Gerra garaian bi bandoetan izan ziren atxiloketak, espetxeratzeak eta fusilamenduak, baina frankisten kontrolpeko eremuetan errepresioa bereziki gogorra izan zen. Milaka pertsona atxilotu zituzten salaketa eta susmo hutsetan oinarrituta, eta, espetxean amaitzeaz gain, zigor publikoak ere jasan zituzten. Garai hartako errepresio moduen inguruko azalpenak eta garai hura bizi izan zutenen testigantzak entzun ditzakegu bideo labur honetan.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia
Gaiak: Oroimen historikoa
Ikasleengan bultzatzen diren jarrerak
Bideoa ikusi aurretik
Gaiaren aurkezpena egin. Ikasleen aurrezagutzak aktibatu, gisa honetako galderak eginez talde handian:
- Zer uste duzue gertatzen dela gerra bat hasten denean herri txiki batean?
- Pertsona batzuk beren etxeetatik ihes egitera behartuta egon daitezkeela uste al duzu?
- Gerran soldaduentzat bakarrik al dago arriskua?
- Zer etortzen zaizue burura “errepresioa” hitza entzutean?
- Zer esan nahi du pertsona bat desagerraraztea?
- Zer iruditzen zaizue pertsona bat agintarien aurrean salatzea?
- Zer sentimendu sortzen dizue, edozein momentutan etxetik indarrez eraman zaitzaketela jakiteak?
- Emakumeek eta gizonek modu berean jasaten al zituzten gatazka armatuen ondorioak?
- Zer arrazoi egon daitezke gerratean pertsona bat atxilotzeko?
Bideoa ikusi bitartean
Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Bideoa ikusi ondoren
- Zer sentitzen duzue pertsona horien bizipenak entzutean?
- Zer bilatzen zuten emakumeei umiliazio publikoak eginez?
-Nola imajinatzen duzue urteetan etxean ezkutuan bizi behar izatea?
- Zer ondorio izan zituzten atxiloketek familietan?
- Gertatutakoaren inguruan hitz egitea beharrezkoa dela uste al duzue? Zergatik?
3. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek horietako bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin ditzakete.
Abestiak 1936ko gerran errepresioaren biktima izan zen Maravillas Lambertoren istorioa gogora ekartzen du. Haren bizipenetik abiatuta, memoria, ahanztura, indarkeria eta transmisioaren inguruan hausnartuko dute. Maravillas abestiaren bideoklipa ikusiko dute ikasleek gelan. Lehen ikustaldian ez zaie abestiaren hitzik jarriko; bideoklipak sortzen duen giroa, koloreak, irudiak eta emozioak jasotzea izango da helburua. Bigarren ikustaldian abestiaren hitzak irakurriz ikusiko dute bideoa.
Bideoa ikusi eta hitzak irakurri ondoren, 3-4 ikasleko taldetan, bideokliparen hizkuntza bisuala eta abestiaren hitzak aztertuko dituzte:
|
BIDEOKLIPAREN HIZKUNTZA BISUALA
ABESTIAREN HITZAK
|
Galderak erantzun ostean, irakasleak Maravillas Lambertoren kasua azalduko du, eta ikasleek abestian aipatzen diren erreferentzia historikoak testuinguruan kokatuko dituzte. Amaitzeko, hausnarketa gidatu bat egingo dute denek batera, galdera hauek erabiliz:
Zergatik izan zen desberdina Nafarroako errepresioa Euskal Herriko beste toki batzuetakoarekin alderatuta?
Zergatik egon dira horrelako istorio asko isilean hainbeste urtez?
Ezagutzen al duzue zuen herrian antzeko kasuren bat?
Etxean inoiz hitz egin al dizuete 1936-1939 urteetan gertatutakoaz?
Zuen ustez, garrantzitsua al da horrelako istorioak gogoratzea? Zergatik? Zer gerta daiteke ahazten baditugu?
Filmak hiru gai nagusi lantzen ditu: Gerra Zibila eta frankismoa, itxialdia, eta mendekotasuna. Istorioa Espainiako Gerra Zibilaren hasieran abiatzen da, eta frankismoan zehar garatzen da testuinguru guztia, pertsonaia errepublikano baten ikuspegitik. Itxialdiak Higinioren 30 urteko biziraupena erakusten du, izuaren eta itxaropenaren artean ezkutatuta. Mendekotasuna, aldiz, Rosa emaztearen rolean gorpuzten da; senarraren bizitza bere mende dagoenez erabat, berak ere hainbat hamarkadatan bere itxialdi propioa jasango du.
Filma ikusi aurretik, irakasleak aktibazio-galdera batzuk egingo dizkie ikasleei eta gaiaz dakitenari buruz hitz egingo dute.
|
…pelikula ikusi aurretik Nolakoa izan zen frankismoan bizirik iraun zuten errepublikanoen bizitza? Zer egin behar izan zuten bizirik irauteko? Ezagutzen al dituzu “satorren” istorioak? Nolako ondorio fisiko eta psikikoak dituzte horrelako itxialdiek? Zer paper zuten emakumeek frankismoan? Ondo ikusita al zeuden emakume ezkongabeak? Mendekotasuna duen norbait zaintzen duten pertsonek lortzen al dute aitortzarik? |
Filma ikusi ondoren, ikasleek postal bat idatziko dute. Higinioren tokian jarriko dira eta Rosari idatziko diote, hau Granadan dagoen bitartean. Higiniok herriko postariaren konplizitatea duela imajinatu beharko dute. Filmaren lanketari amaiera emateko, beste galdera hauek egingo ditu irakasleak, hausnarketa bultzatzeko:
|
…pelikula ikusi ondoren Zer sentsasio eragin dizkizu Higioneren itxialdiak? Zerk du piso handiagoa, beldurrak ala itxaropenak? Nola lortzen du osasuntsu eta bere senean egotea? Zer esan nahi du justiziak Gonzalorentzat? Gizarte frankistaren zer alderdi ageri da filmean? Nolakoa da Rosaren bizitza? Zer indarkeria jasaten ditu? Aukeratzeko aske al da Rosa? Higiniok aitortzen al du Rosak beregatik egiten duen guztia? |
Euskal Herrian “satorren” inguruan ezagutzen den kasu garrantzitsuena Labastidan jazo zen: bi urtez ezkutuan bizi izan ziren lau gizonen istorioa.
EITBren Vamos a hacer historia telebista-saioak gai honi buruz egindako programaren trailerra ikusiko dute ikasleek gelan, eta banakako proiektu bat egitea eskatuko zaie. Trailerra ikusita eta “La trinchera infinita” filmaren lanketa egin ondoren, etxean, EITBren saioa osorik ikusteko eskatuko zaie, eta gertakizunak kronologikoki ordenatu beharko dituzte
Ikasgelan, 3-4 taldetan banatuko dira ikasleak, eta etxetik eramandako zerrendak alderatu, desadostasunak identifikatu, gertaeren ordena adostu eta garrantzitsuenak iruditzen zaizkien 8-10ak aukeratuko dituzte.
Talde bakoitzak bere proposamenak aurkeztuko ditu eta irakasleak, ikasleen ekarpenekin, arbelean kronologia bateratu bat eraikiko du. Adibidez:
Gerra Zibilaren hasiera.
Ihesa edo ezkutatzea.
Lehenengo hilabeteak.
Familiarekiko harremanak.
Herriko egoera.
Denboraren joana.
Ezkutalekua uzteko erabakia.
Ondorengo bizitza.
Kronologia eginda, La Trinchera infinita filmean azaltzen diren uneekin konparatzeko galdera batzuk egingo ditu irakasleak:
Zer antzekotasun aurkitu dituzue? Zer desberdintasun?
Zein egoera iruditu zaizue gogorrena?
Zer ulertu duzue hobeto dokumentala ikusi ondoren?
Amaitzeko, hausnarketa kolektibo bat egingo da ikasgela osoarekin:
Zerk eragiten du pertsona bat ezkutatzera behartzen duen beldur hori?
Norentzat da gogorragoa:, ezkutatuta dagoenarentzat ala haren familia eta lagunentzat?
Zergatik gorde ziren isilik horrelako istorioak hainbeste urtez?
Zer galtzen du pertsona batek askatasuna galtzen duenean?
Zer da zuentzat askatasuna?
|
Gorputza gudu-zelai gisa erabiltzen denean 1936ko uztaileko estatu-kolpearen ostean eta gerrak aurrera egin ahala, frankistek konkistatutako herri eta hiri askotan errepresio politiko gogorra ezarri zen. Baina errepresio horrek ez zituen gizonak eta emakumeak modu berean tratatu. Garaileek genero-errepresio espezifiko bat erabili zuten, helburu politiko oso argi batekin: gerrako galtzaileak suntsitzea eta umiliatzea. II. Mundu Gerran ere, antzeko zigorrak jasan behar izan zituzten emakumeek. Zigor publiko eta umiliagarriak —hala nola ilea soildu arte moztea, errizino-olioa edanaraztea eta herritik desfilatzera behartzea— emakumeei ezartzen zitzaizkien zigorrak ziren. Alde batetik, Errepublikak sortutako emakume aske eta ikasiak zigortzen zituzten (politikariak, idazleak, mitinlariak, maistrak…); bestetik, frontean borrokatu zuten, fusilatuak izan ziren edo ihes egin zuten gizonezkoen senideak (emazteak, alabak, arrebak edo amak). Erregimen berriak abisu bikoitza eman nahi zion gizarteari: Ideologia okerra izateagatik zigortzen zaituztegu, eta emakume gisa dagokizuen leku otzan eta isilera bihurtzen zaituztegu indarrez. |
Ikasleak lauko taldetan banatuko dira beheko taula osatzeko. Ezkerreko zutabean, Gerra Zibileko testuinguruko ezaugarriak daude; ikasleek gaur egunera ekarri beharko dituzte, batez ere sare sozialetan edo kalean adibide horiek nola mozorrotzen eta adierazten diren bilatuz eta idatziz.
| GERRA ZIBILA (1936-1939) | GAUR EGUN |
| Ile mozketa behartuak: identitatea deuseztatzea eta pertsona markatzea | Adibidez: Sareetan emakume bat "cancelatzea", edo bere argazkiekin muntaiak egiteko joera, hura seinalatzeko. |
| Errizino-olioa hartzera behartzea: gorputzaren kotrola galtzea. | |
| Herriaren aurrean paseatzea: umiliazio publikoa. | Adibidez: Sareetan emakume bati irain-kolektiboak egitea |
| Emakume "onaren" irudia goraipatzea: isila, otzana eta etxean geratzen dena. | |
| Bekatari edo errudun gisa seinalatzea: lotsaraztea. |
Ondoren, galdera hauei erantzun beharko diete eta gelan hausnarketa kolektibo bat egin, azken jarduerari ekin baino lehen:
Behin hausnarketa eginda, talde bakoitzak sentsibilaziorako elementu labur bat sortuko du (kartel bat, Instagram/TikTok-erako reel bat, podcast motz bat, infografia digital bat…), iraganeko injustizia eta gaur egungo presioa lotzeko eta kontzientzia pizteko helburuarekin.
Amaitzeko, talde bakoitzak egindako lana aurkeztuko du gelakideen aurrean eta denen arteko azken hausnarketa bat egingo dute.
Sare sozialetan neska baten aurkako jazarpen bati atsegin dut ematen diogunean, partekatzen dugunean edo ezer esan gabe bere horretan uzten dugunean… ez al gara ari gerra garaiko plaza hartan barre egiten zutenen antzera jokatzen?
Zergatik epaitzen da bikote-harreman “asko” izan dituen neska? Nork esaten du zer den “asko”? Nork idatzi du “neska onaren” gidaliburua?
Zer sentituko du pertsona batek sare sozialetan irain matxistak jasotzean?
Zer egingo duzu hurrengoan zure inguruko neska baten aurkako umiliazio digital bat ikusten duzunean? Isilik geratu ala guraizeak gelditu?
Ebaluazio-irizpideak
Unitate didaktiko honen ebaluazioak izaera jarraitua, hezigarria eta integrala izango du. Helburua ez da soilik ikasleek azken emaitza batean lortutakoa baloratzea, baizik eta ikaskuntza-prozesu osoan zehar egindako aurrerapena identifikatzea eta ikasle bakoitzari bere ikaskuntza hobetzeko orientabideak eskaintzea.
Horretarako, ebaluazioa hiru ikuspegitatik ulertuko da: ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa, irakaskuntza-prozesuaren ebaluazioa eta unitate didaktikoaren ebaluazioa.
Ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa
Ikasleen ikaskuntza hiru unetan baloratuko da: hasieran, garapenean eta amaieran.
Hasierako ebaluazioaren helburua ikasleen aurretiazko ezagutzak, interesak, aurreiritziak eta gaiaren inguruko bizipenak ezagutzea izango da. Horretarako, unitate bakoitzaren hasieran proposatutako galdera-sortak, ideia-jasa, ahozko elkarrizketak eta hausnarketa laburrak erabiliko dira.
Prozesuko ebaluazioa unitate osoan zehar egingo da. Irakasleak ikasleen parte-hartzea, lankidetza, ikerketa-prozesua, ahozko zein idatzizko adierazpena, iturri historikoen erabilera eta pentsamendu kritikoa behatuko ditu. Aldi berean, ikasleei etengabeko feedbacka emango zaie, beren ikaskuntza hobetzen joan daitezen.
Amaierako ebaluazioan, unitate bakoitzean egindako azken ekoizpenak eta aurkezpenak baloratuko dira. Ez da produktu finala soilik kontuan hartuko; prozesuan izandako bilakaera, lankidetza, autonomia eta hausnarketa-gaitasuna ere ebaluatuko dira.
Ebaluazio hori egiteko hainbat tresna erabiliko dira:
Autoebaluazioaren bidez, ikasleek beren ikaskuntzaren inguruan hausnartuko dute. Horretarako, unitate bakoitzaren amaieran galdera labur batzuei erantzungo diete, hala nola: Zer ikasi dut? Zer egin dut ondo? Zer hobetu dezaket?
Koebaluazioaren bidez, berriz, talde-lanetan parte hartu duten ikasleek elkarren ekarpena baloratuko dute aurrez adostutako irizpideen arabera (parte-hartzea, errespetua, lankidetza, komunikazioa eta ardura).
Irakaskuntza-prozesuaren ebaluazioa
Ebaluazioak irakaslearen jarduna ere barne hartuko du. Unitate didaktikoaren amaieran, irakasleak bere esku-hartzea aztertuko du, egindako plangintzaren egokitasuna eta erabilitako metodologiaren eraginkortasuna baloratuz.
Horretarako, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:
Hausnarketa hori irakaslearen autoebaluazio-fitxa baten bidez jasoko da, hurrengo ikasturteetan unitatea hobetzeko proposamenak egiteko.
Unitate didaktikoaren ebaluazioa
Azkenik, unitate didaktikoaren beraren balorazioa egingo da. Horretarako, ikasleen iritzia ere kontuan hartuko da galdetegi labur baten bidez. Galdetegi horretan, jardueren interesa, zailtasun-maila, motibazioa, erabilgarritasuna eta proposamen metodologikoaren egokitasuna baloratuko dituzte.
Lortutako informazio guztia (ikasleen emaitzak, irakaslearen autoebaluazioa eta ikasleen iritzia) batera aztertuko da, etorkizunean unitate didaktikoa egokitzeko eta hobetzeko.
Ebaluazio-tresnen laburpena
|
Ebaluazio mota |
Helburua |
Tresnak |
|
Hasierako ebaluazioa |
Aurretiazko ezagutzak eta interesak identifikatzea |
Galdera-sortak, ideia-jasa, ahozko elkarrizketak |
|
Prozesuko ebaluazioa |
Ikaskuntzaren jarraipena egitea eta feedbacka ematea |
Behaketa sistematikoa, kontrol-zerrendak, koadernoa, ahozko aurkezpenak |
|
Amaierako ebaluazioa |
Ikaskuntzaren lorpen-maila baloratzea |
Errubrikak, azken lanak, ahozko aurkezpenak, autoebaluazioa eta koebaluazioa |
|
Irakaskuntza-prozesuaren ebaluazioa |
Irakaslearen jarduna hobetzea |
Autoebaluazio-fitxa eta hausnarketa pedagogikoa |
|
Unitate didaktikoaren ebaluazioa |
Proiektuaren kalitatea eta egokitasuna baloratzea |
Ikasleen galdetegi laburra eta irakaslearen ondorioak |
Gerra hasi zenean, herri askotan berehala hasi ziren atxiloketak. Frankisten kontrolpean geratu ziren lekuetan, ustekabean joaten ziren etxeetara pertsonen bila. Salaketak, susmo politikoak edo aurretik izandako harremanak nahikoa izan zitezkeen norbait atxilotzeko. Handik aurrera, batzuek kartzela ezagutu zuten, beste batzuk lan behartuetara bidali zituzten, eta askok ez zuten inoiz etxera itzultzerik izan.
Paula Unzueta (Aramaio, 1926): Etorri zien gizon bi atera, euren fusillok bizkerrien zittuela, ta “Aitte?” esan usten, eta “Aitte kortan dau, behixek batzen dabil”, eta “Ba, geuaz etorri biher dau”, eta “Nora?”, ba, “Hori gero jakingo dozu”.
Kasilde Aginaga (Markina-Xemein, 1916): Egun baten etorri ei zan gizon bat zapaterixako bentanaa, ta esan ei zotsen eze: "Jose Andres, zeretik najatok, juzgautik najatok, eta esan jostek heuk buelta bat eitteko. Ez, Batzokiko presidentie nor dan jakin nahi dabe". Jun zan, ta, klaro, aittek, ba, "Ez" ta "Ez" ta "Ez". Ta Berrizko gizon batek esan ei zotsen guardia zibillei: "A estos que se obstinan en decir no, ya saben la manera de hacerles cantar". Ta billuztu ein eben. Detenidu niñuen Zamudixon, ta erun niñuen, guardia zibil biren erdixen, erun niñuen. Ta urten gendunien kuarteletik, esan osten soldau, bueno, guardia zibil gazte batek: "Yo a ti no te llevaría ahora a Bilbao. Te pegaría un tiro y te dejaría aquí en la cuneta".
Arantza Garaialde (Donostia, 1951): Ama santzionatua izan zan eta, orduan, ya... santzio mordo bat ditu jarraituak, ba, esan zutelako, ba, hori... oso abertzalea izateagaitik eta... Erakusketa bat utzi zuten eskolan, ba, umeekin-eta egindakoa. Eta herri guztia pasa zan, berak zionez, bat ezik, eta berak salatu zitun, esanaz proselitismoa iten zula umeekin, gaztelaniaz eman behar zanean, noski. Baiña berak antzerkiak-eta umeekin saiatzen zan, kantuak eta antzerkiak eta ahal zun guztia, ba, euskera sartzen.
Agurtza Osa (Ondarroa, 1930): Ta gerri sartu zanin, aitte “trabajadorita” eruen eben. “Trabajos forzados” edo ixango da gaztelaniaz, ezta?
Kasilde Aginaga (Markina-Xemein, 1916): Nacionalista, Emakume, Propagandista, Abanderada, Peligrosa, Indeseable. Bueno. Sartu zien delibereta... "un año y un día".
Jaione Ormaetxea (Aramaio, 1924) eta Mauri Lasaga (Aramaio, 1922): Mauri: Hartu eta, bueno, preso! Guri esan uskun “Deklaraziñotxo bat ein eta ensegira etxea etorriko da”. Baiñe handik ya Mondrauera eruen auen eta gero Mondrauetik Bergarara, eta Bergaran, desaparecido . Ondion ez dakigu ezebe, eta hori, makiña bat ahalegin in daue, e? Bai anaiek, bai semiek, danak. / Jaione: Gerra denporako gauzak! / Mauri: Sufriru dou, baiñe... Ama, akabo, gehixau ez zan ondo izen ama.
Emakume askok ere zigor publikoak jasan zituzten, beraien edo senideen ideiengatik. Ile-mozketa behartuak, kalean umiliazioak eta errizino-olioa edanaraztea ohiko praktikak izan ziren. Helburua ez zen bakarrik zigortzea: beldurra zabaltzea eta pertsona horiek herriaren aurrean lotsagarri uztea ere bazen.
Mariani Izaskun Estanga (Tolosa, 1933): Soldaduengana jun eta han harrapatu eta illea moztu, baiño raso. Eta ekarri… este… [Apatta] errekatikan bide guztia lau soldadu arten eta sargentoa-edo zana aurretikan. Udaletxera ekarri eta lotsa pasarazi Tolosa barrenen. Tolosa barrenen. Eta illeik ez, kaskamotza-kaskamotza. Baiño makinillakin dena pasa, e? Oain edozeiñek eamaten du horrela, baiño… Bueno, oso desatsegiña. Oso desatsegiña. Etxea jun eta amai esan nion “Jo, ikusi ditut hola ta hola”, “Ez da beittu behar”. Ez, ez da beittu behar, baiño… Tolosan barrenen ibiltzen baldin badittuzte... Eta euskera hitz eitteatikan ere bai. Eta “aceite de ricino” ematen [zieten]. “Aceite de ricino, ala, a litros”. Oseake… Echas un trapo.
Paxkuala Kortadi (Hernani, 1923): Purga emanda, kalian bueltaka ibiltzen emen zittuen, kaka daiola emakumiak. Hoi, hoi... in in bihar du, e! Sozialistak ziala eta holakuak, besterik ezer ez zuen izango.
Gerra eta errepresioa iritsi zirenean, milaka herritarrek ihes egitea erabaki zuten. Batzuek Frantziara edo oraindik errepublikarren esku zeuden lurraldeetara jo zuten; beste askok, ordea, ezin izan zuten alde egin. Horietako batzuk ezkutatuta egon ziren baserrietan, kobazuloetan edo etxeko txoko sekretuetan.
Felix Olasagasti (Usurbil, 1923): Harrapatzen zuena fuera. Ze uste dezu? Kamiyo hontan karretillakin, paketiak bizkarrian hartuta, astuak, danak, ihesi Donostitikan. Hemen taka-taka-taka. “Nora zoaz?” eta “Bilbo aldea”, martxa aurrea. Nere anaiak Frantzira alde ein zun. Aitta, berriz, meta azpiyan lo eitten. Bildurra.
Aintzane Telleria (Bermeo, 1931): Gure attitte ezan da konzejala "en aquellos años" ba PNVkue, ta guardidxek segidu asko, ta koittadue beti piñudidxen lo itten gauien. Ta gu hirurok, umiek, han iko baten azpidxen. Klaro, han ikusten ezan duu triskornio... Antxiñen bakizu triskorniuek zelakuek eruten ezan dauien? Han txirtadie, “Hamen dator, ixeko, hamen datoz guardidxek”. Ta okitzen ezan duu kortan, behidxek eoten ezan dien lekuen, zulo handi bat eindde, ta koittadue han barruen, e? gordeta.
Bendikta Olazabal (Mutriku, 1921): Bi urte baiño gehixao etxetik erten gabe, e! Etorten zian guardia zibilak etxia erregistratzera. Eta aittona ezkutatzen zan. Eta zakan holako armaixua, precioso, haura, deskansilluan. Eta han atzian, han atzian zakan atia, beste aldetik, komedoretikan, atia. Eta haura zea ta. Hantxen aseatzen zan, ta hantxen tartian.
Gerra ez zen fronteetan bakarrik gertatu. Herri askotan urteetako ezinikusiak, inbidiak eta liskarrak ere azaleratu ziren. Salaketa askok ondorio larriak izan zituzten, eta batzuetan arrazoi politikoek baino pisu gehiago izan zuten interes pertsonalek edo mendeku-nahiek. Gerra garaiko beldurra ez zetorren soilik soldaduengandik, baita bizilagunengandik ere.
Bittor Garaigordobil (Abadiño, 1915): Ta gero, gerra denboran, batzuk hil zian denuntzixekin. Esate baterako, auzo baten ikusiezin bat baeuen, ta baten batek denunziatzen baeben, ha be hartu eta ensegida karzelara, ta… iñor beste... beste motibo bategaittik hilk ak badira, e.
Erramun Ansa (Andoain, 1928): Tartian bat baino gehiago, hor komertzio aldetikan eta, esaten zuten, diruz zor zituztenak eta ez dakit zer eta badakit zer, ta hoietako aitzeki-maitzekik, garbittu eta… holako trastada asko egin zen. Asko.
Sebastiana Balanzategi (Aramaio, 1929): Soluen zebillen, solue lanketan, eta juen zien, nun dabillen eta, juen zien han abillela, eta ekarri auien –horretxeaz akordetan naz– gizon bik ekarri auien erdixen, izen bazan lapurre moduen, ez dakitzu? Ekarri auien etxea eta, ba, garbittu ein biher zala, izerdittu in auela, eta garbittu apur bat eta... Zetako? Eta, ba, beraaz juen biher dauiela, juen biher dauela. Bueno. Baiñe, nora? Eta, hori, ezer esan be ez, e? Nora ta zer ta ezebez. Eta gurien ama be negarrez, eta amama be bai eta… [Eta gizonak, bere billa etorri ziranak, militar jantzitta?] Ez! Geu moduen! Besteik ez. Hemenguek zien, Aramaixokuek zien, gaiñera. Eta eruen zauien, eta hortik gero Bilbora eruen auien.
Pilar Azkarretazabal (Aretxabaleta, 1924): Gerria izan zan, baiña gerra txarra izan zan; badakitzu zer zan? Ikusieziñe. Herrixetako ikusieziñak, ez dakitzu ze izaten dan? Más que política, horixe. Politikia bada, ez dakitzu? bat hangua dala, bestie bestie dala. Baiña orduen egoten da ikusieziña: batien, “harek etxia hori ez dakit zer”,”ha bestiak ez dakit zer”... Horixe izan zan.
Rufina Irazu (Asteasu, 1923): Gerran aprobetxatu ziala.Ta bengantza horrekin, beste zerbait in biharrian…
Regina Gorrotxategi (Hernani, 1921): Beti bildurrez. Desde luego, gerra denbora oso gogorra da, e. Oso.