Atxia Motxia

Eskuekin egiten den jolasa da Atxia Motxia, hatzak harrapatzekoa.

Mailak: HH

Proiektuak: Eibarko Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas

Gaiak: Kanta-jolasak

5 puntu 5 izarreko maximotik
14 iritzi guztira

Esku-jolas hau Eibarko Mogel ikastolan landu zuten, HHko 3-4 urteko umeekin.

Nola jolastu?

1-Umeak binaka jarriko dira, lurrean eserita.

2-Bikote bakoitzeko umeetako batek bi eskuak lurrean jarriko ditu, beste umeak ikusteko moduan: zabalik, esku-ahurra beheratz begira.

3-Umeek abestia abestuko dute, batek besteari banan-banan atzamarrak ukitzen dizkion bitartean (bestea geldi egongo da).

3-Abestiaren bukaera aldera, “hemen etxien zenbat hatz?” galdetuko dio hatzen jabeari. Eta hark zenbaki bat esan beharko du, 1etik 10era, nahi duena. Adibidez, “hamar hatz!”. Orduan, hatzak kontatzen hasiko da umea, banan-banan ukituz. 10 zenbakira iristen denean, beste umeari hatzen bat edo eskua harrapatzea saiatuko da, horixe baita jolasaren helburua.

4-Hatzen bat harrapatuz gero, “Kosk ala min?” galdetuko dio hatzaren jabeari, eta hark bietako bat esan behar du. “Kosk” esaten badu, kopetan kolpe txiki bat jasoko du, eta “min” esaten badu, esku gainean atximurkada. Eibarko ikastolan ez zuten jolasaren zati hau egin, umeek elkarri minik ez egiteko.

Ume txikiarekin jolasean dabilena heldua denean, ez dago “Kosk ala min?” egiteko batere arazorik, helduak bere indarra ondo neurtu baitezake. Umeek sustoa hartzen dute mina baino gehiago, eta hori gustatu egiten zaie. Bi urtetik aurrerako haurrekin erabil daiteke.

Partaide kopurua (gutxienez): 2

Atxien, motxien, pirulin pan,
nere semie errotan.
Errota txikiñien klin-klan.
Botikario, kalendario,
Hemen etxien zenbat hatz?
X (zenbaki bat, batetik hamarrera) hatz!

Kosk ala min?

Atxia-Motxia jolasa Debagoienan jaso dugu. Izenak berak aldaerak ditu: Atxien-Motxien eta Atxia-Mutxian ere deitzen diote. Letra ere aldatu egiten da herri batetik bestera. Arrasateko Leandra Otxoari jasotakoa erabili dugu guk.

Hona hemen beste aldaera bat, Arrasaten bertan jasotakoa, Ana Mari Axperen ahotan

Atxien, motxien pirulin pan,
gure semie errotan,
errota txikixek klin-klan,
botikario, kandelario,
behin juan nintzan basora,
topau nuen erbixe,
jaurti nuntsen harrixe,
atara nuntsen ezkerreko begi 
gorri-gorri-gorri-gorri-gorri-xe! 

Arrasateko Faustina Galdosi, berriz, horrelaxe jaso genion: 

Atxia, mutxian, pirulin plan, 
nere semia errotan, 
errota txikiñien klin-klan. 
Botikario, kalendario. 
Hemen etxien zenbat hatz?
Hamar hatz. 

Atxien motxien,
zesteran kotxien,
irrin-arran, kortatxo, 
behin topau nuan erbitxo,
atara nutsan ezkerreko begi gorri-gorri-txo!

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza