1936ko urrian Eusko Jaurlaritza eratu zen eta Jose Antonio Agirre izan zen lehen lehendakaria. Gobernuak euskal administrazio propioa antolatu zuen gerra garaian, eta hainbat arlo kudeatu zituen, hala nola Hezkuntza, Osasuna, Justizia, Ekonomia eta Armada. Horrez gain, eskolak eta errefuxiatuentzako zerbitzuak martxan jarri zituen. Bilbo frankisten esku erori zenean, administrazioak erbesterako bidea hartu behar izan zuen. Garai hartako gertaerak lekukoen hitzetan ezagutuko dugu.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia
Gaiak: Oroimen historikoa
Ikasleengan lortu nahi diren jarrerak:
Bideoa ikusi aurretik
Gaiaren aurkezpena egin. Ikasleen aurrezagutzak aktibatu, gisa honetako galderak eginez talde handian:
- Zer da autonomia-estatutu bat eta zertarako balio du?
- Ba al zenekiten Gerra Zibilean Euskadik gobernu propioa zuela?
- Ba al dakizue nor den Jose Antonio Agirre?
- Zer uste duzue egingo duela gobernu batek gerra garaian?
- Ezagutzen al duzue Euskadiko dirua edo euskal dirua?
- Zer iruditzen zaizue herrialde batek gerra betean gobernu berri bat sortzea?
- Zuen ustez, zaila izango al da herrialde bat gobernatzea bonbardaketak eta gerra dauden bitartean?
- Zer iruditzen zaizue herrialde batek bere dirua sortzea?
- Zer emozio pizten dizue "erbeste" hitzak?
Bideoa ikusi bitartean
Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Bideoa ikusi ondoren
- Zergatik izan zen hain garrantzitsua Eusko Jaurlaritzaren sorrera?
- Zer egiteko gai izan zen Eusko Jaurlaritza denbora labur horretan?
- Zergatik sortu zuten euskal dirua? Zer gertatu zitzaion euskal diruari gerra galdu ondoren?
- Gaur egun euskal moneta existitzea posible dela uste al duzue?
- Zergatik joan zen Eusko Jaurlaritzaren gobernua erbestera?
- Gaur egun jende askok ez daki Gerra Zibilean Euskal Herriak bere gobernua, armada eta dirua izan zituela. Zergatik?
3. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek horietako bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin ditzakete.
Ikasleak 4-5 laguneko taldetan banatuko dira, eta talde bakoitzak lehenengo Eusko Jaurlaritzaren jardunaren alderdi bat ikertuko du:
Hona hemen atal bakoitzerako jarraitu dezaketen egitura edo gida txiki bat:
|
ESTATUTUA ETA EUSKO JAURLARITZA Zer izan zen 1936ko Estatutua? Zergatik onartu zen gerra hasita zegoela? Nola sortu zen lehen Eusko Jaurlaritza? Nork osatzen zuten? Non zeukan egoitza? Zergatik hor? Argazkiak bilatu.
JOSE ANTONIO AGIRRE Nor izan zen eta zein zen bere familia? Zer egin zuen lehebndakari izan aurretik? Eta ondoren? Zein izan ziren bere erabaki nagusiak? Zer gertatu zitzaion erbesteratu zenean? Noiz hil zen eta nolakoa izan zen bere hileta? Argazkiak bilatu.
GERRAKO GOBERNUAREN ANTOLAKETA Zer zen eta zergatik sortu zen euskal dirua? Zer balio zuen eta non erabiltzen zen? Zergatik desagertu zen? Azaldu industriazen mitilitarizazioa. Azaldu fabriken lekualdatzea. Nork antolatzen zuen ekoizpena eta zer arazo egon ziren? Argazkiak bilatu.
ERBESTEKO GOBERNUA Noiz eta zergatik erbesteratu zen gobernua? Zein herrialdetan jardun zuen? Zein izan ziren euskal gobernuak erbestean egindako lan nagusiak? Noiz arte iraun zuen erbestealdiak? Zenbat lehendakari izan zituen erbestealdiko gobernuak? Argazkiak bilatu. |
Beharrezko informazioa bildu, aukeratu eta laburtu ondoren, talde bakoitzak 8-10 minutuko ahozko aurkezpen bat prestatuko du gelakideen aurrean aurkezteko. Aukeratu dituzten argazkiak ere erakutsi eta azalduko dituzte.
Amaitzeko, azken hausnarketa bat egingo dute irakaslearekin batera:
Zer da zailagoa: gerra batean borrokatzea ala herrialde bat gobernatzen jarraitzea?
|
EDUKI HISTORIKOAREN AZTERKETA
HIZKUNTZAREN AZTERKETA
|
Hona hemen erabiliko ditzazketen testigantzak:
Segidan, talde bakoitzak idatzizko aurkezpen labur bat prestatuko du, testigantzen alderdi historikoak azalduz, eta, aldi berean, hizkeraren ezaugarri interesgarrienak nabarmenduz.
Amaitzeko, hausnarketa egingo dute denen artean:
Zergatik da garrantzitsua pertsonen testigantzak eta hizkerak jasotzea eta gordetzea?
Proposamen honen helburu didaktiko nagusia tokiko moneten funtzio ekonomikoa, soziala eta sinbolikoa ulertzea eta moneta batek identitate kolektibo baten eraikuntzan izan dezakeen papera ezagutzea dira.
Hasteko, ikasleak lau pertsonako taldetan banatuko dira, eta irakasleak 1936ko euskal bilete bana banatuko die (koloretan inprimatuta), inolako azalpenik eman gabe. Bost-hamar minututan, bilete hori aztertu eta zer den asmatzeko hipotesiak egingo dituzte. Hona hemen galdera gidari posible batzuk:
Zer objektu da?
Noizkoa da?
Zer ikur edo sinbolo agertzen dira?
Nork sortu zezakeen?
Zergatik ez dugu gaur egun ezagutzen?
Denbora pasata, talde bakoitzaren hipotesiak bateratuko dituzte. Irakasleak, zalantzak argitzeko, 1936ko euskal monetaren edo “euskal pezeta”ren testuingurua azalduko du.
Garai batean Euskadik moneta propioa izan zuela argitu ostean, proposamen honen hurrengo urratsa gaur egunera begira jartzea eta gaur egun Ipar Euskal Herrian erabiltzen den Euskoa ezagutzea izango da. Ikasleek, berriz ere taldetan jarrrita, Euskoaren webgunea bisitatutako dute minutu batzuez. Jarraian, galdera motz batzuei erantzungo diete, eta erantzunak taula batean jaso:
|
Zer da Euskoa? Non erabiltzen da? Noiz sortu zen? Nork sustatzen du? |
Zertarako balio du? Zer helburu ditu? Nork erabil dezake? Zergatik ez du euroa ordezkatu nahi? |
|
|
1936ko euskal dirua |
Ipar Euskal Herriko EUSKOA |
|
Sorreraren testuingurua |
|
|
|
Nork sortua |
|
|
|
Zergatik sortua |
|
|
|
Erabilera |
|
|
|
Iraupena |
|
|
|
Balio sinbolikoa/kulturala edo soziala du? |
|
|
Taula osatu ondoren, talde bakoitzak bost minutuko aurkezpen txiki bat prestatuko du eta bi moneten alderaketatik aterarako ondorio nagusiak azalduko ditu. Aurkezpenean, bi monetek dituzten antzekotasunak eta desberdintasunak aipatu beharko dituzte.
Jarduera amaitzeko, irakasleak galdera bat planteatuko du:
Moneta batek dirua trukatzeko balio du soilik, ala komunitate baten balioak, identitatea eta helburuak ere islatu ditzake?
4. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpenak, aurkezpen artistikoak, idatzizko gogoetak eta hausnarketa pertsonalak egingo dituzte ikasleak.
Ebaluazio-irizpideak
Unitate didaktiko honen ebaluazioak izaera jarraitua, hezigarria eta integrala izango du. Helburua ez da soilik ikasleek azken emaitza batean lortutakoa baloratzea, baizik eta ikaskuntza-prozesu osoan zehar egindako aurrerapena identifikatzea eta ikasle bakoitzari bere ikaskuntza hobetzeko orientabideak eskaintzea.
Horretarako, ebaluazioa hiru ikuspegitatik ulertuko da: ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa, irakaskuntza-prozesuaren ebaluazioa eta unitate didaktikoaren ebaluazioa.
Ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa
Ikasleen ikaskuntza hiru unetan baloratuko da: hasieran, garapenean eta amaieran.
Hasierako ebaluazioaren helburua ikasleen aurretiazko ezagutzak, interesak, aurreiritziak eta gaiaren inguruko bizipenak ezagutzea izango da. Horretarako, unitate bakoitzaren hasieran proposatutako galdera-sortak, ideia-jasa, ahozko elkarrizketak eta hausnarketa laburrak erabiliko dira.
Prozesuko ebaluazioa unitate osoan zehar egingo da. Irakasleak ikasleen parte-hartzea, lankidetza, ikerketa-prozesua, ahozko zein idatzizko adierazpena, iturri historikoen erabilera eta pentsamendu kritikoa behatuko ditu. Aldi berean, ikasleei etengabeko feedbacka emango zaie, beren ikaskuntza hobetzen joan daitezen.
