Arrain saltzaileak Eibarren

Arrain saltzaileak kalerik kale ibiltzen ziren Eibarren. Angulak merke zeuden orduan, eta antxoak sobera; askotan bota ere egiten zituzten.

Mailak: DBH, LH

Proiektuak: Eibarko Udalak babestuta

Ikasgaiak: Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia, Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen ezaguera

Gaiak: Lanbideak, Ekonomia

3,43 puntu 5 izarreko maximotik
179 iritzi guztira
Hainbat lanketa egin daitezke bideo honekin bai LHn eta bai DBHn ere.  DBHn edukia lantzeaz gainera, lexikoa lantzeko ere erabili daiteke Eibarko euskalkia eta hitanoa lantzeko aproposa da esaterako.

1. proposamena

-Bideoa ikusi, eta komentatu. Ulertu ez dutena azaldu. Taldeka jarri, eta esplika dezatela. Galdera posibleak:

  • Zenbat pezeta ziren erreal bat? Ea zeinek asmatzen duen. Dirua nola aldatu den esplika daiteke, txanponak ez direla beti berak izan.
  • Angulak zer diren. Angularik probatu duzue sekula? Zein preziotan daude gaur egun?
  • Zer egiten zuten saldu ezin zituzten antxoekin? Zergatik? Itsasoa zaintzearen eta neurrian arrantza egitearen garrantziaz jabetu.
  • Nolakoa zen emakume horien bizimodua?
  • Arrain saltzaileen fama. Norbaiti “sardinera” esaten diotenean, zer esan nahi du?
  • Kale saltzaileei buruz hitz egin. Gaur egun nor joaten da etxeraino saltzera? Eta lehen?
B = Bartolo Arriola (Eibar, 1912)
A
= Agustin Arana (Eibar, 1913)

B-
Arraindunak urtetzen juen… plazan egoten zittuan, eta han hamaiketan urtetzen juen kalian saltzera.
A-Kalerik kale.
B-Hamaiketan. Ta ipintzen jekezen zestuak, ba arrain zestuak… azalak izeten… hauxe alturia inguru eukitzen, baina hemen kerten bat, han kerten bat, luze… bi arraindun izeten zitxuan. Bai, bi arraindun urtetzen juen. Ta hamaiketan jeken ordenia. Hamaikak arte ezin juan urten iñok pe. Ta egoten zittuazen zestokariakin preparauta andra bixok han, e, Ariatzako aurrian.
A-Bai.
B-Ta torrian hasten ziran hamaikak joten, heik itten jezen orruak. Batzuk juten zitxuan Untzagaruntz ta beste batzuek beherutz. Arraina, saltzailliak.
-Kaleik kale?
B-Bai, kaleik kale, bai. Bai, bai.
A-Guk ezautu juau angulia kalian saltzen. Etorri ta zera, probatzeko tak, eskukaria.
B-Eskukaria emon!
A-“Probaizu, fresko-freskuak dira ta, probaizu”. Joan hari oiñ!
-Eskukadia eskatzera...
B-Ene, Muñoan suegria, zerekua zuan, Sasiolakua zuan.
A-Bai.
B-Gure laguna, Jesusen zea, Muñoana. Ta entzutia dakat nik: harek, angulekin etorri Eibarrera saltzera, bost errial kilua. Ta saldu barik eruan zittuala barriro etxera.
-Anguleruak eta nundik etortzen zian, Mendaro ingurutik?
B-Mendarotik Debara bitxartian, erreka aldera sartzen dok ba angulia.
-Eta esan dozue arraindunak-eta orduan kaleik kale…
B-Kaleik kale, bai.
-Eta orruka?
B-Orruaz, bai.
A-“Sardiña freskua, sardina freskua”.
B-Eta gero, beste gauza bat pasatzen zuan. Hori, akordauko haiz heu horrekin. Orduan, e, antxoa sasoian… antxoak asko hartzen jitxuen igual. Ta saldu ezin! Eta orruak: “Errialian platerkaria!”. Eta joan eta errial bat emon, eta platera bete-bete einda antxoaz, etxera. Bestela bota ein biha jitxuen ba. Errialian platerkaria!
A-Ezaututa gure denboran, hori antxoia… hainbeste hartzen juen eze saldu ezin eta simaur moruan mendixan bota.
B-Usteldu, bai, abonua, bai.
A-Abonua zan.
B-Ongarri moduan lurrera.
A-Ortuetan eta zerian.
-Basarrittarrak, e…
B-Bai, joan hari oiñ!
  • Arraindunak emakumeak izaten ziren, normalean arrantzale familiakoak. Toki batzuetan oinetako gabe ibiltzen ziren. Bizimodu gogorra zuten, beti batetik bestera. Askok senarrak itsasoan zituzten, eta ume mordoa. Izaera sendokoak izaten ziren, eta lotsagabe fama zuten.
  • Itsasotik aparte samar geratzen ziren auzoetara eta barrualdeko herri denetara joaten ziren, saltzera; oinez, trenez, autobusez. Lehenengo iristen zenak saltzen zuen gehien. Kalez kale oihuka ibiltzen ziren, eta batzuek etxetik bertatik erosten zuten arraina.
  • Arrain saltzaile askok buruan eramaten zuten otarra; zumitzezkoa, nahiko txapala. Pisuaren arabera, biren artean eramateko moduko saskiak ere erabiltzen zituzten.
  • Kaian erosten zuten arraina: kofradian, benta egiten zenean. Familian itsasontzia zutenek, zuzenean hartzen zuten ontzitik, lehorreratu bezain pronto.
  • Orduko dirua. Lau errealek pezeta osatzen zuten; beraz, erreal bat pezeta laurden zen: 25 zentimo. Pezeta bat 0,01 euro dira, eta euro bat 166 pezeta.
  • Angula kiloa 1.000 eurotik gora kobratzera iritsi dira. Urte sasoi batzuetan, merke moduan, kiloa 450 euroan eros daiteke.
  • Kantauri itsasoko antxoak fama ona du. Gehiegi arrantzatu zuten denbora askoan, eta duela gutxi desagertzeko arriskuan egon zen. Urte batzuetan antxoaren arrantza debekatuta egon da.
  • Arraina kontserbatzeko modurik ez zuten lehen, ez zegoen hozkailurik. Berehala saltzen ez zutena hondatu egiten zen. Baserritarrek baratzetara botatzen zituzten antxoa ustelak, lurrari indarra emateko.
  • Kale saltzaileak oso ugariak ziren lehen. Etxera saltzera joatea ere ohikoa zen. Esnea, ogia, arraina, telak… denetik. 

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza