Dantzarako aproposa den abesti tradizionala.
Mailak: LH, HH
Proiektuak: Aretxabaletako Udalak babestuta, Eibarko Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas
Gaiak: Kanta-jolasak
Dantzarako kanta hau Eibarko Mogel ikastolako haurrekin landu zuten, HHko 5 urteko umeekin. Eta Aretxabaletako Kurtzebarri ikastetxean ere landu zuten, helduagoekin: LHko 5. mailan.
Nola jolastu?
Umeak biribilean jarriko dira eta dantza egingo dute. “Alpargatak urratuta” kantak bere dantza dauka, eta horixe egin dezakete. Posible da pixka bat moldatzea ere, eta pauso berriak asmatzea.
Aldi berean kantatu eta dantzatzea ez denez erraza, beste aukera bat honakoa izan daiteke: ume taldetxo batek kantatzen duen bitartean, gainerakoek dantza egitea, eta ondoren alderantziz. Horixe egin zuten Eibarren.
Partaide kopurua (gutxienez): 2
Alpargatak urratuta,
zapatarik ez
Ernion gelditu nintzan
oineko minez
Hauxe da nekia
horrela ibiltzia
Zextua ere galdu zaigu
kapoiz betia!
Beste aldaera bat:
Abarketak urratuta
zapatarik ez,
Bermeon gelditu nintzan
oiñeko miñez.
Hauxen dok egia,
zortziko berria,
hiru txikin ardorekin
librako ogia
Donostiako Xerafina Iriartek kantatutako aldaera hau proposatzen dugu. Hala ere, beste aldaera bat ere jaso dugu, ezagunagoa dena. Debagoienan horixe jaso dugu, eta Eibarko Mogel ikastetxean ere horixe erabili dute. Bergarako Paula Alberdik abestutako aldaera hau, hain zuzen:
Abarketak urratuta
zapatarik ez,
Bermeon gelditu nintzan
oiñeko miñez.
Hauxen dok egia,
zortziko berria,
hiru txikin ardorekin
librako ogia
Lezoko Bitoriana Artolari ere oso antzeko aldaera jaso diogu:
Alpargatak urratuta
Zapatarik ez
Erniyon geldittu nintzan
oineko minez
Hauxen duk egiya
Zortziko berriya
Hiru txiki ardorekin
Librako opilla
Hiztegiari eta kantaren esanahiari dagokionez:
-‘Espartinak’ hitza ere erabiltzen da kantaren aldaera batzuetan, ‘alpargatak’ edo ‘abarketak’ esan beharrean. Beste sinonimo bat, alegia.
-Alpargata/abarketa/espartina asko erabiltzen zen oinetakoa zen, sasoi batean. Hori bai, sarritan emakume baserritarrek abarken eta abarketen ordez zapatak ipintzen zituzten, herrira iritsitakoan. Izan ere, mendi bideetan zikindu eta hondatu egiten zitzaizkien, eta txukun egon nahi zuten (mezetara joateko, erromeriarako…). Zapatak aldean eramaten zituzten askotan, beraz. Kantako protagonistari alpargatak hondatu zaizkio, eta zapatarik ere ez dauka.
-‘Kapoiak’ kapatutako oilarrak dira (kapatu ondoren, gizendu egiten ziren); baserritarrek saltzeko eramaten ziztuzten azokara, saskian sartuta. Lehenengo aldaeran Erniora azokara joan den baserritarren komeriak kontatzen dira: oinak urratuta izateaz gainera, kapoiz betetako saskia ere galdu egin du gaixoak.
-“Zortzikoa”. Bertso neurri bat da, zortzi lerrokoa. Kanta hau bertso bat da, bere garaian norbaitek asmatutakoa, eta horrenbestez une hartan “ zortziko berria”.
-“Ardo txikia” kalitate eskaseko ardoari esaten zitzaion, eta baita txikitoari ere. “Hiru txiki ardo” kalitate baxueneko hiru ardo trago izan daitezke, baina baita hiru txikito ere. Prezio horretan saltzen zen kilo erdiko ogia.
-“Libra”. Neurri bat da. Kilo erdi, 500 gr. “Librako ogia” kilo erdiko ogia da.
‘Algargatak urratuta’ euskal dantza bat da, bere koreografia duena. Hona hemen hiru adibide: bat, bi eta hiru.