Hizkuntza-jarrerak

Zer hizkuntza-ohitura ditugu etxean eta lagunekin? Erraza al da hizkuntza-jarrerak aldatzea? Nola egin liteke? Zer faktorek eragiten dute? Gazteen testigantzekin osatutako bideoa.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Euskara, Aisialdia

4 puntu 5 izarreko maximotik
3 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:

  • Euskararen egoeraz eta normalizazio-prozesuaz jabetzeko interesa
  • Nork bere hizkuntza-jarrerak eta besteenak aztertzeko eta ulertzeko nahia
  • Hizkera formala eta informala bereizteko asmoa
  • Herri-hizkerak ezagutu, erabili eta balioesteko gogoa
  • Hizkuntza-ohiturak aldatzeko borondatea

 

Bideoa ikusi aurretik:

Gure hizkuntza-ohiturei eta jarrerei buruz hitz egingo dugu, aurre-ezagutzak aktibatzeko. Gisa honetako galderak egin ditzakegu:

-Zer hizkuntzatan dira zuen harremanak? Norekin egiten duzue euskaraz/gaztelaniaz?

-Egon da ohitura-aldaketarik zuen lagunartean edo familian? (Adibidez, pertsona berri bat etorri delako)

-Hizkuntza-ohiturak aldatzea zaila/erraza al da?

-Lehenengo hitza zer hizkuntzatan egiten duzue? Zergatik?

 

Bideoa ikusi bitartean:

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
  2. Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Esate baterako, euskalkietako hitzak.
  3. Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko.

Bideoa ikusi ondoren:

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-“Orokorrean pentsatu ez dakitela euskaraz eta zuzenean erdaraz egin”. Gertatu al zaizue halakorik inoiz?

-Estereotipoak: zuen ustez, nolakoak dira euskaraz dakitenak? Eta ez dakitenak? Deskribatu!

-“Umeekin eta txakurrekin euskaraz”. Zuek ere bai?

-Inor sentitu al da “euskararen polizia”? Zer egoeratan?

-“Intimitatean erdaraz eta publikoan euskaraz”. Gertatzen da halakorik zuen inguruan?

-Guay-a al da erdaraz egitea? “Kontajiosoa” erdaraz egiteko joera?

-Ikastoletan euskaraz egiten al dute ikasleek?

-Eredu egokiak dituzue? Gurasoak, irakasleak… koherenteak al dira esaten/egiten dutenarekin?

-Klik bat aipatzen dute, kontzientzia-hartze bat… nola alda ditzakegu hizkuntza-ohiturak?

Hizkuntza-aldaketen 3 adibide agertzen dira bideoan: hirurak aztertu eta komentatu. Zer iruditu zaizue Aitorrek erabilitako sistema? (Xehetasun gehiago nahi izanez gero, ikus Aitorren elkarrizketa)

 

  1. Gaian sakontzeko, bideo hauetakoren bat edo beste ikus daiteke (proposamen pedagogikoak dituzte):

 

  1. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukera dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin dezakete.

 

  • Gaur egunera begira”. Zein da gaur egungo egoera gure ikastetxean eta gure eguneroko bizitzetan? Norekin egiten dugu euskaraz eta norekin ez?

Esperimentu bat egingo dugu, ea funtzionatzen duen. Bi astez hizkuntza-ohitura aldatzeko konpromisoa hartuko dugu. Erronka indibiduala eta pertsonala izango da, bi pertsonaren arteko erabakia: ezinbestekoa da besteak ere nahi izatea (adibidez, ikaskide/lagun/senide batekin ohitura aldatu nahi badugu, baina hark ez badu nahi, jai dugu!). Bi aldeen konpromisoa hauxe izango da: elkartzen diren aldiro euskaraz egitea bi aste horietan.

Bi asteren buruan, esperientziaren berri emango dute ikasleek, ahoz:

-Norekin egin dut? Zergatik pertsona horrekin?

-Nolakoa izan da prozesua? Zer oztopo/muga izan ditut?

-Zer sentitu dut (satisfakzioa, frustrazioa, amorrua, poza, ilusioa, zerbait arraroa…)?

-Lortu al dut hizkuntza-ohitura zertxobait aldatzea?

-Eman al dit zer pentsatua?

-Balantzea: positiboa ala negatiboa?

 

  • “Sormena lagun”. Kontzientziazio-kanpaina bat ipiniko dugu abian gure ikastetxean. Horretarako, sormena behar-beharrezkoa izango da. Ikasleek diseinatuko dute kanpaina hori, beste jarduera batzuk aztertuta. Helburua ikastetxean euskararen erabilera sustatzea izango da, batez ere atsedenaldietan, ikasgeletatik kanpora.

Aukera batzuk:

-Pinak, pegatinak, txarteltxoak… diseinatu eta sortu (“Nirekin euskaraz!” bezalako leloekin) eta horiek erabiltzeko aldi bat ipini (adibiderako Euskaraldia)

-Kate bat sortu sare sozialetan, euskararen aldeko mezuekin (adibiderako: “Ipini pina” katea)

-Ikus-entzunezko txiki bat prestatu (adibidez, ikasleak euskararen aldeko mezuak esaten)

-Egitarau bat prestatu euskararen aldeko jarduerekin: egun batekoa, bi egunekoa, aste batekoa… antzerkia, musika-saioa, jolasak (euskararen ginkana)…

Garrantzitsuena: ikasleak izatea antolatzaileak (ez irakasleak). Kanpaina/jarduera bukatzean, balantzea eta iritzi-trukea egingo dute prozesuaren inguruan. Ikasle bakoitzak zer egin duen (sortutako materiala erakutsi) eta nola sentitu den kontatuko du.

 

  • “Zu ere kazetari”. Hizkuntza-ohiturak aldatzea ez da erraza baina lor daiteke. Hori lortu dutenak edo lortzeko bidean daudenak elkarrizketatzea izango da helburua. Nola lortu dute? Nolakoa izan da prozesua? Zein zailtasun dituzte? Zein satisfakzio? Ikasleak kazetari bihurtuko dira. Euskaltegietara jo dezakete, bertako ikasleek hizkuntza-ohiturak aldatzeko prozesu hori bete-betean bizitzen baitute.

Galdetegia denen artean presta dezakete, eta elkarrizketak banaka edo binaka egin. Elkarrizketa bideoan grabatzea gomendatzen dugu (ikus jarraibide orokorrak), gero ikasgelan ikusi ahal izateko, eta komenigarria litzateke elkarrizketatuari argazkia ateratzea ere. Ikasleek aurkezpen txiki bat prestatuko dute (elkarrizketatuaren biografia laburra, non ezagutu duten…), bideoa (2-5 minutu arteko pasarte bat, aukeratua) erakustearekin batera ikaskideei azalpenak emateko.

Jasotakoarekin hainbat lanketa egin daitezke ondoren ere. Aukera bat: grabazio guztietako pasarte onenekin ikus-entzunezkoa(k) prestatzea, sare sozialen bidez ikastetxean zein herrian zabaltzeko (lan hau egiteko bideoak editatzeko programaren bat ezagutu behar dute eta ereduak eman beharko zaizkie). Adibide moduan, ikus Euskara ikasteko prozesua bideoa.

Gero grabazioak ahotsak.eus artxibora bideratu ditzakete (adibiderako, ikus Donostiako San Ignazio ikastetxeko proiektua).

 

  1. Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: azalpena, ikus-entzunezkoa… eta, ahal dela, bideoan grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusteko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak

 

Ebaluazio-irizpideak:

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, erabil ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.

 

Irakasleak aintzat har ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

-Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.

-Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.

-Ea euskalkien aberastasunaz jabetzen den. Eta (2. mailan) ea aztertzen eta balioesten duen hizkuntza estandarrak eta euskalkiek euskararen iraupenean eta transmisioan duten funtzioa.

-Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.

-Ea identifikatzen dituen euskararen eta gaztelaniaren arteko ukipen-egoeraren ondorioz sortutako fenomenoak, eta egoera zehatzak aztertzen dituen (2. mailan).

-(2. mailan) Ea errealitate soziolinguistikoa ikuspegi kritikoz interpretatzen duen eta euskararen normalizazio-prozesuarekiko konpromisorik agertzen duen.

-Ea bideoa behar bezala ulertu duen eta ulertu ez duena argitzen saiatu den.

-Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.

-Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.

-Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.

-Ea bere diskurtsoan egokitzapenarekin, tonuarekin, keinuekin, gorputzaren jarrerarekin edota kortesia-arauekin lotutako alderdiak erabiltzen dituen.

-Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen, arrazoituz.

-Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.

-Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen.

-Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.

-Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.

-Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.

-Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.

-Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.

-Ea autoebaluazio- eta autozuzenketa- estrategiak erabiltzen dituen ahozko erabilera hobetzeko.

-Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.

-Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.

-Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).

-Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.

-Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen.

Garazi Lopez de Uralde (Getxo, 1988) eta Andere Gonzalez (Getxo, 1988):

-Orokorrean harremanak gaztelaniaz dira, talde txikitan gaudenean, ba agian euskaraz. Be bai depende ba elkarrekin ikasi dogun ikastolan, ba igual euskararekiko joera gehiago dekogu baina, ez dakit…

-Bai. Horrek asko iten dau ez? Ba igual txikitako harremana badekozu ya ikastolatik edo eskolatik edo, horrek asko… behintzet gu biok (bai) batera ikasi dogu ta egia da, igual lehenengo berbia euskeraz eukiko dogule, gero ya igual talde multzo horretan saiatzen garenean igual ya erderara tendentzi bat dekogule.

Yelen Pellejero (Astigarraga, 1995) eta Leire Peña (Astigarraga, 1995):

-Gure kuadrilan normalean erderaz hitz egiten degu.

-Bai.

-Gure artean orain agian gehiago aldatu iten degu baiño kostatu iten da.

-Pila bat

-Osea, ohitura bat aldatzea asko kostatzen du.

-Oso zaila da.

Maialen Chantre (Bera, 1991) eta Patxi Castillo (Bera, 1992):

-Pertsona batekin nahiz ta biek euskaraz jakin hasiera-hasieratik gazteleraz iten baduzu, ya gero zaila da aldatzeko.

-Bai.

Yelen Pellejero (Astigarraga, 1995):

-Daude lagun batzuk fijoak ez zaitela ezta okurritzen ere esatea “hola”, osea ez zait ateratzen, edo nere izebarekin adibidez, beti euskeraz, badakit telefonoa, badakit bera dela, euskeraz. Baiño gero daude beste pertsona batzuk ateratzen zaizula ya naturaltasunez edo erderaz.

Unai Urroz (Doneztebe, 1993):

-Kuadrilan lehen euskaraz iten zen gehio. Gauza da pos jendea joan dela Iruñara ta hola estudiatzera, ta ordun igual han erderaz gehio in, ta azkenin komodogo edo, ez dakit.

Patxi Castillo (Bera, 1992) eta Maialen Chantre (Bera, 1991):

-Nik, adibidez, ene kuadrilan sumatu dut aldaketa, ta pena ematen dit, pena haundia, bueno ni nagonian… ni azkenian naiz euskararen polizia nere kuadrilan baiño beraien artean igual erdaraz jarten direla eta barrara hurbiltzen direnean orduan itten dutela euskeraz.

-Ya, aldrebes.

-Ez? Ikusten dute “joe, nola hurbildu behar naiz erderaz barrara, ez? Jendiak ez ikustea ni erderaz aritzen” ez? Intimitate batian bezela erderaz itteko soltura hori dute, biñon gero ya barrara kaña bat eskatzeko, euskeraz itten dutela, badaezpada.

Ziortza Mangas (Getxo, 1988):

-Baiña zurekin erderaz egotea eta bat-batean heltzea tabernaria eta berari esatea “bi zurito”. Aber, zergatik berari iten diot, zuri ez badizut…? Osea eta segurantzan esaten badit, ez nago ziur, baina segurantzan bere momentuan esaten badit “que, pitxin? No te he entendido” Gañea voy a decir “jode”. Osea, kasi kasi komo “nola ez dakiela?”. Ta ni zurekin bitartean “ya pues lo que te decia que” osea.

Maialen Chantre (Bera, 1991):

-Ta neri adibidez maiz pasatzen zait hori jatetxean etortzen direla… Sarako jendea etortzen dela, beraien artean frantsesez iten dutela, biñon nerekin euskaraz iten dute.

Andere Gonzalez (Getxo, 1988) eta Garazi Lopez de Uralde (Getxo, 1988):

-Nik askotan egin dotena edo pekau egin dotena nik izan da… orokorrian pentsa ez dakiela euskeraz. Orduen askotan igual nonoaino jun, ez, eta eskatu edozer erderaz, eta gero segiduen igual lagunegaz euskeraz  hasi berbetan, eta besteak igual gero emoterakoan edo dana dalakoa “bai eskerrik asko”

- ta euskeraz erantzun besteak. Ta gero lotsatute moduen.

-Ta ni lotsatute.

Axier Unanue (Hondarribia, 1987):

-Nik uste lehenengo hitza ezagutzen ez baduzu erderazkua izate dela. Igual gure azentuagatik edo gehienbat berak euskeraz baldin badaki segituan harrapatzen digu. Orduan bera igual hitz bat soltatzen badu euskeraz ba zuk jarraitzen diozu euskeraz. Baiño lehenengo hitzak normalian erderaz izaten dia.

Ane Otalora (Getxo, 1988):

-Lengoan zinemara jun giñala, sarrerak eskatzen “e dos entradas para no se que” e “bai eta zenbat balio dau? Ez dakit zer” eta tipoak bazekien, ta nik ya (zuzenean) zuzenean bai pentsatu nuen berak ez zuela jakingo.

Jonas Ormabera (Hondarribia, 1987):

-Esaten duzu ze ingo diot euskeraz o erderaz? Badakit erderaz jakingo dula pues hasten zea erderaz.

Andere Gonzalez (Getxo, 1988):

-Hombre, ni asko jauzten naz igual estereotipoetan, ez? Euskaldun estereotipo batean jausten zara ta igual kontrakoa jasoten dozu, ez? Ba ez daki. Estereotipo horrek ba bai, askotan ibilten dotez, depende zelako estereotipoa daron jantzite edo igual euskeraz ingo dotzat lehelengo berbia.

Karmele Jaio (Gasteiz, 1970):

-Ze niri gertatu zait zenbait girotan, nik espero ez nuena euskaraz tabernariak jakingo zuenik edo, nik erderaz eskatu ta berak esan “mesedez eskatu euskeraz” ez? Eta guztiz lur jota geratzia ez?

Jonas Ormabera (Hondarribia, 1987) eta Axier Unanue (Hondarribia, 1987):

-Etorri zen, juntatu zen gurekin mutil bat ikasi zuna pos hori, Hendaian ikasiya, eta etxian ez zuten euskeraz iten, eta orduan berak ez zekin euskeraz. Eta horregatik hasi giñen denak denak erderaz hitz egiten.

-Bera ere gure tartian zebilenian ba gu…

-Bera zegonian erderaz iten genun. Biño gero zer gertatu zen? Bera ez zegonian ere erderaz iten genula.

Ander Goikoetxea (Lekeitio, 1990) eta Irati Seijo (Lekeitio, 1992):

 -Ba imajinau kuadrila baten badago ba beraneante bi erderaz iten dabena berba, ba horrek eragin ahal dau, eragiten dau, kuadrila osuak erdera berba itera. Eta ikustia Lekitxoko kuadrila bat erderaz oso torpe berbetan, baina erderaz berbetan, ba esaten dozu “txo! Lekitxon zauz, euskeraz berak ikasi beharko dau, bueno, euskeraz ikasiko dau berak ez?” Eta jentik ez dauko hori kontzientzian eta Lekitxon horrek udan euskera maila, euskera erabileria puf bajatzen da pilo bat. Ez dozu entzungo sekula iñor (orokorrin berbetan nabil e) euskeraz torpetxu berbetan, ez, beti entzungozu jentia erderaz berbetan. Eta asko kutsatzen da hori.

-Ta lekitxarren artin pilo bat kutsatzen da.

Andere Arriolabengoa (Aramaio, 1982):

-Eta gainera da… nik dekot sensaziñoa kontajiosue dala, ze hasten die bi erderaz gazteleraz berbetan… hirugarren euskaldun bat dator, sartzen bada elkarrizketa hortan erderaz be bai… Eta azkenian iten da korro bat eta danok euskeraz ulertu danok eta berba in, osea, euskaldun zaharrak izanda gehixenok, ba azkenin gabiz danok erderaz.

Julen Telleria (Tolosa, 1990):

- Kuadrillan lagun asko dauzkeu etxen erderaz itten duenak gurasok ez dakielako edo lo ke sea, eta egie da joera haundie daola gure kuadrilan, ni jabetzen naiz, erderaz ittekoa. Eta beti euskeraz aritzen geanok ere erdarako terrenora salto itten deu askotan.

Ane Otalora (Getxo, 1988)

-Umiekin eta txakurrekin beti euskaraz. Hori bai, hori bai. Hori betidanik. “Aiii, erdu… ai txiki, ze pasetan da?” Hori beti…

Maddi Sarasua (Itsasu, 1995):

-Ni zinez kezkatzen nauen gauza bat da gero eta ikastola gehiago dira, dena, jende gehiago… mais ikastoletan lehen hizkuntza… ikastoletan euskeraz mintzo dire? Ez. Ikastolek lortu duten erakargarritasun hori eta gaur egun jende ainitz sartzen da, mais joaiten dire ere burasoak frantsesak dituzten haurrak eta ez dute erraztasunik euskeraz egiteko eta horrek taldean hastapenetik ohitura hartzen dute frantsesez egiteko eta gero ze, biziki zaila da… oroitzen naiz… ikastolan erakasleek beti ze, ibiliko ziren egun osoa erraiten “euskaraz mintzatu”, “euskaraz mintzatu”… mais ez du funtzionatzen horrek.

Garazi Lopez de Uralde (Getxo, 1988) eta Andere Gonzalez (Getxo, 1988):

-Zure seme-alaben aurrean berari egunero “euskaraz egin, niri euskaraz” ez dakit zer, ta gero zuk zure bikotearekin gaztelaniaz egiten baduzu ba…

-Ya. Bai, bai, azkenean umiek etxean ikusten dabena ez? Kalien egiten dabe.

-Bai. Ta irakasleek gauza bera, nik eskola batzuetan ikusi izan dot irakasleek irakasleen artean gazteleraz egitea eta puf kriston amorrua ematen du.

-Bai, neuk be bai.

Ane Otalora (Getxo, 1988) eta Ziortza Mangas (Getxo, 1988):

-Zenbat alditan entzun dut nik ikastolan “euskeraaaz”

-“Euskeraz” eta bai.

-“Euskeraz, euskeraz, euskeraz!” ta “bai, bai, bai” ta barriro erderaz albokoagaz.

Andere Gonzalez (Getxo, 1988) eta Garazi Lopez de Uralde (Getxo, 1988):

-Nitzako negatiboa be bada guk iten dogune ez? Denbora guztian “euskeraz, euskeraz euskeraz”

-Euren atzetik eta.

-Atzetik ibiltie holan puf kantsagarrie da, ta azkenean pertsonantzako be bai puf…

-Bai bai, bien partetik, irakasleentzat, ikasleentzat…

-Karo, karo, karo ni be kantsau iten naz, eta askotan ba eurena artean berbetan dauz erderaz ta eske ez esatearren berrogeita hamar mila bider klase bardiñean…

Ziortza Mangas (Getxo, 1988) eta Ane Otalora (Getxo, 1988):

-Ez dakigu zergatik baiña guay-a da erderaz egitea, ba hori hasten zarelako ba ez dakit bat-batean horrek nagusitzen zaitu, ta gero berriro bueltatzen zarela euskerara. Osea nik uste dut bakoitzak badaukala bere como ibilbide pertsonala euskerarekin. Nik badakit orain, duela hamar urte baino askoz euskera gehiago egiten dudala, nik segurantzan hamasei urterekin zurekin ez nuela egiten.

-Ez.

-Gaur egun egin dezaket perfekto, osea, baina yo que se, ez zen guay. Eta joan gintezken Ibilaldira e, eta uu euskeraren aldeko rolloa, baina geunden erderaz. Eta inguruko guztiek bagenekien euskeraz. Zergatik? Ba hori: euskera ez delako guay, o ez ditulako hitz guay-ak o ez dakit, hor…

 

Ohiturak aldatzen

Aitor Fernandez de Ortega (Gasteiz, 1973):

-Hasierako harremana euskerarekikoa hotza edo… gorrotozkoa bazen ere, gero denboraren poderioz pos ez dakit, harreman afektiboa sortu zen eta hemen euskal herrian bizi izanda erabaki genun pos bertako hizkuntza eta kulturan bizi nahi genuela.

Olatz Bengoetxea (Irun, 1990):

-Nik lehen onartu behar dut lehen gehienetan erderaz egiten nela, ttikitan, eta nik uste dut dela gurasoen ohituraz. Gurasoak beti kanpora junda… nik hori ikasi dut, ez? Etxean euskeraz, bueno gainera ni nire eskolan ere ba B eredua zen eta gehienak… nire klasean ni eta beste bat ginen etxetik euskaldunak, ordun giroa oso erdalduna zen. Eta ordun kanpora jun kalera eta akortzen naiz ez ba ni ere erderaz, lehenengo hitza, bueno, beti lehenengoa eta bigarrena… eta nik uste dut dela hori, gurasoek ere beti hori egiten zuten, eta nik berdin eta gero ya heldututa hasi nintzen konstzienteki konturatzen, aber… klaro, joan nintzen karrerara, han azpeitiarrak, denak euskeraz, beraientzako zen normalena, eta nik ez det saiakera in ber? Aber, aber. Ordun txipa aldatu eta ordutikan denei, berdin du zein aurreiritzi, beti-beti-beti euskeraz. Eta konturatu naiz nere gurasoek ere aldatu dutela ohitura.

Aitor Fernandez de Ortega (Gasteiz, 1973):

-Hasi giñen gure artean hitz egiten euskeraz, baina ziren oso esaldi motzak, oso sinpleak… eta egiten genun euskeraz iñoiz-iñoiz, gero ya sistematizatu genuen, eta egiten genun euskeraz soilik igandetan, baiño igandero egiten genun euskeraz gure artean. Denboraren poderioz, izan zen asteburuetan arreba ta biok gure artean egiten genun euskeraz. Eta gero ya konturatu orduko iaia egunero, baina klaro otorduetan gaztelaniaz, gurasoekin eta aitonarekin gaztelaniaz, gure artean euskeraz, eta erronka izan zen anaia. Anaia Iker, arreba eta biok edo euskeraz, baina Iker anaia ez zen eroso sentitzen, orduan urte batean urte batez aritu gintzaizkion arreba eta biok euskeraz hitz egiten, eta anaiak ulertu bai, gaztelaniaz erantzun, ta orduan ya azkenean bere burua konfidantza nahikoz ikusi zuenean, hasi zen gurekin euskeraz egiten. Gaur egun anai-arreba, eta koinatu koinata ta ilobekin eta bikotekidearekin daukadan harremana da euskeraz. Euskara hutsean.

Andere Arriolabengoa (Aramaio, 1982):

-Kafe ordue beti erderaz zan. Beti. Eta bilera danak erderaz ziren, eta hor egon zan inflesio puntu bat. Ni hasi eta ensegida sartu zien beste pare bat euskaldun edo eta ni bihurtu nitzan apur bat erreferentzia, zenik itten nauen danekin euskeraz, osea jakinde bazakixiela, ni lelengo egunetik hasi nitzen euskeraz jentiaz, eta aillegau zan momentu bat oso era naturalien, kafe-ordue oin euskera hutsez da… bilera danak euskera hutsez diez… egoten bada baten bat ez dana kapaz euskeraz itteko erderaz itten dau baina beste danok euskeraz itten dou. Eta nik uste dot bueno aurrerapauso galanta ein dogula hor, e.

Aitor Fernandez de Ortega (Gasteiz, 1973):

-Tarte txiki batean bat-batean irekitzen da ate bat, ari zara euskeraz pentsatzen eta euskera sentitzen eta euskera… euskeraz amesten eta daukazu nolabait barnean txertatuta, baina bai, da kontu… da abentura bat.

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza