Gutxirekin pozik

Dirua versus zoriona. Gutxirekin pozik bizi daitekeela kontatzen dute bideoan agertzen direnek, eta gauza asko izateak ondorio kaltegarriak ere izan ditzakeela: daukagunari baliorik ez ematea, beste jolas batzuk alboratzea…

Mailak: DBH

Proiektuak: Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Herritartasunerako Hezkuntza

Gaiak: Ingurumena

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

"Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan" proiekturako prestatutako bideoa. Materiala nola erabili jakiteko, ikus gida didaktikoa.

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

-Garapen iraunkorraren aldeko joera

-Gehiegizko kontsumoarekiko ikuspegi kritikoa garatzea

-Aniztasuna aintzat hartzeko eta era positiboan baloratzeko gogoa

-Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea

-Arbasoen bizimodua eta historia hurbila ezagutzeko interesa


Bideoa ikusi aurretik

1-Girotze-jolasa. Uharte galdua. Galdera egingo diegu ikasleei:

-Ezer ez dagoen uharte batera zer eramango zenukete?

Ikasle gehienek objektuak esango dituztela suposatuz, hausnarketara bideratu.

-Konturatu zarete ia guztiak gauza materialak direla? 

1-Ideia–jasa egingo da. Ondoren dagoen galderaren inguruan burura etortzen zaizkien ideia guztiak esan beharko dituzte ikasleek (ez da inongo ideiarik baztertuko baina gutxieneko gidaritza bat egon beharko da). Helburua gaiaren inguruko ahalik eta ideia gehien ateratzea izango da, aurre-ezagutzei tiraka.

-Zer datorkizue burura “gutxirekin pozik” entzuten duzuenean?

 
Bideoa ikusi bitartean 

1-Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu.

2-Bideoan zehar ulertzen ez dena azaldu, eta behar beste aldiz ikusi. Hiztegi aldetik dituzten zalantzak argitu.


Bideoa ikusi ondoren

 1-Gela osoarentzako galdera batzuk egin daitezke:

-Zertaz hitz egiten dute bideoan?

-Zer esan nahi du Martinak “sartu itten gea, behar hortan sartu gehiyau” esaten duenean?

-Ados al zaudete “oaingo umiak ez dakite jolasten” horrekin? Zergatik esaten dute hori?

-“Lehen zer gutxikin aise kontent ginen. Horra”, dio Donibane Lohizuneko Hélènek. Zer adierazi nahi du?

-Bideoan zehar “dana dekie” aipatzen du Mañariako Petrak, baina hala al da benetan?

-Zoriontasuna zerk sortzen du? Eta lehen zerk sortzen zien?

-Bideoan aipatzen da lehengo bizimodua ona eta lasaia zela. Nolakoa da oraingoa, zuen ustez?

 

2-Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide (ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere):

