Gerra Zibilean Euskadiko fronte nagusia Bizkaian eta Gipuzkoa mendebaldean kokatu zen. Eusko Jaurlaritzak Euzko Gudarostea sortu zuen, eta milaka boluntariok Amuategi, Saseta, Itxarkundia, Mendigoizales, Bakunin edo UHP bezalako batailoietan egin zuten borroka. Bilboko Eraztunaren defentsan gertatutako borrokak eta Intxortako guda izan ziren borrokaldi garrantzitsuenetako bi, non gudariek frankisten erasoari aurre egin zioten. Garai hartako borrokak bizi izan zituztenen testigantzak entzun ditzakegu bideo honetan.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia
Gaiak: Oroimen historikoa
Ikasleengan bultzatzen diren jarrerak:
Bideoa ikusi aurretik
Gaiaren aurkezpena egin. Ikasleen aurrezagutzak aktibatu, gisa honetako galderak eginez talde handian:
- Zenbat bando sortu ziren Gerra Zibilean? Zeintzuk?
- Entzun al duzue noizbait Gerra Zibila “anaien arteko guda” izan zela? Zer uste duzue esan nahi duela?
- Jende asko joan zela borrokara uste al duzue? Nor?
- Ba al dakizue zer den batailoi bat? Eta fronte bat?
- Ba al dakizue zer den “Cinturón de Hierro” edo ”Burdinazko gerrikoa”?
- Non uste duzue egongo zirela ospitaleak?
- Goango al zinatekete gerrara borrokatzera?
- Nolakoa izango zen gerra-gune batean bizitzea zuen ustez?
- Zer uste duzue gertatzen dela bi fronteren artean?
- Nola eragiten dizue gerraren ideiak pertsonalki? Zein emoziorekin lotzen duzue? Tristura, amorrua, nahasmena…
Bideoa ikusi bitartean
Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Bideoa ikusi ondoren
- Nola sentitu zarete bideoa ikustean? Zein pasartek eragin dizue gehien?
- Zein adibide ikusi dituzue “Anaien arteko guda” ulertzeko?
- Zer batailoi mota azaldu dira? Nola antolatzen ziren?
- Zergatik zen garrantzitsua “Eusko Gudariak” kantaren sinbolismoa?
- Zer sentimendu agertzen dira bideo osoan zehar?
- Zer uste duzue ikasi dezakegula lekukotza hauetatik gaur eguneko gatazkak hobeto ulertzeko?
3. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek horietako bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin ditzakete.
Ikasleak taldeka banatuko dira (3-4 pertsona) eta talde bakoitzak fronteko guneetako bat aztertuko du. Gainera, talde berezi bat egongo da, Alejandro Goicoechearen traizioak Bilboren erorketan izan zuen eragina aztertuko duena. Taldeen banaketa, beraz, honela egingo da:
Talde bakoitzak egokitu zaion gaiari buruzko ikerketa abiatuko du eta, testuez gain, argazkiak, irudiak, mapak edota testigantzak batu beharko ditu. Hona hemen informazioa lortzeko erabili dezaketen gida bat:
Non zegoen frontea? Zer balio estrategiko zuen (pasabideak, mendateak, hirietako sarbideak…)? Non zeuden kokatuta zehazki bi fronteak frontearen lerroan?
Zein borroka edo operazio garrantzitsu jazo zen bertan? Noiz gertatu ziren mugarri nagusiak?
Nola eragin zien fronteak herritarrei? Egon al zen bonbardaketarik? Noiz? Egon al zen hornidura arazorik? Ihes egin al zuen jendeak?
Ahotsak.eus webgunea erabil dezakete, eta bertako 4-5 testigantza aurkitu.
Mapan kokatu daitezkeen elementuak identifikatu eta kokatu: lubakiak, borroka-guneak, bonbardatutako herriak… |
Frontearen kokapen bakoitzak bere ezaugarri bereziak ere badituenez, horiei ere adi begiratu beharko diete ikasleek. Hona hemen interesgarriak izan daitezkeen ildo batzuk:
1. Debagoieneko frontea – Intxorta
2. Otxandio – Legutio – Aramaio
3. Durangaldea – Urkiola
4. Markina – Ondarroa – Lekeitio
5. Burdinazko Hesia
Seigarren taldearen ikerketa-ildoa ezberdina izango denez, beste modu batera planteatu beharko dituzte ikasleek galderak. Alde batetik, Alejandro Goicoechearen biografia ikertu beharko dute eta, bestetik, bere ekintzek jorratzen ari garen gaian zer nolako ondorioak izan zituzten aztertu beharko dute. Hona hemen lagungarri izan daitekeen gidoi txiki bat:
6.. Goicoechearen bando-aldaketa eta Bilboren erorketa
Lanaren atal garrantzitsu bat gertaera haiek lekuan bertan bizi izan zituztenen testigantzak entzutea eta ulertzea izango da. Horretarako, Ahotsak.eus webgunea erabil dezakete (edo antzeko beste informazio-iturri batzuk bilatu).
Behin ikerketa eginda, talde bakoitzak ahozko aurkezpen bat prestatuko du. Segidan, gelan egongo den mapa handi batean kokatuko dute aztertutako eremuaren inguruko informazioa: fronte-lerroaren eta bi bandoen kokapena, bestelako elementuak (lubakiak, bunkerrak, mendateak…), bonbardaketa-guneak, data nagusiak…
Azkenik, talde bakoitzak Ahotsak.eus webgunean identifikatu dituen pasarteetatik bat aukeratuko du, egindako ikerketarako adierazgarriena edo esanguratsuena egin zaiona, eta gainontzeko ikaskideei erakutsiko die.
Irakasleak denen artean hausnartzeko galdera hauek egingo ditu:
- Zer da ikerketa honetatik gehien gustatu zaizuena? Eta gutxien?
- Bete al dira hasieran zenituzten usteak?
- Fronte guztietan antzeko bizipenak agertzen direla uste al duzue?
- Zein leku izango ziren gogorrenak zuen ustez? Zergatik?
- Testuinguru honetan, zer izan zitekeen “traizioa” eta zer ez?
- Ba al zenekiten Euskal Herrian oraindik ere lubakiak eta fronteko elementuak ikusi eta bisitatu daitezkeela?
Proposamen honek, gainera, beste bi helburu ere baditu. Batetik, Euskadiko Memoria Historikoaren Legea betetzea eta Curriculumean agertzen den gure inguruko ondarea eta memoria historikoa zuzenean balioesteko aukera ematea ikasleei. Bestetik, telefono mugikorrik gabeko espazio kontziente bat lortzea eta pantailarik gabe lan egitea, zuzeneko behaketa, talde-lana eta arreta-fokua indartzeko.
Txangoaren ardatz nagusia Geografia eta Historia ikasgaiarekin lotuta egongo da; beraz, Bilbo inguratzen zuen Burdinazko Hesiaren espazioa erabiliko da. Baina, Matematika eta Biologia-Geologia ikasgaiak ere landu nahi direnez, hona hemen proposamen batzuk:
|
Curriculumarekin lotura (4. DBH) |
Landu daitekeena |
|
|
Geografia eta Historia |
Gerra Zibila Euskadin |
Euskadiko frontearen eta Bilbo babestearen garrantzia, eraikuntza-prozesua, erorketaren kausak ulertzea… |
|
Matematika |
Geometria, topografia eta norabideak. |
Distantzien neurketa, bunkerren hormen lodieraren analisia eta tiro-angeluen kalkulua iparrorratzarekin. |
|
Biologia eta Geologia |
Euskadiko erliebea, ekosistemak eta gizakiaren eragina paisaian. |
Muñarrikolandako geomorfologiaren azterketa eta defentsarako erabili zen landaretzaren behaketa. |
Irteera egunean ikasleak 3-4 pertsonako talde egonkorretan arituko dira, eta talde bakoitzak “Landa-txosten” bat eramango du. Txostenerako datuak egoki bildu ahal izateko, irakasleak gelan aurkeztuko du txostena edo dosierra txangoan irten aurretik, eta aurre-lanketa bat egingo da. Gainera, iparrorratza nola erabili azalduko zaie eta praktika batzuk egin.
TXANGOA
Talde bakoitzari bere materiala emango zaio: txostena paperean, zinta metrikoa eta iparrorratz bat. Mugikorrak ezingo dituztela erabili gogoraraziko zaie. Txangoa bi zatitan banatuta egongo da: lehena, museoan edo Interpretazio Zentroan egingo da; bigarrena, berriz, mendian edo kanpoko espazioan.
Berangoko Interpretazio Zentroan, iIkasleek gida entzungo dute eta erakusketako panelak aztertuko dituzte. Ondoren, Geografia eta Historia ikasgaiari dagokion fitxa beteko dute dosierrean:
· Burdinazko Hesiaren eraikuntzan lan egin zuten pertsona motak identifikatu (emakumeak, adinekoak, bortxazko lanak...).
· Hesia egiteko erabili ziren material nagusiak zerrendatu.
· Eraikitzeko materialak nondik ekartzen zituzten zehaztu.
· Borroka-guneak identifikatu eta mapan irudikatu.
· Planoen garrantziaz ohartzea
Museoko lana bukatuta, mendira abiatuko dira ikasleak, irakasleekin (eta ahal bada, zentroko gida batekin) batera. Bunkerren eta lubakien eremura iritsitakoan, talde bakoitzak gune bat hartuko du eta bi fitxa beteko ditu:
Muñarrikolandako lubakien ibilbidea
GEOLOGIA-BIOLOGIAKO FITXA:
· Erliebearen analisia: Ikasleek tontorretik ingurura begiratu eta puntu estrategikoa zergatik izan zen idatziko dute (zer ikusten da bertatik? Itsasoa? Bilborako sarrera?).
· Kamuflajea: Inguruko zuhaitz eta landare motak behatuko dituzte (pinuak, oteak). Bunkerrak ezkutuan mantentzeko aukerarik egongo al zen? Erraza izango ote zen kamuflatzea?
MATEMATIKAKO FITXA:
· Hormen lodiera: Zinta metrikoarekin bunker baten hormaren zati irisgarriak neurtuko dituzte, zementuaren eta harriaren sendotasuna aztertzeko.
· Norabideak eta angeluak: Iparrorratza leihatilan (gezi-leihoan) jarriko dute eta tiro-lerroak zer norabide zuen (Iparra, hego-mendebaldea...) neurtuko dute. Leihatilaren tronpeta-formaren zabalera neurtuko dute, tiratzaileak zeukan "angelu itsua" (babeslekua) kalkulatzeko.
Azkenik, lubaki baten barruan daudela, 5 minutuko isiltasun tarte bat gordetzeko eskatuko zaie. Mugikorren distrakziorik gabe, ikasle bakoitzak bere koadernoan paragrafo labur bat idatziko du eskuz (gerrako kazetari baten lekuan jarrita), une horretan lubaki ilun, hotz eta estu hartan sentitzen den atmosfera deskribatuz.
Hurrengo saio batean, ikasgelan, hausnarketa gidatu bat egingo da txosteneko datuak oinarri hartuta. Hausnarketa hori hiru ataletan banatuko da: esperientzia eta metodologia, diziplinarteko lotura, eta enpatia historikoa eta ondarea.
|
Hausnarketa 1. Esperientzia eta Metodologia (Mugikorren inguruko gogoeta): · Nola sentitu zarete irteeran mugikorrik gabe eta, argazkiak atera beharrean, xehetasunak zuzenean neurtzen eta idazten? · Uste duzue ingurunea eta bunkerrak hobeto gogoratzen dituzuela mugikorrarekin argazkiak aterata baino? Zergatik? 2. Diziplinarteko lotura: · Matematikako neurketak egin ostean, bunkerrak benetan gaindiezinak iruditu zaizkizue ala Goicoechearen planorik gabe ere hesia eroriko zatekeela uste duzue? · Nola lagundu zion Muñarrikolandako naturak eta erliebeak Bilboko defentsari? 3. Enpatia Historikoa eta Ondarea: · Lubaki barruko isiltasunean idatzi zenuten paragrafoa irakurrita: zer uste duzue pasatzen zitzaiola burutik zuen adineko (14-15 urteko) gudari edo miliziano bati gaua bertan igarotzean? · Gaur egun, Berangoko bunker hauek gure herriko ondare historikoaren parte dira. Zer egin beharko genuke haiekin? Horrela utzi naturaren erdian, ala seinaleztatu eta gazte guztiek bisitatu beharreko toki bilakatu? |
Hasteko, irakasleak fronte batean zer pertsona mota egon daitekeen galdetuko du, galdera zehatzak eginez:
|
KOKAPENA: Non zaude? (Intxortako trintxeran, ospitale bilakatutako baserri batean, herrian, mendiko bidean…). Nolakoa da ingurua? ZENTZUMENAK: Zer entzuten (tiroak, bonbak, isiltasuna, elkarrizketak…) eta usaintzen duzu (bolbora, janari eginberria, landaredia…)? EGUNEROKO BIZITZA: Zer ari zara egiten momentu honetan (janaria banatzen, zauri bat josten, gutun bat irakurtzen edo idazten, guardia egiten, trintxera bat egiten…)? SENTIMENDUAK: Zer sentitzen duzu? Norekin zaude eta norekin sentitzen zara babestuta? ETXEKOAK ETA NOSTALGIA: Zer edo nor botatzen duzu faltan? Gutunik jaso edo idazten al duzu? Zer esango zenioke etxeko bati hemen daukazun egoerari buruz? ETSAIA ETA BELDURRA: Zer pentsatzen duzu parean daukazun etsaiaz? Zeri diozu beldur handiena? AURRERA BEGIRA: Zerk ematen dizu indarra egoera gogor honi aurre egiteko? |
Idazlanari indar handiagoa emateko, ikasleek marrazki bat egin dezakete, beraiek aukeratutako pertsonak ikusten duen paisaia, pertsonak edota egoera irudikatzeko. Objektu sinboliko bat ere itsasi dezakete paperean: zaku zati bat, oihal bat, egur bat, argazki zahar bat…
Lanak paperean entregatuko dituzte, eskuz idatzita (ez ordenagailuz), eta anonimoki irakurriko dira. Irakasleak paperak nahastuko ditu eta, ikasle bakoitzari bat eman ostean, ozenki irakurriko dituzte.
Amaitzeko, ikasgela osoaren artean hausnartuko da gaiaren inguruan; gida-galderen bidez, debatea eta barne-pentsamendua sustatuko dira.
- Zer izan da zailena idazterakoan? Zergatik kostatzen da gehiago beldurra eta tristura bezalako sentimenduetan murgiltzea?
- Zer desberdintasun eta zer samintasun komun aurkitu dituzue gizonen eta emakumeen artean?
- Gerrari buruz zeneukaten ikuspegia aldatu al da pertsonen sentimenduetan pentsatu duzuelako?
- Gaur egun munduan dauden gerretan antzekoa izango al da fronteetako egunerokotasuna?
4. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpenak, aurkezpen artistikoak, idatzizko gogoetak eta hausnarketa pertsonalak egingo dituzte ikasleak.
Ebaluazio-irizpideak
Unitate didaktiko honen ebaluazioak izaera jarraitua, hezigarria eta integrala izango du. Helburua ez da soilik ikasleek azken emaitza batean lortutakoa baloratzea, baizik eta ikaskuntza-prozesu osoan zehar egindako aurrerapena identifikatzea eta ikasle bakoitzari bere ikaskuntza hobetzeko orientabideak eskaintzea.
Horretarako, ebaluazioa hiru ikuspegitatik ulertuko da: ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa, irakaskuntza-prozesuaren ebaluazioa eta unitate didaktikoaren ebaluazioa.
Ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa
Ikasleen ikaskuntza hiru unetan baloratuko da: hasieran, garapenean eta amaieran.
Hasierako ebaluazioaren helburua ikasleen aurretiazko ezagutzak, interesak, aurreiritziak eta gaiaren inguruko bizipenak ezagutzea izango da. Horretarako, unitate bakoitzaren hasieran proposatutako galdera-sortak, ideia-jasa, ahozko elkarrizketak eta hausnarketa laburrak erabiliko dira.
Prozesuko ebaluazioa unitate osoan zehar egingo da. Irakasleak ikasleen parte-hartzea, lankidetza, ikerketa-prozesua, ahozko zein idatzizko adierazpena, iturri historikoen erabilera eta pentsamendu kritikoa behatuko ditu. Aldi berean, ikasleei etengabeko feedbacka emango zaie, beren ikaskuntza hobetzen joan daitezen.
Amaierako ebaluazioan, unitate bakoitzean egindako azken ekoizpenak eta aurkezpenak baloratuko dira. Ez da produktu finala soilik kontuan hartuko; prozesuan izandako bilakaera, lankidetza, autonomia eta hausnarketa-gaitasuna ere ebaluatuko dira.
Ebaluazio hori egiteko hainbat tresna erabiliko dira:
Autoebaluazioaren bidez, ikasleek beren ikaskuntzaren inguruan hausnartuko dute. Horretarako, unitate bakoitzaren amaieran galdera labur batzuei erantzungo diete, hala nola: Zer ikasi dut? Zer egin dut ondo? Zer hobetu dezaket?
Koebaluazioaren bidez, berriz, talde-lanetan parte hartu duten ikasleek elkarren ekarpena baloratuko dute aurrez adostutako irizpideen arabera (parte-hartzea, errespetua, lankidetza, komunikazioa eta ardura).
Irakaskuntza-prozesuaren ebaluazioa
Ebaluazioak irakaslearen jarduna ere barne hartuko du. Unitate didaktikoaren amaieran, irakasleak bere esku-hartzea aztertuko du, egindako plangintzaren egokitasuna eta erabilitako metodologiaren eraginkortasuna baloratuz.
Horretarako, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:
Hausnarketa hori irakaslearen autoebaluazio-fitxa baten bidez jasoko da, hurrengo ikasturteetan unitatea hobetzeko proposamenak egiteko.
Unitate didaktikoaren ebaluazioa
Azkenik, unitate didaktikoaren beraren balorazioa egingo da. Horretarako, ikasleen iritzia ere kontuan hartuko da galdetegi labur baten bidez. Galdetegi horretan, jardueren interesa, zailtasun-maila, motibazioa, erabilgarritasuna eta proposamen metodologikoaren egokitasuna baloratuko dituzte.
Lortutako informazio guztia (ikasleen emaitzak, irakaslearen autoebaluazioa eta ikasleen iritzia) batera aztertuko da, etorkizunean unitate didaktikoa egokitzeko eta hobetzeko.
Ebaluazio-tresnen laburpena
|
Ebaluazio mota |
Helburua |
Tresnak |
|
Hasierako ebaluazioa |
Aurretiazko ezagutzak eta interesak identifikatzea |
Galdera-sortak, ideia-jasa, ahozko elkarrizketak |
|
Prozesuko ebaluazioa |
Ikaskuntzaren jarraipena egitea eta feedbacka ematea |
Behaketa sistematikoa, kontrol-zerrendak, koadernoa, ahozko aurkezpenak |
|
Amaierako ebaluazioa |
Ikaskuntzaren lorpen-maila baloratzea |
Errubrikak, azken lanak, ahozko aurkezpenak, autoebaluazioa eta koebaluazioa |
|
Irakaskuntza-prozesuaren ebaluazioa |
Irakaslearen jarduna hobetzea |
Autoebaluazio-fitxa eta hausnarketa pedagogikoa |
|
Unitate didaktikoaren ebaluazioa |
Proiektuaren kalitatea eta egokitasuna baloratzea |
Ikasleen galdetegi laburra eta irakaslearen ondorioak |
Gerraren hasieran bi bando argi sortzen dira: Francoren altxamenduaren aldekoak batetik, eta errepublikaren eta orduko gobernuaren aldekoak bestetik. Anaien arteko guda izan zela esaten da, familia askotan bi bandoetan borrokan zebiltzan gizonezkoak zeudelako.
Migel Gallastegi (Eibar, 1918): Etorri zan momentu bat soldauak eskatu ein bihar zittuela eta infanterixara joan bihar ziala soldauak. Batzuek zian komunistak, beste batzuek nazionalistak, beste batzuek... en fin. Nik ez neban entenditzen. Baiña esan estan batek, tenientia zan: “Migel, onian esanda, e, neri pentsatzen jatak soldau etorri bihar eukiela, bestela eruan eingo habe ta”. Ta hori esan estanian, amari ta aittari esan netsen ta “Ba hori esan badeuk, ba, juan”.
Txomin Aranburu (Andoain, 1922): Frentera, bai, anaia jun zan, baiña hua ni baiño zaharragua zan hua.
Candido Eguren (Eibar, 1906): Eta han partidu zin armak eta handik urten zeban ba horrek kolumniorrek Vitorixa aldera. Eta gero hartu zeban horrek runbua Donostia aldera. Eta ni be, ba, haren zeretik.
Domingo Iriarte (Aramaio, 1927): “Baiña neu gerrara boluntarixo ez, e! Deittuko juskuk, derrigor juen biher juau gerrara, hori bajakixau. Zakuen gazak! Baiñe deiketan duskule deiketan duskuen lekuen juengo gaittuk”. Anaiek horixe esan utsen, baiñe ha gerrie ikusitte auelako. Bai. Ta gero ba, miliziano ibili zan.
Gregori Goitia (Lekeitio, 1919): Kamion handixa, mutil gaztiekin. Ama guztik negarrez... Ene… Mutillak, koittaduk, hogei urtekuk mendira! Mendira!
Zeperino Mandaluniz (Muxika, 1918): Zematek hil ete deu... anaixak anaixatara, anaixak anaixatara be igual, eurek jakin ez eta tiro tiroka han. Ze bata batetik eta bestie bestetik, han nor hiltten dan iñok ez daki.
Euskadiko fronteak 100 kilometro inguruko lerro egonkorra osatu zuen zazpi hilabetez, Bizkaia ekialdetik eta hegoaldetik babestuz. Helburu nagusia Bilbo defendatzea zen, herrialdearen bihotz industrial eta politikoa zelako. Borrokarik gogorrenak Eibar, Bergara eta Intxortako mendietan bizi izan ziren. Erresistentziaren epealdi honetan, Bilbo inguratuko eta defendatuko zuen frentea eraikitzeko denbora eman zuen. “Cinturon de Hierro” edo Burdinezko Hesia deitu zitzaion.
Jose Gurrutxaga (Elgoibar, 1921): Orduan aita, armerua zela zan, ba, apuntau zan "en el Batallón Prieto". Ta juten zan goizian egunero frentera, entre... Lekeittio aldian ta Ondarrua aldian, ta hantxe zan frentera. Fusillak edo ametralladorak zela... eskas... aberixia bazauken, ba, eurak konpontzen zaben.
Juan Leibar (Arrasate, 1926): Zazpi-zortzi hillebete egon gitzen, hamen Arrasaten, Francon tropak, ta gu Santa Agedan gauzen gorrixekin. Esaten zan orduen "gorrixak". Han auzen nazionalistak. Gehixenak ezaunek, Arrasatekuek edo…
Sebastiana Atorrasagasti (Elgeta, 1921): Eske frentia euan Intxortatik, Bergaratik harutz. Ha hartuta euan, Francok; eta bestiak zian, hemendikaldetik erenak, milizianuak.
Bernarda Arizmendiarrieta (Elgeta, 1925): Asentzion –Elgetan dao Asentzio– Asentzion eozen reketiak, ta pin-paun, pin-paun, pin-paun, bertan arkalekin eitten eben tiroka.
Bartolo Arriola (Eibar, 1912) eta Agustin Arana (Eibar, 1913): Bartolo: Karakate? / Agustin: Telefonua ipini genduan guk hara. Bai, txabola ba ein genduan eta han egoten giñan. Abioia etorrenian, ba, telefonoua jo ta akabo. Eta ez euanian ezer eta euri pixka edo, nahiz ta egualdi ona egon, garua badakizu zer dan, garua? Garua holako gu baiño altuao izaten zan, ta goixian, ohetik jaikitzen giñanian, hantxe hartzen genduan dutxia. Garo artian juan ta ri-ra-ri-ra! / Bartolo: Garo bustixan artian. / Agustin: Hantxe hartzen genduan dutxia ihintzakin.
Pepa Bikandi (Amorebieta-Etxano, 1922): Peña Lemonan ixen zara, ezta? batailla gogorra. Ta hiru egunien egon zan. Mendixen bertan. Bai, mendixen, Lemoako hatxien. “Peña Lemona” horregaittik da. “La batalla de Peña Lemona”. Egon zien asturianuek batzuk eta, beste batzuk, ba, bertoko soldauek, bertako gudarixek. Hil be asko hil zien han.
Gregoria Ajuriagojeaskoa (Muxika, 1913): Trintxerie, "Cinturón de hierro" trintxerie ixen zan, Bilbora gerra denporan sartu ez deittezan. Gero hor gerriek urten eban ta..
Teodoro Aranburu (Usurbil, 1928): "Cinturón de Hierro", denboa askon egon zien lutxan hor, batekin ta bestiakin.
Basilio Urbistondo (Azpeitia, 1917): Bilbon defentsie ipini zeben, zanga bat. Han tropak haraiño etortzen zienien hure "inexpugnablie" izengo zala ta.
Frontera borroka egitera milizianoak batailoietan banatuta joaten ziren. Batailoiak, alderdi politikoaren araberakoak izaten ziren: errepublikanoak, sozialistak, anarkistak, komunistak, langileak, sindikatuak…Baina bazegoen ideologia ezberdinez sortutako baten bat ere.
Migel Gallastegi (Eibar, 1918): Ta sartu nintzan Batallón Amuategi.
Patxi Larrea (Donostia, 1920): Batallón Loiola.
Fabian Iparragirre (Pasai Donibane, 1917): Batallón Amaiur juntatu ginan.
Gregorio Biteri (Legutio, 1922): Arabako batailloi bat euan, Batallón Araba.
Jose Muñoa (Eibar, 1921): Jesus Larrañaga, Batallón Larrañaga [horrek ein zeban] horrek. Jesuittia zan izatez ta alde ein eban jesuitetatik [gerriangana]. Komunistatu ein zan.
Jesus Aranburu (Errenteria, 1918): Bazien batailloiak denak komunistak zienak, bestiak CNTkuak, bestiak... Baiño gure konpañian denak… [Denetatik zeon] denatatik zeon. Primer Batallón Mixto de Ingenieros.
Frontean egunerokotasuna gogorra zen. Zaurituak artatzeko ospitale xumeak antolatzen zituzten baserrietan edo eskoletan, eta milizianoek etxekoen gutunak jasotzen zituzten noizean behin. Janaria urria zen eta lo egiteko lekua eskasa. Gainera, arma zaharrak izaten zituzten.
Juan Leibar (Arrasate, 1926): Ospittala auen kruz roja haundi bateaz ta defendirute auen, baiñe bonbardeuen bonba batzuk jausi zien ospittalien be.
Domingo Iriarte (Aramaio, 1927): Untzillan, bai, gero, bai, orduen ifini euen ospittala ba hortxe beheko etxe baten. Hortxe... hemendik goittik behera hirugarren etxien ospittala egon zan.
Julen Iriondo (Elgoibar, 1920): Allegau giñan baserri batera dao han, Urkiola esaten diou, Urkiola, han Arraten behian dao. Ta han zan “hospital de sangre” zan haura. Heriduak-eta hartzen zittun lekua, lehenengo... lehenengo zerak, kurak-eta, eitteko, basarri haretan, Urkiolan. Bazauden medikuak eta han zauden.
Agustin Legorburu (Amorebieta-Etxano, 1928): Frentien dauena zelan jakingo zeen ba nun dauen? Eskribiten zeen halakon baten kartan bat, baia... Idatzi eitten zeben, bai.
Juanito Arantzamendi (Ondarroa, 1916): Kartia itten zan. Karta bat. Batzutan suerte... suertie; eta beste batzutan suerte txarraz, ez zan agertzen ez kartarik ez ezebe.
Fabian Iparragirre (Pasai Donibane, 1917): Enemigoa baldin bazetorren, tiro, alkarri tiroka. Pakia zanian, orduan retaguardiya pixkat atzea jun ta lo iten genun, tapatu ahal zan bezela zeakin ta... kaputxakin ta zean ta. Ahal zan bezela lo ta... iten zan... zutik, ixirita're bai lo ta... ahal zan bezela. Goizian atakia eo baldin bazan, konbatia baldin bazan bat'e jan gabe eon bihar, ta boltsak ematen zizuten ya kontserbako gauzak eta zean, ba, jateko hola zerian.
Paulino Larrañaga (Eibar, 1918): Ez zeguan danontzat lain fusillak, baiña egoten zan fusil bat lau edo bost lagunentzat, ezer estuasunik baldin bazan, jaurtitzeko eta zera. Eta, bestela, ba, trintxerak egin, zakuak bete, telefonuak e… [Harixak?] Hariok erabili trintxera batetik bestera eta... horrela. Horixe zan gure lana.
Egoera ilun eta lazgarri horretan, “Eusko Gudariak” kanta, adorearen eta itxaropenaren sinbolo bihurtu zen.
Luzia Inzunza (Mañaria, 1925): Eusko gudariak gera, Euskadi askatzeko. Gerturik daukat odola bere alde emateko.
Maritxu Beraetxe (Lasarte-Oria, 1925): Irrintzi bat entzun da mendi tontorrean. Goazen gudari danok ikurriñan atzean.