Elbira Zipitria andereñoa

Gerraosteko ikastolen bultzatzaile nagusia izan zen Zipitria andereñoa. Ikastola klandestinoa ipini zuen bere etxean eta andereño-sarea sortu zuen. Haren bizitzako argi-ilunak ezagutuko ditugu.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Lanbideak, Euskara

4 puntu 5 izarreko maximotik
10 iritzi guztira

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

  • Euskararen eta euskalgintzaren historia ezagutzeko interesa
  • Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Genero-ikuspegia sustatzeko nahia
  • Izpiritu kritikorako eta hausnarketarako grina

 

Bideoa ikusi aurretik:

Gaiaren aurkezpena egingo dugu. Elbira Zipitria andereñoa, horixe da aurre-ezagutzak aktibatzeko erabiliko dugun gaia. Gisa honetako galderen bitartez egin dezakegu:

-Badakizue nor zen Elbira Zipitria? Zergatik da ezaguna? Zer egin zuen?

-Badaukazue ikastola klandestinoen berri? Noiz, nola eta zergatik sortu ziren?

-Nolakoa zen euskararen egoera gerra aurrean? Eta gerraostean?

-Noizkoa da euskarazko irakaskuntza? Zer bilakaera izan du?

 

Bideoa ikusi bitartean:

1.  
Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2.  Beren arreta erakarri duten pasarteak gogoan har ditzatela.

3.  Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu.

4.  Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren:

1.  
Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.

2.  Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Bideoa ikusita, zer iritzi daukazue Elbira Zipitriari buruz?

-Andereño-sarea sortu zuen. Hemen, gure herrian, izan al zen ikastola klandestinoetan ibilitako andereñorik?

-Metodologia berritzailea erabiltzen zuen, “bizi-bizia” eta norbanakoari egokitua. Gaur egun, nolako metodologia erabiltzen da ikastetxeetan?

-Umeek 100 abesti baino gehiago ikasten zituzten. Zer abesti ikasi dituzue zuek eskolan? Zer gairekin lotuta?

-Zergatik izan zen hain traumatikoa Elbirarentzat euskara batuaren sorrera?

-Zuen ustez, errekonozimendu aski eduki al zuen Elbirak bizi izan zen artean?

Elbira ezagutu zutenek pertsona berezia zela diote: irakasle aparta baina traturako zaila, zorrotza eta jenio bizikoa. Zipitriaren azken urteak ilunak izan ziren: bere baitara bildu zen, munduarekin haserre. Bideoan bi arrazoi aipatzen dituzte:

  1. Ikastolen legeztatzea > sistema aldaketa (lekua, ikasle kopurua, metodologia, gauzak egiteko modua…) > botere-galera (boterea gurasoen esku)
  2. Euskara batuaren sorrera (pentsamendu politikoa) > Ikus Euskara batua eta euskalkiak bideoa

Beste arrazoi bat ere aipa daiteke, sistema-aldaketarekin lotura duena. Metodologia aldetik oso berritzailea izan arren, tradizionalista zen Elbira (Jainkoa, Euskara eta Lege Zaharra): oso fededuna zen, eta ikastola batzuetan gurasoek eta irakasleek hezkuntza laikoaren aldeko apustua egin zuten.

  1. Gerraosteko ikastola klandestinoak bideoa ikusi, isilpeko ikastolei buruz gehiago jakiteko. Nahi izanez gero, frankismo garaian euskararen egoera nolakoa zen erakusten duten bideo hauek ere ikus ditzakegu: Euskara eta zentsura, Euskararen kontrako neurriak eta Gerraostea: euskararen zapalkuntza. Ondoren, iritzi-trukea egin daiteke.
  2. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere (edo proposamen bat baino gehiago egin):

 

  • Sormena lagun”. Elbira Zipitriak utzitako aztarnak jarraituko ditugu, haren lorratzak topatu gaur egungo Donostian. Horretarako, Zipitriaren ibilbidea egitea proposatzen dugu: hura ibili zen tokietara joatea, alegia. Ibilbideak 6 geraleku ditu, denak ere Parte Zaharrean.

Lehenengo, ibilbidea gelan bertan ikus eta azter dezakegu (azalpenak, argazkiak eta bideoak). Eta ondoren, txangoa egin; orduan, ikasleak izango dira ibilbide gidatuaren arduradunak. Ikasleek emango dituzte azalpenak. 3-5 pertsonako taldeak osatu, eta talde bakoitzari ibilbideko puntu bat egokituko zaio.

Azalpenak emateko, Zipitriaren ibilbidea har dezakete abiapuntu moduan, hor aipatzen diren datuak eta informazioa. Hori bai, sormena erabiltzera eta ibilbide gidatu ahalik eta orijinalena egitera animatuko ditugu (bertsoak, kantak, antzezlan txikiak… umez/irakaslez mozorrotu daitezke…). Adibidez: “Ardi galduak” abestia kantatuz eta eskutik helduta egitea Gaztelurako bidea, Zipitriak erritualak egiten zituen tokietan (Guardetxea eta Baluarteko begiratokia) antzezlanak egitea...

Ibilbide gidatua bideoan grabatzea gomendatzen dugu. Grabatutakoa ikasgelan ikus dezakegu, eta iritzia trukatu. Aukera bat: editatu eta sare sozialetan zabaltzea (Ahotsak-era bidaliz gero, fitxa honetan adibide moduan ipin dezakegu).

 

  • Historia egiten”. Emakumeen lanak isilpean geratzen dira askotan, ez ditugu ezagutzen. Dokumentatu, eta aitzindariak izan diren beste emakume batzuen berri ekarri ikasgelara. Adibiderako:

-Beste andereño batzuk

-Herrian/eskualdean alorren batean nabarmendu diren emakumeak: margolariak, idazleak, kirolariak, euskaltzaleak, sukaldariak, dendariak…

Besteak beste, dokumentazio-iturri gisa Ahotsak.eus proiekturako grabatutako testigantzak erabil ditzakete. Hona hemen Ahotsak-erako elkarrizketatutako andereñoetako batzuk:

Karmele Esnal

Miren Egaña

Kontxita Beitia

Mari Karmen Mitxelena

Itziar Arzelus

Amale Arzelus

Miren Josune Tolaretxipi

Eulalia Aranburu

Itziar Ajuria

Tere Bakedano

Maria Jesus Otaegi

Maria Dolores Leunda

Jesusa Aranguren

Juani Urkizu

Pepi Gorostidi

Ikasleek aurkezpen txiki bat egingo dute bildutako informazioarekin.

-Ikertutako emakumea nor den esan

-Biografia laburra azaldu: ibilbidea kontatu

-Informazioa gehitu (bideo-pasarte bat erakutsi, hari buruzko erreportaiak/liburuak/dokumentuak aipatu, argazkiak…)

-Iritzia eman

Aztertutako emakume aitzindariei buruzko informazioa ikastetxean zabaltzeko, hauxe aukera bat: kartelak egin emakumeen izen-abizenekin eta biografia laburrekin (argazkia izanez gero, argazkia ere jar daiteke), eta ikastetxean zehar ipini.

 

  • “Zu zeu elkarrizketatzaile”. Ikasleak kazetari bihurtuko dira, herriko historiaren biltzaile. Herrian aitzindari izandako emakume bat (edo bi) gelara gonbidatu, eta elkarrizketa egingo diote. Galderak guztien artean prestatuko dituzte.

Elkarrizketa bideoan grabatzea gomendatzen dugu (ikus jarraibide orokorrak), gerora ere erabili ahal izateko, eta komenigarria litzateke elkarrizketatuari argazkia ateratzea ere. Jasotakoarekin hainbat lanketa egin daitezke taldeka:

  1. Elkarrizketa idatziz jarri, eta argitaratzeko moduan ipintzea (titulu nagusia, azpititulua, sarreratxoa, galde-erantzunak, argazkia, argazki-oina…)
  2. Grabazioa editatu eta elkarrizketatuaren pasarte onenekin ikus-entzunezko bat sortzea, sare sozialen bidez ikastetxean zein herrian zabaltzeko (lan hau egiteko bideoak editatzeko programaren bat ezagutu behar dute eta ereduak eman beharko zaizkie). Ikasleek off-eko ahotsa grabatu dezakete eta sasoi bateko argazkiak ere erabil ditzakete (elkarrizketatuari eskatu, gonbidatzerakoan).
  3. Elkarrizketatuaren testigantza erabiliz eta ikasleek narratzaile lana eginez (ahotsak grabatu), irratsaio bat sortzea, herrian euskarazko irakaskuntzaren historia zein izan den azaltzeko. Musika eta soinu-efektuak ere erabil daitezke. Sustatuko duguna: herriko hizkera erabiltzea, naturaltasunez jardutea eta adierazkortasuna lortzea. Adibide gisa, ikus Leitzako irratsaio hau.

Aukera bat: gero grabazioak Ahotsak.eus artxibora bideratzea (adibiderako, ikus: Donostiako ikastetxea eta Lekarozko institutua).

Adibide batzuk: Eli Pagola bertsolaria (LH3-ko ikasleek egindakoa) eta Aitor Ruiz de Egino artista (LH5eko ikasleek egina).

 

  1. Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: azalpena, ibilbide gidatua, aurkezpena, ikus-entzunezkoa… eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusteko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak

 

Ebaluazio-irizpideak:

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.



Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.

- Ea identifikatzen dituen euskararen eta gaztelaniaren arteko ukipen-egoeraren ondorioz sortutako fenomenoak, eta egoera zehatzak aztertzen dituen (2. mailan).

-Ea hautematen dituen gizarte-, arraza-, sexu- edota kultura-bazterketa adierazten duten irudiak eta adierazpenak (genero ikuspegiari lotutakoak bereziki), eta, horrez gainera, berak sortzen dituen testu mintzatu eta idatzietan adierazpen horien erabilera baztertzen duen.

-Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.

-Ea lotzen duen edukia historia- eta gizarte-testuinguruarekin.

-Ea aurreko belaunaldien testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.

-Ea lehenaldia eta orainaldia lotzeko eta bere ikuspegia aberasteko gogoa eta gaitasuna izan dituen.

-Ea aktiboki hartzen duen parte dramatizatze-, birsortze-, memorizatze- eta errezitatze-lanetan,

eta, erritmoa, ahoskera, azentua eta intonazioa zaintzeaz gainera, antzezpen-estrategia errazak erabiltzen dituen.

- Ea literatura-ereduak sormenez erabiltzen dituen.

- Ea ipuinak, pasadizoak... etorri handiz eta bizi narratzen dituen.

- Ea bideoa behar bezala ulertu duen eta ulertu ez duena argitzen saiatu den.

- Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.

- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.

- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.

- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.

- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen.

- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen.

- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.

- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen.

- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.

- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.

- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.

- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.

- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.

- Ea autoebaluazio- eta autozuzenketa- estrategiak erabiltzen dituen ahozko erabilera hobetzeko.

- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.

- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.

- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).

- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.

- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen.

Elbira Zipitria, ikastolen aitzindaria

Gerraostean, ikastola etxean

Kontxita Beitia (Donostia, 1940):

-Gerra aurretik hemen izan zan andereiño. Berak gerra pasa zun, alde egin behar izan zun, erbestean bizi.

Arantxa Gurmendi (Donostia, 1944):

-Eta itzuli zanean, jarri zun martxan lehendabiziko ikastola, klandestinoa.

Maria Jesus Otaegi (Donostia, 1928):

-Ni haurrakin juten nitzan, haurrak eramatea, gure haurrak ikastolara Elbirangana.

Arantxa Gurmendi (Donostia, 1944):

-Guk, auzo maillan, ba, ez genun esaten nora juten giñen ikastolara. Nolabait bazeon hor diziplina bat, ezin zan aireztatu zer zan hura, ez?

Arantza Garaialde (Donostia, 1951):

-Irakatsita genun! Kontxan edo Bulebarrean euskeraz entzuten bagintuzten ta gizonen bat etortzen baldin bazitzaigun polizia izan zitekeela; agian ez dakit polizia esaten ziguten baina esateko andre batekin gu ume txikiak atera egiten gintuztela ta kantatu eta jolastu, besterik ez genula egiten.