  • Jolasten”. Bideoan aipatzen da lehengo umeek sormen handiagoa zutela, eta jolasteko erabiltzen zituzten gauzak beraiek egiten omen zituztela. Gainera, era horretan ez omen zen zaborrik sortzen. Bada, taldeka jarrita, sormena erabili, eta material berziklatuarekin jostailuak edo gailuak egin. Funtzionalak izan beharko dute, eta egin dutena zergatik eta zertarako egin duten azaldu (aukera bat: gero ikastetxeko haur txikiagoekin jolasak martxan jartzea). 
  • Eman iritzia”. Idatzi hausnarketa bat, iritzi-artikulu bat, zoriontasunaren inguruan. Hona hemen adibide bat: Aurrerapenaren kontra. Banaka egiteko lana da. Testuan zehar hitz hauek erabili (gutxienez 4), eta ondoren ahoz gora irakurriko dute:
    • Kontentu
    • Presa
    • Dirua
    • Aurrerapenak
    • Inbidia
    • Konformidadea
    • Konfiantza
    • Erosotasuna
    • Ilusioa
    • Poza
    • Bizimodua
    • Estresa
  • Ika-mika”. Eztabaida bat egitea, lehengo bizimodua eta oraingoa konparatuz. Ikasleak bi taldetan bana daitezke: alde batetik lehengo bizimoduaren aldekoak eta bestetik, oraingoaren aldekoak (kontsumoaren onurak eta desabantailak). Ikasleei eztabaida formalen ezaugarriak eta erabiltzen diren formulak eta testu antolatzaileak zein diren azaltzea komeni da, erabil ditzaten (irakaslearentzat lagungarri gerta daitezke: sekuentzia didaktiko hau, bereziki 84-85 orrialdeak, eta beste adibide hau).
  • Gaur egunera begira”. Garapen iraunkorra eta gehiegizko kontsumoarekin lotutako egungo gure inguruko gertaerak aztertu, albiste bat edo gehiago aukeratuz. Banaka edo binaka egin daiteke. (Adibideak: “Erosteko modua aldatu da”, Gernikako arbolaren perfumea eta txakurren hotela). Gertaeraren laburpena egingo dute, eta ahoz azaldu eta iritzia eman, gelakideen aurrean (aurkezpen txiki bat prestatu dezakete, adibidez prezi programarekin; erabiltzen ez badakite, ereduak erakutsiko zaizkie). 
  • "Historia egiten". Gehiegizko kontsumoari buruzko ikus-entzunezko bat ikus daiteke gelan, planetarentzat dituen ondorioei lotutakoa (adibideak: 'Erosi, bota, erosi' eta 'Age of stupid'). Ondoren, gai horri buruz ikertuko dute ikasleek, talde txikietan informazio gehiago bilatu, eta talde bakoitzak horma-irudi bat prestatuko du (marrazkiak, argazkiak, kolaxa... irudimena erabiliz), eta ondoren gelakideei egin dutena azaldu. 

3-Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek, gelakideei beraien jardueren emaitzak ezagutarazteko (artikulua irakurri, eztabaida formalak... dena delakoa). Aurkezpenak laburrak izango dira eta grabatu egingo dira, bideokamerarekin. Aurkezpen bakoitzaren ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean hobeto aritzea (ikasleei azalpenak emateko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriakbaliabideak eta adibide bat). 

 

Ebaluazio-irizpideak:

 

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek beraiek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak interesa piztu dion.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikaziorako gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:

- Ea adinekoen testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.

- Ea lehenaldia eta orainaldia lotzeko eta bere ikuspegia aberasteko gogoa eta gaitasuna izan dituen.

- Ea enpatiarik erakutsi duen bideoko adinekoekin.

- Ea garapen iraunkorraren aldeko joerarik erakusten duen.

- Ea gehiegizko kontsumoaren inguruko iritzi kritikorik erakutsi duen.

- Ea ikerketan informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duen, iturriak bilatzeko orduan.

- Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.

- Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.

-Ea bere iritzia eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.

-Ea ahozko ekoizpean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den.

Gabriel Nogues (Lasarte- Oria, 1920): Oain jendia bizi da beste beste forma batera. Hobeto? Okerrago? Gu oso ondo bizi giñan. Zea, pobre-pobre baino ondo.

Martina Urretabizkaia (Arama, 1936): Baino garai baten baserrin bizimodu lasaie itten gendun e, ta kontentu bizi giñen gainea; gauza gutxikin izugarri kontentu. Nik hoi esaten det: ze kontentu bizi giñen.

Eugenio Iza (Arama, 1935): Oaingo gaztek baino ez dakit, oaingo gaztek mucho valor y esto pero… ez dakit. (Behar gehiyo, beharra?)

Martina Urretabizkaia (Arama, 1936): Beharra, baino ze itten deu oain? Sartu itten gea, behar hortan sartu gehiyau.

Eugenio Iza (Arama, 1935): Ta presaka bizi, presaka. Oain dana prisa baten. Etxen ikusten deu guk, zeakin, alaba zeakin ta.

Joxe Mari Lertxundi (Araia, 1932): Dana dirua ta presaka, hoixe da. Aldakuntza hori in du.

Maritxu Goitia (Errenteria, 1923): Oain aurrerapen asko dago, hoi bai, konprenditzen dut. Gauza asko ondo daude, baino beste asko ez. Ezin esango dut dena gaixki dagonik. Ondo´re badago, baino leheno zen… beste beste bizimodu bat, lasaiagua o nik ez dakit ze esan e. Oain alkarrentzako inbiriya ta, e...

Antonio Eizmendi (Aia, 1931-2013): Bizitza ez pentsatu oain bezelakua izan zaniken, e. Bizitza… bizitza oso gogorra… Oain baiño inbiriya gutxio. Konformidade gehiyo ta konfiantza gehiyo.

Juli Exposito (Ordizia, 1925): Etxen, por ejemplo, aitzen giñen ohiyak itten ta abesten, abesten. Leihok iriki ta abesten. Hola zan gure bizimodue; bizimodue, ona. Bueno, gure Marianek esaten do: “Ama, ez zazu esan lehenau hobetogo bizi ziñetela oain baino”. Ez, ez da hoi esatea. Ez genduken gaurko komodidadeik, baino genduzken beste gauzak igual hobek oaingok baino.

Juanita Getaria (Errenteria, 1927): Ez radiyua, ez telebista…  Aber noiz. Ni gogoratzen etxian etorri zen radiyua, nere anaia jun zen itsasora eta ekartzen zun. Jesus! Zer zen hua! Ze poxa. Hori bai, denantzako genduen ilusiyo haundiya, hori bai.

Enrike Lujanbio (Astigarraga, 1930): Oain, oain igual dakaxkigu bost zapata pare etxian, zer jantzi ez dakigula. Baino hola hazitakuak ez gea gu. Ta izaten banun alpargata pare bat, hankutsik pelotan jokatzen, zeatik ni pelotan asko ibiltzen nintzan ta hausteko bildurrakin… zeatik besteik ez zeon diruik izaten, beste pareik ekartzeko, gure amona zanak.

Florentino Legorburu (Pasaia, 1930): Ta gu oso pozik bizi giñan. Oain baiño poza gehiokin e, gazteiya e. Beste gauz bat zan, oainguakin konparatzeko, e. Oain, nik netzako ez dakit ba… jolasten e jendiak ez daki gu ibiltzen giñan bezela. Guk jolastu asko iten genun.

Joxepa Atxega (Lizartza, 1932): Jolasak bai, bai, dibertigarrik bai. Oain ez dittut hemen somatzen halako jolasakin, ez dakit.

Bitoriana Artola (Lezo, 1918): Oain ibiltzen ez dien bezela. Oaingo umiak ez dakite jolasten.

Juana Lasa (Tolosa, 1929): Ordun umek izaten zittuen hola, karretilla txikik eta. Nere anai zanak e danak beak itten zittun, baino oaingo umei dana einda erosten zaie.

Karmele Esnal (Orio, 1932-2012): Eta kaja bat, jaboi kaja bat… eta kurpillak jarri, ta karrua. Han sartu, ta ala! Soka batekin tiraka, exerita, karruan ta ibiltzen giñan. Askoz´e imajinazio, kreatibidade gehiyo zeon.

Maitxo Egileor (Errenteria, 1942): Jolasteko ere, gaur bezela jolasteko gauzik ez gendun izaten; zegonakin o itten gendun igual zuhaitzan hostuak bildu, haik dirua zian, eta horrela: zegonakin.

Felixa Izagirre (Astigarrada, 1929): Beida, lori hoik, hoik giñun arrautzak, haik giñun esparraguak, haik giñun porruak, holaxen dakaxkit belarrak... juten giñan billa, klaro, ordun hau dena zelaia zan,  haiekin jostatu…  Ez genun katxarroik, ez gendun; kajatxuak eta hola beti… ordun ez zan basurik itten, horik denak baliyo zuten jostatzeko.

Kruzita Etxabe (Gernika-Lumo, 1930): Oingo umiek dakez: bizikletie, bat bestie, hau bestie, baloiek onak, danak...

Pilar Beriain (Errenteria, 1934): Danetatik, eta iruditzen zayote, buf, gurasuk dena eman behar diyotela. Behin eskatzen badute...

