Umoreak ba al dauka generorik? Zergatik pentsatu izan da mutilek grazia handiagoa dutela?
Mailak: LH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Balio etikoak
Gaiak: Genero-berdintasuna
Ikasleengan bultzatzen diren jarrerak
Bideoa ikusi aurretik
Aurrezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu, bideoa umoreari buruzkoa dela aipatuta:
-Zuentzat zaila ala erraza da umorea egitea?
-Esan ezagutzen dituzuen umoristen izenak (edo aktore umoretsuen izenak). Zerrenda bat osatuko dugu. Zenbat dira emakumeak?
-Umoreak ba al du generorik? Ba al dago umore maskulinorik eta umore femeninorik? Arrazoitu.
-Neskak ala mutilak, nortzuk dira umoretsuagoak? Ba al dago bereizketarik?
-Mutilek neskek baino grazia gehiago egiten dutela esan izan da, umorerako joera berezi bat dutela. Egia al da? Nondik dator uste hori?
-Erraztasun berarekin erabiltzen al duzue umorea eremu pribatuan (senide eta lagunekin) eta eremu publikoan (talde handiagoan)? Lotsarik sentitzen al duzue zuei begira daudenean?
-Umore mamitsua eta umore erraza daude. Eman bien adibideak. Berdin baloratuta al daude?
Bideoa ikusi bitartean
Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Bideoa ikusi ondoren
-Ezagutzen al zenituzten bideoan agertu diren pertsonak? Nondik?
-Bea Egizabalek dio umoreak sufrimendua arintzeko balio duela. Ados al zaudete?
-Egia al da neskek grazia egiteko joera gutxiago dutela eta mutilek gehiago? Identifikatuta sentitzen al zarete horrekin?
-Hitz egiten al duzue gai eskatologikoei buruz?
-Desberdin neurtzen al da txiste lizuna emakumeak egiten baldin badu? Neskek "finagoak" izan behar al dute ala hori lehenaldiko kontua da?
-Emakumeak ezkutuan, plaza publikotik aparte, egon direla diote bideoan. Nola ikusten duzue zuek?
-"Tuntun samarra da", "amargatu bat da"... entzun al duzue halako esaldirik?
-Entzun al duzue aluaren edo klitoriaren gaineko txisterik? Hala bada, kontatu!
Miren Artetxe eta Eli Pagola bertsolariek idatzitako Ño komiki-liburua irakurri daiteke, eta ondoren komentatu.
Egoera: Gizon bat neska gaztearekin ligatzen saiatuko da
Egin beharrekoa: gizonaren eta neskaren arteko elkarrizketa asmatu, bina bertso. Talde bakoitzak guztira lau bertso asmatuko ditu. Hori bai, neskaren jarrera ez da beti bera izango: puta, Ama Birjina ala sorgina izan daiteke. Talde bakoitzak bat aukeratuko du (talde asko baldin badira, pertsonaia errepikatu egin daiteke: adibidez, hiru puta, hiru Ama Birjina eta hiru sorgin).
Bertsoen neurria eta doinua guztien artean erabaki dezakete. Adibidez, zortziko txikia. 20-30 minutu izango dituzte bertsoak prestatzeko. Ondoren, ikaskideen aurrean kantatuko dituzte bertsoak.
Bertso guztiak entzun ostean, ikasleak bertsoetan agertu den edukiari buruzko hausnarketa egitera gonbidatu ditzakegu, genero-ikuspegitik:
-Errepikatu al da klixerik edo estereotiporik?
-Ikusten al duzue zantzu sexistarik edo matxistarik sortu dituzuen bertsoetan?
-Zein da emakumeari buruz agertu den irudia?
-Ateratzen al duzue ondorioren bat?
Lehenbizi, zerrenda bat osatuko dugu denon artean eta, ondoren, taldetxo bakoitzak izen bat aukeratu beharko du (guztiek desberdina), pertsona horren inguruan ikertzeko (ez da aski Wikipedian jartzen duenarekin). Hona hemen zerrenda osatzeko izen batzuk (baina badira umoregintzan trebeak diren gehiago ere):
Helburua ahozko aurkezpen txiki bat egitea izango da. Hauek izan daitezke aurkezpeneko puntuak:
|
Bi saio egingo ditugu. Saio bakoitzean gelaren erdia publikoa izango da, eta baita epaimahaia ere: txiste kontalari onenak sarituko ditu (horretarako, kontuan izango dutena: txistea ona den ala ez eta graziarekin kontatu den ala ez). Talde bakoitzaren txisteen ostean, 1etik 10erako puntuak emango dituzte publikoko kideek (beste taldeetako bakoitzetik ordezkari batek, taldean erabakita). Hala, puntu gehien lortzen dituena izango da talde irabazlea saio bakoitzean. Saria barreak eta txaloak izango dira.
Jolasaren ondoren, nola sentitu diren galdetuko diegu ikasleei: eroso ala deseroso, lotsatuta ala lasai, erridikulu sentsazioa izan duten ala ez, ea protagonismoa izatearena nola daramaten... Kontuan izango dugu bideoan esaten dutena ere: neskei gehiago kostatzen zaiela publikoan hitz egitea. Hala al da?
5. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena.
Ebaluazio-irizpideak
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
Ikaste-prozesuari buruz
Bere komunikazio-gaitasunei buruz
Talde-lanari buruz
Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk, ikasgaiko konpetentzia espezifikoekin lotutakoak:
1. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
2. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
4. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
5. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
Gorka Artetxe (Hendaia, 1987): Bai gizonezkoek edo mutilek, bueno, ez dakit, ya asumitua dakagula grazioso izan gaitezkeela eta igual emakumeek edo neskek… Igual haien lanketa ere, egin beharko luekena, e? Ez dakit zeinek erabakitzen dun edo nundik iristen dan, baina, bai, grazioso izate hoi edo umorera jotzeko tendentzi gutxigo daukela.
Agurtzane Intxaurraga (Orozko, 1966): Gizona ohituta egon da beti berba egitera. Ordun, ez dau iñoiz euki lotsarik berba egiteko. Baiña andrazkoak beti egon garenez ixilpean, ba, gero zoazenean txiste bat kontatzera, norbera ere sentitzen da: “Ai, ze txarra nazen!'”.
Bea Egizabal (Lasarte-Oria, 1971): Kolektibo bezela hartuta, emakumeak umore asko egin du, asko, zeren sufrimendu asko jasan du. Nun egin du? Ba seguruenik beraien artean, txoko txikitan... Ez? Ba hori, emakumeen artean. Baino gero plazan, publikoan, edo jendearen aurrean, pues, noski, hori gizonen eremu bat izan da. Seriotasuna, eliza... Klaro, segun gero ze garaietan egon garan! Orduan, zure… Formalidade eta zintzotasun guztia emakumeentzako. Klaro, zer da? Geldik, estatikoak egon! Eske “zeate subalternidadea eta zaudete hor gizona laguntzeko eta umeak zaintzeko eta daude…”, ze parre in behar zendun hor jendian aurrian? Orduan, dago istorio hori de “emakumeak ez daukate umorea”.
Agurtzane Intxaurraga: Eta, ordun, eskertzen da pilla bat, ba, umorea… umorean ikusten dozuzenean andrazkoak. Ez? Eta, joe, noski dagozala umorea egiten dakien andrazko asko! Ez? Ba beitu sukaldeetan, euron artean lehen juntetan zirenean, eta barre batzuk botetako, eta hau kontau eta bestea kontau... ba salerosak egon dira beti. Baiña gero ez dogu eukin edo ez daue eukin aukerarik hori ez supaztarrean geratu eta plazara ateratzeko. Ez?
Gorka Artetxe: Adibidez, gai eskatologikotan. Ez? Gizonek dauke soltura moduko bat... Ez dakit, ez? (Miren Artetxe: Bai, bai. bai)
Bea Egizabal: Klaro egin daitekeela kaka-culo-pedo-pis, porke gizonezkoek egiten dituzte kaka-culo-pedo-pis pilla bat. Baiño desberdin epaitzen dira. Desberdin neurtzen da. Osea, umore ez mamitsua gizonezkoengan, pues, ja-ja-ja; emakume batengan “qué ordinaria, qué soez, qué tal, qué cual...”. Ez dakit iten, baina hau baldin bada feminitatea, klaro, eske igual komikoa izateko, beste... apurtu egin behar dezu justo edertasunaren rola! Bueno, pues, ausartu egin behar zea ere bai, e!
Agurtzane Intxaurraga: Ni neu. Ni hezitua izan naiz obedientzian eta isilik egoten eta… bueno, batez ere horretan, ez? Eta horrek zer dakar? Ba zure autoestima... azkenian, pentsetan dot batzutan, nere kasuan, okerrena norbere beldur hori dala, ez? Inseguri…Osea, seguridade falta hori.
Miren Artetxe (Hendaia, 1985): Momentu baten izan naiteke graziosa, baiña ez det nahi pailaza izan, ta, ordun, parre egiñarazi behar det, baiña ezin det gehiegi parre egiñarazi, ze egoki, neurrin zeatu behar det...
Bea Egizabal: Eta hor esaldiak daude, ez? “Parre asko egiten du, eske tuntun xamarra da”, “Ez du parreik iten, amargatu bat da”... Eske azkenean egiten deguna egiten degula ere beti dago esaldi bat.
Miren Artetxe: Oain konturatzen naiz, ba, bertso mundun genbiltzanen, klaro, bertso mundun danok gea graziosok, injeniosok, eta oso listok danok eta, ordun, umore fiña iten deu eta ordun txiste bati zazpi buelta ematen zaizkio. Eta, bueno, ba, hoi da pixkat gure jarrera, ez? bertso mundukok juntatzen geanen edo… Hoi uste deu behintzat. Eta hor, adibidez, bai gertatzen zala protagonismoa ia erabat mutillek hartzen zuela konbersazion, gidaritzan, umorian... Alde txarrak eta onak dazka, ze zuk neska bezela benetan zeoze graziosua esaten bazu, euki dezake doble grazi, zeoze graziosoa esan dezulako eta, gaiñera, neska izanda, ez zaizunen tokatzen holako zerbait esatia, ba, baliteke efekto doblia itia. Baiña azkenen nik banekin hor “perfil bajo” nitzala umore aldetik: ondokuai bai esango nizkiola, baiña nik ez nun talde haundin botako jesukristona. Baiño ze gertatzen zan askotan? Ondokoai esaten zeniola, bajutik, graziya iten zion, baiño ordun berak botatzen zun altun Ez? Eta hoi askotan gertatzen zan gauza bat da.
Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984): Umorearena: umorerik ez daukagula sinistea, edo gure umoreak ez dula… ez diela danei graziarik egiten. Orduan, giro feminista baten egin dezakegu, baina BECen egiten badezu, ba, igual ez dauka gizontasun jakin batetik egindako umoreak daukan grazia bera.
Estitxu Eizagirre (Hernani, 1979): Ze zaila dan hortik betiko harreman, eskema ta iruditeri eta txisteetatik kanpoko zerbait egitea.
Uxue Alberdi: Bai, ba, umorea egiten dalako umorearen gainean, eta zakilari buruzko hamarmila txiste entzun ditugulako danok eta aluari buruzkoak oso gutxi. Eta, orduan, hasteko, ba, jendeak, publikoak, ez du oso ondo ulertzen zertan ari zeran, ez badago aurretik eraikitako kodigo bat. Gaur egun askoz ere saio feminista gehiago egiten ditugu guk, edo kontestu feministetan saio gehiago egiten dira, eta Ez da kasualitatea izan da iraultza bat alde horretatik: lagundu digu gure kodigoa sortzen, inoiz esan gabeko hitzak esaten...
Estitxu Eizagirre: Klaro, gai bat jartzen da. Bale. Eta gizonen personaje abanikoan zenbat bide daude? Ba hauek okurritzen zaizkigu; zazpi bide igual. Eta emakumeen abanikoan? Ta ez zitzaigun okurritzen... Zenbat estereotipo daude emakumeenak? Ba askotan gutxi izaten dia emakumeetaz dauden estereotipoak eta, askotan, da laburtzen dianak Ama Birjiña, puta eta... Ama Birjiña, puta eta sorgiña. Eske… sentitzen det. Eta, ordun, ia-ia aukeratu behar dezu: bale, jendiandako ze izango naiz, Ama Birjiña? Osea, bersio korrektoa, ideala, emakume eredugarria. Ze izango naiz, puta? Saiatuko naiz ya lehenengo bertsotik aber aldamenekoakin sexu kontuko bidea hartzen deten? Edo sorgiña izango naiz, gaizki ikusita dauden gauzak eta emakume batengandik espero ez dianak eta inkorrektoak dianak, hoiek botako ditut? Bale? Hiru hoiek. Bai. Eta hortik aurrera zer…? Eta gizonetan, pues, bide gehio ikusten zian ordun. Eta orain iruditzen zait, ba, bueno, emakumez bakarrik osatutako saioak eta emakume bat baino gehio... ta, ordun, emakumekin ba aukera ematen dula sortzeko estereotipo desberdinak, bide desberdinak eta ezdakit ze. Oain, horrek eskatzen du denboratako lana, referentzialtasuna sortzea... osea, estereotipo bat sortzea asko kostatzen da sozialki. Ez?
Uxue Alberdi: Eta, ez dakit, gaia baldin bada "Ze esango zenioke zure klitoriari?". Hori kantatu dugu Ez da kasualitatea saio batean, eta niretzako izan zan saio hunkigarri zoragarri bat. Ez? Baina, klaro, ba, hori txapelketa nagusian, ba, ez da... oraindik ez gaude hor.