Honi buruz

Ahotsak egitasmoaren helburua ahozko ondarea bildu eta erabiltzaileen esku jartzea da. Hasieratik pentsatu dugu jasotako materiala ikastetxeetan oso erabilgarria izan daitekeela, bai hizkeraren ikuspegitik eta baita herriko ohiturak eta historia ezagutzeko ere. Belaunaldien arteko transmisioa egiteko beste modu bat da, azken batean: lehen etxe barruan, sutondoan, egiten zena orain ikasgelan egitea, teknologia berriak lagun hartuta.

Irakasleen eta hezitzaileen aldetik ere interesa nabarmena zen, aspalditik. Batzuek beren kabuz erabiltzen dituzte testigantzak, kasurik gehienetan euskalkiak lantzeko eta aztertzeko. Testigantzak hezkuntzan txertatzeko modu egokia bilatzea, baina, ez da langintza erraza. Webgunean material asko dago, gero eta gehiago, eta itsaso zabalean galduta sentitzen da irakaslea, nondik nora jo ez dakiela. Horrela sortu zen hezkuntzara bideratutako Ikasgelan gure proiektua.

  • Ahotsak.eus webgunean jasotako lekukotasunak egokiak dira haurrentzat?
  • Zer adinetarako?
  • Erreferentziak beharko dituzte? Ulergarriak dira bere horretan?
  • Eta hizkuntza aldetik ere, mugak egongo ote dira?

Galdera horiei erantzun nahian, 2010. urtean proiektu pilotua abiaraztea erabaki genuen, txikia, lokalizatua, eta irakasleen parte-hartze zuzenarekin. Debagoienako bi herritan hasi ginen lehenengo: Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Hurrengo ikasturtean, berriz, baita Debabarrenan ere: Eibarren. Harrezkero, beste herri eta ikastetxe batzuk ere sartu dira proiektuan: Arrasate, Lekeitio, Tolosa, Ordizia, Elgoibar, Pasaia... Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, DBHn eta Batxilergoan, guztietan ari gara probak egiten.

Esperientzia oso positiboa izan da orain artekoa. Emaitzak uste baino hobeak izan dira eta materialaren harrera oso ona (irakasle zein ikasleen aldetik). Hori dela eta pixkanaka sakontzen jarraitzeko asmoa dugu; urrats berriak ematen.

Saiakerak egiten eta metodologia ezberdinak aztertzen jarraitzen dugu. Webgune hau da horren erakusgarri. Proiektua interesgarri egiten bazaizu, jarri gurekin harremanetan eta prest egongo gara gure esperientzia azaltzeko.