Hélène Legarto (Donibane Lohizune, 1925): Orduan ahal zen bezela, eta nik erraten dut: lehen zer gutxikin aise kontent ginen. Horra.

Miel Muñagorri (Andoain, 1927): Oain gaztia bakizu nola don. Zeozer lanian hasi o… segittun kotxia!

Pilar Beriain (Errenteria, 1934): Oain nahikua dakate ta ezei ez diyote estimatzen, ezer ez. Berriya zeozer ateratzen bada, huraxe biha dute, berriya huraxe.

Petra Goiti (Mañaria, 1929): Oain dana dekie ta ez dauz konforme. Ta dana dekie, e. Ta ez dauz e konforme, ez dauz.

Miel Muñagorri (Andoain, 1927): Guk ordun gauza bat ona gendun: irabazten genduna  gorde itten gendula. Entenditzen al dezu?  Ta gaur, berriz,  gastatzea dan hori, benga!  “¡Que son dos días y a vivir!”. Ta hoi baino anuntziyo txarragoikan eztet ikusten nik, gaurko gaztiantzako. Bakizu, horrekin e negoziyua dao. Jendiak gastatzen baldin badao dirua handikan eta… Dana preparatuba dao, negoziyua!

Kontxita Igarategi (Urnieta, 1931-2914): Ni konforme bizi izandu naiz nere denbora guztin: sekulan ez det ezen inbirik izandu. Ta oain gutxiyo, gaiñea. Ez dakat ezen inbirik. Zeatik inbiriya duen jende hoik ikusten dittut nik, zea... arg! Bat izan eta bi nahi dittuenak, eta bi izan eta lau nahi dittuenak, eta nik bat baldin badet batekin konforme eta bi baldin badittut pues ya está. Hiru ezin dittut, pues ya está. Hiru ezin dittut, pues batez ta kitto.

Gabriel Nogues (Lasarte-Oria, 1920): Zeatikan… esaiazu nei: aberatsak... Gu, ni kasu hontan e, aberatsa... ni baino hobeto ez da inor bizi!

Kontxita Igarategi (Urnieta, 1931-2914): Kontentu detenakin, ta ez det pentsatzen ni baino hobeto iñor bizi danik. Diru gutxi deula, baino diruak ez du dena itten.

Antonio Oregi (Soraluze, 1926): Eske nik beti esan juat: pertsonia feliz izateko, gauza txikixetan dao felixidadia e! Ojo, e! kontu hori, e! Gauza haundi-haundixetan nik ondiok ez txuat felizidaderik ikusi iñori be. Gauza txikixetan ta holakotxe gauzetan.

Kontxita Igarategi (Urnieta, 1931-2914): Launtzen du, baino ez da zoriontsu izaten diru gehien in duna, e.

Pepi Mitxelena (Errenteria, 1926): Diruan gaiñian oain hobetogo dago, baiño bestela… bizimodua elkarrekin orduan hobeto. 

Arantxa Jauregi (Errenteria, 1926): Askoz e hobeto. Laguntasuna gehio.

Javier Arregi (Arrasate, 1925): Zer da ondo bizittia, diru asko eukittia? Ez. Ez da bakarrik dirua. Biha da gizarte on bat eittia be bai. Batez be, batez be. 

-Begibistakoa da gaur egun kontsumoak izugarrizko indarra duela, baina lehen ez zen hala. 80. hamarkadatik aurrera hasi baitzen herrialde garatuetan kontsumoa hazten. Duela urte batzuk plastikorik ere ez zuten erabiltzen.

-Ordura arte zegoenarekin konformatzen ziren eta, gainera, irudimen eta sormen handiagoa zuten jolasak asmatzeko eta abar. Zaborra ere gutxiago sortzen zen, dena aprobetxatzen zutelako. Horri buruz hitz egiten du Lizartzako Joxepa Atxegak.

-Hona hemen garapen iraunkorrarekin lotutako beste bideo bat, proposamen pedagogikoa duena:

Dena aprobetxatzen zen

Utzi zure ekarpena