Anbotoko Mari da euskal mitologiako sorginik ezagunena: Anbotoko dama ala “señoria”. Herri askotan ikusten zuten zeruan hegan, gauetan, eta sinesmen asko zeuden harekin lotuta. Besteak beste, eguraldia aldatzeko ahalmena zuen.
Mailak: LH
Ikasgaiak: Euskara eta Literatura, Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen ezaguera
Gaiak: Euskal mitologia, Ipuinak
Proposamena:
-Bideoa ikusi, eta komentatu. Ulertu ez dituzten hitzak azaldu.
-Anbotoko Mariri buruz zer dakiten galdetu.
-Taldeka jarri, eta Mariri buruzko kondairaren bat idatzi; entzundakoren bat izan daiteke ala beraiek asmatu dezakete. Antzeztu ere egin dezakete.
-Etxerako egitekoa: Anbotoko damaren kontuak galdetu, eta hurrengorako ekarri.
Miren Arantzeta (Elgeta, 1921):
- Ene! Gu… Anbotoko señoria zaintzen egoten giñan ez dakit zenbat bidar. Ta igual izarra ikusten giñuan… Badia… egoten dia kometia holan “jjiii” faten dianak? Beti zain egoten giñan. Ta baten ikusi giñuan. Aaa! Guk izarra danik be ez, e! Anbotoko señoria zan ha, e! Bere buztana atzian dabela. Guretako Anbotoko señoria zan ha, e! Bueno…!
Jose Azkarate (Eskoriatza, 1915):
- Hori, Anbotoko señorioi izaten zan… gabetan pasatzen omen zan alde batetik bestera. Horreik, izarra edo hola... Ikusten da ba batzuetan, joaten dala, ez dakit... Bai, bai, bai, hori zan Anbotoko señoria. Joaten zan hemendik, Oriamenditik edo, hortik Anbotora pasatzen zan, ezta?
Maria Etxebarria (Aramaio, 1930):
- Bueno, hori e: gure amak eta esaten ebien: igual e ba izarrak edo argixa edo… eta “han, ointxe pasau da, Anbotoko señoria Anbototik Gorbeixara”. Gorbeixan itten dittu ez dakit zenbat urte, eta orduan itten dau denbora txarra ala denbora ona, ez dakitt, eta bestian bestaldera.
Antonia Madariaga (Mallabia, 1914):
- Anbotoko señorie, aittak esaten oskun. Hoixen urten, eta sue darixola Anbotora juten zala.
Xerafina Iriarte (Donostia, 1932):
- Eta Anbototikan Aizkorrira pasatzen zala, eta gero harea juten zanian egualdi ona o trumoiak edo. Kasketak harrapatzen emen zittun ta!