Maria Jesus Otaegi (Donostia, 1928):

-“¿A qué colegio van?”. Eta nik esaten nun: “Nola, nola esango diyot honi ikastola? Lenengo gauza ezin dala esan eta bigarrena ez dakite zer dan!”. Azkenian asmatu nun: “No, es que dan clases particulares”. “A, bueno, muy bien”.

Arantza Garaialde (Donostia, 1951):

-Honbre, Elbirak lortu zun erdi klandestinitate onartua izatea nik uste det hizkuntza-eskola bezala sartuta zegoelako, eta horregaitik 10 baino gehio ezin zian egon, eta euskera irakasten zula ta bueno.

Jokin Muxika (Donostia, 1932):

-Sortu zan ba poliki-poliki umeekin, andereño Zipitria, Elbira, eta gero beste andereño batzuk ere izan zian eta hasieran gure seme zaharrena re hala ibilitakoa da… etxerik etxe.

Miren Egaña (Donostia, 1946):

-Nik uste det hasi zala handik gutxira Faustina txikiekin, hartzen Elbirarenak. Elbirarengana joan baino lehenago.

Maria Jesus Otaegi (Donostia, 1928):

-Haurrak pasatzen zituzten 3-4 urte, txikiakin, andereño Faustinarekin, eta gero 9 urterarte berekin, 4 urte iten zituzten.

Miren Egaña (Donostia, 1946):

-Iñork ez du hitz egiten andereño Felitxu Erasori buruz, frantsesa irakasten ziena. Zeatik Felitxuk eta Elbirak tandem bat osatzen zuten. Elbiraren umeak goizez joaten zian eta goizez joaten ziranak arratsaldian ez, baina arratsaldian joaten ziran Felitxurengana frantsesa ikastera.

Arantza Garaialde (Donostia, 1951):

-Ya nik uste det 5 urtekin berarekin oso bat zegola, ta andereño Elvirarekin, Iparraldetikan etorritako Felitxu… Andereño Felitxu Eraso uste det zala ta justu leku berdinean edo parean, kale berdinean, montatu zun bere eskola baina frantses… frantsesa ematen zigun.

Itziar Arzelus (Donostia, 1928):

-Lehenbizi hasi giñanian giñan nere ahizpa eta ni… Eta gero poliki-poliki  ba jun zian Kontxita eta Karmele Esnal eta beste batzuek. Poliki-poliki zabaltzen jun zan. Eta gero azkenian asko zeuden. Pilla bat.

Mari Karmen Mitxelena (Usurbil, 1938):

-Irakasleak nahi zitun, zeatikan berak bakarrik ezin zun ta orduan momentu hartan ba bera, Karmele Esnal, ba Jone, ale batzuk bakarrikan ari ziran, ez? Eta eskakizunak gurasuen aldetikan ba gero ta gehiago zien, eta bueno esan zidan “ ui ez dakizu ze poza ta ze ilusioa, baino hortarako Magisteritza bukatu behar dezu eta gero urtebete nerekin praktikak egin”. Berak baldintza hori jartzen zun, bestela ez zun inor onartzen.

Kontxita Beitia (Donostia, 1940):

-Eta hasi nintzen ba beragana juten, eta hasieran gauez bakarrik, ba gramatika aldetik. Nor-Nori-Nork método famatua berak sortua zan. Nik izan det ikaragarrizko pagotxa. Nik ezagutu nuen bueno, denok ezagutu nahiko genukeen persona.

Mari Karmen Mitxelena (Usurbil, 1938):

-Nik hor ikasi nun benetako irakaskuntza zer zan, zeatik guk Magisteritza ikasi gendun ba hori garai batean ikasten zan bezela eta gure gurasoak ikasiko zuten tankera, ba buruz ta gauza batzuk baino inongo aurrerapenik gabe, ezer gabe, eta horrela eta han nik ezagutu nun beste mundu bat.

Zipitriaren metodologia

Arantxa Gurmendi (Donostia, 1944):

-Ordun, guk eskola egiten genun denok batera, etxe txiki batean, hemen, Alde Zaharrean, hola, gela batean, lurrean eserita danak eta, bueno, adin ezberdinetakoak. Baiñon berak gero bazekin nori zer erakutsi behar zion adinen arabera eta, nahiz eta eskolan danak elkarrekin egon, oso bakoitzari zuzendutako hezkuntza egiten zun.

Karmele Esnal (Orio, 1932):

-Ta batez ere baita ere neskak eta mutilak. Ordun neskak kolejio baten eta mutilak beste batian egoten ziran; gu, berriz, neska-mutillak elkarrekin.

Arantza Garaialde (Donostia, 1951):

-A bai, bai nik uste det ikaragarria, hori izan dala… izan zala garai haietan bueno oso aurreratua eta pedagogikoki nik uste det berak asmatu zula bete-betean. Eta beste alde batetik, ez zun zerikusirik guk nola ikasten genun, zer ikasten genun, eta zenbat denbora egoten giñen ikastolan, beste gure garaiko haur guztiekin.

Kontxita Beitia (Donostia, 1940):

-Ikastolako metodologiak ez zun zer ikusirik beste eskolakoekin. Berak sortu zun, baino nik uste det berak bazeuzkela iturri batzuk Frantzia aldetik.

Itziar Arzelus (Donostia, 1928):

-Ze horrek zekan ahizpa bat monja Frantzin, Frantzin e, ta oso aurreratua zeon eta berak ikasi zun bere ahizpakin.

Arantxa Gurmendi (Donostia, 1944):

-Frenet edo holako metodologia batzuk bazeuden Frantzian, modernoak zienak, beste eskolatan hemen erabiltzen ez zianak, eta berak praktikan jartzen zitun. Bai. Eta oso… eta resultado onakin, zeatikan gero hamar urtekin jun behar genun beste eskola ofizial batea, ze bestela ez genun iñolako agiririk ikastolan, eskolan ibili giñenik. Eta ez genun iñolako arazorik izaten hamar urtekoen maillan sartzeko.

Karmele Esnal (Orio, 1932):

-Txotxak, pottokak, babarrun aleak… holako gauzak material bezela matematiketarako eta horrela.

Itziar Arzelus  (Donostia, 1928):

-Dena-dena-dena bizirik. Ezer ez ez hola, ezdakit nola esan… hor jarri eta ikasi. Ez, ez. Egin egiten genun, dena. Dena zan bizi-biziya. Ez dakit adibidez, kanikakin adibidez kontatu, e. Eta gero hamarrekoa iristen zenean, hamarrekoa kanikoia zan. Ta orduan joaten ziran “dendan andreJoxepa, trukatzen kanikak eta. Hamarreko polit bat hauen truke eman badeza…” eta hamar kanikakin joaten ziran, ematen zioten dendakoari eta dendakoak kanika ematen zun. Hamarreko bat. Bueno, ba dena hola.

Karmele Esnal (Orio, 1932):

-Dana eramaten zan eskolara. Dana ikusten zuten, dana ikutzen zuten…

Itziar Arzelus (Donostia, 1928):

-Adibidez udaberriya ta iristen zianian guk ez genun liburutik ikusten. Mendira, gaztelura, Urgullera, hara jun eta han bizi: nola zeuden hostoak, nola ari zian jaiotzen… dena-dena hola.

 Arantza Garaialde (Donostia, 1951):

-Eta bueno berak bere… eramaten zitun batzutan bere ritualak ere ez? Eta orduan hainbat lekutan gelditzen ginan. Abesten genun “Itsasoa laino dago Baionako barraraino, nik zu zaitut maiteago txoriak bere kumeak baino”.

 Itziar Arzelus (Donostia, 1928):

-Dena kantuak eta antzerkiyak eta.

Mari Karmen Mitxelena (Usurbil, 1938):

-Era hortara dana. Dana jokua zan, dana festa. Nik ez dakizu ni oso lotsatia izandu naiz ta ze lotsak pasatzen nitun, beti antzerkia ta xomorroak eta irudiak egiten eta atzerritarrak eta etorri eta hantxe begira eukitzen genitun. Donostia bakizu Urgullera eta jende asko etortzen zan eta iyotzen ziran ta hantxe tximukerik egiten haurrekin. Ta Elbirak klaro, ordurako bazitun berak 50 urte eta gehiago, e, eta hantxe egiten zitun baino hoixe bizi-bizi-bizi zitun gauzak.

Kontxita Beitia (Donostia, 1940):

-Ikusten zun abestien bidez asko landu zitekeela euskera.

Arantza Garaialde (Donostia, 1951):

-“Ardi galduak atzetik, tris-tras!” Kantatzen. Ni gogoratzen naiz psikologikoki oso ona dala kantatzea zeatik aldapa gora ez genun protestatzen, eta igotzen gintuzten nahi zuten lekura jolasean eta kantuka.

Mari Karmen Mitxelena (Usurbil, 1938):

-Bai, gure haurrak 100 abestitikan gora ikasten zituzten.

 

Azken urteak, ilunak

Jokin Muxika (Donostia, 1932):

-Eta gero ya etorri zan baimena, Franco bizi zala, e! Etorri zan baimena ikastolak-eta iteko. Bai. Eta lehenengoa jarri zan hemen Santa Marin, ganbaran.

Mari Karmen Mitxelena  (Usurbil, 1938):

-Ilusio handiakin aritu zan, e, gu danokin gauza horiek danak preparatzen. Gelak, materialak, gauza horiek danak, baina gero nik uste ez zuela onartu…

Kontxita Beitia (Donostia, 1940):

-Bildurrak eraginda nik uste det ez zula ikusten gero etorkizuna ondo. Berak pentsatzen zun ikastolak jarraitu behar zutela berak zeuken itxurape hortan, ezta? Etxeetan eta… ez zun ikusi geroa, ez zun ikusten ya ikastola guztiak ya lokal haundietan, ikastola batzuk ya oso haundiak… eta ez dakit, ez zun ikusten. Triste zegon.

Mari Karmen Mitxelena (Usurbil, 1938):

-Euskera batuarenak ere izugarrizko jipoia eman zion. Ordun gauza asko ziran eta gero nik uste det ikastolak legeztatzearekin alde batera bai baiño beste aldetikan berak pentsatzen zuen dena pikutara juteko arriskua ere izango zala, ez?

Kontxita Beitia (Donostia, 1940):

-Euskera batuan beragan ere izugarrizko eragina izan zun. Izugarrizko mina izan zun berak, baino barruko mina. Ez zan, berak ez zun onartzen, ez zun ikusten nola izan zitekeen euskera batuaren etorkizuna. Beretzako euskera galtzeko bidean zegoen, e.

Arantza Garaialde (Donostia, 1951):

-Nik esango nuke… depresio moduko bat da, gainera: erabakitzen du ez duela inor ikusi nahi, bakarrik egon nahi dula…

Jokin Muxika (Donostia 1932):

-Eta gero ba goatzen naiz, ordun ez seguruik ta ez ezer eta jubilatu zanian ba famili talde bat… ordaintzen gendun horrenbeste hileroko ba harrei ba pensiyua bezela emateko.

Kontxita Beitia (Donostia, 1940):

-Gero hainbeste jende etorri da gero kursilloak ematea ta, irakasleei eta ez dakit zer, eta parte hartu behar zala ta, baiño berarekin edo bere pedagogia ikasteko aukera izan gendunok, hori ikasstaro horiek egin ditugunean, esan degu: “Baina non gaude?”, ez? O sea, ez da gainditu pedagogia hura, e! Nik beti esaten det, beraiengandik ikasi gendun, eta saiatzen giñen ahalik eta ondoen egiten, baiño Elbira Elbira zan, eta bakarra.

-Ikus Elbira Zipitriario buruzko Bidegileak

-Hona hemen frankismo garaiko euskararen egoerarekin lotutako bideo batzuk:

Gerraosteko ikastola klandestinoak

Euskara eta zentsura

Euskararen kontrako neurriak

Gerraostea: euskararen zapalkuntza

Euskararen transmisioaren etena

-Elbira Zipitria eta Maria Dolores Agirre lagun-minak ziren: Magisteritza ikasi zuten biek, Donostian, eta elkarren arrimuan ibili ziren euskalgintzan, Donostian. Maria Dolores irribarretsua eta goxoa zen. Elbira, berriz, serioa eta zorrotza. Ikus:

Maria Dolores Agirre eta antzerkia

Azken unerarte elkartuta

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza