Txapa lasterketa

Txapekin jolastea ohikoa zen garai batean. Ibilbidea marraztu, eta lasterketak egingo ditugu.

Mailak: LH, HH

Proiektuak: Aretxabaletako Udalak babestuta, Elgoibarko Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas

Gaiak: Jolasak

4 puntu 5 izarreko maximotik
Iritzi 1 guztira

Jolas hau bi ikastetxetan landu dute: Aretxabaletako Kurtzebarri ikastetxean, LHko 2. mailan, eta Elgoibarko herri eskolan, HHko 5 urteko umeekin.  

Zer behar da?

Klariona, bidea marrazteko, eta botilen txapak. Tabernetan eska ditzakete: tabernariari gordetzeko esan. Garagardo botilen txapak izan daiteke, freskagarrienak… Jokalari bakoitzak txapa bana izango du. Txapak pintatu egin daitezke, “tuneatu”.

Nola jolastu?

1-Ibilbidea prestatu. Txapa lasterketa hasi aurretik, ibilbidea marraztu behar da. Klarionarekin bide bat marraztuko dugu, errebueltak dituena... Hasiera eta Helmuga izango ditu. Ikasleak launada jarri ditzakegu, eta talde bakoitzak bere ibilbidea marraztu dezala, nahi duen bezala. 

2-Jolastu. Jokalari bakoitzak ibilbidearen hasieran jarriko du bere txapa. Nola erabaki nor hasiko den? Zotz egingo dugu.

3-Behatzarekin jo behar da txapa, aurreratzeko. Txandaka jolastuko dugu, aldiko batek, ukitu bat emango dio bere txapari. Ibilbidetik ateratzen dena berriro hasiko da, eta marra zapaltzen geratzen baldin bada ere bai: Hasiera-ra bueltatu beharko da. Beste aukera bat: beste baten txapa joz gero, hura Hasiera-ra bidaliko du. 

4-Helmuga-ra lehenengo iristen denak irabaziko du. 

Ume oso txikiekin bideak zuzena izan behar du, errebuelta gutxikoa, eta zabal samarra. Aukera bat: bi sokarekin egitea bidea (horrela txapak ez dira bidetik hain erraz aterako). Handiagoekin, posible da ibilbidea estuagoa eta zigi-zagatsuagoa izatea. Gero eta trebetasun handiagoa, ibilbidea estuagoa eta konplexuagoa izan daiteke. Posible da bidean oztopoak jartzea ere. Umeen irudimena libre uztea onena.


Adina:

4 urtetik aurrera.

Partaide kopurua (gutxienez): 2

Txapetan batik bat mutilek jolasten zuten lehen. Hondarretan ere egin daitezke ibilbideak. Kanikekin ere egin daitezke lasterketak, baina errazago ateratzen dira bidetik. 

Urtxintxa Eskolakoek ere badute proposamen bat txapen lasterketarako.

Bideoan agertzen diren adinekoak: Felix Barrutia (Eibar), Serafin Basauri (Eibar), Espe Lizarralde (Arrasate) eta Isabel Aranburuzabala (Arrasate). 

Utzi zure ekarpena