Hainbat lanketa egin daitezke bideo honekin bai LHn, DBHn eta Batxilergoan. Beheko proposamenak orokorrean adin guztietarako ikasleentzat egokiak dira. Baina DBH eta Batxilergorako ariketarekin jarraitu, eta amaieran dauden loturetako bideoetako euskalkiak aztertzea proposatzen da, euskalkien inguruko lanketa sakonagoa izan dadin.
- Bideoa ikusi, eta zer ulertu duten galdetu. Nongoa da euskararik onena bideoan agertzen direnentzat? Zergatik esaten dute hori? Beraiek nongoak dira? Beraiek garbi hitz egiten al dute, zuen ustez?
- Zure euskalkiari buruz hausnartu. Zer iruditzen zaizu? Gustatzen zaizu? Euskara batuaren oso diferentea da? Nongo euskara da zuretzat ulertzeko zailena? Zergatik?
- Ona da euskalki asko egotea ala txarra? Euskararen aberastasunari buruz hitz egin.
- Zenbat euskalki daude? Ea asmatzen duten. Koldo Zuazoren euskalkien sailkapena ikusi.
- Laupabost bideo pasarte jarri (bideoa handian jarrita, pantaila osoa hartzen duela, ez da zein herritakoa den ikusten), eta nongoak diren asmatu. Egin daiteke: ulertzen ez dituzten hitzak apuntatu, eta zer esan nahi duten asmatzen saiatu; entzun dutenaren laburpena egin edo elkarri ahoz esplikatu.
- Euskalkitegia jokoarekin ikus dezakegu ea euskalkiekin zer moduz moldatzen garen.
Patxi Irizar (Andoain, 1928):
-Hemen euskeraik garbintsuena esaten zuen garai batian Tolosan zala, hori aittu izandu deu guk.
Maria Luisa Zabala (Aduna, 1930):
-Polittena, bai, garbina. Garbigua, bai.
Esteban Garciarena (Berastegi, 1929):
-Ni tokatu izandu naiz... Kolegioan egondue eta Markinakoak e bazien. Azpeitiarra ere bai, oñatiarrak e bai... ta mahai baten tokatu gea lau. Ta lau euskaldunek ta alkar ezin entendittu. Oñatiarrak, Markinakoak, azpeitiarra... gehiena nei entenditzen zien. Garbina, nonbait. Besteak txatxatxotxotxa...
Joxe Malbadi (Albiztur, 1921):
-Bizkaitarrekin komeriak dituzu... esango dizut istorie. (...) garaian... Haiei zeinek entendittu! Esan nion: ‘Hitz egin zak erderaz. Aber, ze esan nahi du horrek?’. Ta erderaz ez zekin.
Leon Telletxea (Urruña, 1925):
–Kapable zira Nafarruakoa konprenitzeko...
–Bai, bai. Horkoa ere bai, horkoa ere bai. Salbu Bizkaia eta Alaba, zea, Vitoria la region.
–Xuberua?
–A, no. Xuberua ere... Xixuxuxaxuxu.
- Bideoko hizlari gehienen ustez, gipuzkera da euskalki garbiena eta politena.
- Gipuzkera euskara batuaren antz handiena duen euskalkia da. Euskara batua gipuzkera osatua da neurri batean, eta horrek gainerako euskalkiak urruti sentitzea ekarri du.
- Prestigioa: Tolosako euskarak fama ona izan du beti. Tolosaldean harro sentitzen dira horregatik. Beste toki gehienetan, baina, konplexuak dituzte. Baita Gipuzkoan bertan ere.
- Bizkaitar gehienentzat gipuzkera da ona. Beti entzun izan dute beraiena eskasagoa dela. Mendebaldeko hizkera darabilten gazteek, baina, sinonimia aberatsagoa dute euren euskalkiari esker.
- Elkarrizketatuek arazoak dituzte urrutiko euskalkiak ulertzeko. Iparraldeko, nafarrerako eta gipuzkerako hiztunentzat euskalki arrotzena mendebaldeko euskara da (bizkaiera). Mendebaldeko euskara dutenentzat, berriz, Iparraldekoa.
- Zuberotarra zaila da ulertzen gertukoentzat ere (baxenafarrentzat, adibidez). Hori bai, Xiberoan harrotasun handia da euskalkia; Baxenabarren ere bai, hein batean. Konplexu handiena Lapurdin dute, batez ere mendebaldean. Sarako euskarak du euskara onaren ospea.
- Nafarroan ere euskalkiarekiko gutxitasun konplexua ez da Lapurdin edo Bizkaian baino txikiagoa.