Neskek Zerbitzu Soziala egin behar izaten zuten, mutilek soldaduska bezalaxe. Frankismo garaian ezarri zuten, eta Falangearen "Sección Femenina"n egin behar zen. Bestela, emakumeek ezin zuten pasaporterik edo gidabaimenik atera, eta ezta ikasketa titulurik lortu ere.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Herritartasunerako Hezkuntza, Balio etikoak
Gaiak: Genero-berdintasuna, Oroimen historikoa
Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:
Bideoa ikusi aurretik
Gaiaren aurkezpena egingo du irakasleak. Ikasleen aurre-ezagutzak aktibatuko ditu, talde handian gisa honetako galderak eginez:
-Zein zen emakumearen egoera frankismoan? Nolakoak izatea eta zer egitea eskatzen zitzaien (ama, etxekoandre, emazte… onak)?
-Emakumeen bizimodua baldintzatu zuten hainbat neurri hartu zituen Espainiako Gobernuak. Ezagutzen al duzue bat edo bat?
-Gizonezkoek Zerbitzu Militarra –soldadutza- egitea derrigorrezkoa zen aspalditik (2001. urtera bitarte). Emakumeentzat, berriz, Zerbitzu Soziala ipini zuten 1939an. Nolakoa imajinatzen duzue? Zer egin behar izaten zuten?
Bideoa ikusi bitartean
Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Bideoa ikusi ondoren
- Zerbitzu Soziala 18 eta 36 urte bitarteko neska ezkongabeek egin behar zuten. Zer iruditzen zaizue kontrol-modu hori?
- Eta zer diozue txartela edo titulua lortzeko ikasi eta egin beharrekoez?
- Txartelik izan ezean, ezin zuten pasaporterik eta gidabaimenik izan, ez unibertsitate-ikasketarik egin... Esaten zuten ez zela derrigorrezkoa, baina asko mugatzen zuen (besteak beste, mugikortasuna). Zer iritzi duzue?
- Zer sentipen eragiten dizkizuete bideoan entzundakoek?
Nola janzten gara gaur egun? Ba al dugu mugarik janzkera aukeratzeko orduan? Eta bestelako morrontzarik? (Modarekin, adibidez). Zer gertatuko litzateke mutilek gonak edo tanga estiloko bainujantziak jantziz gero? Zer maskulinitate eta feminitate eredu dauzkagu?
4. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke. Lau adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek horietako bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin dezakete.
-Zergatik aukeratu duten -Zergatik den sexista -Gaur egun ba al dagoen halako iragarkirik edo gertatzen den halakorik |
Ondoren, talde txikietan jarrita, sormen-lan bat egingo dute, ikus-entzunezko labur bat (gehienez 2 minutukoa): goitik behera asmatutako iragarki bat izan daiteke, ikusitako iragarkien bertsio bat… Iragarkiarekin transmititu nahi den mezua izango da garrantzitsuena.
Ikus-entzunezkoa prestatzeko, honako urratsak jarrai ditzakete:
|
Ariketa honek hausnarketarako eta irudimenari ateak zabaltzeko balio du.
Galderak gelan prestatuko dituzte, denek elkarrekin, eta gero lana binaka egin. Elkarrizketak laburrak izango dira eta bideoz grabatuko dituzte —bideokamera edo sakelakoa erabilita—, gero gelakideei erakusteko. Aurkezpen txiki bana egingo dute bikote guztiek, eta elkarrizketatuari buruzko datuak ere emango dituzte (izena, nongoa den, zein harreman duten harekin, etab).
Grabazio guztiekin bideo-muntaia egin dezakete, OpenShot programarekin, elkarlanean. Nola erabili erakutsiko zaie. Bideo hori ikastetxean eta herrian zabaldu daiteke. Grabazioak gero ahotsak.eus ahozko ondarearen artxibora ere bideratu daitezke.
Desobedientzia zibilarekin lotutako egoerak aztertuko ditugu, talde txikietan jarrita. Mundu zabalekoak, atzokoak eta gaurkoak. Emakumeen borrokei arreta berezia jarriko diegu; izan ere, askotan historia gizonezkoek kontatu dute eta emakumeen balentriak ezkutuan geratu dira. Adibide batzuk:
|
Taldetxo bakoitzak egindako ikerketaren emaitza gelakideei azalduko die.
5. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek, gelakideei euren jardueren emaitza ezagutarazteko.
Ebaluazio-irizpideak:
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
Ikaste-prozesuari buruz
Bere komunikazio-gaitasunei buruz
Talde-lanari buruz
Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:
Arantxa Gurmendi (Donostia, 1944): Zerbitzu Sozialena? Hori zan “Sección Femenina”k… Bueno, gizonezkoak egiten zuten Zerbitzu Militarra, baiña emakumeak genun bete beharra “Servicio Social”a. Eta “Servicio Social”a ez bazenun egiten, gauza batzutako ez zeukazun aukerarik.
Asuntxi Uribesalgo (Bergara, 1928): Derrigorrezkua zan, bai. Segun ze gauzatarako, haura ez baldin bazeukazun, ezin zeikian.
Karmele Sistiaga (Donostia, 1927): Bai, in bihar zan, bestela, 35 urte bihar zenitun. [Elkarrizketatzailea: Zan 35 urtetik beherakuak in biharreko…]. In bihar zuten. Bai. Dana. Ezin ziñan atea iñoa. Ez… toki batzutan eskatzen zuten: “El Servicio Social?”.
Roxario Zapiain (Astigarraga, 1946): Bestela ez zenun ez pasaporteik eta ez mobitzeik ez zeukazun.
Mariani Izaskun Estanga (Tolosa, 1933): Aurretikan esposatzen baziñan, hoi in gabe baiño esposatu, nola bazendun zeiñek gobernatu zuri, ordun ez zizuten eskatzen hoi. E? Oseake, bai ofizina baten lana eiteko edo pasaportea edo… edo tituloa ateratzeko, edozein tituloa. Edozein titulo ateratzeko, presentatu behar zen “Sección Femenina”ko karneta. Baiña hoi in gabe esposatzen baldin baziñan, ordun ya bazendun senarra zuri… zure… bere menpean egon behar ziñalako.
Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947): Ez zan nahi ta nahiezkoa, zan nahi ta nahiezkoa gauza batzuntzako, adibidez, pasaportea lortzeko. Ez bazenun egiten, ez zenun egiten, baiñon orduan ez zenun pasaporterik. Eta pasaportearena guretzat, ba, inportantea zan eta egin gendun.
Arantxa Gurmendi (Donostia, 1944): Eta “Servicio Social”a behar-beharrezkoa zan pasaportea egiteko. Ordun, ni Inglaterrara jun nitzanian, ez neukan “Servicio Social”a egiña eta siñatu behar izan nun hitzarmen bat, esanez justu bueltakoan eingo nula. Eta hala egin nun. “Lanean daudenak pauso bat” eta “etorri” ta pun, pun, eta “exentos”. Etxera bidali ziguten holako liburu pillakin Falangeko liburu haundi bat, “lo que es ser un buen ciudadano, lo que es…”, holako… Nik buruz ikasi nun azterketa egunerako. Geo atea nun dana ondo, ondo, ondo eta eman ziaten tarjeta. Baiño tarjeta bat behar genun gero… tarjeta hoi eskatzen zizuten milla gauzetako.
Maribi Arregi (Oñati, 1943): Guk estudix… Lehen, karreria eitten zebenian, estudixau bihar zeben Falange, zeatik bestela ez otsen emoten titulua. Eta nik Falange… “Los veintisiete puntos de la Falange” eta “Cara al sol” ta danak ikasi nittuan, e! Zeatik bestela ez neben karreria akaboko.
Arantxa Gurmendi (Donostia, 1944): Nik suertia izan nun, ze hori izaten zan… jun behar zenun gai batzuk ikastera, ba, josten, sukaldaritzan ez dakit zer… holako gauzak, emakume on bat izateko. Gure eginbeharra zan emazte onak izan, gizona zoriontsu egiteko eta famili on bat osatzeko. Eta hori zan filosofia. Eta horrela zan bizimodua. Ordun, Zerbitzu Soziala egiteko, ba, ikasi behar zenun ojaliak eta botoiak eta bordajiak… bordatzen eta ez dakit zer, holako eskulanak, umearen hezkuntza nola izan behar zun… holako… txorakeriak zian danak.
Roxario Zapiain (Astigarraga, 1946): Hoi zan, ba, in bihar zendun zerbiziyo batzuk. Nik “Casa Cuna”n egin nun, bi hillebete “Casa Cuna”n. Eta gero pasatzen ziñan Calle Prim-en edo zeon hor zea bat, ofizina bat. “Casa Cuna” zan haurrak eamaten zian etxia, Donostian, calle Urdanetan zan. Eta ordun hiru hillabetetikan hiru urtea izaten zian han haurrak. Eta haik zaindu. [Elkarrizketatzailea: Haurtzaindegi bat?] Bai, bai.
Maribi Arregi (Oñati, 1943): Calle Prim-en zan etxe haundi bat goittik behera eta emoten geben klase desberdiñak, ba, mailla desberdiñak: bat geukan kantukua, bestian gimnasia, laboriak… etxe osua zan. Eta horra, horra juaten nitzan ni.
Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947): Bai, hillabetetan, ez dakit zenbat hillabetetan. Han eskolak ematen zituzten, lekzioak, eta ere bai ikasten zan sukaldeko oiñarriak ikasten ziran. Sukalde bat zegon beheko partean eta han ikasten zan zerbait. Eta baita ere eskulanak.
Roxario Zapiain (Astigarraga, 1946): Eta geo sukaldeko klase batzuk ematen zizkitzuten, baiñan, bueno, pulamentu gehiegi gabekuak.
Marian Durá (Donostia, 1945): “El Servicio Social” egiten baita.. Aiii… ama! [Elkarrizketatzailea: Eta nola izaten zan?] Ba hori… bueno, ondo pasatzen genun, e! Ikasten zenun, ba, josten… bueno “El servi…” nola izaten zan? El… “La formación del espíritu nacional”, hori ere ikasi bihar genun.
Juani Urkizu (Lezo, 1948): Nik “Cara al sol”, bai, gogoratzen dut kantatu izana Magisteritzan. Magisteritza in nuenian, hor egitten genun 15 egun Zerbitzu Sozialan moduko… Falangeko jendeakin hori ere, Deban. Deban bazegoen barnetegi bat eta han egiten genittun 15 egun. Eta han bai, han, alzada, izada eta arriada banderanak egitten… bandera españolanak. Zea haundi bat zen, terraza haundi bat, hondartzako parian, eta eskua altxata egin behar genun hori. 15 egun… Lehenengo zen hillabete bat, uste dut, eta gu… gure garaian 15 egun ziren. Eta horren agiria ematen zizuten eta hori aurkeztu behar zenun titulua jasotzeko.
Marian Durá (Donostia, 1945): Aizu, bestela ez zenun ez pasaporteik, ezta zea, karneta, konduzitzeko karneta… osea, gauza hoiek izateko, bai.
Amaia Etxarri (Hernani, 1934): 18 urtekin atea nun gidatzeko kotx… furgoneta gidatzeko karneta. Bueno, kotxiak, vaya. Karneta, gidatzekua. Eta gogoratzen naiz ya paperak-eta prestatu behar nittunian, esan zidaten jun behar nula “a la Sección Femenina de la Falange” Donostira. Eta harea jun eta izandu nun –ez dakit– sei hillebete o ze, ikasteko, eta handik aurrea azterketak. Eta eman ziaten “Historia de España”, “La doctrina de Jose Antonio”, “religión”, gero kanastilla bat… Porke gero eitten zittun “La Sección Femenina de la Falange” egiten zun zea, jende, ba, justua o pobre xamarrai, ba, eman… opari… jaiotzen zanian haurren bat, laguntzan bat, eta jertsiak eta horrela. Beira nondik lortzen zittuzten. Nei dozenerdi bat jertse iñazi zizkiaten, bere zapatakin, jokua.
Maribi Arregi (Oñati, 1943): Bai, bai, bai, kanastillia zan inport… osea, bastante… osea, gaur esango geke ume batendako bihar zan dana jaixoten zanian. Ez zan prenda bat. Ez, ez, zan, ba… “ajuarra” esaten dana erderaz, “para el bebé”. Zeatik kanastillak izaten zian, osea, gaiñera ipiñi eitten otsuen zenbat prenda: mantoia, zenbat kamixetatxo, zenbat jerseitxo, faldoiak… dana.
Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947): Ikastaroa bukatzeko eta, ba, ez dakit, txartela lortzeko, azkenian entregatu behar zen kanastilla bat, zala ume txiki batentzako erropak. Ta, ordun, zuk egin behar zenitun jertsiak eta. Jertsia gogoratzen naiz ez gendula guk egin. Norbaitek esplikatu zigun truko bat edo. Eta ez dakit orain, baiño orduan saltzen zian jaio berrientzat eskuz egindako jertseak. Eta, orduan, erosi gendun bana eta gero hariya puskatu eta noizian behin korapillo bat egin…
Maribi Arregi (Oñati, 1943): Soldauskara, gizonak juaten zianez soldauskara, ba, emakumiendako soldauska moduan. Osea, ordezkua. Holako gauzan bat zan. E? Soldau juan biharrian, ba, ordezkua.
Arantxa Gurmendi (Donostia, 1944): Ba, mutillei Zerbitzu Militarra bezela, emakumiak Zerbitzu Soziala.