Amaierako ebaluazioan, unitate bakoitzean egindako azken ekoizpenak eta aurkezpenak baloratuko dira. Ez da produktu finala soilik kontuan hartuko; prozesuan izandako bilakaera, lankidetza, autonomia eta hausnarketa-gaitasuna ere ebaluatuko dira.
Ebaluazio hori egiteko hainbat tresna erabiliko dira:
Autoebaluazioaren bidez, ikasleek beren ikaskuntzaren inguruan hausnartuko dute. Horretarako, unitate bakoitzaren amaieran galdera labur batzuei erantzungo diete, hala nola: Zer ikasi dut? Zer egin dut ondo? Zer hobetu dezaket?
Koebaluazioaren bidez, berriz, talde-lanetan parte hartu duten ikasleek elkarren ekarpena baloratuko dute aurrez adostutako irizpideen arabera (parte-hartzea, errespetua, lankidetza, komunikazioa eta ardura).
Irakaskuntza-prozesuaren ebaluazioa
Ebaluazioak irakaslearen jarduna ere barne hartuko du. Unitate didaktikoaren amaieran, irakasleak bere esku-hartzea aztertuko du, egindako plangintzaren egokitasuna eta erabilitako metodologiaren eraginkortasuna baloratuz.
Horretarako, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:
Hausnarketa hori irakaslearen autoebaluazio-fitxa baten bidez jasoko da, hurrengo ikasturteetan unitatea hobetzeko proposamenak egiteko.
Unitate didaktikoaren ebaluazioa
Azkenik, unitate didaktikoaren beraren balorazioa egingo da. Horretarako, ikasleen iritzia ere kontuan hartuko da galdetegi labur baten bidez. Galdetegi horretan, jardueren interesa, zailtasun-maila, motibazioa, erabilgarritasuna eta proposamen metodologikoaren egokitasuna baloratuko dituzte.
Lortutako informazio guztia (ikasleen emaitzak, irakaslearen autoebaluazioa eta ikasleen iritzia) batera aztertuko da, etorkizunean unitate didaktikoa egokitzeko eta hobetzeko.
Ebaluazio-tresnen laburpena
|
Ebaluazio mota |
Helburua |
Tresnak |
|
Hasierako ebaluazioa |
Aurretiazko ezagutzak eta interesak identifikatzea |
Galdera-sortak, ideia-jasa, ahozko elkarrizketak |
|
Prozesuko ebaluazioa |
Ikaskuntzaren jarraipena egitea eta feedbacka ematea |
Behaketa sistematikoa, kontrol-zerrendak, koadernoa, ahozko aurkezpenak |
|
Amaierako ebaluazioa |
Ikaskuntzaren lorpen-maila baloratzea |
Errubrikak, azken lanak, ahozko aurkezpenak, autoebaluazioa eta koebaluazioa |
|
Irakaskuntza-prozesuaren ebaluazioa |
Irakaslearen jarduna hobetzea |
Autoebaluazio-fitxa eta hausnarketa pedagogikoa |
|
Unitate didaktikoaren ebaluazioa |
Proiektuaren kalitatea eta egokitasuna baloratzea |
Ikasleen galdetegi laburra eta irakaslearen ondorioak |
1936ko urrian, Gernikako Estatutua onartu ondoren, lehen Eusko Jaurlaritza eratu zen. Jose Antonio Agirre izan zen lehendakaria, eta gobernu berriak gerra betean Euskal Herriko erakundeak antolatzeko ardura hartu zuen.
Julian Alegria (Bermeo, 1924): Euskadiko gobernue orduen, orduen sortu zen. Bueno, gerratien. Gobierno Vasco, o sea ke... Euskadiko gobernue. Jose Antonio Agirre izen zan lehendakarixe. Eta orduntxe izan zan aproba zana hori... Estatutuk-eta zerak aproba zana.
Julen Madariaga (Bilbo, 1932): Estatutu hori egiteko, Eusko Ikaskuntzak batzorde berezi bat eratu zuten. Bueno, hori hasi zirenian, ba, ez dakit, bizpahiru urte lehenago. Eta manua edo enkargua hartu zutelarik, jadanik hori oso aurreratua zegoen, eta berehalaxe prest egon zen.
Ramon Labaien (Donostia, 1928): Eusko Jaurlaritza. Gure idoloa zan Joxe Antonio Agirre. Frantziyan zeukaten –ni akordatzen naiz– presidentea garai hartan zan monsieur Lebron, Albert Lebrun. Eta, bueno, guretzat Frantziko presidentea zan Lebrun eta Euskadikoa Agirre, Jose Antonio Agirre. Eta, bueno, guk ezagutu degu... ezagutu ditugu Euskadiko gerra-ontzik: Naparra ta bou guztiyak, Donostiya eta Bizkaia ta hoiek denak. Ezagutu... ikusi ditugu gure gudariak kanpañan. Armada bat, marina bat, gerrako marina bat. Zan gobierno oso bat. E? Eta guk hortan sinisten gendun. Sinisten gendun naziyoan, ez alderdi batean.
Eusko Jaurlaritzak bere administrazioa antolatu zuen, eta Bilboko Carlton hotelean zuen egoitza nagusia. Diru propioa ere jaulki zuen. Gerra amaitzean, ordea, frankistek diru hura baliorik gabe utzi zuten, eta familia askok aurrezki guztiak galdu zituzten.
Julian Alegria (Bermeo, 1924): Geure dirue euki gendun, Euskadin.
Juanita Zelaia (Markina-Xemein, 1918): Etara eben diru diferentie. Diru paperezkue ta baitte monedak be bai. Baiña diferentiek. Lelengo diruai gero balixue emon otsen, gero.
Isabel Etxanobe (Mañaria, 1926): Dirue be kanbixeu ein zan Euskadiko dirure, ta gero, hau buelteu zanien, Euskadiko diruek be nulo bota. Ta dirudunek be diru barik geldittu han be. Terriblie zan gero, ha terriblie zan.
Begoña Ponziano (Bermeo, 1920): Ez dou okin dirue, esan doskunelako Francok euskaldunen diruk ez dauela balixo.
Anastasia Ormaetxea (Bermeo, 1927): [Banco de España. Ze urte? Gerra sasokue: 1937. Uno de enero de 1937.] Bai, Euskadiko zera. [Ikusten] zelan dauen baserriko gauzie? Euskadiko dirue. [Bai, hemen baserrittarran marrazkixe]. Bai, Euskadiko dirue.
1937an, Euskal Herria frankisten esku geratu zenean, Eusko Jaurlaritzak erbesterako bidea hartu zuen: Katalunia, Frantzia, Belgika, Estatu Batuak, Hegoamerika… Errefuxiatuei laguntza ematea, euskal ordezkaritza nazioartean mantentzea eta autogobernuaren aldarrikapena bizirik gordetzea izan ziren erbestean izan zituzten eginkizun nagusiak.
Jabier Agirre (Donostia, 1952): Aita zan Teodoro Agirre eta anaia zan Jose Antonio Agirre. Orduan, ba, bai... gerra garaian denak... ba osaba... noski, osaba lehendakaria zan eta beste kargu batzuk zeuzkan. Baiño beste anai guztiak gudariak izan ziren eta gerra egin zuten euskaldunekin. Eta, poliki-poliki, ba, gerra bukatutakoan, denak Iparraldera, batzuk Belgikan ere egon ziren, eta Parisen.
Gerra aurrera zihoan heinean, herri askotako udalek ere ihes egin behar izan zuten. Frontea mugitzen zen neurrian, alkateek, zinegotziek eta udal-langileek beste herri batzuetan antolatzen zuten behin-behineko udaletxea, udalaren jarduera ahal zen neurrian mantentzeko. Dokumentazioa, erroldak eta administrazio-lanak lekuz aldatu ziren, eta udal batzuk Bilbon eta beste hiri batzuetan aritu ziren lanean, euren herrietara itzuli ahal izan zuten arte.
Gaspar Alvarez (Eibar, 1918): Bilbon montau juen aiuntamentua eibartarrak. Han... zerian... daon lekuan... esto, kioskua daok han, el... kioskua zelan dok? El Arenal. Hantxe ondo-onduan montau juen eibartarrak aiuntamentua. Orduan dokumentaziñua oingo moduan ez jeuan. “Cédulas” zittuazen. Aiuntamentuan, zera, “cédulas”, urtero etara ein bihar juen ta zedulia. Eta hantxe montau juen aiuntamentua.
Gregorio Madariaga (Antzuola, 1930): Ta aittona zela zan alkate, gerria sortu zanian, danak, familixa guztiak, ihes ein biher izen giñuan Antzuolatik. Ta egon giñan, ze [esango dotsut], ba, aittajuna ta Antzuolako beste 40 bat lagun inguru bai Bermeon egon giñan sei bat hillebetian. Nazionalak Bermeo hartu zebenian, trote ein biher izen giñuan ta Bilbon pasau giñutzen beste hillebete. Ta han, Artxanda behin hartzen hasi zebenian, trote ein biher izen giñuan Santander aldera.