Mendebaldeko euskara

Mendebaldeko euskalkia da bideo honen oinarria (bizkaiera bezala ere ezaguna, bereziki Bizkaian hitz egiten delako). Hainbat hiztunen testigantzak batu ditugu, bizkaieraz eta bizkaierari buruz hizketan.

Mailak: DBH

Proiektua: Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta literatura

Gaiak: Euskara

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

"Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan" proiekturako prestatutako bideoa, DBHrako, Euskara eta Literatura ikasgairako. 

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

-Garai bateko pentsaera ezagutzeko interesa

-Adinekoen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea

-Herri hizkerak ezagutu, erabili eta balioesteko gogoa

-Euskalkien aberastasunaz jabetu eta haien erabilera sustatzeko nahia

 

Bideoa ikusi aurretik

1-Gaiaren aurkezpena egingo du irakasleak. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu. 

-Mendebaldeko euskara, bizkaiera bezala ezagunagoa. Non hitz egiten da (Bizkaia, Araba, Gipuzkoa)?

-Ba al zenekiten hiztun gehien eta hedadura zabalena duen euskalkia dela?

-Zein iritzi duzue bizkaierari buruz (ulerterraza/ulertzeko zaila, polita/itsusia…)?

-Jarri adibide bat bizkaieraz: esaldi bat edo hitz batzuk esan. Zein dira ezaugarri nabarmenenak, zuen ustez? Gai zarete bizkaiera imitatzeko (bizkaieraz hitz egiten ez duten ikasleentzat)? Saia zaitezte!

 

Bideoa ikusi bitartean

1-Aurre-ezagutzak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen. Bideoak hiru zati ditu; osorik ikusiko dugu, eta zatika ere bai ondoren.

2-Euren arreta erakarri duten pasarteak gogoan hartu.

3-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez, “berba” (hitza), “gatxa” (zaila), “barixakua” (ostirala), “egueztena” (asteazkena), “eguena” (osteguna), “beroideki” (beroiei, haiei), “amuma” (amona), “txarto” (gaizki), “giputxak” (gipuzkoarrak)…

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari etekin guztia ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

1-Ulermena ziurtatu. Zalantzak argitu.

2-Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, denok elkarrekin. Hona hemen horretarako balio dezaketen galdera batzuk:

-Gustatu al zaizue bideoa? Zatiren bat besteak baino gehiago gustatu al zaizue? Gertuagokoak al dira zuentzat gazteen testigantzak adinekoenak baino ala denak berdin?

-Ulermen arazorik, bizkaierazko bi zatietan? Zergatik?

-Nongoak dira bizkaieraz hitz egiten dutenak? Berdin hitz egiten al dute denek?

Atalez atal joan gaiztezke gero, pixka bat sakontzeko. “Adinekoek euskararen egoerari buruz, bizkaieraz” atalari dagokionez:

-Euskararen egoerari buruz hitz egiten dute adinekoek. Berria ala ezaguna egin zaizue kontatzen dutena?

-Ezagutzen al duzue antzeko egoerarik?

Gipuzkoar batzuen iritzia, bizkaierari buruz” atalaren gainean:

-Ados al zaudete esaten dutenarekin (bizkaiera ulertzeko zaila dela) ala ezagutza falta ikusten duzue testigantza horietan?

Bideo labur hau ere ikus dezakegu, bide beretik doana, aurreiritziei buruz hausnartzeko: Euskalkiak

 “Gazteen iritzia elkar ulertzeari buruz, bizkaieraz” atalari buruz:

-Zein da zuen iritzia? Zer nolako harremana duzue beste euskalki batzuekin? Kontatu zuen esperientziak, elkar ulertzearekin lotuta.

-Zuen ustez, batuak zenbat eragiten die euskalkiei? Euskalkiak aldatzen ari al dira? Hala baldin bada, hori zer da: ona ala txarra? Abantailak eta desabantailak aipa ditzakete.

Kataluniatik etorri eta bizkaiera ikasi” atalari buruz:

-Zer iruditzen zaizue Jordi Serra katalanaren erabakia? Euskara irakaslea da orain, Gasteizen.

-Batuan hitz egiten hasten da. Igartzen da noiz igarotzen den batutik bizkaierara? Zuei erraza egiten zaizue errejistroz aldatzea? Berdin hitz egiten al duzue inguruan dituzuen guztiekin?

 

3-Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Hiru adibide (ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere; posible da bat baino gehiago egitea):

  • Zu zeu elkarrizketatzaile. Ikasleak kazetari bihurtuko dira, 2-3 pertsonako taldeak osatuta (zozketa bidez erabaki daiteke). Herritarrek herriko euskalkiari eta gainerako euskalkiei buruz zein iritzi duten jakitea izango da helburua (bertako euskalkirik ez badago, euskalkiei buruzko iritzia jaso). Herriko adinekoek zein gazteek. Lehenengo, galdetegi txiki bat prestatuko dute denek elkarrekin, talde guztiek gauza bera galdetzeko. Elkarrizketak bideoz egitea komeni da, gero ikaskideekin partekatzeko, eta elkarrizketatuarekin argazki bat ateratzea ere ondo legoke. Grabazioaz gainera, elkarrizketatuaren datu batzuk ere jasoko ditugu: izen-abizenak, jaioteguna, biografia laburra. Elkarrizketak egin aurretik, jarraibide orokor batzuk ematea ere komeni da. Lana egindakoan, talde bakoitzeko kideek aurkezpen txiki bat egingo dute, grabazioa erakustearekin batera prozesua azaltzeko. Aukera bat: jasotako testigantza guztiekin ikus-entzunezko bat prestatzea, gero herrian ezagutarazteko. Argazkiak, marrazkiak eta musika ere sar ditzakete (horretarako, ikasleei bideoak editatzeko programaren bat erabiltzen erakutsiko zaie, eta ereduak eman).

  • Hitzen arrastoan. Bizkaieraren ezaugarriei erreparatuko diegu orain. Testua banatuko diegu ikasleei (ikus “Testua” atalean), eta mendebaldeko euskaraz dauden ataletan euskalki horren ezaugarriak zein diren aztertuko dute. Talde txikietan egingo dute lana, eta ondoren partekatu. Bizkaieraren ezaugarrietako batzuk zein diren ikus dezakegu lehenengo, lana errazteko: Mendebaldeko euskara. Ondoren, taula hau ere baliagarria gerta dakieke:

 

Mendebaldeko euskaran

Nola da euskara batuan?

Lexikoa

 

 

 

 

 

 

 

Aditza eta morfologia

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Fonetika (bideoa berriz entzun)

 

 

 

 

Sintaxia

 

 

 

 

 

  • Testigantza bila. Ahotsak.eus webgunean testigantza mordoa dauzkagu bizkaieraz. Ikasleek testigantza bana bilatu beharko dute webgunean (banaka edo 2-3 laguneko taldeetan). Nahi duten herrikoa izan daiteke, baina testigantza polita izan dadila, gai interesgarri bati buruzkoa. Transkripzioa daukan bat aukeratu dezakete, errazagoa gertatzeko. Zer egin ondoren? Minutu bat aztertu, eta euskalkiaren ezaugarriak identifikatu (aurreko taula erabil daiteke). Ikaskideei egindako lanaren berri emango diete, ahoz. Lehenengo, bideo pasarte hori zergatik aukeratu duten azalduko dute, gero bideoa ipini, eta identifikatu dituzten ezaugarriak zeintzuk diren esango dute.

 

4- Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena/azalpena egingo dute ikasleek, gelakideei beraien lanaren emaitzak ezagutarazteko. Horiek bideoz grabatzea interesgarria izan daiteke, irakasleak ez ezik ikasleek beraiek ere baloratu ahal izateko. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (horretarako, baliagarri gerta dakizkiguke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak).

 

Ebaluazio-irizpideak:

Ikasleen autoebaluaketa. Ikasleek beraiek autoebaluaketa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde dinamika ala arazoren bat izan duen.



Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio irizpideak:

-Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak

- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin

- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak

- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean

- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean

- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen

- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen

- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia

- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak

- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen

- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen

- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei

- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean

- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen

- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan

- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen

- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan

- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen

- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…)

- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena

- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak

- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen

Adinekoek euskararen egoerari buruz, bizkaieraz

Mertxe Pagoaga (Lekeitio, 1929): Baina ordun erderaik ez gendun eitten, e. Gauzarik dan modura. Ni neu etxian, hamen be, gurian erderarik e… pentsa be ez ganera. Oseake dana… dana euskera.

Lorea Amutxastegi (Ondarroa, 1935):  Erderaz ikasi?  Ja jai… ondo ikasi be! Berba kilokuk ta ikasi genduzen guk, berba gatxak be ederto ikasi genduzen guk erderaz. Jajaja Bai, eskolan dana erderaz.

Patxi Etxaburu (Ondarroa, 1939): Danak zien erdaldunak, eta guk erderaz ez gekixen ixebe. Eta gero, ba ein bihar izaten genun, han ikasten gendunin, burun sartu, graba burun, graba itten gendun eta ez gendun ulertzen izebez. Hoixe zan gure eskolie.

Andresa Garate (Ea, 1936): Dana, dana erderaz, ez oskun itxitzen euskeraz itten eta pagau in biher ixeten genduan, euskeraz topatzen botsuen berbetan. (A bai?) Kendu itten oskuen dirue! Zentimo… ez zan izengo gauza haundixe, baia kendu itten oskuen dirue.

Maria Jesus Lopez de Bergara (Legutio, 1940): Juan nitzenien etxera, juan nitzen eta: “Ama, niri eztaiztazu eiñ euskeraz, ze esan daue han, Burgalesenian, garela tontuek, euskaldunak garela tontuek ta ez dakit-zer ta badakit-zer”. Nire amak… begi batzuk ifini ostezen ta: “E? Eurek agintzen dauie kalien baina nik etxien, ta zuk etxien ingo dozu euskeraz, ta kalien ein biher badozu, ingozu erderaz. Baina etxien euskeraz ingozu!”. Ta holakotxe kontuak pasetan gebazen, e.

Lucia Farras (Bergara, 1926):  Eskoriatzakua zan baina… berak euskeraz itten zeban oso ondo baina etxakon gustatzen! Beti esaten zoskun: “Erderaz ein biha da, erderaz eiñ biha da”. Bera horretxekin juan zan Vitorixara, huraxe ikastera ta, basarrittik, bialdu i zeben ba… a aprender castellano.

Maria Luisa Olaeta (Gernika.Lumo, 1926): Euskeria da gauzerik ederrena ta emoten doskuna zer garien: gure nortasune euskeriak emoten dosku. Euskeriek. Nungoa zara zu? Ba hangoa, euskaldune. Bueno, ba euskaldune. Ni ez naiz lotsatu inoz, e! Baie Gerniken bai egoan...

Gipuzkoar batzuen iritzia, bizkaierari buruz

Migel Urdanpilleta (Hernani, 1935): Leno Bizkai aldi hortan izugarri diferente hitz egiten zan. Oaindikan eongo dia, baina ni tokatu naiz… Bizkaira, Bilbora junda, euskeraz ezin entendittu ezin eta erderaz esplikatzeko esan niyona.

Joxe Iraola (Andoain, 1933): Ta Bizkaia aldera, berriz, zea, guk ez deu erdiya konprenitzen.

Tomas Arrastoa (Amasa-Villabona, 1925):  Ta haik gukin, guria bai, haik guria entenditzen due, baino guk haiena… zeagua da, rapiduagua ta… diferentia.

Maite San Migel (Zumarraga, 1930): Izeba bat, oindio bizi da gainera, Elgetakoa, eta klaro, esnea eamaten giñon. Ai, esan amandreai zea, barixakua ta egueztena ta eguena ta… Ez giñon entenditzen tutik.

Kontxi Mendizabal (Hondarribia, 1936): Bizkaitarrakin nik ez diotet deus e… zergatik iten dute hola bizkaitarrak? Joba… Hoiki bai ez zaiotela entenditzen, e!

Delia Huizi (Andoain, 1928): Han oso txip-txap-txop erdizka, ezer… ez euskeraz ez erderaz. Bai, egiya, e!

Kontxi Mendizabal (Hondarribia, 1936): Baino radiotik eta hala ere… jolin, oi, ze zaila den beroidGazteen iritzia, elkar ulertzeeki entenditzen, bai, bai.

Delia Huizi (Andoain, 1928): Han beste euskeraz hitz egiten da, Gernikan ta hola. Ezta… Hola, oain, mantso iten badue, entenditzen zaizu.

Joxe Gaztelumendi (Errenteria, 1925): Gu soldaduskan gaudela, e, bizkaitarrak zian asko. Nik haien euskera segittun ikasi nun. Eta euskaldunakin era batea iten nun, ta haiekin bestera. Eta geo naparrak e bazian, ta ez zen horren berdina re, e! Baino arazoik ez zeon.

Gazteen iritzia elkar ulertzeari buruz, bizkaieraz

Andere Arriolabengoa (Aramaio, 1982): Ta nik uste dot be bai dala… guk gure, osea, guk bizkaieraz itten doula baina gero batua ikasten dogula osea gure… eskolan, eta askotan lanien eta be batua ibiltten dogula, eta horrek, osea batuak, forma asko dauko gipuzkerakuek be bai, eta horrek errezten eskule, bizkaieraz itten dogunoi, gero gipuzkeraz ittie, ez? Eta kontrara, gipuzkuarrak ez daukie... ez daue bizkaierako... ez daukie holako kontaktu zuzenik edo ez dakit zelan esan.

Irati Seijo (Lekeitio, 1992): Nik, akordaten naz ba ya… ba igual ikastolan guk batuan eragin haundixa euki dogula… igual amumari berbetan, eta amumak ez eustan ulertzen. Osea, amumak esaten eban: “Eske zuk ez dozu nere modun berba itten”, ta nik lekittarrez itten dot berba, baina ya… dauz hitz asko… Ba igual oin konszientiau naizelako baia txikittan jun amumana ta neure hizkeran, baina klaro, nik batuen eragin asko, ta aittak esan: “Irati, hitz hori ez esan amumari ze ez dotsu ulertzen. Edo esan hola”. Adibidez, ‘txukun’. Ba ‘txukun’, ‘txukun’ ta ‘txukun’ beti... gutzako beti ‘txukun’ ‘garbixe’ ez-dakit-zer, baia berez Lekitton ‘txukuna’ kontrakua da, osea da: ‘zikiña’... ta ordun amumari “txukun-txukun” ta klaro, amuma ya...

Andere Arriolabengoa (Aramaio, 1982): Kontauko dot anekdota bat, izenik ez noie esaten, baine Zarauzko euskal jai batzutan e… Gipuzkoako bertsolari batekin juntau nintzen, eta ez gitzen elkar ulertzen. Bueno, egixe da ordu txiki...

Manex Agirre (Aramaio, 1982): Bai, kalimotxo batzuk edanda!

Andere Arriolabengoa (Aramaio, 1982): Baina… ez, ez gitzen elkar ulertzen, eta orduen in geben trato bat eta zan: berak bizkaieraz ingo euela eta nik gipuzkeraz, holan elkar… ezagutze o ulertarazteko. Eta… eta bueno, txarto ez zan urten esperimentue.

Manex Agirre (Aramaio, 1982): Ondo? Orduan bai ulertu?

Andere Arriolabengoa (Aramaio, 1982): Bai!

Ander Goikoetxea (Lekeitio, 1990): Hizkeria aldatze hori nik ein bihar dot igual udalekutan, Goñira, euskal udalekutan juten nazenian, ba… umiakin berba itteko, gehixenak giputxak badira ta hori, ba euskera batuan iñ bihar izaten dot berba, eta bueno, nik hori personalmente nahiko natural eruten dot hizkeria aldatzeko... osea, euskera batua berba ittia nahiko natural eruten dot. 

Andere Arriolabengoa (Aramaio, 1982): Bueno, bizkaittarren artien be bai, e. Nik gogoratzen dot nire klaseko lehenengo egunien lekittar bat auen... bueno, hasi zan berbetan, eta iñok etzauen... osea, eta ni Bilbon... osea, etzauen iñok ulertzen! Kostau jakun... bera be bai, moldatu in bihar izan eban... berak be moldatu in biher ixen eban apur bat bere euskerie, bestiok ulertu ahal izeteko, ze bestelan ezinezkue zan!

Andere Gonzalez (Getxo, 1988): Igual Iparraldien bai euki dot arazue eta ulertzeko… ostras.

Garazi Lopez de Uralde (Getxo, 1988): Bueno, baina hor bion partetik ba pazientzia apur bet edo lasaitasuna, ze azken fiñean ba beittu, danok gabiz euskaraz berba itten, ba jarri zuk zeure partetik be bai ta...

Andere Gonzalez (Getxo, 1988): Bai, bai, bai. Klaro baietz.

Garazi Lopez de Uralde (Getxo, 1988): Ta moldatuko gara. Azken finean... Bai Iparralden bai Ondarrun, berdin dost.

Manex Agirre (Aramaio, 1982): Ni personalki… ez jat, ez jat pasau inor ez ulertzie. E, aber, iguel Anderek esan dauena bai da egixe, ez? Baten bat etorten bada eta bruan! Eta zu, gainera, harrapatzen baldin bazaittu preparau barik, ez? Ba esaten dozu: “Ostia! Esan berriro mesedez, ez?”.

Garazi Lopez de Uralde (Getxo, 1988): Ez dot esaten batua erabiltzea, osea diñot bakoitzak bere hizkuntza edo euskalkia apur bat moldatzea, besteari lana errazteko. Ez, nik be ez dot… batua erabiltzearena pues… aberasgarriago da, nire ustez, bakoitzak berea erabiltzea.

Manex Agirre (Aramaio, 1982): Bai, bai, pasetan da, ta hori nik uste dot konplejo barik onartu biherra daukule. Ba batzukin lehelengo zeran, lehenengo bueltan zaile dala; bigarren bueltan esango nauke ya problemarik ez dauela, ze zuk jartzen badozu zure aldetik eta berak be bai, batuara juan barik, ez dau biharrik, ba ez dau problemarik, nik uste.

Garazi Lopez de Uralde (Getxo, 1988): Erritmoa moldatu, ta ez dakit… hobeto ahozkatu... jajaja apur bet lasaiago.

Andere Gonzalez (Getxo, 1988): Intentzioa jartzea.

Garazi Lopez de Uralde (Getxo, 1988): Bai, bai. Jarrera kontue da, ez dakit.

Kataluniatik etorri, eta bizkaiera ikasi

Jordi Serra (Girona, 1976): Hasiera batian, euskaldun berri guztiok bezala, ba hoixe: euskara batuarekin hasi nintzan, eta oso gustora, e. Hizkuntza batua da hizkuntza bat oso oso politta eta niri asko gustatzen zaidana. Eta, jakina, Bizkaia aldean ikasi nuen, eta nik banekien Bizkaia aldean ba euskalki bat zegoela eta bizkaiera zala eta nahiko berezixe, ez? Orduen eta, klaro, lagunek ere ba hitz egiten zuten euskalki horretan. Orduan, gogoratzen dot ba deskubritu nuenian, nere buruari esan niola ba euskalki horretan ere ba egin behar nuela nik, ez? Eta orduan bai, hasi nintzan ba bizkaieraz berba itten, eta hango ezaugarrixek eta ikasten eta lagunek-eta asko lagundu ostien ba hizkuntza hori bere ba ikasten, ez? Eta bai, gaur egun bere ba eurekaz batzen nazenean ba bizkaieraz eitten dot, edo behintzat saiatuten naz eurek eitten dabien modure ba neu bere eitten ta, ezta? Ta oso politte da, oso hizkuntza… oso euskalki politte ta… ez dakit, emankorra. (Hori ze ikasi zeben, zure kabuz, lagunekin berbetan?) Bai, e, bizkaiera batez bere baserrixen ikasi neban, e. Bai, gogoratzen dot Bizkaiko lagunak ezagutu nebazanin, ba baserrira eraman nindutela eta eurekin ba hoixe, baserrixan ibili nintzala, gora ta behera ta lanak itten ta… hau ta beste, eta orduan eurekaz ikasi neban, bai. Eta batzutan euskara batuan banekixena esaten, ez? Ba galdetu itten notsien: “Ta hau bizkaieraz zelan esaten dozue? Eta berba hau barik beste hau erabilten badot?”. Eta bueno, matraka emon notsien… dexente, e. Baina azkenian ba bizkaiera ere ikasi ta, edo behintzat bizkaierara hurbiltzen dan ba mintzaira moduko bat, eta bueno, ba oso pozik, bai.

-Mendebaldeko euskara (bizkaiera bezala ezagunagoa) euskararen bost euskalki nagusietako bat da, hiztun gehien dituena, hain zuzen. Bizkaian ez ezik, Araban eta Gipuzkoan ere hitz egiten da. Hiru azpieuskalkitan bana daiteke, zonaldearen arabera.

-Bizkaiera euskara batutik gehien desberdintzen den euskalkietako bat da (zubererarekin batera). Batua sortu zuten garaian, kexa eta ika-mika ugari izan ziren, soka luzea izan zutenak. Gaiari buruz sakontzeko, ikus bideo hau (proposamen pedagogikoak ditu):

-Bizkaiera batua ere badago. Bizkaian hainbat tokitan erabiltzen da gaur egun ere: komunikabideetan (Bizkaia irratia edo  Bizkaie agerkaria, toki komunikabideetan…), literaturan, zenbait euskaltegi eta ikastolatan (Begoñazpi kasurako), erakunde batzuetan (Mungia edo Galdakaoko udaletan adibidez)...

-Euskalkiekin lotuta, beste bi bideo ere baditugu, proposamenekin:

-Euskalkia etxeko eta kaleko euskara izan ohi da, belaunaldiz belaunaldi transmititzen dena. Tokian tokiko euskara ez da hezkuntzan modu iraunkor eta planifikatuan irakasten. Euskalkiak hizkera informalarekin lotu ohi dira eta batua, berriz, hizkera formalarekin. Bakoitza noiz eta nola erabili ez dago, ordea, beti hain garbi. Gazteek euskaraz adierazkortasun falta dutela ere esaten da, eta horrexegatik jotzen dutela erdarara. Batzuen ustez, euskalkiak eta herri hizkera ikastetxean ere landu behar dira, jardun formala zein informala, eta ahozkoa bereziki.

-Hizkera informala edo lagun arteko euskara lantzeko, beste bi bideo dauzkagu prestatuta, euren proposamenekin:

Utzi zure ekarpena