1937ko martxotik aurrera, faxisten armadak aireko bonbardaketa masiboak egin zituen Euskal Herrian. Gernikako bonbardaketa izan zen ezagunena: Alemaniako Kondor Legioak eta Italiako Aviazione Legionariak herria suntsitu zuten, zibilak helburu hartuta. Durango, Eibar, Otxandio eta Bilbo ere eraso horien biktima izan ziren. Gertaera haiek zuzenean bizi izan zituztenen kontakizunak entzun daitezke bideo honetan.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia
Gaiak: Oroimen historikoa
Ikasleengan bultzatzen diren jarrerak:
Bideoa ikusi aurretik
Gaiaren aurkezpena egin. Ikasleen aurrezagutzak aktibatu, gisa honetako galderak eginez talde handian:
- Izan al da bonbardaketarik Euskal Herrian azken 100 urteetan?
- Zuen herrian gertatu al dira?
- Zergatik uste duzue bonbardatzen direla hiriak eta herriak?
- Nor izan ohi dira bonbardaketen biktimak?
- Zer egingo zenukete sirena bat entzun eta bonbardatzera doazela jakingo bazenute?
- Zuen ustez, zer gogoratuko du pertsona batek bizitza osoan zehar bizi izan duen gertakari gogor batetik?
- Zer irudi datorkizue burura “bonbardaketa” hitza entzutean?
- Zer izango litzateke zuentzat beldurgarriena aireko eraso batean?
- Gaur egun izaten al da bonbardaketarik? Non?
- Zer uste duzue sentituko duela haur batek lehen aldiz hegazkin bat bonbak botatzen ikusten duenean?
Bideoa ikusi bitartean
Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Bideoa ikusi ondoren
- Zer gogoratzen zuten lekukoek hainbeste urte pasa eta gero?
- Nola zekiten herritarrek hegazkinak hurbiltzen ari zirela? Non babesten ziren?
- Zer sentituko zenukete 8-10 urteko haurra izanik egoera hori biziko bazenute?
- Zer antzekotasun aurki daitezke bideoan entzundakoaren eta gaur egungo gatazken artean?
- Zergatik babestu behar dira zibilak gerra batean?
3. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek horietako bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin ditzakete.
Lehenik eta behin, irakasleak Otxandioko bonbardaketaren testuingurua azalduko du:
1936ko uztailaren 22an, Gerra Zibila hasi eta bost egunera, Otxandio bonbardatu zuen bando nazionalak. Gerra Zibileko lehenengo bonbardaketa izan zen. Jai eguna zen Otxandion eta jende asko zegoen kalean. Errioxatik abiatu ziren bi hegazkin eta, bertara heltzean, hegazkinetatik bandera errepublikanoak erakutsi zituzten jendearen arreta erakartzeko. Goizeko 9.30ak ziren eta Andikona plaza bonbardatu zuten bi hegazkinek, 70 metro baino gutxiagoko alturatik, eta bertan zeuden pertsonak zibilak (horietako asko umeak) zirela jakinda (Irujo Ametzaga, 2015). Sarraski hartan 61 pertsona hil ziren, tartean familia osoak.
Ondoren, ikasleek hainbat iturri aztertuko dituzte egun horretan gertatu zena hobeto ulertzeko. Besteak beste, honako iturri hauetara jo dezakete:
Garai hartako (edo ondorengo) argazkiak.
eus-eko testigantzak. Adibidez, hau: Koldo Pildain (Otxandio, 1931).
Garai hartako egunkarietako berriak.
Adibidez, hau: El bombardeo de Otxandio según el general Salas. DEIA .
Materiala aztertu eta Otxandioko bonbardaketa zer izan zen ondo ulertu ondoren, ikasleek 1936ko kazetariak direla irudikatuko dute. Ikasle batek, adibidez, Bilboko egunkari bateko kazetariaren rola har dezake, Otxandioko gertaera izan eta ordu gutxira herrira joan dena gertatutakoa kontatzera. Beste ikasle bat, ordea, bertan jai-eguna pasatzen ari den kazetari baten lekuan jar daiteke, bonbardaketa nolakoa izan zen barrutik kontatzeko. Beste aukera herriko norbait elkarrizketatzea izan daiteke. Kazetari-rolean sartzeko, honako galderak egingo dizkiote beren buruari:
- Zer aurkitu dut herrira iristean?
- Nolakoak dira kaleak eta eraikinak?
- Non dago herriko jendea?
- Zer usaintzen da?
- Zer gertatzen ari da momentu honetan eta nola garatzen da goiza?
- Zer entzuten da inguruan?
- Zer kontatzen dute lekukoek?
- Zer sentitzen dut ikusten ari naizenaren aurrean?
- Zer ondorio izan ditzake gaur gertatutakoak herrian?
Jarraian, gertaeraren kronika idatziko dute. Aurreko galderen erantzunak erabil ditzakete horretarako ere. Kronikak amaitutakoan, ikasleek talde txikitan elkartu eta irakurri egingo dituzte. Ondoren, gertaerak egokien transmititzen dituztenak aukeratu eta talde handian partekatuko dira.
Amaitzeko, irakaslearekin hausnarketa gidatu bat egingo dute. Ikasleek historia ez dela datu eta data multzo bat soilik ulertzea da helburua; gertakari historikoen atzean pertsonen bizipenak, emozioak, oroitzapenak eta dramak daudela ikusiko dute lanketa honi esker. Era berean, testigantzek eta kazetaritzak memoria historikoa eraikitzeko duten garrantziaz ere jabetuko dira, eta bonbardaketa baten ondorioak zibilen eguneroko bizitzan nola eragiten duten hobeto ulertuko dute.
Zer informazio ematen dute iturri historikoek?
Zer ekarpen egiten du testigantza batek. datu historiko hutsek ematen ez dutena?
Zer zailtasun izan dituzue garai hartako kazetari baten ikuspegia hartzeko?
Nola aldatzen da gertakari bera lekuko baten edo historialari baten begietatik kontatzen denean?
Hasteko, irakasleak obraren testuingurua azalduko die ikasleei eta denen artean bertan dauden elementuak identifikatzen joango dira: hilñdako haurra besoetan duen ama, zaldia, erretzen ari den emakumea, leihotik ikusten den emakumea, sua, bonbilla bat, zezena, gizona etzanda...
Ikasleak, 5-6 pertsonako taldetan, galdera hauek modu objektiboan erantzuten saiatuko dira. Horretarako, dokumentazio-lana egin beharko dute, eta sarean informazioa bilatu, Picassoren obrako elementu, pertsona eta animalia guztiak ulertzeko.
Zer sentitzen duzue koadroa ikusita?
Zer sentsazio ematen dute koloreek?
Zergatik da beltza, zuria eta grisa?
Zein pertsonaia edo animalia iruditzen zaizue tristeena?
Zer sentimendu transmititzen du bakoitzak?
Zer da koadroak kontatzen duena?
Zergatik aukeratuko zituen Picassok elementu horiek?
|
GERNIKA AZTERTUZ Koloreak: Picassok kolorea ezabatu zuen, eta beltza, grisa eta zuria bakarrik erabili. Horrrekin heriotzaren hoztasuna irudikatu nahi zuen eta garai bateko prentsako argazkiekin parekatu. Zezena: Faxismoaren basakeria eta iluntasuna irudikatzen du, obran dagoen elementurik lasaiena baita. Gainera, bere buztanak bonbardaketek eragindako suteetako kea eta sugarrak simulatzen ditu. Hildako umea besoetan duen ama: Michelangeloren La Pietà (1498-1499) artelana irudikatzen du, ama guztien sufrimendua erakutsiz. Zaldia: Gerrako biktima errugabe guztiak irudikatzen ditu. Hildako soldadua, apurtutako ezpatarekin: Defentsaren, herriaren eta arrazoiaren porrota irudikatzen du. Lorea: Lurrean lore txiki bat ikusten da hazten. Irudi osoko itxaropen keinu bakarra da, basakeriaren ondoren, bizitza berriz loratuko delako. Zer gehiago ikus daiteke koadroan? Zer esan nahi du bonbilak edo argiak? Nor da leihoan dagoen emakumea? Zer esan nahi dute argitasun gehien duten zatiek? |
Taldeko ikaskide bakoitzak koadroko pertsonaia edo elementu bat aukeratuko du. Gainera, batek narratzaile-lanak egingo ditu. Helburu nagusia koadroari ahotsa ematea izango da. Horretarako, bakarrizketak idatziko dituzte lehen pertsonan. Ez dute gertatutakoa deskribatu bakarrik; pertsonaiak sentitzen eta pentsatzen duena adierazten saiatu beharko dira. Adibidez:
"Ama naiz. Nire haurra besoetan daukat. Ez dut ulertzen zer gertatu den. Duela ordu batzuk azokan geunden. Orain dena da kea, sua eta oihuak. Jendea korrika dabil alde guztietara, baina nik ez dut inora joan nahi. Nire mundua hemen amaitu da."
Gelako argiak apaldu eta koadroa proiektatuko da. Ikasleek banan-banan beren bakarrizketak irakurriko dituzte, irakasleak koadroko pertsonaia bakoitza argiztatzen duen bitartean. Horrela, pixkanaka, koadroko pertsonaia eta elementu guztien ahotsak osatuko dira.
Amaitzeko, hausnarketarako galdera bat: Zergatik bihurtu da Gernika gerrarenaurkako ikur unibertsala?
Galdera orokor bati erantzunez osatu beharko dute gogoeta hori. Honako irizpideak eta baldintzak jarraitu beharko dituzte:
Galdera: Inoiz justifika al daitezke bonbardaketak?
Irizpideak eta baldintzak:
300-400 hitzeko iritzi-testua idaztea.
Iturri ezberdinak kontsultatzea.
Gutxienez hiru argudio erabiltzea.
Iritzi bat argudio historikoekin eta adibide zehatzekin lotzea.
Hausnarketa pertsonal batekin bukatzea.
Idazlanak amaitutakoan, nahi duten ikasleek beren hausnarketaren pasarte bat irakurriko dute gelan. Ondoren, elkarrizketa labur bat egingo da, iritzi desberdinak entzun eta errespetuz kontrastatzeko. Helburua ez da adostasun batera iristea, baizik eta argumentuak entzuten, aztertzen eta modu kritikoan baloratzen ikastea.
4. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpenak, aurkezpen artistikoak, antzezpena, idatzizko gogoetak eta hausnarketa pertsonalak egingo dituzte ikasleak.
Ebaluazio-irizpideak
Unitate didaktiko honen ebaluazioak izaera jarraitua, hezigarria eta integrala izango du. Helburua ez da soilik ikasleek azken emaitza batean lortutakoa baloratzea, baizik eta ikaskuntza-prozesu osoan zehar egindako aurrerapena identifikatzea eta ikasle bakoitzari bere ikaskuntza hobetzeko orientabideak eskaintzea.
Horretarako, ebaluazioa hiru ikuspegitatik ulertuko da: ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa, irakaskuntza-prozesuaren ebaluazioa eta unitate didaktikoaren ebaluazioa.
Ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa
Ikasleen ikaskuntza hiru unetan baloratuko da: hasieran, garapenean eta amaieran.
Hasierako ebaluazioaren helburua ikasleen aurretiazko ezagutzak, interesak, aurreiritziak eta gaiaren inguruko bizipenak ezagutzea izango da. Horretarako, unitate bakoitzaren hasieran proposatutako galdera-sortak, ideia-jasa, ahozko elkarrizketak eta hausnarketa laburrak erabiliko dira.
Prozesuko ebaluazioa unitate osoan zehar egingo da. Irakasleak ikasleen parte-hartzea, lankidetza, ikerketa-prozesua, ahozko zein idatzizko adierazpena, iturri historikoen erabilera eta pentsamendu kritikoa behatuko ditu. Aldi berean, ikasleei etengabeko feedbacka emango zaie, beren ikaskuntza hobetzen joan daitezen.
Amaierako ebaluazioan, unitate bakoitzean egindako azken ekoizpenak eta aurkezpenak baloratuko dira. Ez da produktu finala soilik kontuan hartuko; prozesuan izandako bilakaera, lankidetza, autonomia eta hausnarketa-gaitasuna ere ebaluatuko dira.
Ebaluazio hori egiteko hainbat tresna erabiliko dira:
Autoebaluazioaren bidez, ikasleek beren ikaskuntzaren inguruan hausnartuko dute. Horretarako, unitate bakoitzaren amaieran galdera labur batzuei erantzungo diete, hala nola: Zer ikasi dut? Zer egin dut ondo? Zer hobetu dezaket?
Koebaluazioaren bidez, berriz, talde-lanetan parte hartu duten ikasleek elkarren ekarpena baloratuko dute aurrez adostutako irizpideen arabera (parte-hartzea, errespetua, lankidetza, komunikazioa eta ardura).
Irakaskuntza-prozesuaren ebaluazioa
Ebaluazioak irakaslearen jarduna ere barne hartuko du. Unitate didaktikoaren amaieran, irakasleak bere esku-hartzea aztertuko du, egindako plangintzaren egokitasuna eta erabilitako metodologiaren eraginkortasuna baloratuz.
Horretarako, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:
Hausnarketa hori irakaslearen autoebaluazio-fitxa baten bidez jasoko da, hurrengo ikasturteetan unitatea hobetzeko proposamenak egiteko.
Unitate didaktikoaren ebaluazioa
Azkenik, unitate didaktikoaren beraren balorazioa egingo da. Horretarako, ikasleen iritzia ere kontuan hartuko da galdetegi labur baten bidez. Galdetegi horretan, jardueren interesa, zailtasun-maila, motibazioa, erabilgarritasuna eta proposamen metodologikoaren egokitasuna baloratuko dituzte.
Lortutako informazio guztia (ikasleen emaitzak, irakaslearen autoebaluazioa eta ikasleen iritzia) batera aztertuko da, etorkizunean unitate didaktikoa egokitzeko eta hobetzeko.
Ebaluazio-tresnen laburpena
|
Ebaluazio mota |
Helburua |
Tresnak |
|
Hasierako ebaluazioa |
Aurretiazko ezagutzak eta interesak identifikatzea |
Galdera-sortak, ideia-jasa, ahozko elkarrizketak |
|
Prozesuko ebaluazioa |
Ikaskuntzaren jarraipena egitea eta feedbacka ematea |
Behaketa sistematikoa, kontrol-zerrendak, koadernoa, ahozko aurkezpenak |
|
Amaierako ebaluazioa |
Ikaskuntzaren lorpen-maila baloratzea |
Errubrikak, azken lanak, ahozko aurkezpenak, autoebaluazioa eta koebaluazioa |
|
Irakaskuntza-prozesuaren ebaluazioa |
Irakaslearen jarduna hobetzea |
Autoebaluazio-fitxa eta hausnarketa pedagogikoa |
|
Unitate didaktikoaren ebaluazioa |
Proiektuaren kalitatea eta egokitasuna baloratzea |
Ikasleen galdetegi laburra eta irakaslearen ondorioak |
Sabina Arruabarrena (Astigarraga, 1928): Abioiak-eta zeatzen zianian, eitten zuten kanpanak jotzen zittuzten: urruti zianian, banaka-banaka, “Taan”, mantso-mantso, “Taan” ta hola eitten zuten; ta inguratzen zianian, hasten zian “tin-tan-tan-tan-tan-tan”.
Mari Ardanza (Durango, 1927): Ta ein geiñun refujixo bat etxe onduen. Refujixue… aber, oholakin, zulo bat ein ta hantxe sartzen giñen. Hasten zanien sirenie joten, ba, hantxe. Refugio... para nada refugio, baiña…
Nati Bilbao (Durango, 1929): Etorri zien abioiek, ez dakit, lau edo bost edo, danak “run, run, run, run” ta guk sekulo ikusi be ez abioirik. