Txantxibiri edo txantxurrillo

Kanta tradizionala, besteak beste sokasaltorako erabiltzen zena.

Mailak: LH, HH

Proiektuak: Aretxabaletako Udalak babestuta, Eibarko Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas

Gaiak: Kanta-jolasak

5 puntu 5 izarreko maximotik
Iritzi 1 guztira

Kanta-jolas hau Eibarko Mogel ikastolan landu zuten, HHko umeekin, eta Aretxabaletako Kurtzebarri ikastetxean ere bai, han LHko 3. mailan.

Zer behar da?

Soka bat eta leku zabal bat.

Nola jolasten da?

Bi lagunek sokari eragiten diote, eta guztiek batera kantatzen dute. Umeek txandaka egingo dute salto sokan, eta abestia bukatu arte iraun beharko dute saltoka, sokan trabatu gabe.

Beste aukera bat: abestiaren bukaeran “txantxibiri” hitza esatea behin eta berriz, eta sokari azkarrago eragitea, umeak huts egin arte.

Aretxabaletan, jolasa are konplexuagoa egin zuten: une batzuetan umeak makurtu egiten dira. 

Adina:

4-5 urtetik aurrera

Partaide kopurua (gutxienez): 3

Txantxurrillo Kamiñerok / Txantxibiri Kaminok

ez dauka dirurik

Hiru alaba dauzka

ezkondu gaberik

Laugarrena semia

kapote zaharrakin

Konejuba dirudi

bere bizarrakin

Txantxibiri-txantxibiri!...

Abesti hau antzinakoa da eta hainbat aldaera ditu. Herritik herrira aldatu egiten da. "Txantxurrillo Kamiñero" aldaera Tolosan jaso genuen, Maria Eugenia Uriarteren ahotik; sokasaltorako erabiltzen zuten, umetan. Mañariako Luzia Inzunzak, berriz, “Txotxo Arratixako” moduan ezagutzen zuen abesti hori bera. Eta “Txantxibiri Kamino” moduan ere erabiltzen da. Horixe da Urtxintxa Eskolakoek proposatzen duten aldaera: Txantxibiri kamino.  

Garai bateko bizimoduaren isla da abestia. Senide asko izaten ziren etxeetan, eta diru gutxi egoten zen. Aho gehiegi, elikatzeko. Horregatik, garrantzitsua zen seme-alabak ezkondu, eta etxetik joatea (alabak bereziki). Semea izaten zen maiorazgoa, etxejabe bihurtzen zena, eta hari fundamentua izatea eskatzen zitzaion. Burla-haizea duen kanta da, Txantxibiri Kaminori / Txantxurrillo Kamiñerori ez baitzaizkio alabak ezkontzen, eta semeak ganora gutxikoa dirudi (bizarra egin gabe izatea da horren erakusle).

Sokasaltorako beste bi abesti:

Utzi zure ekarpena