Emakumeak bertsotan

Emakume bertsolari batzuen esperientziak batu ditugu bideo honetan: emakume izateak bertsoen plazan nola baldintzatu dituen kontatzen dute.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Balio etikoak

Gaiak: Genero-berdintasuna, Bertsolaritza

5 puntu 5 izarreko maximotik
2 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:

  • Bertso munduko emakumeen bizipenak ezagutzeko interesa
  • Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Emakumea gutxietsi eta diskriminatzea dakarten estereotipo, aurreiritzi eta rolak baztertzea
  • Sexu-diskriminazioarekin kritiko agertzea
  • Emakumeen ahalduntzerako tresnak ezagutu eta erabiltzeko gogoa

 

Bideoa ikusi aurretik

Gaiaren aurkezpena egin: emakumeak bertsolaritzan. Ikasleen aurre-ezagutzak aktibatu, gisa honetako galderak eginez talde handian:

-Zeintzuk dira zuen gustuko bertsolariak? Bota izenak.

-Egin dezagun zerrenda bat ezagutzen ditugun emakume bertsolariekin.

-Ezagutzen dituzue Uxue Alberdi, Nerea Ibarzabal, Amaia Agirre eta Miren Artetxe? Zer dakizue haiei buruz?

-Zuen ustez, emakumeek jasaten al dute diskriminaziorik bertsotan? Gizonezkoen baldintza beretan jarduten dute? Berdin epaitzen dira haien bertsoak? Arrazoitu.

 

Bideoa ikusi bitartean

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
  2. Atentzioa eman dieten pasarteak gogoan hartu. Ezagutzen ez dituzten hitzak, izenak edo erreferentziak apuntatu ditzatela. Adibidez, femme fatal terminoa, Kontrako eztarritik liburua (Uxue Alberdiren saiakera-liburua)...

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

    -Zer iruditu zaizue bideoa? Ezerk harritu al zaituzte? Zer nabarmenduko zenukete? Zer sentipen eragin dizkizue?

    -”Merezimendu-faltaren mamua” aipatzen du Nereak: kopuruz gutxiago izanik neskek bidea errazago duten ustea. Literaturan ere gertatu izan da neska gazteak plazaratu direnean haien lanen balioa zalantzan jarri izan dutela. Epai injustua al da ala badauka funtsik?

    -Neska ala mutil izateak baldintzatzen al du zuen bizitza? Eta “neska gazte polita” izateak?

    -Diskrezioa janzkeran, emakumearen formak difuminatzeko eta mezua kontuan har dadin... diskrezioa norberak aukeratua izan daiteke, ala kanpotik eskatua: neskei diskretuagoak izatea eskatzen al zaie orokorrean?

    -Plazara ateratzeko eta protagonismoa hartzeko beldur handiagoa ei dute neskek. Erridikulua egiteko beldur handiagoa. Zuek ere bai? Zergatik?

    -Autoexijentzia eta autozentsura handiagoa: ondo egin beharra. Neska ala mutila izan, berdin espero al dute nota onak ateratzea? Zeinek dauka hanka sartzeko eskubide handiagoa? 

    -Umorea. Gela honetan mutilak neskak baino graziosoagoak al dira? Zeintzuk dira gelako graziosoak?

    -Zuen ustez gure gizarteak lehiara garamatza? Emakumeak beren artean lehiatzera eta elkarri enbidia izatera?

    -Ehiza, perretxikoak, futbola, txirrindularitza eta pilota gai unibertsalak al dira zuentzat?

    Emakumeek bertsolaritzan izandako muga gehiago ezagutzeko, irakurri Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak idatzitako Kontrako eztarritik (Susa, 2019) saiakera-liburua (hemen osorik). Umoreari buruz, berriz, Ane Labaka bertsolari eta sortzailearen Algara mutilatuak (Susa, 2021) liburua interesgarria da (hemen osorik).

  3. Uxue Alberdiren bideo hau ere oso gomendagarria da (eduki aldetik ez ezik baita jendaurrean jarduteko moduarengatik ere, ahozkotasunari dagokionez): Bertsolaritza Feminista. Bideoa ikusi eta iritzi-trukea egin.

Bertsozale elkartean genero-berdintasunaz egin zuten bideoa ikustea ere interesgarria gerta daiteke, beste ikuspuntu batzuk ezagutzeko: Testigantzak genero-berdintasunaz.

 

4. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek horietako bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin dezakete.

 

  • “Eman iritzia”. Ahalduntze Bertso Eskola sortu zuten neska/emakume bertsolariek, esperientziak partekatu eta beste eredu batzuk sortzeko (Nerearen testigantza hau eta Amaiaren bideo-pasarte hau ikus daitezke). Azken urteetan bertso-saio feministak ere ugaritu egin dira eta lehiaketa bat ere jarri dute abian: Señora sariketa.

 

Genero-berdintasuna bultzatzen duten bertsoak aurkitzea izango da ikasleen lana. Bertsoa.eus webgunea izan daiteke horretarako toki aproposetako bat; hona hemen bideoak ikusi eta bertsoak bilatzeko lotura posible batzuk:

 

Behin bertsoa edo bertso-sorta aukeratuta (ez dauka bideoa izan beharrik; idatziz jasotako bertsoek ere balio dute), gelakideekin partekatuko dute, ahozko aurkezpen txiki bat eginez. Nahi izanez gero, gidalerro hauek segitu ditzakete:

  • Aukeratutako bertsoari buruzko informazioa: norena den, zeri buruzkoa
  • Bertsoa kantatu/errezitatu edo bideoa ipini
  • Bertsoari buruzko iritzia eman
  • Iritzi-trukea egin

 

  • “Sormena lagun”. Bertsolari bihurtu eta bertsoak asmatzeko garaia da. Gaia ikasleek beraiek erabakiko dute. Bertsoak sortzeko arbel digitala erabil dezakete (izena eman behar da) eta doinua aukeratzeko, berriz, doinutegia.

 

Bakarka edo binaka egiteko ariketa izango da. Ahal dela, umorea erabiltzea komeniko litzateke. Behin prestatu ostean, gela osoaren aurrean aurkeztuko dute egindako lana, kantatuz, rapeatuz, antzeztuz edo ozenki irakurriz. Ondoren, nola sentitu diren galdetuko zaie, ea eroso aritu diren ala ez.

 

  • ”Bestearen azalean”. Besteen azalean jarri eta egoerak asmatuko dituzte, rol-jokoen bidez enpatia lantzeko, 3-4 laguneko taldeetan banatuta.

 

Bideoan aipatutako egoerak izan daitezke, bertso-mundukoak, edo ikasleek asmatutakoak, euren bizipenetan oinarrituta. Bide-lerro posibleak:

 

  • Istoriotxoaren/anekdotaren nondik norakoak erabaki
  • Pertsonaien izaera eta jarrerak zehaztu
  • Gidoitxoa pentsatu: gertaerak eta elkarrizketak (naturalena egiten zaien erregistroa erabiliz, euskara batuan ala euskalkian).
  • Rolak banatu
  • Entseatu
  • Ikaskideen aurrean antzeztu

 

Antzezlantxoa prestatzeko, 20 minutuko tartea emango zaie, gehiegi ere ez, izan ere, inprobisazioari tartea uztea ere polita da.

Jarduerarekin hasi aurretik, antzezteko garaian kontuan har ditzaketen puntu batzuk aipatzea komenigarria izan daiteke:

  • Gorputz-adierazpena: ahotsa bezain inportantea da. Begiradak, keinuak, espazioaren erabilera, arnasa…
  • Tonua: umorezkoa, tristea, ziurra, urduria…
  • Erritmoa: bizia, motela, aldakorra, isiluneak…
  • Pertsonaien izaera: ahotsak, keinuak, mugimendua
  • Hizkuntza-baliabideak: onomatopeiak, esamoldeak, hizkera…

 

5. Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da.

 

Ebaluazio-irizpideak

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

  • Ea gaiak bere interesa piztu duen.
  • Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

 

Ikaste-prozesuari buruz

  • Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
  • Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
  • Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
  • Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

  • Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
  • Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
  • Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

 

Talde-lanari buruz

  • Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
  • Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.

 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:

  • Ea bideoetako testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.
  • Ea enpatiarik erakutsi duen bideoko pertsonekin.
  • Ea feminismoaren historia eta historian zehar eskuratutako lorpenak ezagutzen dituen.
  • Ea emakume eta gizonen arteko eskubide-berdintasunaren aldeko jarrera argiak adierazten dituen.
  • Ea hainbat eremutan (publizitatea, informazioa, txisteak, eskola eta abar) emakumeari buruz ageri diren gizarte-estereotipoak biltzen eta aztertzen dituen.
  • Ea emakumea gutxietsi eta diskriminatzea dakarten estereotipo, aurreiritzi eta rolak baztertzen dituen.
  • Ea kultura-elementuen (estereotipoak, rolak eta abar) eta emakumeen diskriminazioaren arteko lotura azaltzen duen.
  • Ea sexu-diskriminazioaren eta indarkeriaren aurkako jardunak proposatzen dituen.
  • Ea ikerketan informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duen, iturriak bilatzeko orduan.
  • Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.
  • Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.
  • Ea bere iritziak eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.
  • Ea ahozko ekoizpenean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den.

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984): Ni benetan nere gorputzean eta, hola, bete-betean, konturatu nintzan, ba, plazara atera nintzanean: 22 urterekin jendaurrean bertsotan iten hasi nintzanean eta konturatu nintzanean nigan neska bat ikusten zala, bertsolari bat baino hamaika aldiz lehenago. Bertsolarira iristeko neska deseraiki behar zala. Neska gaztea. Eta polita edo. Konturatzen nintzan, ez, ba, funtzionatzen zula nere fisikoak, nere ahotsak, ahots goxo bezela, nere begiek...

Amaia Agirre (Amasa-Villabona, 1977): Ez dakit, nik uste det ez nitzala gai identifikatzeko hor zer gertatzen zan, eta gero eredurik ez badaukazu ere eta erreferenterik ez badaukazu ere, ba, uste dezu, ba, bueno, “gizonezkoen mundu batean nabil”, baina futbolean eta palan nebilen bezelaxe, ez?

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984): Hamabost bertsolari emakume elkarrizketatu ditut, eta haien testigantzak bildu, eta 22 mugatze mota sailkatu ditut, nolabait emakume sortzaileen mugimendu-marjina estutzen dutenak edo, edo eragiten digutenak libreki ez sortzeko momentuan. Eta, ba, oso zabaldua da eta, gainera, denborarekin ez da hobetzen. Nik uste nuen… ez? Ba, ez dakit, Nerea Ibarzabal bat edo hamar urte gazteago diran hoiek… eta konturatzen zara, ba, sufrimendu haundia dagola, autoestima txikia... eta hau dana estrukturala dala.

Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, 1994): `Kontrako eztarritik´ osorik irakurri arte eta danen puzli batera ikusi arte nik gauza asko ez nittun ikusten. Eta pentsetan naban baietz. Txarrena hori da, ez? Ordureko pentsetan naban kontzientzi feminista minimo bat banaukela, baiña halan da be, esaten dozu: “Jo, baiña nik hau uste naban nire arazo pertsonala zala”, baiña ez. Eske beittu: 1-2-3, pun-pan-pun, a klaro.

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984): Akordatzen naiz 2007ko Gipuzkoako txapelketan, finalerdietara iritsi nintzanean, eta orduko txapeldunordearen aurretik gelditu nintzan, eta Berrian atera zan titular bat eta titularra zan nere lehenengo plano bat hola eta “Begien itsasoan igeri”. Gaur egun Berrian ez litzake halakorik egingo, baina garai hartan... ostras, berriro nere begiak. Eta esaten nuen “joe, lehenengo gelditu naizela txapeldunordearen aurretik!”

Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, 1994): Hor daz mekanismo diferentik emakume bakotxak hartzen dittuzenak, ba, igual janzkerianak edo, baiña uste dot ehuneko haundi batek joten dogula beti, ez dakit, diskreziñora, diskrezioa deitzen dan nebulosa batera. Eta diskrezio hori da, nigan behintzat oinarritzen da: kolorik desagertzi edo ez, kolore diskretuk, hamen enfoketan dan gauze bat, hau ez igerti, hau ez igerti… Ordun, ez da diskrezio neutro bat, da diskrezio bat justo emakumian formak difuminauko dittuzena eta ez dozune lagako horretarako bideik ez jentian zurrumurrutan ez bertsokidien bertsuetan edo…

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984): Nolabait gorputza ezabatu nahia edo neutralizatu nahia, zure mezua eta zure intelijentzia kontuan hartu dadin. Bertsolari askok esaten dute beraien burua maskulinizatzen dutela edo behintzat feminitatea tapatu, ez dadin hori izan baloratzen dana.

Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, 1994): Ikusten da adibidez txapelketetako… txapelketetara apuntetan dan personen ehunekotan apuntetan dizen nesketatik bataz beste askoz urriñaua heltzen dizela neskak, nahiz ta kopuruz gitxia apuntetan dizen, neska asko ez dizelako apuntetan ez badaukie ziurtasune ondo ingo dabela, duin ingo dabela eta ez dabela ridikulo haundirik eingo. Mutil beste askok ez dabe sentitzen presiño hori.

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984): Bertsolari gazte askok, neskek: “Eske nik ez dakit umorea egiten, ez daukat graziarik”. Osea, graziosoak dira nere bertso eskolako mutilak.

Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, 1994): Emakume modun sozializau izen dan neska bat zelan heltzen da puntu hortara? zelan heltzen da puntu hortara… umetatik bagabiz mutillen bromei barre itten, ezkiña baten begire eta, gaiñera, gu ahalegindu gazenien bromia itten ikusi dogunin ez dauela funtzionau edo begittu doskuela holan: “E? Ez da hori zure papela”. Hori papela da klaseko mutil graziosuana edo, ez? Ez dakit.

Miren Artetxe (Hendaia, 1985): Osea, neskek orokorrean uste det autozensura gehio dakagula. Batzuk izaeragatik, beti esaten dana: “ba izan daiteke izaera”; baina, orokorren, hezkuntzagatik ere uste det… autozentsura gehio. Eta mutil batzuk pixka bat gehixeo eukiko balue ere, ba, kalteik ez.

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984): Badago, adibidez, ahots tinbre jakin bat lotzen dana genero batekin, gizonezkoarekin, euskalduntasun jakin batekin eta geografia jakin batekin. Ahoa zabaldu orduko grazia egiten duna, tradizio batetik datorrelako eta oso ondo dekodetzen degulako.

Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, 1994): Umoretsutzat hartzen dizenak dizela gizonak eta emakumiana dala beti hartzen dana deskafeinautzat edo ez dana ulertzen edo ez dauena “berezko graziya”. Auskalo zer dan “berezko graziya”: Ba, zerrendatute, ikusiko gendun ezaugarri danak dizela gizonen fisikuai, ahotsai, uliai, tripiai lotuteko “berezko graziyak”.

Amaia Agirre (Amasa-Villabona, 1977): Egia da, ba, nere ahotsak, ez? Nere… bueno, fisikoak momentu hartan ere, ausardiak-edo lagundu izan zidala mundu hortan ibiltzen, ez? Nik nere buruangan asko estimatzen nun balore bat umorea zan, eta neri estimatzen zitzaidana ere hori zan, baina umore gordinegia batzuetan.

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984): Ez dago emakume izanda plazaratzeko bide errezik, plaza ez dalako neutroa eta desberdinkeria existitzen dalako. Orduan, nik uste det “Femme fatal”arena izan dala estrategietako bat eta dala, hain zuzen, jaso degun heziketaren ondorio. Esango nuke gure belaunaldia dala. Batetik, esan zaigu berdintasunean… berdinak gerala eta, orduan, iruditzen zait desberdinkeria oso esplizitu bat detektatu ezkero, sentitzen degula tranpa egin digutela: “Baina nola? Nolatan? Ze timo da hau!”. Eta, aldi berean, oso belaunaldi sexualizatua izan dala gurea eta gurearen ondorengo guztiak are gehiago. Eta, orduan, adibidez sexu askatasuna eta sexualak izatea bizi izan degula, batetik, ausartak bagina bezela eta, aldi berean, gure burua oso gutxi zaindu degula alde horretatik. Gure burua esan nahi dut gure desira eta gure plazera bera. Ez gerala konturatu, edo berandu konturatu gerala “femme fatal”tasun hori gizonentzat egina zala, eta ez guretzat. Modu horretan ateratzeak, bueno, laguntzen dizu ez plazaratzen itxura sumiso batekin, eta iruditzen zait hortik ihesi hartu izan ditugula rol hoiek batzuetan, ez? Ba, ez nahi izatea etengabe, ba, izan sumisoa, atsegina, txintxoa... Batez ere bertsotan grazia egin behar dezu. Orduan, bestela…ez? Eta etengabe zure itxurarekin sartzen badira, ligoteo kodigoan hasten badira zurekin, eske ez dauzkazu aukera asko. Eta, orduan, nik uste hori izan dala bilatu dugun estrategietako bat: nolabait goitik begiratzea bezela eta esatearena: "bueno, ez daukazu zer eginik". Eta horrek grazia egin izan du eta gizonei grazia haundia egiten die harrapakinaren eta ehiztariaren jokuak.

Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, 1994): Emon egurre honi gizon zaharrai, zugaz nahi dabena zeozer euki. Ez? Eta hortik ingo dogu barre, ez hainbeste igual azpiratu ni modu hortan, azpiratu bai baina aukera bat emonez moduan altzetako eta rebeletako eta aldarrikatzeko zuk, ba, berai deitzeko kalbo edo potolo edo dana dalaku. Eta hori be… puntu batetik aurrera esaten dozu: “Ei, bale”. Bale, ez? Ze, gaiñera, batez be beti kokatzen zaittuleko balantzian alde bardiñin eta igual momentu baten zuk nahi dozuleko ein trankil berba edo trankil kantau –bardin da– sexualidadiai buruz gizon heldu horrekin.

Amaia Agirre (Amasa-Villabona, 1977): Eta oharkabean inertziak eramaten zaitu zenbait lekutara, eta gaztea eta neska zean garaiyian ausardia horrek eta lotsagabe izate horrek funtzionatzen dizu, baina gero dana kontran etortzen zaizu. Eta behar dituzu armak eta behar dituzu baliabideak horri aurre egiteko eta erakusteko egin dezun bide eta hartu dezun leku horrek merezi zaitula.

Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, 1994): Ba, bueno, prest egon biher dozu /bizu/ egunero konbenzitzeko zeure buru merezi dozule, merezi dozule egotie hor, hanki sartzi, erdipurdi eitti egun baten eta ez dala ezer pasetan, ez zarela horregaittik okerraua. Baina asko kostetan da, ze badakigu gutako asko txarto itteko iñora ez goiezela.

Amaia Agirre (Amasa-Villabona, 1977): “Hori kantatu baino hobe ixilik egon”. Holakoak badauzkat buruan.

Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, 1994): Diskurso hori elikatu da, nire ustez, bastante mutil zirkuluen partetik, ez? Mutil askok ez daukiela plazaik eta neskak daukiezela plaza asko eta ya… ya dalako “ez-merezimendua” deitzen dan mamu bat. Asko giñen neskak, gehixengu giñen neskak Bizkaixen, eta nitzako beti egon die neskak referentetzat eta da derrepente pun! plazara pasau eta ez. Ez. Osea, za hor neski zarelako, ez daukezulako ibilbide bat 12 urtetatik zugaz batera beste neska askok euki daben bardiñe, ta oin bistaratu zarenez... Ta oso injustu… oso epai injustu iruditzen jate.

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984): Konpetentzia. Nola sistemak berak eramaten gaitun emakumeak gure artean lehiatzera.

Amaia Agirre (Amasa-Villabona, 1977): Gogoan daukat behin nola lehenengo aldiz sentitu nun neska bat neri lekua kentzera zetorrela. Eta hor euki nun bolara bat, ba, amenaza bat bezela bizi nitun, ahizpatasunetik bizi ordez. Ta gogorra da.

Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, 1994): Bertsolaritzan kasun, emakume asko alkarreaz juntetiai esker, berbalizau di inbidia kasuak be bai. Alkarri esan dotsegu: “Joe, kriston txarto na, ze inbidixi sentitzen dot”, zuri edo hau edo… Hori kristona da, ze holan bakarrik ahal da desaktibau, ze bestelan beti egongo da eta historikoki egon dan modun belaunaldixen arteko holako txoke bat, holako tensiño bat, pentsauaz batek besti tapetan dabela, belaunaldi batek besti, emakume batek besti, zaharrak gazti eta sistematikoki plazik in dabena: emakume zaharrak –zaharrak… helduauak– edo kanporatu, edo euren kabuz jun biher dizela ulertarazi etorteko beste neska gazte fresko bat ordezkatuko dabena etorkizunin beste neska gazte fresko batek. Eta pasauko da, ba, Miren Artetxek esaten ebana, ba, eguraldi emakumearen sindromea, ez? Jarraitzen dabela gizon zahar kanosuk hor eta hilero da beste emakume argal eta gazte bat. Ordun, pasetan dalako, sentitzen dogu guk be bai hori ahal dala pasau.

Amaia Agirre (Amasa-Villabona, 1977): Datozen bertsolari emakumezko hoiekin gauzak konpartitzen hasten naizen momentua... irikitzen hasten naizen momentua uste det dala, ez? Uste det oso itxia egon naizela nere baitan, oharkabean. Eta datozen hoiek beti esaten det neri pilla bat erakutsi didatela. Guk beharbada bidea irekiko genuen, nik hori ez det ukatzen, ezta? Baina begiak iriki eta guk identifikatzen ez genitun gauza asko edo identifikatu arren izendatzen ez genekien gauza asko, ba, beraiek esan digute: “Ba hau da gertatzen zaizuna”, ez? edo “Hemendik zatoz eta ez al zaizu iruitzen…?”

Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, 1994): Oin igual nik sumatzen dot txapelketako gaixetan aldaketarako ahalegin bat gai-jartzaillien partetik eta holan, baiña oin arte nik unibersaltzat neukezan urte osuan begiratzen ez dodazen egunkariko papelak, eta da: kirolen atala. Orduan, txapelketan kirolen atala repasetan dot, sentitzen dotelako unibersala dala. Ez dakit zegaittik. Zegaittik? Ba badakitelako nire alboko gizonak jakin ingo dabela zeiñek irabazi daben Italiako giru. Perretxikuei buruzko gauzak, puntu-erantzunek, eske danetik ipini doskue. Ehiztarixek, futbola, pelota partidua atsalde hortan jokatzen dauena bi gizonek... ez? Nahi barik asimilau dozuz unibersaltzat. Zegaittik? Ba beti egon dizelako plazan eta gizonek beti jakin dabelako hortaz. Ordun, gizon gai-jartzailliek gizonei ipini dotsie gizonei gustetan jakuezan gaixek. Gu sartu ga horra, eta klaro, “ba ikesi in bihot”, eta ikesi itten neban! Eta nik uste dot neska pilo batek ikesten gendule eta dogule txapelketa jun aurretik.

Amaia Agirre (Amasa-Villabona, 1977): Ze hori betikoa da: gizonezkoen gaiak unibersalak dia, gizarteko gaiak dia, denonak dia, eta gureak emakumeon gaiak. Eta hori oraindikan etiketa hori eta itzal hori hor daukagu, gainean daukagu.

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza