Potxoloka

Intxaurrekin, urrekin edo kanikekin egiten zuten jolasa. Potxolo bat edo zulo bat egin, eta bertara jaurtitzen zituzten.

Mailak: LH, HH

Proiektuak: Aretxabaletako Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas

Gaiak: Jolasak

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

Jolas hau Aretxabaletako Kurtzebarri ikastetxean landu zuten, LHko 4. mailan, baina ume txikiagoendako ere egokia da.

‘Potxoloa’ lurrean egindako zulo bat da. Lehendik hor zegoen zuloren bat ere ‘potxolo’ moduan erabil daiteke. Intxaur eta hur sasoian, umeek ‘potxolo’ bat egiten/bilatzen zuten, eta hara jaurtitzen zituzten.

Zer behar da?

Potxoloka intxaurrekin, hurrekin, kanikekin, gerezi hezurrekin… borobilak diren objektu txikiekin jolasten da. Txapela ere erabil daiteke zulo moduan.

Nola jolastu?

Potxoloka jolasteko hainbat modu daude. Sinpleenetako bat intxaurrak/hurrak kaniken pare erabiltzea da, eta lurrean egindako zuloan sartzen saiatzea, hatzarekin bultzatuta. Sartuz gero, beste jokalari batzuei bidean geratutako intxaur/hurrak irabazten ditu.

Guk beste jolas bat proposatzen dugu hemen, pixka bat konplexuagoa, Elorrioko Pantxi Treviñoren azalpenak aintzat hartuta:

1- Txapel bat erabiliko dugu “potxolo” moduan; lurrean jarriko dugu txapela, eta hurrak bertara jaurti. Txapelari zaku forma eman behar zaio, hurrak errazago sar daitezen.

2- Jokalari denek hur kopuru bera izango dute hasieran: adibidez hamalau hur. Nahi beste jokalarik parte har dezakete.

3-Txandaka jaurtiko dituzte hurrak jokalariek potxolora (aldiko hustu egingo da). Hurrak esku bakarrarekin jaurti behar dira, eskukada batean. Ez da beti hur kopuru bera jaurtiko. Hauxe izango da araua: ‘potxolo’-ra pareka sartu behar dira hurrak (2 edo 4); bestela, jokalariak bi hur galduko ditu (poltsa batean sar ditzakegu). Lehenengo, bi hur jaurtiko dituzte jokalariek. Gero hiru, ondoren lau… Bostrera iristean, berriro birekin hasiko dira. Jaurti aurretik, abisua emango dute:

Bi-bi! (2 hur sartu behar dira potxoloan)

Hiru-hiru! (2 sartu behar)

Lau-lau! (2 edo 4 sartu behar)

Bost-bost! (2 edo 4 sartu behar)

4-Jaurti beharreko hur kopurua ez duen jokalaria erretiratu egingo da. Jokalari bakarra geratzen denean amaituko da jolasa: hura da irabazlea, eta baita hur gehien dituena ere!

Partaide kopurua (gutxienez): 2

Intxaurrak eta hurrak kaniken aurrekariak dira. Sasoi batean umeek hainbat jolas egiten zituzten intxaurrekin eta hurrekin, haiek jaurtita.

“Arraka” zen jolas sinpleena; bi lagun eta bi intxaur aski ziren jokatzeko: batek bere intxaurra/hurra ahalik eta urrutien jaurtitzen zuen, eta besteak berearekin jo behar zuen intxaur/hur hura; ‘arra’ bateko distantziaren barruan (eskuak zabalduta duen neurria, horixe da ‘arra’) geratzen badin bazen ere balio zuen (ez zuen intxaurra/hurra lortzen, baina bai puntu bat. Intxaur/hur batek 3 puntuko balioa zuen). Irabazten zuena intxaurrekin/hurrekin geratzen zen.

“Potxoloka” kanikekin ere jolas daiteke edo fruta hezurrekin. Baina horiek ezin dira jan, eta intxaurrak eta hurrak bai! Intxaurrak tamaina antzekoa izatea komeni da, eta ez izatea oso handiak.

Jolas honek hainbat izen ditu, herrian herri:  potolopotxolatxolopotxibotxopotxotxitxilinpotxotxikotxa... Eskoriatzan potxolo jaso dugu, potxoloka jolastea. 

Bideoan ageri diren adinekoak: Rufino Segura (Eskoriatza), Jesusa Akarregi (Lekeitio), Luis Aranzabal (Bergara), Benigna Sarasketa (Eibar), Josefa Iparragirre (Antzuola), Pantxi Treviño (Elorrio)

Urtxintxa Eskolakoek “Botxo” jolasa proposatzen dute.

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza