erabili daiteke, kartoi meheak, argazkiak…). Aurkezpenak egin ahala, gerra-guneak munduko mapa batean kokatzen joan daitezke.
  • Testigantza bila”. Ahotsak.eus webgunean arakatu eta gerra-garaian zure herrian gertatu zenarekin lotutako testigantza gehiago bilatu. Zer kontatzen dute? Laburpentxo bat egin eta ahoz kontatu gelan.
  •  “Eman iritzia”. Ikasleak binaka jarri. Fitxa honetako ‘Testuingurua’ atalean datozen bideoak bikoteen artean banatuko ditugu. Bikote bakoitzak bideo bat ikusi beharko du, eta horri buruzko lantxo bat egin, galdera hauei erantzunez: 
          -Zeri buruzkoa da? Zer kontatzen du? 
          -Gustatu zaizue ala ez? Zergatik?
          -Zer da bideoko esanguratsuena zuen ustez?
Bideo guztiak gelan ikusiko dira eta, ikusi aurretik (edo ondoren), bikote bakoitzak bere bideoa     aurkeztuko du. Ondoren, ikasleen artean adierazpen askeko unea utziko da.
  •  “Zu zeu elkarrizketatzaile”. Etxeko edo inguruko adinekoak elkarrizketatu, eta haiek bizi izan dutena jaso. 1936ko gerraren inguruan galdetuko zaie. Galderak gelan prestatuko dituzte ikasleek, denek elkarrekin, eta gero binaka egin lana. Elkarrizketak laburrak izango dira eta bideoan grabatuko dira (bideokamera edo sakelakoa), gero gelakideei erakusteko. Bideoa erakutsi aurretik, pertsona horri buruzko aurkezpen txiki bat egingo dute (nor den, biografia laburra…).
  • Historiari egiten”. Herrian zer gertatu zen gerra garaian? Ba al dakigu zerbait? Noiz etorri ziren tropak? Zenbat hildako egon ziren? Ikerketa bat egin, binaka. Behin herriko datuak bilatu ondoren, horiek gelakideei azaldu. Aukera bat: bildutako informazio guztiarekin (“Historia egiten” eta “Zu zeu elkarrizketatzaile” ataletakoa batu daiteke), hurrengo pausoa irratsaio bat egitea izan daiteke. Ikasleek lanak banatu, eta guztien artean gerrari buruzko irrati-gidoi bat prestatuko dute (narratzaileek zer esango duten, zer testigantza sartu une bakoitzean, zer musika eta soinu… Ikus  irratsaio adibide bat: Leitzako ikasleek egindakoa). Ondoren, emaitza herriko irrati batera bidal daiteke. Bide batez ikus-entzunezkoa ere presta dezakegu, argazkiak gehituta, eta ikastetxean zein herrian zabaldu.

 

5- Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek, gelakideei beraien jardueren emaitzak ezagutarazteko. Aurkezpenak laburrak izango dira eta grabatu egingo dira, bideokamerarekin. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak).

 

  • Ebaluazio-irizpideak:

 

Ebaluaketa grabazioak ikusi ondoren egin daiteke.

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek beraiek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak  interesa piztu dion.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikaziorako gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera izan uen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.
 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:

- Ea adinekoen testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.

- Ea lehenaldia eta orainaldia lotzeko eta bere ikuspegia aberasteko gogoa eta gaitasuna izan dituen.

- Ea enpatiarik erakutsi duen bideoko emakumeekin.

-Ea gerrako ondorioak ezagutzeko interesa azaltzen duen.

- Ea gerrek dakartzaten gatazka eta errespresio egoerekiko jarrera kritikoa adierazten duen.

-Ea bizikidetzarako jarrera erakusten duen.

- Ea garbi gaitzesten dituen emakumezkoek pairatu dituzten eta pairatzen dituzten egoerak.

- Ea azaltzen duen elementu kulturalen (estereotipoak, rolak, etab.) eta emakumezkoen bereizkeriaren arteko erlazioa.

- Ea ikerketan informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duen, iturriak bilatzeko orduan.

- Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.

- Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.

-Ea bere iritzia eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.

-Ea ahozko ekoizpenean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den.

Ramoni Goikoetxea (Donostia, 1920-2011): Gerra hasi zanian, pues… tristura galanta.

Paxkuala Kortadi (Hernani, 1923): Etxian, etxe aurrian exerita neola lehertu zan bonba bat onduan.

Maria Piedad Lopez (Berrobi, 1926): “Txistue pasatzen dana hemen”. Guk ez genekiun zer zan. Ta anaiak esan zian: “Alde in zazue hortiken, hoik balak dittun ta, e!”

Rufina Irazu (Asteasu, 1923-2014): Ze zaparrada tirua! Tirua, puf! Kriston pilla!

Kontxa Intxausti (Ormaiztegi, 1919-2015): Tiroka ta zean ta: “Goazen hemendio!”. Esanez bezela hamabost egun iraungo zola gerrek, eo hola esaten zan. Hamabost egun, bai!

Delia Huici (Andoain, 1928): Bilbo´re hartu omen duela, ta ez dakit zer hartu duela ta, bakit zer hartu duela... Gero jun ta jun ta jun ta... Hori da, gero bukatu arte, gerra bukatu arte ez giñan etorri.  

Sabina Arruabarrena (Astigarraga, 1928): Han itten gendun lo, lurrian. Ta aittona ta amona, haik ohia; ta beste senar-emaztiak, nere koñatan ahizpa ta bere gizonakin, beste, beste ohiyian. Gañeako guztik, denok lurrian. Ala, akanpada!

Kontxa Intxausti (Ormaiztegi, 1919-2015): Eta barkun sartu, ta bagiñotzen ta hola ta, tatatata… ta halakon baten, han goiko eskalerilla txiki hartatiken: “Señores viajeros, Cervera a la vista”. Cervera zan Francon gerrako barku bat. Ai ama, andra guztik, ume txikik eta hartuta: “Aiiii!”.  Eta danak negarrez, ta danak nearrez, ta… zer zan hura! “Nos echará un cañonazo!”. Bueno, pasatu gendun oso gaizki.

Benita Gallastegi (Soraluze, 1923-2011): Eon giñan hillebete ta erdi ezebe jateke, Valenzian. Haura bai zala, han geratu giñan... buff! Zelako gosia. Juten giñan mendira… “Jo, aquí no hay nada”. Limoi bat billau giñuan, ta partidu danondako ta… Behintzat zeoze, algo.

Gumer Irastortza (Irun, 1931): Eta jarri zittuzten anai batzuek bestien kontra gerran.

Ramoni Goikoetxea (Donostia, 1920-2011): Zazpi senide izango giñan etxian, eta soldadu tokatu zitzaiyoten bi anaiyei. Soldadu jun zian.

Gumer Irastortza (Irun, 1931): Anai batzuek bestien kontra. Zeatik lehenbixiko eaman zittuzten batzuek ta gero, bestiak sartu zienien, bestiak hartu zittuzten.

Ramoni Goikoetxea (Donostia, 1920-2011): Ta bat hil zitzaigun han, gerran. Hogeita hiru urtekin, mutil bikain askua.

Gumer Irastortza (Irun, 1931): Mutil gaztiak eta zien tokiyan, gerrara joan ta joan itten zien, baina etorri ez. Zergatikan gure etxe onduan zen baserri bat: ezkonberriya zen, ta  ume bat. Gizona eaman zuten frentera, eta ez zen etorri. Ez zioten abixtu ez hil zen o ze pasatu zen: desaparecido. Zenbat… pues hola. Akatu zituzten, eta ez ziñen enteatzen ere. Eraman, hartu eta eraman zuten, eta akabo, gehiyo ikusi gizona.

Sabina Arruabarrena (Astigarraga, 1928): Errosariyua errezatu ta errosariyua errezatu: “Ai, gue mutil hoik. Oi, gure mutil hoik, nun ote daude. Harrapatu ote dittuzte. Bonbardeuak harrapatu...”. Gue lehengusu bat. Bestia, berriz, lehengusua, harrapatu zuten ta Hernaniko zean, e kanposantun, fusilatu zuten. Hua ta beste... harren anaiya, haren anaiya bonbardeuakin zean, harrapatuta hil zan.

Valentina Yeregui (Lasarte, 1915): Ta bonbardeuak. Sirena jotzen zuen, eta sirena jotzen zunian etxe guztietakuak korrika behera! Beheko pixura, entresuelo o ez dakit ze zan… danak behera! Ta bukatzen zanian… Dan-dan-dan, “botatzen ari dia, uii”... Gu pentsatzen: “Aber hemen hiltzen gean, aber hemen hiltzen gean”.

Matilde Aizpurua (Zestoa, 1926): Nere edadeko mutil koskor bat desaparezittu in zan eskonbro tartian. Haren ama ta haren izeko inbalida geldittu zian gero… Gero, Eibarrekuak zian ta ikusten giñutzen baiña… inbalida geldittu zian.

Benita Gallastegi (Soraluze, 1923-2011): Entzuten zan kanpotik: “Sacarnos de aqui!”. Ez dakizu zelako penia emuten zeban.

Maritxu Olabiaga (Donostia, 1915-2014): “Uiiii, ez atea kalea! Ez atea kalea, zeatikan denuntziatuak zaudete: ama ta alaba guztik”.

Miren Mendarte (Errenteria, 1929): Eozer gauzetatikan emakume batei ilea mozten ziyoten al cero. Edo egiten ziyoten edozer: deitu atentziyua eta multa jarri edo…

Xalbadora Roldan (Andoain, 1922): Asko, neska askoiti illia mozten ziyoen, askoiri, askoiri.

Kontxa Intxausti (Ormaiztegi, 1919-2015): Gero kartzelak eta… bai. Gure ama, erderaz ez zekin eta firmaik eta ez zeuken ta baiño… Bueno, ba bi aldiz kartzelara. (Ama?) Bai. Eta iñoi ezer ein gabe genden, gaiñea, e! Osea, nada. Egun baten eaman zittuen ama, izeba horietako bat, alargune, eta beste izeban alaba. Ba gure amak ez dakit urtebete ta ze in zon. Eta izeba Mateak in zittun hiru urte eta egun batzuk.

Maritxu Olabiaga (Donostia, 1915-2014): Hogei mutil, hogei “pena de muerte”. Eta eondu zian hogeita… ez dakit zenbat hilabete, pena de muertekin. Batea, bestea... Eta emango zigula pasia denok despeditzeko. Ez giñan jun iñor, e, anaiyengana. Hasi giñan nearrez han, juezen aurrian, ta... Oi ama, ze kuadro!

Sabina Arruabarrena (Astigarraga, 1928): Zeinen laguntza? Denak berdinak gauden ta. Denak berdinak gauden. Batekin hizketan hasi, ta negarrez. Bestiai zeatu eta: “Nere semia´re han zion”, bestia ere “han zion” ta zean ta… hola.

Maritxu Olabiaga (Donostia, 1915-2014): Ez dakizu zer ein behar dezun, eta gauza gogorra da, e. Pentsatuikan hil eingo dutela, bizik daon bat, oi... da izugarriya.

Gumer Irastortza (Irun, 1931): Zeineri galdetu? Zeineri galdetu? Ez ziñen posible fiyatu iñorrekin.

Pakita Anabitarte (Donostia, 1920): Hartu zuten, eraman zuten Ondarreta, han zeon kartzela ordun,  eta gaur arte.

Pepi Berasategi (Donostia, 1935): Bueno, malkoak ateatzen zaizkit askotan, e,  esateakuan. Kamioitikan karraxik nola iten zituen: “Mujeres, querer a nuestros hijos”. Ta eaman zituen, geo jakin gendun, Hernanira. Ta Hernanin bakigu han hil zutela.

Xalbadora Roldan (Andoain, 1922): Alkarri inbidiya ziyuenak denuntziya sartu, ta geo fusilatu. Egunen batian “Gora Euzkadi” deittu zula? Gizon on bat zan, danok harrittuta, hua hil zuelako. Ta hola hil zittuen dozena bat lagun, baiño bate... fundamentuik gabekua.

Rufina Irazu (Asteasu, 1923-2014): “Nik ez det ezer in. Ta nei ze in bihar die?”, esaten zun. “Nei ez die ezer´e ingo”. Baiño bestiak zai zeuden.

Xalbadora Roldan (Andoain, 1922): Geo ikusten gendun kamionetan nola sartzen zittuen etxetatikan gauzak. Sartzen zian etxeta, alde indakuen etxetan, eta kamioietan kargatzen zittuen gauzak, eta eraman itten zittuen.

Kontxa Intxausti (Ormaiztegi, 1919-2015): Gaztaiñak erretzen giñuzen danboliñe ta danak eaman ziguen. Etxe hutse.

Rufina Irazu (Asteasu, 1923-2014): Hantxe, oilluak harrapatzen danak, eta hartu ta oilluak. Eta, haik eramaten zittuen ta haik jaten zittuenian, berriz.  Dana bukatu arte ez zian geatu, e!

Gumer Irastortza (Irun, 1931): Biño gerran ondorioa da txarra: gerrak lajatzen dittunak atzetiken, haik die urte txarrak. Horrenbeste urte txarrak pasatu behar dienak, gerrak... Nik, askotan esaten dute: “Mejor que vivir así, mas vale que vendría una guerra”. Eta nik esaten dut: “Ai, ze txoruak zeazten, ez dakizute ezer. Pasatuko bazenukete gerra bat, ez zenukete hori esango”. Gerra gerra da: momentuan bat bestiari hiltzen, bale. Baina bizik gelditzen bazea, ondorio hura... pixka bat, pixka bat aurrera ateratzeko ze kostatzen den?

Paxkuala Kortadi (Hernani, 1923): Gosia izandu zan haundiya. Ordun jende asko gaizkitu zan. Harrapatu zun… tuberkulosis o tisikua hoi. Asko hil zan jendia.

Begoña Gabilondo (Azkoitia, 1921): Holaxe zan gerrie. Ez dayela etorri berriz gehio gerraik; nahi dunak agindu, baiña gerraik ez. Ba al dakizu zenbat jende hil zan ordun? Baiño iñok ez zun irabazi gerraik, Españikue. Nahi zuna, nahi dana esango da, baiñe…  etxiaen hilde ta… iñok ez, gehiyo ez dayela gerraik etorri. Iñok ez zun irabazi.

-Askotan gerra gizonezkoek kontatzen dute, borroka lerroan bereziki beraiek egon zirelako. Baina bideo honetan emakumeen ahotsak datoz, eta beraiek bizi izandakoa kontatzen dute. Emakumearen papera oso garrantzitsua izan zen gerra garaian, erantzukizun asko izan zituelako bere gain, besteak beste etxeko ekonomiaren sostengua. Emakume gutxi fusilatu zituzten, baina errepresio handia jasan zuten haiek ere. Gerra garaian ez ezik, baita frankismoan ere, emakumearen kontrako neurri asko hartu baitzituzten. Gai horri buruz sakontzeko ikus: 

Gerraostea: emakumea lantegitik etxera

Emakumea frankismoan


-Gerraren inguruko bideo gehiago, orokorrak direnak (edozein ikastetxetarako baliagarriak):

 

Gerra: bonbardaketak

Gerra: erbesteko egonaldia

Gerra: ihes egin beharra

Gerra: kartzela eta fusilamenduak

Gerrako ume eibartarrak

Gerraostea: errotak itxita

Gerraostea: kupoa entregatu beharra

Gerraosteko gosea

Saturrarango kartzela

Gerraostea: Franco Donostian

Gerraostea: euskararen zapalkuntza

Euskara galarazita eskolan

 Euskara debekatuta kalean

 
-Beste bideo batzuk, gerra garaian herri jakinetan gertatutakoei buruz:

Gerra zibila Lekeition

Euskararen egoera Pasaian

Gerra zibila Tolosaldean

Gerraren etorrera Ordizian

Gerrako ume eibartarrak

Eibarko bonbardaketa

Gerra Eibarren

Utzi zure ekarpena