Amandre Gorringo

Eguraldia iragartzeko jolasa, amona mantangorri edo marigorringo baten laguntzaz egiten dena.

Mailak: HH

Proiektuak: Eibarko Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas

Gaiak: Kanta-jolasak

5 puntu 5 izarreko maximotik
Iritzi 1 guztira

Kanta-jolas hau Eibarko Aldatze ikastetxean landu dute, HHko 2 eta 5 urte bitarteko ume guztiekin.

Zer behar da?

Amona mantangorri bat. Kartulina edo paper gorriarekin egin dezakete umeek, puntu beltzak margotuta.

Nola jolastu?

1- Ume bakoitzak esku gainean papertxo gorri bat jarriko du (amona mantangorri baten itxura baldin badu, hobeto); listu apur batekin itsasi dezakete esku gainera.

2-Kanta kantatuko dute, eta gero putz egingo dute. Papertxoa hegan ateratzen baldin bada, eguzkia egingo duen seinale. Bestela, ba euria dator.

Ume jolas hau benetako amona mantangorriekin egiten da, haiek ustekabean aurkitzean. Ikastetxeetan ez da erraza mantangorriak topatzea eta, gainera, ume hain txikiekin arriskuan egongo litzateke. Horregatik, hobe paperezkoak egitea.

Partaide kopurua (gutxienez): 1

Marigorringo zurigorringo,
bihar zer egingo?
Eurixa ala eguzkixa egingo? 

Amona mantangorrik hegan egiten badu, eguzkia. Ez bada mugitzen, berriz, euria.

Aspaldiko sinesmena da amona mantangorriak eguraldia iragarri dezakeela dioena. Umetako antzinako jolasa animaliatxo hori esku artean hartu, eta eguraldiaren berri galdetzea.

Jolasak hainbat aldaera ditu. Amona mantangorria esku gainean jarri daiteke ala behatzaren puntan ere bai. Kantak ere aldatu egiten dira herritik herrira. Guk jaso ditugunak hauexek dira:

Marigorringo

Marigorringo Zurigorringo, bihar zer egingo? 

Euri ala eguzki egingo?

Arantxa Iregi (Arrasate)

Amona mantangorri
Amona mantangorri, zeruan zer berri?

Zeruan berri onak, orain eta beti!

Aide mantangorri!

Valentina Ugalde (Hernani)

Amandre Gorringo

Amandre-gorringo, eurixa noix eingo?

Gaur eurixe, bixer euzkixe...

Bixente Pagoaga (Arrasate)

 

Amona mantangorriari ere hainbat eratara deitzen zaio. Hona hemen izen batzuk: 
marigorringo, amona gonagorri, katalingorri, marigorri, matxingorri/matxingorringo eta amandre gorringo.

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza