Emakumeak II. Errepublikan

II. Errepublika garaian (1931-1936), emakumeen egoera juridiko, sozial eta politikoan aurrerapauso garrantzitsuak eman ziren Espainian. Emakumeek zein paper jokatu zuten ikusiko dugu, zein eskubide aitortu zitzaizkien eta zein aurreiritzi eta traba jasan behar izan zituzten.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia

Gaiak: Oroimen historikoa

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatzen diren jarrerak

  • Emakumeen eskubideen aldeko kontzientzia garatzea
  • Historia gizonen eta emakumeen ikuspegitik ikusteko gaitasuna
  • Rol tradizionalak eta aurreiritziak zalantzan jartzeko ausardia
  • Berdintasunaren aldeko konpromisoa sustatzea
  • Emakume aitzindarien lana baloratzea eta ezagutzea
  • Gaur egungo egoera sozialarekin paralelismoak egiteko gaitasuna
  • Hausnarketa kritikoa eta balio demokratikoak garatzea.

 

Bideoa ikusi aurretik

  1. Gaiaren aurkezpena egin: II. Errepublikan emakumearen papera nola aldatu zen eta horren izan zituen ondorioak. Ikasleen aurrezagutzak aktibatu, gisa honetako galderak eginez talde handian:

- Betidanik izan al dute emakumeek boto-eskubidea?

- Gizonezkoek eta emakumezkoek neurri berean egingo al zituzten goi-mailako ikasketak? Zergatik?

-Zer da zuentzat berdintasuna?

- Zein da zuentzat irakasle batek gizartean izan behar duen papera?

- Ezagutzen al duzue gerra aurreko emakume garrantzitsurik? Eta Euskal Herrikorik?

- Nolakoa izango zen emakume baten bizitza 1930eko hamarkadan? Eta lehenago?

- Zer sentimendu sortzen dizkizue jakiteak emakumeek ez zutela boto-eskubiderik?

- Nola sentituko zinatekete zuen iritzia ezingo bazenute publikoki adierazi?

- Zuen ustez, hezkuntzak aldatu al dezake norbanako baten bizitza? Eta gizartearena? Nola?

 

 

Bideoa ikusi bitartean

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurrezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
  2. Atentzioa eman dieten pasarteak gogoan hartu.
  3. Ezagutzen ez dituzten hitzak, izenak edo erreferentziak apuntatu ditzatela. (Adib.: “pedagogia”, “boto-eskubidea”, “militantzia”, “ikastola klandestinoak”, “Euskadiko Estatutua”, “mitinlaria”...).

 Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

  1. Ziurtatu ulertu dutela Argitu zalantzak. 
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, talde(t)an:

- Zer aldaketa nagusi ekarri zituen II. Errepublikak emakumeentzat?

- Zergatik izan zen hezkuntza hain tresna indartsua emakumeentzat garai hartan?

- Zergatik uste duzue sortuko zirela ikastola klandestinoak? Ezagutzen al duzue zuen inguruan sortutakoren bat?

- Gaur egun oraindik ikusten al dituzue emakumeek berdintasunez parte hartzeko oztopoak?

- Nola erabili dezakegu historia honetatik jasotakoa, gaurko gizarte hobe bat eraikitzeko?

 

 

3. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek horietako bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin ditzakete.

 

  • “Mundu zabalean". Ikasleak hirunaka banatuko dira eta emakume historiko baten biografia osatuko dute. Proposamen honen helburua emakume erreferenteak identifikatzea eta haien ekarpena ezagutzea izango da, talde-lana sustatuz eta garaiko testuinguruaren lanketa eginez. Hona hemen emakume erreferente batzuen izenak. Hauetakoren bat aukeratu dezakete ikasleek:

 

  • Clara Campoanor
  • Dolores Ibarruri
  • Margarita Neiken
  • Virginia Bolten
  • Virginia Woolf
  • Rosa Luxenburg
  • Elbira Zipitria
  • Zenobia Camprubí
  • Clara Zetkin
  • Maria de Maeztu
  • Victoria Kent

 

Biografia pertsona baten bizitza kontatzen duen testu mota da eta, normalean, kronologikoki idatzita egoten da. Lehenengo, ikasleek informazioa bilatu beharko dute

 

  • Jaiotza: Noiz eta non jaio zen?
  • Familia: Nolakoa zen bere familia?
  • Haurtzaroa: Non hazi zen? nolakoa izan zen bere haurtzaroa?
  • Hezkuntza: Non eta zer ikasi zuen?
  • Lanbidea: Zein esparrutan aritu zen? (politika, hezkuntza, kultura…)
  • Lorpen nagusiak: Zer egin zuen erreferente izateko?
  • Oztopo nagusiak: Zer oztopo izan zituen?
  • Heriotza: Nola hil zen?

 

 

Behin informazioa bilduta, antolatu egin beharko dute. Hiru multzo nagusitan banatu daiteke informazioa: hasiera (jaiotza, familia, haurtzaroa eta hezkuntza), garapena (lanbidea, lorpen nagusiak eta oztopoak) eta amaiera (heriotza eta gaur egunerako egin duen ekarpena).

Ikasleek idatziz aurkeztuko dute biografia, sarean argazkiak bilatuta eta iturrien erreferentziak aipatuta. Hona hemen, adibide bezala, Eibarko Udalaren Egoibarra Batzordeak sortutako biografia batzuk:

 

Lanak gelakideen aurrean aurkeztuko dituzte, 3-5 minutuko hitzaldien bitartez. Amaieran, hausnarketa txiki bat egin dezakete garai eta leku ezberdinetan bizi arren emakume hauek zituzten antzekotasunen inguruan.

 

  • “Irakurketa-kluba”. Ikasleek Josefina Aldecoaren Historia de una maestra liburua irakurriko dute. Proposamen hau Gaztelania eta Literatura ikasgaiarekin batera egin daiteke. 

Testu literarioa ikuspegi historiko batetik aztertzea da ariketa honen helburua. Ikasleak 5 taldetan banatuko dira eta irakurketa gidatu bat egingo dute. Horretarako, talde bakoitzak honako gai hauetako bat aukeratuko du:

- Hezkuntza-erreformak eta eskola publikoa

- Emakumearen rola gizartean

- Gizarte-polarizazioa eta gatazka ideologikoak

- Eskola publikoaren hedapena eta herrien errealitatea

- Hirien eta landa-eremuen arteko ezberdintasunak

 

Proposatzen den gai bakoitzaren irakurketa gidatua egiteko, hona hemen fitxa batzuk. Gai bakoitzaren hasieran, eleberriko zita edo esaldi bat agertzen da; ikasleek euren gaiarekin lotutako beste esaldi batzuk identifikatu beharko dituzte, irakurtzen ari diren bitartean.

 

Hezkuntza-erreformak eta eskola publikoa:

 

“La escuela era una habitación desnuda, con bancos y una mesa. No tenía ni estufa, ni libros, ni cuadernos. Pero la ilusión que llevábamos era tan grande que no importaban las carencias.”

 

Analisirako gaiak:

- Irakaslearen lan-baldintzak, prestakuntza eta eskola publikoetan lan egitea.

- Herrietako eskola berrien sorrera, baliabide falta eta haur guztientzako hezkuntza-eskubidea.

Aztertu eta hausnartu:

- Zer aldaketa sustatu zituen II. Errepublikak hezkuntzan?

- Zer helburu zituen eskola publiko laikoak?

- Zergatik zen garrantzitsua alfabetatzea? Zer erantzun sozial izan zuen?

- Zergatik zen erronka irakasle izatea herri txiki batean?

- Nolakoa da gaur egungo egoera eskola txikietan? Ba al dago antzekotasunik?

 

Emakumearen rola gizartean

 

Mi madre me decía que una mujer sola no estaba bien vista. Que una mujer decente tenía que casarse, formar una familia. Pero yo quería ser maestra, tener mi independencia, valerme por mí misma.”

 

Analisirako gaiak:

- Irakasleak emakume izateagatik jasaten dituen aurreiritziak: ezkontzeko presioa, autoritatea zalantzan jartzea…

- Nobelako beste emakume pertsonaien papera (gurasoak, lagunak…)

 

Aztertu eta hausnartu:

- Zer aukera zituen emakume batek garai hartan? Zer muga?

- Emakumeek boto-eskubidea lortu zuten 1931n: zer eztabaida piztu zen?

- Emakume irakasleek zeregin sozial eta ideologiko garrantzitsua zuten?

- Zure ustez, nolakoa da gaur egungo emakume irakasle baten egoera?

- Nola eraldatu da emakumearen papera hezkuntzan?

 

 

Gizarte polarizazioa eta gatazka ideologikoak

 

“Algunos vecinos nos miraban con desconfianza. Decían que veníamos a quitarles la religión a los niños, que la Escuela Nueva era un invento de los rojos.”

 

Analisirako gaiak:

- Elizaren eta Errepublikaren arteko tentsioak.

- Herritarren arteko zatiketak: tradizioaren eta modernitatearen arteko talka.

 

Aztertu eta hausnartu:

- Zer leku zuen Elizak hezkuntzan eta gizartean?

- Zergatik eragiten zuen hainbeste erresistentzia eskola laikoak?

-Zerk sortzen du gaur egun polarizazioa hezkuntzan edo ideologian?

- Ikusten al da oraindik iragan horren oihartzunik?

 

 

Eskola publikoaren hedapena eta herrien errealitatea

 

“Muchos niños venían descalzos. La escuela era para ellos un lugar cálido, donde no solo aprendían, también descansaban de la dureza de su vida.”

 

Analisirako gaiak:

- Haur asko desnutrizio egoeran edo oinutsik azaltzen dira eta eskola beraien babesgunea bihurtzen da.

- Eskola publikoak, hezteko ez ezik, haur txiroenei jaten, berotzen eta bizitzen laguntzeko baliagarriak ziren.

- Irakaslearen lana ez zen soilik irakastea: komunitatearekin harremanak, osasunaren zaintza eta beste hainbat funtzio ere betetzen zituen.

 

Aztertu eta hausnartu:

- Zer eginkizun osagarri hartzen zituen eskola publikoak herri behartsuenetan?

- Nola lagundu zuen hezkuntzak desberdintasun sozialak arintzen?

- Nola azaltzen du eleberriak garaiko egoera sozioekonomikoa?

- Gaur egun ba al daude eskola “babeslekutzat” duten haurrak? Non eta zergatik?

- Zein da zuen ustez hezkuntzaren funtzio sozial nagusia gaur egun?

 

 

Hirien eta landa-eremuen arteko ezberdintasunak

 

“En la ciudad, la escuela es otra cosa. En los pueblos, la maestra tenía que ser médico, psicóloga, madre y maestra a la vez.

 

Analisirako gaiak:

- Hirietako eta herrietako eskolen arteko aldeak: baliabideak, ikasleen jarrera, gurasoen parte-hartzea…

- Herri txikietan, irakasleek funtzio asko betetzen zituzten: sendagile, aholkulari…

- Eskola hirian edo herrian egon, ikasleen aukera-berdintasuna baldintzatzen du.

 

Aztertu eta hausnartu:

- Zer desberdintasun zeuden II. Errepublikan hirietako eta landa-eremuetako eskolen artean?

- Zer eragin zuen horrek alfabetatze-tasan eta hezkuntzaren kalitatean?

- Zer zailtasun izan zituzten irakasleek herrietan lan egiterakoan?

- Gaur egun, oraindik ba al dago hezkuntza-desberdintasunik lurraldearen arabera?

- Nola bermatu daiteke kalitatezko hezkuntza guztientzat, bizi diren tokia kontuan hartu gabe?

- Zer rol izan beharko luke eskolak, komunitate txiki bateko kohesioan?

 

 

Fitxa bakoitzak, analisirako gaiak eta hausnarketarako galderak izango ditu. Talde bakoitzak galdera horiek erantzungo ditu eta ondorioak ahozko aurkezpen bidez egingo dituzte, gainontzeko taldeek ere entzuteko. Posterrak edo aurkezpen digitalak erabili ditzakete.

Talde guztiek aurkezpenak bukatu ondoren, denen artean hausnarketa egingo da, liburuan azaltzen diren eta gaur egun gertatzen diren antzekotasunak bilatzeko.

 

  • “Sormena lagun”. 1930eko hamarkadako estiloa erabiliz, ikasleek kartelak sortuko dituzte, talde txikitan, gai ezberdinak jorratuz: emakumeen botoa, hezkuntzarako eskubidea haur guztientzat, eskola publikoen aldeko mezua, maistren lana, emakumeen unibertsitaterako sarbidea, emakumearen independentziarako eskubidea, dibortzioa…

 

Sarean aurkituko dituzten garaiko kartelak oinarri bezala hartuta (estiloa, tipografia, leloak, koloreak…) mezu argi bat transmititzen duen kartel bat sortuko dute. Adibidez: “Emakumeok bozkatzeko prest, orain!”. Kartelak eskuz zein digitalki egin daitezke, collagea erabili, letrak bakarrik…

Amaieran, talde bakoitzak bere kartela eta bere mezua aurkeztuko ditu, eta zein kartel historikotan oinarritu den kontatuko du. Gero, gelako horman jarriko dira guztiak, eta mezua hobekien transmititu duen kartela aukeratuko da.

 

 

  • “Zineforuma. Laura Mañá zuzendariak 2011n gidatu zuen “Clara Campoamor: la mujer olvidada” filma gelan ikusiko dute ikasleek eta hari buruzko hausnarketak egingo dituzte, bai filma ikusten duten bitartean eta baita amaieran ere.

 

Filma euskarri fisikoetan aurkitu daiteke liburutegi publiko ezberdinetan, mailegatu ahal izateko edo, behar izanez gero, liburutegien arteko maileguan eskatzeko.

- Euskadiko Liburutegien katalogo bateratua

- Nafarroako Liburutegi Publikoen katalogoa

Filma ikusten ari diren bitartean, ikasleek deigarria egiten zaiena apuntatuko dute, eta hausnarketarako tartea emango zaie amaieran. Ondorengo galdera hauek edo beste batzuk erabili daitezke horretarako:

 

  • Zerk harritu zaitu gehien filmean ikusitakoen artetik? Zergatik?
  • Zure ustez, zergatik defendatu zuen hain sutsu Clara Campoamorrek emakumeentzako boto-eskubidea?
  • Zein izan zen Victoria Kenten jarrera? Eta ulertzen al duzu bere beldurra? Ados zaude harekin?
  • Filmean, emakume askok beren eskubideen kontra egiten dute. Zergatik uste duzu gertatzen dela hori?
  • Nola ikusten duzu emakumeen egoera filmean gaur egungoarekin alderatuta? Zertan aurreratu dugu eta zertan ez?
  • Zein momentu edo elkarrizketa iruditu zaizu gogoangarriena? Zergatik?
  • Zabalik al zeuden emakumeentzat boterearen eta politika-munduaren ateak? Nolako oztopoak topatu zituzten?
  • Zergatik da hain garrantzitsua emakumeen boto-eskubidea historiaren ikuspegitik? Eta gaur egun?
  • Clara Campoamorrek bakardade handia bizi zuen bere borrokan. Zergatik gertatzen da hori maiz aitzindariekin?

 

Amaitzeko, ikasleek gogoeta bana idatziko dute, X plataforman egiten diren harien antzera, jorratutako gaiari buruz. Clara Campoamor-i buruz izan daiteke, baina baita Victoria Kent-i buruz ere edota 1931ko emakumearen rolari buruz edo berdintasunari buruz ere. Gelako pareta batean itsatsiko dituzte gogoeta guztiak egun batzuez, gelakide guztiek irakurtzeko.

 

 

4. Ekoizpena partekatzea. Antzezlanak eta ahozko zein idatzizko aurkezpena egingo dute ikasleek.

 

Ebaluazio-irizpideak

 

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

 

Edukiari buruz

  • Ea gaiak interesa piztu dion.
  • Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

  • Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
  • Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
  • Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
  • Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikaziorako gaitasunei buruz

  • Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera izan duen ala zailtasunak izan dituen.
  • Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
  • Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

 

Talde-lanari buruz

  • Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
  • Ea balioesten duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen. 

 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk, ikasgaiko konpetentzia espezifikoekin lotutakoak:

 

1. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

  • Ea gai den egungo eta iraganeko prozesu eta gertaera historiko, geografiko eta sozialei buruzko informazioa bilatzen, aukeratzen, antolatzen eta komunikatzen, hainbat euskarritan, eta zereginaren helburuak kontuan hartuz.
  • Ea gai den Aro Garaikideari lotutako gai geografiko-historikoei buruz modu kritikoan argudiatzen, banaka zein taldeka, iturri fidagarriak kontrastatuz eta terminologia egokia erabiliz.

 

2. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

  • Ea gai den jarduera ekonomikoek eta mugimendu demografikoek lurraldean eta paisaian duten eragina ezagutzen, mundu mailan, natura, landa eta hiri-ingurunea kontserbatzen, hobetzen laguntzen duten portaerak eta ekintzak identifikatuz.
  • Ea gai den jarduera ekonomikoek eta mugimendu demografikoek gizarteeetan duten eragina aztertzen eta baliabideak modu egokian eskuratzen laguntzen duten portaerak eta ekintzak identifikatzen, gaur egungo erronka demografikoak kontuan hartuta.

3. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

  • Ea gai den, Aro Garaikideko antolaketa politikoaren eredu nagusiak mundu--mailan, estatu-mailan eta tokikoan adierazten eta azaltzen; eskubide eta askatasun indibidual eta kolektiboak ezartzen lagundu zuten sistemei arreta berezia eskainiz, eta eskubide eta askatasun horiek erabiltzeko garaian atzerakadak izan zituzten aldiei edo egoerei kontrajarriz.
  • Ea gai den Aro Garaikidean kontzientzia solidarioa sortu, herritarren parte-hartzea eta gizarte-kohesioa sustatu eta desparekotasuna ezabatzeko lan egin zuten mugimenduak identifikatzen.

 

4. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

  • Ea gai den Historia Garaikidearen eta egungo antolaketa politiko eta ekonomikoaren ezagutza esanahitsua bereganatzen eta eraikitzen, dedukzio-prozesuen eta proiektu edo erronken bidezko lanaren bitartez, landutako gaiak ulertzen direla islatzen duten produktuak prestatuz.
  • Ea gai de Aro Garaikideko aldaketa historiko esanguratsuen prozesuak aztertzen, baita gizarteek aurre egindako erronka nagusiak ere, kausak eta ondorioak identifikatuz, jakintzagaiaren berezko termino eta kontzeptu teknikoak erabiliz eta gertaerak sekuentzia kronologikoen bidez erlazionatuz.

 

5. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

  • Ea gai den Aro Garaikidean zehar emandako portaera demografikoak, horien eboluzioa, izan dituzten aldaketak eta haien zikloak ezagutzen eta interpretatzen, kontzeptu tekniko zehatzak erabiliz eta gaur egun munduan ditugun arazo eta erronka nagusiekin lotuz.
  • Ea gai de Aro Garaikidean ezagutzen diren bizi-etapen eta bizimoduen ezaugarriak identifikatzen, eta gaur egungoekin konparatuz, bien arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak bereizten, horien ezagutzak eskaintzen duen aberastasuna baloratuz eta gure inguruan eta ingurune hartan osasungarria eta jasangarria denaren arteko distantzia hautemanez.

 

6. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

  • Ea gai den ekonomiaren garapenaren ideiaren eta horrek gizartean, lurraldean eta ingurumenean izan dituen ondorioen esanahi historikoaren ezagutza aplikatzen, nazioartean, estatuan eta tokian, agiri ekonomikoen bidez, hazkunde eta atzeraldi erritmoak eta zikloak daudela ulertuz, eta planetaren jasangarritasuna bermatuko duten portaera ekosozialak hartzeko beharra kontuan hartuz.
  • Ea gai den Aro Garaikideko sistema ekonomikoak eta haien garapen-prozesuak aztertzen eta azaltzen, eta elkarren artean alderatzen, haien arteko erlazioak eta baita nazioartean sortu eta sortzen dituzten gatazkak identifikatuz; eta gizarte-eskubideen garrantziarekin eta oinarrizko baliabideetarako eskubide unibertsalaren beharrarekin lotuz.

 

7. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

  • Ea gai den Historia Garaikidean zehar garatu diren kultura- eta politika-prozesuak gaur egunera arte eraiki diren talde-identitateekin lotzen, norberaren eta besteen identitatea osatzen joan diren ezaugarriak ezagutuz eta errespetatuz, eta bakoitzaren esanahi askotarikoak eta kultura unibertsalari egindako ekarpenak aztertuz.
  • Ea gai den Aro Garaikideko ekarpenak identifikatzen eta azaltzen, ondare historiko, instituzional, artistiko eta kulturala munduko herritarren ondare komun gisa aintzat hartuz eta balioetsiz, eta tokiko, autonomiako, nazioko, Europako eta mundu osoko talde identitateen oinarritzat onartuz.

 

1931n, Espainiako II. Errepublika ezarri zenean, gizartean aldaketa handiak etorri ziren, eta horien artean nabarmenetako bat emakumeen egoeran gertatu zen. Ordura arte, emakumeak baztertuak zeuden bizitza politiko, juridiko eta publikoan, baina Errepublikarekin, lehen aldiz aukera izan zuten euren ahotsa entzuteko moduan erabiltzeko. Emakumeek gero eta eskubide gehiago eskuratu zituzten, eta asko aitzindari izan ziren arlo askotan, gizartearen ikuspegia eta rola aldatzen lagunduz.

II. Errepublikan, emakumeek lehen aldiz politikagintzan parte hartzeko aukera izan zuten. Emakumeak hauteskundeetan aurkezten hasi ziren, eta lehen emakume diputatuak parlamentuan sartu ziren: Clara Campoamor, Victoria Kent eta Margarita Nelken. Euskal Herrian, adibidez, mitinak ematen zituzten emakumeak plazaratzen hasi ziren eta Emakume Abertzale Batzak indar handia hartu zuen herri askotan.

Javier Linazisoro (Bergara, 1927): Ama zan orduan zeuan “presidenta de Emakumes” taldea. Eta nere ama izan zan “presidenta de Emakumes”. Bai bai bai, inplikauko ez zian, ba?

Maria Dolores Basterretxea (Gernika-Lumo, 1933): Elbira Iturri be bai Bilbon bixi ixen zan. Oin PNVn ez dau holako apartakizunik, danak bardin. Baia lehen egon zien batzuk Emakumek.

Danel Zenarrutzabeitia (Eibar, 1927): Mercedes Kareaga. Mitinlarixa zan gainera, “mitinera”. Eusko Alderdi Jeltzalian, mitinak eta...

Benedikta Olazabal (Mutriku, 1921): Batzokixan Emakume Abertzale Batza. Antzerkixak eta batzarrak eta danak.

Clara Campoamor diputatuak gogor lan egin zuen emakumearen boto eskubidearen alde. Eztabaida luzeak egon ziren parlamentuan honen inguruan eta, azkenean, 1933ko hauteskunde orokorretan bozkatu ahal izan zuten. Euskadin, 1933ko azaroan, emakumeek bozkatzeko eskubidea izan zuten, Euskadiko Estatutua aldarrikatzeko hauteskundeetan.

Jaione Isazelaia (Bergara, 1959): Sozialistak asko oso kontrarixuak zian, ze konsideratzen zan emakumia oso... eragin haundixa jasotzen zabala Elizaren aldetik; oso elizkoitzat zeuken emakumia. Clara Campoamor izan zan horren defendatzaile sutsua, baina zegoen, zera, Victoria Kent, beste diputatua, honek esaten zaban agurutxo zala, hobeto zala itxoitia pixkat. Ez? Ba hezi egin bihar zala emakumia politikan, eta agurotxo zala. Eta arriskua zegoela emakumeak bozka emotia eskumari eta, zera, galtzia boteria. Lortu zan, eta gero kulpante agertu zan –eskumak irabaztiana– emakumia. Baina benetan izan zan ezkerraren banaketa eta eskumaren biltzia eta propaganda ondo egindakua eta, bueno... en fin.

II. Errepublikaren gobernuak, hezkuntzaren erreforma aurrera eramateko, eskola berri asko eraiki zituen, eta horrek aukera eman zuen irakasle askok, bereziki emakumeek, hezkuntzan modu ofizialean lan egiteko. Magisteritzako ikasketak egiten zituzten, pedagogia modernoetan oinarrituta. Maistra askok independentziarako eta aktibismo sozialerako tresna bihurtu zuten hezkuntza, eta askok aldaketa sozialen aldeko militantzia garatu zuten eskola barruan eta kanpoan.

Tomasa Idarraga (Eibar, 1914): Doña Maria zan bat eta beste bat Doña Polonia. Jesus! Dana bete-bete einda. Ha eskola haundixa zan, gainera.

Martzel Garitagoitia (Mallabia, 1922): Horrek errekreuen ta ordu librietan iguel hartu umiek eta hor montikulotxo bat dauke Geriek, holan, ta, denpora ona euenien, hara eruen ta kantuek erakutsi ta beran gauzak ein ta... Bueno, zan... itzela, itzela zan.

Jesusa Aranguren (Azpeitia, 1910): Guk 100 ume eukitzen giñutzen. Beti kabiu ezinda, beti berriya iteko. Guk ondo erakusten giñon, ba, umiei. Euskaraz eta erdaraz, biyeta, e! Biyeta, bai. Txikiyek ezer ez zeben ba jakiten etortzen zienien erderaz, ta haiei euskeraz hitz eitten giñon. Baiño geo berriz beai´re sartu erderie, sartu, sartu... ta gero, haunditzen zieneako, ya jakiten zeben erderie. Ze erakutsiko niyoen ba? Leitzen ta eskribitzen ta. Planuek-eta atea zituben eskolie haunditzeko, eta beti pozak, eskolie haundituko zebela ta haundituko zebela, poz hortan. Ta hortan, poz hortan, gerrie allegau. Eta gero gerriek...

Bere lana batez ere II. Errepublika ostean nabarmendu bazen ere, Elbira Zipitria andereñoa, garai hartako emakume hezitzaile konprometitua izan zen. Euskararen eta euskal kulturaren defendatzaile sutsua zen eta pedagogia hurbila eta zorrotza garatu zuen. Emakume irakasleen sare bat sortu zuen gerraostean, eta euskarazko hezkuntza mantentzeko ikastola klandestinoak sortu zituen.

Manoli Andonegi (Donostia, 1922): Ba txikitan jun nitzan... lenbiziko euskarazko ikastola zeon. Elbira Zipitria zan gure txikitako laguna. Gero berak gerra denboran etxean jarri zun ikastola.

Margari Aizpurua (Donostia, 1923): Elbira Zipitriakin, hura zorrotza zan, baiñon bihar bezalako emakumia.

Karmen Iraola (Donostia, 1922): Ez zun nahi euskera galtzia.

1915ean, Madrilen, Maria de Maeztu gasteiztarrak “Residencia de Señoritas” izeneko egoitza sortu zuen, emakume gazteei goi mailako ikasketetara sarbidea ahalbidetzeko.  Emakumeen prestakuntza intelektuala eta pertsonala sustatzen zen. II. Errepublikarekin emakumeek unibertsitatera eta bigarren mailako hezkuntzara sarbidea izan zuten, eta egoitzak indar handia hartu zuen, Espainiako emakume intelektualen lehen belaunaldi sendoa sortuz: Zenobia Camprubí, Maria Goyri, Victoria Kent…  Asko irakasle, abokatu, mediku, idazle edo aktibista bihurtu ziren.

II. Errepublikan, emakumeek hezkuntzaren bidez beren ahotsa aurkitu zuten, eta, lehen aldiz, ez soilik irakasteko, baizik eta erabakitzeko, parte hartzeko eta historia idazteko atea zabaldu zuten.

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza