Gerra garaiko ekonomia

Gerrak goitik behera aldatu zuen jendearen eguneroko bizimodua. Industria armak ekoiztera bideratu zen, lantegiak militarizatu egin zituzten eta milaka herritarrek gerrarentzat lan egin behar izan zuten. Emakume askok soldaduentzako lanak ere egin behar izan zituzten eta, zenbait kasutan, zigor modura ezarri zizkieten lan horiek, gainera. Aldi berean, elikagaien eskasiak eta goseteak familia askoren bizimodua markatu zuten. Garai hartako bizipenak bertatik bertara ezagutuko ditugu bideo honi esker.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia

Gaiak: Oroimen historikoa

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

 Ikasleengan lortu nahi diren jarrerak:

  • Biziraupenaren kontzeptua ikastea
  • Ekonomiaren eta gatazken arteko loturaz ohartzea
  • Emakumeen lanaren aitortza
  • Gosearen eta premia sozialen eragina barneratzea
  • Gure historia ezagutzeko interesa piztea
  • Informazio-iturriak bilatzen eta aukeratzen jakitea
  • Hausnarketa pertsonala garatzea
  • Pentsamendu kritikoa lantzea

 

Bideoa ikusi aurretik

Gaiaren aurkezpena egin. Ikasleen aurrezagutzak aktibatu, gisa honetako galderak eginez talde handian:

- Zer gertatzen da herrialde bateko ekonomian gerra hasten denean?

- Zer uste duzue gertatu zela lantegiekin gerra garaian?

- Nondik lortzen dira armak eta munizioak?

- Zer gertatzen da elikagaiekin gerra garaian?

- Ba al dakizue zer den “Behartutako lana”?

- Zer sentituko da gosea izatean?

- Zer iruditzen zaizue pertsona bat bere borondatearen aurka lan zehatz bat egitera behartzea?

- Zer izango litzateke zuentzat gogorrena: gosea pasatzea, etxetik alde egitea ala egun osoan behartutako lanetan aritzea?

- Nola sentituko zinatekete zuen familia soldaduentzat lan egitera behartuko balute?

- Posible al da gerra batean beldurrik ez sentitzea?

 

Bideoa ikusi bitartean

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurrezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
  2. Atentzioa eman dieten pasarteak gogoan hartu.
  3. Ezagutzen ez dituzten hitzak, izenak edo erreferentziak apuntatu ditzatela. (Adib.:  “industria militarizatu”, “rantxoa”, “falangista”, “lan-behartuak”, ...)

 Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

  1. Ziurtatu ulertu dutela Argitu zalantzak. 
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, talde(t)an:

- Zergatik da garrantzitsua industria gerra garaian?

- Zer gertatu zen lantegi askorekin frontea hurbiltzean?

- Zer ondorio ditu elikagaien eskasiak egunerokotasunean?

- Ondo iruditzen al zaizue emakumeak soldaduei zerbitzatzera zigortzea?

- Zein ziren elikagai nagusiak?

- Entzun al duzue aurrretik noizbait halako testigantzarik? Nori?

 

3. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek horietako bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin ditzakete.

 

  • Sormena lagun. Gerra garaian elikagaien eskasiak familien eguneroko bizimodua guztiz aldatu zuen. Etxe askotan ezinezkoa zen ohiko jakiak prestatzea eta, baserriko produktuez edo eskura zegoenaz gain, irudimena erabiltzen zuten bizirauteko. Garai hartan sortu edo zabaldu ziren hainbat plater eta errezeta gaur egunera arte iritsi dira, memoria historikoaren parte bihurtuta.

 

PATATA-TORTILA FALTSUA (arrautza eta patata gabe)

Osagaiak: 3 laranja, tipula 1, baratxuri ale 1, 4 koilarakada irin, koilarakadatxo 1 bikarbonato, gatza, piperrautsa, olioa eta ura.

  1. "Patata" prestatu: Birrindu laranjen kanpoko azala, zati zuria agertu arte. Kendu zati zuri hori, moztu pusketa finetan eta utzi 2-3 orduz uretan beratzen.
  2. Frijitu: Laranja zatiak iragazi, gatzatu eta frijitu tipularekin, patatak bailiran.
  3. “Arrautza egin”: Igurtzi plater bat baratxuriarekin eta gehitu 3-4 olio tanta, gatza, irina, bikarbonatoa, piperrautsa eta 8-10 koilarakada ur. Ondo irabiatu.
  4. Tortila egin: Nahasi laranjak “arrautzekin”, bota zartaginera olio piska batekin eta eman buelta tortila arrunt bati bezala.

 

Proposamen honen bidez, ikasleek gerra garaian sortu ziren eta gaur egun arruntak diren errezetak memoria historikoarekin uztartuko dituzte, janariaren bidez gerra garaiko bizimodua hobeto ulertzeko.

Ikasleak binaka jarriko dira eta bikote bakoitzak gerra garaian sortutako errezeta bana aukeratuko du. Sarean garai hartako errezetak aurkitu badaitezke ere, kontu handiz ibili beharko dira hautaketa egiteko orduan,  batzuk gerraostekoak direlako.

Sukaldaritza-liburuetan ere informazio interesgarria aurkitu daiteke. Adibidez, Le Cordon Bleue ostalaritza-eskolako Berta Alvarez sukaldariak 2024an argitaratutako Recetas de guerra: España a través de su gastronomía liburua erabili daiteke. Liburua Euskadiko Liburutegi Publikoen katalogoan aurkitu daiteke maileguan hartzeko.

Behin errezeta aukeratuta, bikote bakoitzak platera prestatuko du etxean, ahal den neurrian jatorrizko errezeta errespetatuz. Sei saiotan zehar (egun bakoitzean bi bikotek) ikasleek euren platerak eta errezetaren atzean dagoen istorioa aurkeztuko dituzte.  Aurkezpen guztiak amaitu ondoren, gelan elkarrizketa gidatu bat egingo da.

Hausnarketarako galdera batzuk:

Zer dute amankomunean aurkeztutako plater gehienek?

Zergatik ziren hain sinpleak?

Zer erakusten digute elikadurak eta sukaldaritzak gizarte baten egoerari buruz?

Zer diote gure gizarteari buruz gaur egungo, elikadura-ohiturek?

 

  • Bestearen azalean. Ikasleek bakarkako idazlan bat egingo dute, ikasgelan bertan, gerra garaiko gazte baten tokian jarrita. Bideoan agertzen diren testigantzek erakusten dute herritar arruntak ere gerraren zerbitzura jarri zirela eta ume askok behartutako lanak egin behar izan zituztela: baserriko janaria soldaduei eraman, haien arropak josi eta garbitu, janaria prestatu…
  •  Proposamen honen helburua gerra garaiko ekonomiak familien eguneroko bizitzan izan zuen eragina ulertzea da, enpatia, idatzizko adierazpena eta pentsaera kritikoa garatuz.

     Adibide hauetakoren bat erabil dezakete, edo besteren bat aukeratu:

    • 13 urte dituzu eta egunero esnea eraman behar diezu soldaduei
    • Zure ama uniforme militarrak garbitzera behartu dute, eta lagundu egin behar diozu.
    • Josten ikasi duzu eta soldaduentzat alkandorak egiten ematen dituzu arratsaldeak.
    • Baserriko janaria entregatu behar diezu soldaduei eta etxean geroz eta eskasia handiagoa daukazue.
    • Sukalde militar batean patatak zuritzen dituzu egunero.
    • Zure aitak soldaduentzat zerraldoak egiten ditu, eta zuk egurra prestatzen laguntzen diozu.

Ikasle bakoitzak lehen pertsonan kontakizun labur bat idatziko du, egun bakar baten kronika balitz bezala. Helburua ez da gertaera handiak kontatzea, eguneroko bizimodua azaltzea baizik. Galdera hauek erabil ditzakete gida gisa

 

 

Nola sentitzen naiz?

Ba al dut aukerarik lan hori ez egiteko?

Zer pentsatzen dut soldaduei laguntzeari buruz?

Zer falta da nire etxean?

Zer espero dut etorkizunerako?

 

 

Hogeita hamar minutu inguru izango dute kontakizuna idazteko, eta, ondoren, irakaslearen laguntzaz, taldeko hausnarketa egingo dute, galdera hauek erantzunez:         

Posible al da "neutrala" izatea gerra batean?

Zergatik bihurtzen dira herritar arruntak ere gerraren parte?

 

 

  • Ika-mika. Eztabaida bat antolatzea proposatzen da, Gerra Zibilean industria guztiak armak ekoiztera edota soldaduak hornitzera bideratu behar ote ziren ala ez hausnartzeko.
  • Eztabaidaren helburu nagusiak gerrako ekonomia ulertzea, ikuspegi historiko ezberdinak ezagutzea, argumentazioa eta ahozko adierazpena lantzea, besteen iritziak entzun eta errespetatzen ikastea eta gertaera historiko konplexuen aurrean pentsamendu kritikoa garatzea dira, besteak beste.

    Ikasleak bi taldetan banatuko dira eta eztabaidaren gai nagusia arbelean idatziko du irakasleak, testuingurua azaldu ostean:

      

Gerran, zilegi al da ekonomia guztia borrokaren zerbitzura jartzea?

- Gerrako frontean borrokan zebiltzan soldaduek, armak, munizioak eta arropak behar zituzten.

- Gerrako bi alderdiek industria gerraren zerbitzura jarri zuten: Industriaren militarizazioa.

- Bizikletak, josteko makinak, sarrailak, lanerako arropak... egitetik: bonbak, armak eta soldaduentzat arropak egitera.

- Industria-gune garrantzitsuenak: Bizkaian eta Deba Arroan (Eibar, Elgoibar, Soraluze, Bergara, Gernika, Bilbo...)

 

Talde batek gerra garaian industria gerraren zerbitzura egotearen aldeko jarrera defendatuko du eta beste taldeak kontrakoa.

 

ALDEKO DEFENTSA

KONTRAKO DEFENTSA

·  Frontea hornitzea ezinbestekoa da.

·  Industria militarizatzea beharrezkoa da.

·  Gerra irabazteko baliabide guztiak erabiltzea zilegi da.

· Herritarren bizi-baldintzak okertzen dira.

· Behartutako lanak giza eskubideen aurka doaz.

· Gerrek ezin dute herritarren ongizatea bigarren mailan utzi.

 

Talde bakoitzak gaiaren inguruko dokumentazioa prestatuko du eta informazio-iturri desberdinetan oinarrituko da bere ikuspegia defendatzeko argudio nagusiak pentsatu, idatzi eta antolatzeko. Gainera, taldeko bozeramailea izango den ikaslea aukeratuko dute.

Irakasleak gidatuko du eztabaida, hitz egiteko txandak eta erantzuteko denborak erregulatuz.

Eztabaida amaitzean, ikasle bakoitzak banakako hausnarketa labur bat idatziko du hamar minutuan eta, ondoren, gelan partekatuko dira.

Eztabaidak iritzia aldatu al dizu?

Zein argudio iruditu zaizu sendoena?

 

 

4. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpenak, aurkezpen artistikoak, idatzizko gogoetak eta hausnarketa pertsonalak egingo dituzte ikasleak.

 

 

Ebaluazio-irizpideak

Unitate didaktiko honen ebaluazioak izaera jarraitua, hezigarria eta integrala izango du. Helburua ez da soilik ikasleek azken emaitza batean lortutakoa baloratzea, baizik eta ikaskuntza-prozesu osoan zehar egindako aurrerapena identifikatzea eta ikasle bakoitzari bere ikaskuntza hobetzeko orientabideak eskaintzea.

Horretarako, ebaluazioa hiru ikuspegitatik ulertuko da: ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa, irakaskuntza-prozesuaren ebaluazioa eta unitate didaktikoaren ebaluazioa.

Ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa

Ikasleen ikaskuntza hiru unetan baloratuko da: hasieran, garapenean eta amaieran.

Hasierako ebaluazioaren helburua ikasleen aurretiazko ezagutzak, interesak, aurreiritziak eta gaiaren inguruko bizipenak ezagutzea izango da. Horretarako, unitate bakoitzaren hasieran proposatutako galdera-sortak, ideia-jasa, ahozko elkarrizketak eta hausnarketa laburrak erabiliko dira.

Prozesuko ebaluazioa unitate osoan zehar egingo da. Irakasleak ikasleen parte-hartzea, lankidetza, ikerketa-prozesua, ahozko zein idatzizko adierazpena, iturri historikoen erabilera eta pentsamendu kritikoa behatuko ditu. Aldi berean, ikasleei etengabeko feedbacka emango zaie, beren ikaskuntza hobetzen joan daitezen.

Amaierako ebaluazioan, unitate bakoitzean egindako azken ekoizpenak eta aurkezpenak baloratuko dira. Ez da produktu finala soilik kontuan hartuko; prozesuan izandako bilakaera, lankidetza, autonomia eta hausnarketa-gaitasuna ere ebaluatuko dira.

Ebaluazio hori egiteko hainbat tresna erabiliko dira:

  • Behaketa sistematikoa.
  • Kontrol-zerrendak.
  • Errubrikak.
  • Talde-lanen eta ahozko aurkezpenen balorazioa.
  • Ikasleen koadernoa eta jarduera idatziak.
  • Autoebaluazioa eta koebaluazioa.

Autoebaluazioaren bidez, ikasleek beren ikaskuntzaren inguruan hausnartuko dute. Horretarako, unitate bakoitzaren amaieran galdera labur batzuei erantzungo diete, hala nola: Zer ikasi dut? Zer egin dut ondo? Zer hobetu dezaket?

Koebaluazioaren bidez, berriz, talde-lanetan parte hartu duten ikasleek elkarren ekarpena baloratuko dute aurrez adostutako irizpideen arabera (parte-hartzea, errespetua, lankidetza, komunikazioa eta ardura).

Irakaskuntza-prozesuaren ebaluazioa

Ebaluazioak irakaslearen jarduna ere barne hartuko du. Unitate didaktikoaren amaieran, irakasleak bere esku-hartzea aztertuko du, egindako plangintzaren egokitasuna eta erabilitako metodologiaren eraginkortasuna baloratuz.

Horretarako, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

  • Helburu didaktikoak eta konpetentziak lortu diren.
  • Proposatutako jarduerek ikasleen interesa eta motibazioa piztu duten.
  • Denboraren antolaketa egokia izan den.
  • Erabilitako baliabide didaktikoak (Ahotsak.eus-eko testigantzak, ikus-entzunezko materialak, dokumentuak, mapak eta bestelako baliabideak) erabilgarriak izan diren.
  • Ikasleen behar anitzei erantzuteko neurriak nahikoak izan diren.
  • Erabilitako ebaluazio-tresnek ikasleen ikaskuntza modu egokian islatu duten.

Hausnarketa hori irakaslearen autoebaluazio-fitxa baten bidez jasoko da, hurrengo ikasturteetan unitatea hobetzeko proposamenak egiteko.

Unitate didaktikoaren ebaluazioa

Azkenik, unitate didaktikoaren beraren balorazioa egingo da. Horretarako, ikasleen iritzia ere kontuan hartuko da galdetegi labur baten bidez. Galdetegi horretan, jardueren interesa, zailtasun-maila, motibazioa, erabilgarritasuna eta proposamen metodologikoaren egokitasuna baloratuko dituzte.

Lortutako informazio guztia (ikasleen emaitzak, irakaslearen autoebaluazioa eta ikasleen iritzia) batera aztertuko da, etorkizunean unitate didaktikoa egokitzeko eta hobetzeko.

Ebaluazio-tresnen laburpena

Ebaluazio mota

Helburua

Tresnak

Hasierako ebaluazioa

Aurretiazko ezagutzak eta interesak identifikatzea

Galdera-sortak, ideia-jasa, ahozko elkarrizketak

Prozesuko ebaluazioa

Ikaskuntzaren jarraipena egitea eta feedbacka ematea

Behaketa sistematikoa, kontrol-zerrendak, koadernoa, ahozko aurkezpenak

Amaierako ebaluazioa

Ikaskuntzaren lorpen-maila baloratzea

Errubrikak, azken lanak, ahozko aurkezpenak, autoebaluazioa eta koebaluazioa

Irakaskuntza-prozesuaren ebaluazioa

Irakaslearen jarduna hobetzea

Autoebaluazio-fitxa eta hausnarketa pedagogikoa

Unitate didaktikoaren ebaluazioa

Proiektuaren kalitatea eta egokitasuna baloratzea

Ikasleen galdetegi laburra eta irakaslearen ondorioak

Gerran, industria ere borrokaren zerbitzura jarri zen. Frontearen barruan zeuden industriek Errepublikarentzat armak eta munizioak egiten zituzten eta, frontea erori ahala, makinak Bilbora eramaten zituzten edo, kasu batzuetan, urrutirago ere bai. Langileek gau eta egun egiten zuten lan, etenik gabe.

 

Bartolo Arriola (Eibar, 1912) eta Agustin Arana (Eibar, 1913): Bartolo: Winchesterran kopixia eitten juan GACiak. Rifliori. / Agustin: Horixe izan zan eibartarrak... Valenziara juan zan, motibua horixe izan zan. Hamengo fabrikia, fusil-fabrikia, hara eruen eben. Hamen frentia zela hurrian euan, hara eruen eben. / Bartolo: Deuston ipini juen Salesianuetan. / Agustin: Deuston, bai, ba, baiña Deustotik hara eruen eben zera.

Benigna Sarasketa (Eibar, 1922): Eibartarrak lelengo formau zian Alberiquen, eta gero Alberiquetik Alginetera hogei bat kilometro-edo eozen, ta nere aitta bialdu eben atzera Alberiquetik Alginetera atzera industria montatzera. Gure fabrikiak eitten eban pistolak.

Joxe Zulueta (Arrasate, 1921): Zerrajeria hasi zan proiektilak eitten. Proiektilak, artillerixarako. Proiektilak zeretako be bai, morteruendako be bai. Ta gero, abiaziño bonbak, abiaziñuendako kontenedoriek eta… osea. Ta orduen sartu gitzen danok militarizaute. Militarrak abanzien hasi zienien, gu sartu gitzen biherrien. Tamañuak, zerena, proiektillenak zien “tamaño de siete y medio y seis y medio“. Eta "siete y medio" itten gauen milla, ta "seis y medio" beste milla. Beste milla morteruendako. Gau ta egun biharra, e. Eta jaixak eta danak. Orduen ez zan pekatu domeketan be eittia biharra! Klaro, "por la cruzada"... Badakitzu.

Julen Iriondo (Elgoibar, 1920): Euren fuertia ta euren preparaziua, ta euren makiñak zian arma txikixak eitteko. Ta gero gerra denporan, ba, ein zan adaptazio bat, makinak-eta preparau, kolokazio batzuek einda, ojibak eitteko. Ezta? Tornuak, eta fresadorak eta, kopiadora batzuekin, e? Eta fresadora guztiak-eta, ba, ziran, ba, harek, harek ojibak eitteko. Baiña hori... hori gerra denporan.

 

Lantegiak militarizatzeaz gain, herritarrek gerrarentzat ere lan egin behar izan zuten, gehienetan beharturik. Askotan, nazionalak herrietan sartu eta gero, haientzat lan egitera behartuak egoten ziren.

 

Begoña Monasterio (Bermeo, 1916): Hiltzen izan dizanien eurenak, militarrak eurenak, ba eitten izan dotsoie kajie oholezkue, ta gure aittek eitten izan dittuz harek. Geure aittek eitten izan dittuz. Ta gure amak emoteko guri emon doskune, kastigue, eureri dirueri haulan beittute, kandela negarretan irabaziko dirue emon bihar orain, hau dirue, hainbeste kosta jazkune, gauetan kandeliegaz –argirik ez zalako egoten izan herridxen– kandeliaz amak lagunduten izan dotso aitteri, ta haretan irabaziko dirue.

Jesus Mari Kaperotxipi (Zarautz, 1928): Ta guk aurre-aurrian zakaun sastreiya. Geo zea etortzen zan, Ciadoncha, Marquesa de Ciadoncha. Hura zan hemengo markesa. Orduan palaziyuak besteik ez zaben. Eta hura etortzen zan, ta bueno, "hay que trabajar pa..., pa los que están en la guerra". Ta alkandorak eta zeak iten gu han, perro txiki bat irabazi gabe hainbeste denboan. Hainbeste denboan, ordia, hillabetiak eta hillabetek e! erropa iten. Ez dakit zeiñentzat iten gendun, baiño... lanian. Ta guk esaten genduna... Aitak esaten ziyon "Baiño guk perro txiki bat ez dakau, ez badeu ateatzen...". Orduan, gaiñea, traje bat zeiñek ingo zun? Iñok ez! Zeak ingo zun gerra denboan traje bat!

 

Gerra garaian, elikagaiak urriak ziren. Familia askok patatak, lekaleak edo bakailaoa jaten zituzten, eta batzuek itsasotik edo baserritik lortzen zuten aurrera egitea.

 

Maritxu Olabiaga (Donostia, 1915): Beida nola negon: miliziano batek eman zizkian... esne kondensadak eta ez dakit zenbat gauza, neukan itxurakin. Ez, ezin nun jan, ezin nun ezer´e ein, ezer. Bildur izugarriya! Baiño gero, ba hori, juten nitzan laguntzea Ana Mari ta hoiyei. Hoiyekin ibiltzen nitzan gehiyena, e, lursagarrak eta bakaillua; hori zan, beste gauzak beaiyek ibiltzen zian. Bi neska zian.

 

Benito Aranburu (Usurbil, 1923): [Eta nundikan lortzen zenuten dirua gerra garaian ta?] Gerra garaian ta? Anguletatik eta abar ta. Anguletan egun asko. Hemengo jendia harek salbatu zun, e! Anguletak, e. Angula asko ateatzen zan ordun.

Juanita Zelaia (Markin-Xemein, 1918): Umik-eta asko ibiltten zin ortozik; eta gero, baserrixeta juten zin jateko eske ta. Ondarrun be eskas bizi zin ordun.

Felisa Olazabal (Mendaro, 1928): Guk Jangoikuai eskerrak ez gendun pasau. Ta esan biher gendun, gaiñea, nahikua ez gendula jaten. Nere aittak irin-fabrikan lan eitten zaban. Eta gero, klaro, orduan ogixa gitxi zan. Txarra ematen zeben. Ematen zeben, ba, hau baiño horixaua... ja-ta ze esango diñat, ba, nik? zaperua modukua! Jan ezindakua! Gurian oilluei ematen zakuen haura!

 

Emakume askok soldaduentzako lanak egin behar izan zituzten: janaria prestatu, josi edo uniformeak garbitu. Zenbait kasutan, gainera, lan horiek zigor modura ezarri zizkieten, behin nazionalak herrietara sartu zirenean.

 

Itziar Ajuria (Elgoibar, 1924): Rantxua ematen zeben, klaro, ez gendukan iñun... ezer ez jateko ta ez ezer. Ematen ziguten eguardixan ba lentejia edo baba gorrixa, edo zurixa edo... “Esaiozu amari etortzeko, patatak zuritzera” han kozinera eitten zebanak. Eta amak esaten "Nik ez jaukanat astirik, ta juari!". Ni, hamabi urte, ba, ta jun nintzan.

Elisabet Agirrezabal (Bergara, 1919): Batzokixan? Nere aiztak kastigauta izan zian, batzokixan topau zebelako listia. Haura egon zan gero kastigauta gerra denporan uniformiak-eta garbitzen soldauenak. Kastigauta.  

 Itziar Ajuria (Elgoibar, 1924): Falangeko alkondarak izaten zian, urdiñak, illunak. “Y cose muy bien” esan zian behin. Bai, ondo edo gaizki, ein ein bihar. Eta zenbat emakume, koittauak, ez zekixenak ezer josten, eta bialdu ta, behartuta, ala! a coser.

Ana Mari Lezertua (Mutriku, 1940): Kastigo bezela eman zixuen, josten zakixen eta, trajiek-eta soldauenak-eta, ba, konpontzera edo arreglatzera. Eta baitta garbitzera ere. Zorriz betetako erropak.

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza