Klase-desberdintasunak

Duela hamarkada batzuk klase-desberdintasunak orain baino handiagoak ziren. Bideo honetan gure aitona-amonek aberatsen eta pobreen arteko aldeei buruz hitz egiten dute, sasoiko diskriminazio-egoerei buruz.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskal Herriko Historia, Balio etikoak

Gaiak: Genero-berdintasuna, Bizikidetza

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak

  • Historia hurbila ezagutu eta gaur egungoa aztertzeko interesa
  • Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Diskriminazio ororekin kritiko agertzea
  • Zapalkuntzaren aurkako jarrera aktiboa azaltzea

 

Bideoa ikusi aurretik

Aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu, bideoa klase-desberdintasunei buruzkoa dela aipatuta:

-Zenbat klase sozial daude?

-Zuen ustez, zuek zer klasetakoak zarete?

-Pobreak eta aberatsak. Zuen herrian ikusten al duzue klase-desberdintasunik? Eta munduko beste toki batzuetan?

-Duela 50 urte, klase-desberdintasunak handiagoak ala txikiagoak izango ziren? Zer iruditzen zaizue?

-Zuen ustez, posible al da klase sozialik gabeko gizartea?

-Hausnartu diruaren eta boterearen arteko harremanaz.

 

Bideoa ikusi bitartean

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu.
  2. Bideoan zehar ulertzen ez dena azaldu, eta behar beste aldiz ikusi. Hiztegi aldetik dituzten zalantzak argitu. Ezagutzen ez dituzten kontzeptuak edo erreferentziak apuntatu.

Euskalkiak ulertzeko arazoak baldin badituzte (Hondarribiko euskara, bizkaiera...), testua banatu daiteke. Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Joxepak bideoan aipatzen du ezin izan zuela mutil-lagunarekin jarraitu, mutilari etxean ez ziotelako utzi, bera baserritarra eta neskamea zelako. Gaur egun ere gerta al daiteke halakorik?

-Pepiri ume "aberatsek" (baloia zutenek) ez zioten uzten eurekin jolasten. Ikusten al duzue desberdintasunik umeen artean gaur egun?

-Hondarribiko arrantzaleak eta baserritarrak "bañisten" txaletetara joaten ziren, arraina eta esnea saltzera. Baina, hala ere, ez zuten apenas dirurik irabazten. "Beti pobre". Zaila al da klasez aldatzea?

-"Pobre jaio eta pobre hil". Zer iritzi duzue elizan, hileta elizkizunetan, egiten ziren diferentziez?

-Ikastetxe batzuetan desberdintasun handiak egiten ziren ikasle "pobreen" eta "aberatsen" artean. Zer iruditzen zaizue ematen zitzaien trataera ("las protegidas", ikasten jarraitzeko aukerarik ez...)?

-Loreak dio "Niños pobres" eguna egoten zela (berari behin hanka bereko bi abarketa eman zizkiotela)... ez al da markatzeko era bat? Gutxiago duenari ematea ondo dago, baina ezkutuan egin beharko al litzateke?

-Ezagutzen al duzue beharra dutenei laguntzen dien elkarterik? Zer egiten dute (janaria eta arropa banatu...)?

-Eta herrialde pobretuei laguntzeko egitasmorik ezagutzen al duzue?

 

Nola neur daiteke pobrezia? Zein dira pobreziaren adierazleak? Kontzeptu batzuk argitu daitezke (ikus adibidez Wikipedian).

"Klase soziala ez dago soilik ahalmen ekonomikoarekin lotuta: pertsona horrek bizitzan izango dituen aukerak baldintzatzen ditu. Era berean, jarrera batzuk, gustu batzuk, hizkera bat eta pentsaera bat ere badakartzala esaten dute".

Egia al da? Hausnartu eta eztabaidatu.

Baserritarrak gutxietsita bideoa era ikus daiteke, garai bateko egoera hobeto ezagutzeko (proposamen pedagogikoak ditu). Etorkinak eta integrazioa bideoa ere aproposa izan daiteke.

Elkarrizketa honetan Adriana Teles brasildarra harrituta agertzen da medikua eta kale-garbitzailea eraikin berean bizi direlako. Artikulua irakurri, eta iritzi-trukea egin daiteke.

 

3. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke, talde txikietan. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo talde bakoitzak proposamenetako bat egin dezake.

 

  • “Gaur egunera begira”. Klase-desberdintasunak eta pobrezia gaur egun Euskal Herrian. Ikerketa egin, eta egoera zein den ezagutaraztea proposatzen dugu. Banaka edo binaka egin daiteke, eta hainbat ildo jorratu daitezke, ikasleen interesen arabera.

 

Nondik nora jo horretarako? Hona hemen lan-ildo posible batzuk:

  • Pobreziari buruzko datuak eta bilakaera Euskal Herrian. Ikus Gaindegia (Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia). Herriko datuak udaletxean eska daitezke.
  • Beharra dutenei laguntzen dieten egitasmoak (aterpea, jatekoa, arropa...) eta etorkinei zein errefuxiatuei laguntza ematen dieten elkarteak (lege kontuak, lana...): adibidez, Caritas eta SOS Arrazakeria.
  • Bizikidetza bultzatzen duten egitasmoak, esaterako Bizilagunak ekimena, Munduko Arrozak, Aniztasuna ikasgai...
  • Pentsio duina eskatzen dutenen aldarrikapenak eta ekintzak. Zero Pobrezia egitasmoa...Zero Pobrezia
  • Kontsumo-ohitura jasangarriak, bidezko merkataritza, bertako produktuak... multinazionalen aurkako protestak...
  • Etxebizitza-eskubidea, espekulazioa... hainbat artikulu daude sarean arazo horri buruz.
  • Kalean bizi diren pertsonei buruzko datuak. Zenbat bizi dira kalean? Zer perfiletakoak dira?
  • Osakidetzako eta zaharren egoitzetako lan-baldintza duinen aldeko ekimenak.
  • Pandemiaren eragina Euskal Herriko ekonomian.

 

Ikasle (bikote) bakoitzak informazioa bilatuko du interesgarria iruditzen zaionari buruz, eta gero ahozko aurkezpen txiki bat egingo du gelan, aurkitu duena ezagutarazteko. Adibidez, egitasmo bat, artikulu bat... laburbilduta azalduko du eta nondik atera duen esplikatuko du, bere iritzia ematearekin batera.

 

  •  “Mundu zabalean”. Zein da egoera mundu mailan? Zer herrialde dira pobreenak? Zenbat jende bizi da pobrezian? Nola dago banatuta munduko aberastasuna? Baldintza beretan bizi al dira Europan "pobretzat" hartzen ditugunak eta Afrikakoak? Pobrezia egunetik egunera gora doa... zergatik?

mapa bat

 

 

Munduko mapa bat hartuko dugu abiapuntu moduan (hainbat daude, hainbat adierazle kontuan hartuta, munduko egoera erakusten duten mapak. Eguneratutako bat aukeratu; adibide bat). Zein da gure egoera mapa horretan?

Ikasle bakoitzak herrialde bat aukeratu dezake, eta herrialde horri buruz informatu (bereziki ekonomiarekin lotuta). Adibidez, Turkmenistan, Keni

ya, India, Mexiko... Posible da baita ere ikerketa orokorra izatea: mundu mailako datuak lortzea (adibidez, X pertsonak munduko aberastasunaren ehuneko X dauka).

Herrialde pobretuei eta munduko beste toki batzuetan laguntza beharrean dauden pertsonei laguntzeko egitasmoak martxan jartzen dituzten Euskal Herriko elkarteei buruzko informazioa ere bilatu dezakete. GKEak. Adibidez, Zaporeak.  

Aukeratu duten herrialdeari edo GKEari buruz aurkitu duten informazioarekin aurkezpen txiki bat prestatuko dute.

 

  • “Eman iritzia. Handik eta hemendik informazioa jaso ostean, nork bere iritzia sortzea komeni da, eta iritzi hori defendatzeko nork bere argudioak izatea. Atzoko eta gaurko klase-desberdintasunak eta bizitza-maila izan daitezke horretarako gaia.

 

Argudiatze-egoeretan 3 ezaugarri hauek betetzen dira:

  • Egoera/gai bati buruzko ikuspegi kontrajarriak daude
  • Argudiatzaileak jarrera jakin bat hartzen du
  • Jarrera hori defendatzeko arrazoiak ematen ditu

 

Ikasle bakoitzak iritzi-artikulu labur bat idatziko du, hedabideetan agertu ohi direnen estilokoak. Argudiatzeko erabili ohi diren testu-antolatzaileak ezagutzeko, ikus Konbentzitzeko argudiatu sekuentzia didaktikoa; hori bai, hedabideetako argudio-testuek badituzte ahozko testuek ez dituzten ezaugarri batzuk:

  • Hartzailea. Ez dakigu hartzailearen ikuspegia zein izango den, artikulua publiko orokorrak irakur dezakeelako. Salbuespena: "Gutuna zuzendariari" ataleko eskutitzak, pertsona/talde jakinei zuzendutakoak.
  • Ikuspegi kontrajarriak kontuan. Gure ikuspegia argudio sorta baten bidez justifikatu behar dugu, baina kontrako argudio posibleak ere kontuan izanda (eta komeni bada, horiek ere artikuluan aipatuta).
  • Egitura. Artikuluaren egitura inportantea da: argudioek eta azalpenek ondo lotuta egon behar dute. Hurrenkera inportantea da. Hasiera eta bukaera zaintzea komeni da (azken esaldiak/paragrafoak ideia nagusia laburbil dezake).

 

Adibide batzuk ikus ditzakegu (ikus "Iritzi-artikuluen ereduak" dokumentua). Irakurri eta komentatu. Ondoren, ikasleen txanda izango da. Gai bat eta ikuspegi bat aukeratu, eta iritzi-artikulua idatziko dute. Nahi izanez gero, pertsona/talde jakin bati zuzendutako kexua ere izan daiteke. Hona hemen iritzia emateko eztabaidagai posible batzuk:

  • Duela 50 urte Euskal Herrian klase-desberdintasunak handiagoak ziren (ikastetxeetan, garraioetan, elizan...). Lehen agerikoakoa zen beharbada eta orain ezkutukoagoa? Berdina gertatzen al da mundu mailan ala justu kontrakoa (pobre kopurua urtetik urtera gorantz doala diote estatistikek)? Zergatik izan daiteke?
  • Adineko askok diote nahiago dutela lehengo bizimodua oraingoa baino. Orain orduan baino askoz gauza material gehiago izan arren, inoiz ez gaudela konforme eta konformismo maila jaitsi egin dela. Ona al da konforme egotea? Zoriontsua izateko zer da beharrezkoa? Aberastasuna beste era batzuetara ere neur al daiteke?
  • Pentsiodunak gutxieneko pentsio duinaren alde ari dira borrokan, etorkizunean gazteek erretiroa izan dezaten, baina manifestazio horietan gazte gutxi ikusten da. Gazte sozialistek kapitalismoaren aurka antolatu zuten manifestaziora, berriz, gazte mordoa joan zen. Zer gertatzen da?
  • "Bidezko merkataritzaren alde nago, baina batzuetan denda-kate handietan erosten dut arropa edo Amazonen". "Ekologista naiz, baina ez diot uko egiten hegazkinean bidaiatzeari, nahiz eta jakin asko kutsatzen dutela". "Langile klasekoa naizela diot, baina gurasoen kontura bizi naiz". Eman iritzia gure kontraesanen inguruan.
  • Erdi mailako klasekotzat dugu gehienok geure burua, baina, munduko mapa begiratuta, argi ikusten da aberatsak garela. Munduko aberatsenen ehuneko 20aren artean gaude gu ere. Zer diozu horri buruz?

 

Pentsio duinen aldeko aldarrikapena Andoainen.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Pentsio duinen aldeko aldarrikapena Andoainen. (Iturria: Aiurri.eus)

Idatzitako iritzi-artikulua ozenki irakurriko dute ikaskideen aurrean, egindako lana partekatzeko. Ozen irakurtzeko, garrantzitsua da hitzezkoak ez diren baliabideak ezagutzea edo gogoraraztea (erritmoa, isiluneak, tonua, bolumena...). Horretarako, Pako Eizagirreren azalpenak kontuan izan ditzakegu, aditua baita lan horretan (Aittu.eus webgunearen sortzailea da): Testua ezagutu eta barneratu (00:30-01:40).

 

4. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena edo irakurraldia egingo dute ikasleek, gelakideei euren lanaren emaitzak ezagutarazteko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzeakomeni da. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak.

 

Ebaluazio-irizpideak

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

  • Ea gaiak bere interesa piztu duen.
  • Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

  • Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
  • Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
  • Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
  • Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

  • Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
  • Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
  • Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

 

Talde-lanari buruz

  • Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
  • Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.

 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:

  • Ea bideoetako testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.
  • Ea enpatiarik erakutsi duen bideoko pertsonekin.
  • Ea klase-desberdintasunez jabetzen den eta injustiziak atzematen dituen.
  • Ea pertsonen eskubide-berdintasunaren aldeko jarrera argiak adierazten dituen, jatorria eta maila soziala edozein izanik ere.
  • Ea hainbat eremutan (publizitatea, informazioa, txisteak, eskola eta abar) pobreziari buruz ageri diren gizarte-estereotipoak biltzen eta aztertzen dituen (adibidez, ijitoen txisteak).
  • Ea diskriminazioa dakarten estereotipo, aurreiritzi eta rolak baztertzen dituen.
  • Ea diskriminazioaren eta indarkeriaren aurkako jardunak proposatzen dituen.
  • Ea ikaskideekin eztabaidatuz gogoeta egin duen gizarteko maila sozialen inguruan eta eskolan zein gizartean duen ikusgaitasunaren inguruan.
  • Ea diskriminazioa eta indarkeria sustatu eta justifikatzea dakarten estereotipo, aurreiritzi eta rolak gaitzesten dituen.
  • Ea ikerketan informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duen, iturriak bilatzeko orduan.
  • Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.
  • Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.
  • Ea bere iritziak eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.
  • Ea ahozko ekoizpean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den.

Maria Ormaetxea (Elgoibar, 1916):

Markes baten alaba
estudiatua
marinero batekin
enamoratua,
deskubritu gaberik 
beran sekretua,
amoriua zeban
barrena sartua.

Joxepa Arregi (Arrasate, 1919): Ni pobrie nintzonan eta mutille aberatsa, eta ez utsien itxitten niregaz ibiltten. Ni baserrittarra ta kriedia ta bera ofizinistie. Bai, bai. Eta, bueno, etxera juan zanien, ez utsien urteten itxi.

Antoni Elkorobarrutia (Elgeta, 1924): Kaletarrak beste zer bat, ba, hobeto jantzitta edo… basarrittarrak abarkekin be igual ta…

Maria Rosario Mujika (Ordizia, 1934): Baiño ordun, gu txikik giñenen, diferentzi asko iten zan jendei, bai. Pobrek giñenak oso pobrek giñen. Ta aberatsexegoa zana oso aberatsa zan. Osea, diferentzia haundie zeon hortan. Diferentzia haundik itten zien. Oain, Jainkoi eskerrak, ez dao halakoik. 

Pepi Astigarraga (Lasarte-Oria, 1932): “Zuekin ez, zuek pobriak zeate”. Ez gendun ezer, ta atzea. Umiak, umiak umiakin ta holako gauzak. Ez zuen… hola iten zuen ta alde in bezela, pegatuko bagiño zerbait…

Lola Valverde (Donostia, 1941): Trenetan ere bai. Trenian leheno zeuden lehenbizikua, bigarrena eta hirugarrena. Hiru klase trenetan. Eta pobriak, ba, hirugarrenean juaten ziren. Eta askoz merkeago zan billetea. Eta aberatsenak, ba, lehenbiziko klasean. Eta erdizkoak… ba… bakoitza bere lekuan. E?

Gregorio Berrotaran (Hondarribia, 1945): Arrantzalea ere garai haietan oso pobre bizi zan. Ez zeukaten oaingo organizaziorik, eta tresnak ere, txalupak-eta eskasak eta komerik eta abar. Eta hemen, Hondarribin, baserritarran ere bai eta arrantzalea ere bai, biok baliatzen giñan bañistekin. 

Lourdes Sorondo (Hondarribia, 1931): Arraia partitzen ere ibilliketu naiz bañistekin’e bai, udan. Ta horregatik beti pobre. Beti pobre.

Gregorio Berrotaran: Hoiek denak txaletetan bizitzen zian. Ta haien txaletera juten giñan arrantzaleak, oain txipiroiak eta ibiltzen diran bezela arrantzan, —orduan [marea] hori zan, oain jubilatuak iten dutena iten zuten orduan kapazak— eta, villaz villa, aber noiz erosiko, zeinek zer erosiko, eskeinka denak. Eta baserritarrak ere, gu, saiatzen giñan behiak umatzea eta izatea ahal bazan ekain aldera edo, maiatza aldera, ba esne berria izateko bañistak zetozenean. Eta haiek pasatzen zuten hemen ez zortzi egun, igual hiru-lau hilabete.

Lourdes Sorondo: Ematen ziaten duro bat, atsaldia, arraia partitzeko villetara juaten nintzen.

Luis Iriazabal (Hondarribia, 1926): Orduan jendia oso miserable ibiltzen zan ordun, e. Bakizu zer zen? Arraia, arraia ordun ugari zen ta barkuak zien ttikiyak, baina arraia ekarri eitten gendun, nehikua, bueno, ni oiandik gaztia nitzen bainan aitak eta anaiek eta hoiek. Arraia ekartzen zuten ugari, baina transporterik ez zen orduan, eta transportiak ez izatikin ekartzen zuten arraia ez zen saltzen. Ezin zen saldu.

 

Desberdintasunak elizan

Rafael Etxezarreta (Andoain, 1940): Gero, entiarruak´e zian diferentiak. Izaten zian kategorik. Eta, hola, bastante ondo bizi zianak, ba, igual ateatzen zittuen sei-zortzi meza, eta herritako apaizak etortzen zian. Eta haik beti propina ematen zuen; ba, esan deana, pezta bat o ematen zuen. Eta, karo, ordun kategoriya zan, segun zenbat meza ateatzen zian, ba, “halako entiarrua in diyue” ta.

Juan Egaña (Zumaia, 1932): Iten zan “primera”. “Primerísima”. “Primerísima” izaten zan aberatsa tipo ya… izugarridxa. 11etan izaten zan hua. Eta mezak egoten zian, altare danetan mezak. Eta akabatzen zuenean meza bat, beste meza.

Rafael Etxezarreta: “Primera”, “segunda” ta “tercera” zian, bai. 

Juan Egaña: “Primera”k eta hoidxek zian, bueno! Izugarridxak! Ya… nola esaten da, aberatsak esateko mouan. Ta, guk, gure famili dana, danak “segunda”ko entierruakin jun dia danak haixek´e. Jende normala ibiltzen zana dana “segunda”kua. Normala, entierro normala.

Rafael Etxezarreta: “Tercera”kua zana, ba, juxtu-juxtu alleatzen zan batena zan eta, ordun, eguneroko meza bezelaxe eman lehenbailehen, ta etxea. Baiño “segunda”kuak ya bazittun hiru meza uste det zittula “segunda”kuak. Eta hirutik aurrera ya “primera”kua ta hiru apaizekin, kantuakin ta ya… osatua.

Felix Ajuria (Arasate, 1924): “Tercera”kuek ixaten zien abade batekin. [Eta “tercera”kuek zer, herriko pobriek?]. Pobriek, pobriek, klaro, pobriek. Ze klasismo egoten zan, e? Joe. Eta kanpaiek! Kanpaiek danak “al vuelo” joten zien “primera”kue zanien. Ta “tercera”kue zanien, tilin-tilin-tilin.

Migel Urdanpilleta (Hernani, 1935): Apaizai “avemariapurisima” ta eskuan muxu eman. Gu gosiak amorratzen ta etxian zian esnia ta talorik hoberena ta txorixua, txerria hiltzian, haik apaizantzako. Bai, haik txorixua ta jan ta… gero “pobriai lagundu bihar zaio”, ta “pobreza” ta “pobreza”… baiño beak aberats bizitzen zian, e!

 

Desberdintasunak eskolan

Koro Gorostidi (Donostia, 1944): Baiño geo zen bi eskola edo: bat zan kolejiyua, esate baterako, aberatsena, eta bestia zan pobriena. Eta gu joaten giñan pobriena. 

Carolina Bikondoa (Donostia, 1938): Uniformeak eamaten zittuen aberatsak. Bi alde zeuden hor. Gu pobriak eta… bai, bai.

Pilar Ormazabal (Zumarraga, 1932): Gu pobrek giñen ta batzuk ordun uniformekin juten zien. Batzuk juten zien uniformekin, baiño gu ez giñen uniformekin jun.

Maria Dolores Basterretxea (Gernika-Lumo, 1933): Esate baterako, gu jueten giñan uniformiegaz, eurek ez, eurek euren erropakin. Gero, kapillen, gu paretan giñen aurreko bankuetan eta eurek atzenekoatan. Distinziño handixek horretan, holako gauzetan. Guk euki gendun jai egunetarako-ta, egunaro geure mantillia eruaten gendun, baia jai egunetarako, euki genduzen belo zuridxek, e? eta eurek ez, eurek euren mantilliegaz.

Enkarni Genua (Donostia, 1942): Aberatsak ziren “las señoritas” eta gu giñen “las protegidas”. “Las señoritas” Batxillerra ikasten zuten. Eta gero, eskolatik atera ondoren, joan zitekeen unibertsitatera, edo ez jun, edo… baina bazaukaten titulo bat. Guk “cultura general” ikasten genuen, bainan titulorik gabe, zeren monjaren ustez –edo behintzat horrela esaten zuten–, eskolatik atera ondoren joan behar genuen eskailerak garbitzera, edo, bestela, ezkondu senar on batekin. Eta kitto. “Señorita” bakoitzak zaukan bere kargu, osea, “para proteger”, ikasle bat eta, ordun, hillean behin etortzen ziren patiora. Hor egoten giñen “las pobres”, danak, horrela, lauki batean, eta etortzen ziren “las señoritas”.

Lola Valverde: Txartel bat jartzen zieten hemen gure izenarekin. Osea, esklaba bat bezela. Eta, orduan, zuk jun behar zenun bilatzen zuria: “A! Neria ya aurkitu dut”. Eta, orduan, ematen genion merienda eta pasatzen genun, ba, orduerdi bat edo ordu bat edo ez naiz gogoratzen zenbat denbora neska haiekin hizketan eta hola.

Enkarni Genua: Eta hori umillantea zen. Gurasoek onartzen zuten hori. Klaro, ez genuen ordaintzen eskola eta… pff... etxetik gertu… planteamiento pedagogiko… hor bukatzen zen.

Lorea Amutxastegi (Ondarroa, 1935): Aberatsai igarten gakuen gehixenbat be, ba, maistran tratun. “Según el trapo, el trato” lehena esakeria euan, ta aberatsai-ta beti… txartua indda be “Tienes que corregir, porque esto no se hace así” ta bestiai igual “¡Esto está mal hecho! ¡A ver cuándo apendes!” ta holakoxe… Nahi deutsut esan, tratue berak erakusten dau. Gero, zeuk be badakixu, aberatsak, armadorin alabak edo… armadorik edo… A edo B edo… beti egoten di diferentzixak, bai.

Mertxe Pagoaga (Lekeitio, 1929): Harek zirin señoritak, harek, bata zuridxakin ta. Ta “con flores a Maria”, maiatzian ixaten zan, ba, konpañian. Ta gu egoten giñien alde batera ta goikuek juten zirien loratxuekin, bata zuridxakin… Beti haretxen inbididxian inbididxiaz ezin egon. Esaten gendun: “hauxe, beatu, e…”. Halakoren baten bat gaixotu zan ta ipini nabe neu. Pentsa neban Amabirjiñia nazela, harekin lorakin, han neure burue ikusi nebanin bestikin, iñon bata zuridxaaz juten… “Ay, la mujer más feliz”. Haxe zan gauzia politta: Amabirjiñiari neuk harek lorak eruten. Ta halantxe izan lehengo kontuok.

Lorea Amutxastegi: Gero egoten zan urtin behin “niños pobres”ko egunin, Caritasak-eta batutakuk-eta hantxe emoten eben errekreuan pobriai. Ta gu beti giñanetik pobrik, ba, neri egun baten emon eusten gomia azpixan euken zapatillak –abarketak, baiña azpixan gomiaz, zorozkuk barik– ta bixak hanka batekuk emon eusten. Oseake, nahi deutsut esan, ba… holakoxe kontuk dana, pobrezi.

Lourdes Sorondo: Oso tristia izaten zen ordun. Denbora batian ez zen dirurik eta. Ez zen dirurikan. Oan bezela bizi? Ezta... bueno! Oan erreginak baino hobeto bizitzen gera.

  • Klase sozialak hiru multzotan sailkatu izan dira, arrazoi sozioekonomikoak kontuan hartuta:
    • 1. klasea: klase altua edo goi mailakoa (aberatsak, oso baldintza onetan bizi dira)
    • 2. klasea: klase ertaina (bizitzeko adina badaukate, baina aberatsak ere ez dira)
    • 3. klasea: behe klasea (pobreak, baldintza eskasetan bizi dira)
  • Sailkapen hori zabalagoa ere izan daiteke: sailkapen batzuetan klase ertain-altua eta ertain-behe klasea ere badaude. Horiekin klase sozialak bost izango lirateke, ez hiru. 
  • Klase sozialak bizimodua baldintzatzen du eta baita bizitza-espektatibak ere. Dirurik ez daukanak ez du ikasteko aukerarik eta lanbide zehatz batzuetan egiten du lana (lan baldintza eskasak izateko aukera gehiagorekin). 
  • Klase-desberdintasunak bazterketa ekarri ohi du: aberatsak pobrea gutxiagotzat dauka.
  • Euskal Herrian, beste toki askotan bezalaxe, baserritarrak behe klasekoak izaten ziren sarritan: ez ziren etxejabeak (errenteroak ziren) eta, lan asko egin arren, ez zuten apenas dirurik irabazten. Arrantzaleak ere pobreak izaten ziren. Hori aldatu egin da: baserritar gehienak etxejabeak dira gaur egun. 
  • Klase-desberdintasunak orain baino handiagoak ziren sasoi batean. Gizarteko alor askotan egiten zituzten desberdintasunak: ikastetxeetan, garraiobideetan, elizkizunetan... klase bakoitzak zegokion lekua zeukan, ordaintzeko gaitasunaren araberakoa. 

 

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza