Historiaurrea Euskal Herrian

Zein da Euskal Herrian aurkitutako giza hezur zaharrena? Non aurkitu zuten? Jesus Altuna arkeologoak (Berastegi, 1932) hemengo hainbat indusketaren berri ematen digu bideo honetan.

Mailak: DBH, LH, Batxilergoa

Proiektuak: Tolosako Udalak babestuta

Ikasgaiak: Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia, Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen ezaguera, Euskal Herriko Historia

Gaiak: Historiaurrea

5,00 puntu 5 izarreko maximotik
105.064 iritzi guztira

Hainbat lanketa egin daitezke adinaren eta ikastetxearen arabera egokituz. Baina hona hemen proposamen bat:

Bideoa ikusi aurretik
:

1-Gaiaren aurkezpena egingo du irakasleak. Eta horri buruzko aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu. 

-Euskal Herrian zein dira topatu diren Historiaurreko giza aztarna zaharrenak?

-Noiz eta nola topatu zituzten?

-Ezagutzen duzue Aranzadi elkartean egindako lana?

2-Talde txikitan jarrita, aurkikuntzen zerrenda egingo dute ikasleek, eta ondoren gainerako gelakideekin partekatu. Atera direnak arbelean jarri ditzakete. 


Bideo ikusi bitartean:

1-Aurre-ezagutzak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2-Arreta deitu dieten pasarteak gogoan hartu.

3-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu.

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari etekin guztia ateratzeko.


Bideoa ikusi ondoren

1-Ulermena ziurtatu. Zalantzak argitu.

2-Bideoari buruzko iritziak partekatu, talde(t)an. Aurre-ezagutzekin konparatu. Ondoko galderak erabili daitezke akuilu moduan:

-Zer da, hitz gutxitan esanda, bideoan kontatzen dena? 

-Zein dira, Altunaren ustez, aurkikuntza inportanteenak giza aztarnei dagokienez?

-Ezagutzen zenuten Jesus Altuna? Zein da bere lana?

-Zer iruditzen euskarari buruz dioena?

-Indusketak egiteko modua asko aldatu dela iruditzen zaizue? Iragana eta oraina konparatu. 

-Zer dakizue Don Jose Migel Barandiarani buruz?

-Galdetuko al zeniokete zerbait Jesus Altunari? Zer?

3-Talde handian iritziak, hausnarketak eta hipotesiak partekatuko ditugu. 

4-Azken ekoizpena: hainbat ekoizpen garatu daitezke, talde txikietan edo handietan. Adibide batzuk:

  • “Testigantza bila”. www.ahotsak.eus webgunean Jesus Altunaren beste testigantza batzuk entzun, eta interesgarria iruditu zaiena, esanguratsuena, gelara eramatea. (Adibidez, Euskal Herrian historiaurrean zein animalia bizi ziren azaltzen du Altunak: Animalia aztarna zaharrenak eta Elur oreinak eta leizeetako lehoiak)
  • “Historia egiten”. Euskal Herriko Historiaurreko giza aztarnei buruzko informazio gehiago topatu, eta ikerketa txiki bat egitea. (Adibidez, panel bat egin dezakete aurkikuntzen datekin eta argazkiekin)
  • "Kazetari lana". Galdera interesgarriak prestatu, eta Jesus Altunari helaraztea, erantzun ditzan (ondoren haren erantzunak gelakideekin partekatzeko). Posible da baita ere Altuna bera (edo indusketetan aritzen den beste adituren bat) gelara eramaten saiatzea, eta lortuz gero denen artean elkarrizketatzea. Arkeologo bat gelara eramatea lortuz gero, galderak denen artean prestatu ditzakete. 

5-Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek, gelakideei beraien ikerketaren emaitza ezagutarazteko. Aurkezpenak laburrak izango dira eta grabatu egingo dira, bideokamerarekin. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Arkeologoa gelara eramatea lortuz gero, elkarrizketa grabatuko litzateke. 


Beste proposamen batzuk:

Ikasleek interesa erakusten badute, txangoa antolatu daiteke, eta Ekaingo erreplika ikustera joan. Euskal Herrian hainbat koba daude turistentzat zabalik: Mugarik gabeko lurpea.

Jesus Altuna (Berastegi, 1932):

Asko interesatzen zitzaizkidan ba hasierak: biziaren sorrera, espezien sorrera, gizakien sorrera, Euskal Herriaren sorrera... etab, eta sorrera hoiek aurkittu nahian edo nebillelako ba hurbildu nintzen Don Jose Migelengana. Barandiaran zan bueno ba, arkeologoa eta etnografoa. Beti lanpetuta. Halaz ere, ez zizun sekulan esango lanpetuta zegoenik. Hara joaten ziñenen, berarengana, beti laguntzeko prest, beti entzuteko prest, beti. Eta esan zidan: "Bueno, ba nahi baduzu zatoz, ni aurten egongo naiz hain zuzen Lezetxikin, hor, Arrasateko koba baten". Eta han egin nitun lehendabiziko ikerketak, zean, kobazulo baten. Eta bueno, berak hain zuzen esan zidan: “Hara, hemen kobazulotan zenbat hezur pila azaltzen dan, aberenak, ta horretaz ezertxo ere ez dakigu. Hortxe daude pillatuta museoan eta ez dakigu ezertxo ere. Eta zu Biologia ikasten ari zeanez, eta Zoologia etab, ba ona litzake bide horretatikan sartzea”. Ta hala sartu nitzen bide hortatik.

Ba gaurkoz gizakiaren hezur zaharrena Lezetxikin aurkittutakoa da, bai, bai. Neri tokatu zitzaidan, gainea, hori aurkitzea. Beso hezur bat, eta Don… illunabarren, Don Jose Migel etorri zanen, han ostatun erakutsi genion. Eta: “Kontxo, kontxo”... Eta bueno, garrantzia handikoa da. Gero aztertu zan, ikusi zan emakume batena zala eta hori da gaur egun ezautzen degun Euskal Herriko aztarna zaharrena. Gutxi gorabehera eukiko ditu 140.000-180.000... tarte hortan egongo da seguraskoan. 140.000tik atzera, hori hezur hoi, e. Neardenthal aurrekoa. Heidelberg eta Neardenthal tarte hortan dao gure Lezetxikiko hezur hori.

Gero, Neardenthal garaiko hagin batzuk Lezetxin bertan ere badaude. Neardenthalenak. eta baita Izturitzen ere; Izturitz dao hor Hazparnen. Eta baita Axolorren ere. Axolor dao Diman, hor, Arratian. Oseake Neardenthal garaiko zea gehio badittugu, haginek eta hezur gehio badittugu, baino zaharrena horrek irauten du oraindik, bai, Lezetxikiko horrek.

Ordun, gaiñera, oso gutxi joaten ginen, oaindikan hemen unibersidaderik ez zegoen, eta indusketa asko egin genitun ba zea, Don Jose Migelek eta nik, bakar-bakarrik. Ordun aztertu genitun Lezetxiki, hemen Aizpitarte, Marizulo eta Ekain, azkenengo. Hain zuzen, Ekain eskabatzen ari ginela erretiratu zan bera. Lehendabiziko Ekaingo hiru kanpañak berak zuzendu zitun eta azkeneko hiruek nik. Ta ordutik aurrera ya ba nik bakarrik.

Azpeitiko bi gaztek aurkitu zuten hori, arkeologoak ez zirenak baino afizio haundie zutenak. Andoni miaketa egiten ari zen bitarten, bestea, Rafael, ohartu zan zulo batetik osea haize hotza zetorrela. Klaro, zuloa txikia bazan zulo txiki batetik ez da haizea ateratzen, horrek esan nahi zun han harruspe haundi bat zeola, atzen. Eta hola ba… ezin zan sartu, baino zabaldu zuen hue nolanahi, arraskataka sartzeko modun, eta sartu zien, aurrea-aurrea jarraittu zuten, haundittu itten zan kobazuloa, eta han aurkitu zituzten ba zea, irudi hoiek. Han aurkitu zuten lehendabiziko aldiz ba zaldi multzo haundi hori. Eta ba egun hartan bertan deitu zioten bai Don Jose Migeli eta bai neri. Ikusi genuen zea, multzo eder hori, eta beste irudi asko ere bai, han ingurutan, eta ikusi genun benetako irudik zirela… Eta klaro, egundainoko agerketa izan zan hue.

Etortzen zien beste leku batetik eta hori zan ba aztarnategi estazional bat, e, udarako parten erabiltzen zutena, oreinak harrapatzeko. Eta kitto. Gero berriz beste leku batera joaten zien. Gainera, han azaltzen dien tresnak asko, baino tresnak die batez ere die ehizerako erabiltzen zienak, puntek eta hola, e. Makil baten muturren sartu eta, zea, lantza bezala erabiltzeko. Baino etxeko tresnak, esan nahi nuke raspadorek eta zulakaitzek ta beste tresnerie ez da… ez da bestetan azaltzen dan aine, Ekainen. Ikusten da dala hoixe, parada bat, ez? Oreinek harrapatzeko. Eta pentsa zazu, hillebete pare bat bakarrik eon Ekainen ta halaz ere santutegi, halako santutegie han barrun. Ta beste batzutan, berriz, urte osoan egoten zien, hor, Aizpitarten, eta barruan ezertxo ere ez dao. Zergatik bat eta zergatik bestea? Ez, ez dakigu. Ez dakigu. Ez dakigu. Badittuzte han labarri bikainak, zea, Aixpitarten, irudi bikainak egiteko, baina ez zuten ezertxo ere egin.

12.000 urte daude hemen tartean, Ekain eta gure artean. Eta hor gauza asko pasa die, eta haien asmoak eta gogoak eta bildurrek eta pozak, ez, ez dittugu ezagutzen. Baina badau zerbait bizirik, gure prehistoriatik, eta horixe da euskera. Noiztik datorren ez dakigu, baino gutxinez-gutxinez Brontze garaitik datorrela bai. Euskal Herrik jaso du hori eta gorde du hori, gaur arte, e. Lapurtu dio hori ere heriotzari, altxor hori, gure herrik. 

-Jesus Altuna Aranzadi Zientzia elkarteko arkeologoa da. Animalien hezurretan aditua. Alemanian egin zituen ikasketak, han askoz aurreratuago zeudelako. Altunaren ibilbidea pixka bat ezagutzeko, ikus testigantza hau: http://www.ahotsak.eus/berastegi/pasarteak/brs-040-023/

-Don Joxe Migel Barandiaran etnografo eta arkeologo ezaguna da. Ikus Wikipedian.

-Barandiaran 1917an hasi zen historiaurrea ikertzen (Santimamiñe 1916an aurkitu zuten).

-Jesus Altuna 50eko hamarkadan hasi zen Barandiaranekin indusketetan, hura Saratik itzuli ondoren (1953an itzuli zen; 1936ko gerra hasi zenean joan zen hara). Barandiaran erretiratu zenean, 85 urterekin, Altunak hartu zuen indusketen gidaritza.

-Ekaingo kobazuloa 1969an aurkitu zuten. Ekainberri erreplika egin dute, bisitarientzat, Zestoan.

-Santimamiñe (Kortazubi, Bizkaia), Ekain (Deba, Gipuzkoa) eta Altxerri (Aia, Gipuzkoa) kobazuloak Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zituen UNESCOk 2008an. 2016ko maiatzean Berriatuako (Bizkaia) Atxurra kobazuloan aurkitutako labar marrazkien berri eman dute; Ekainen pareko aurkikuntza dela dirudi, eta oso garrantzitsua izango dela.  

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza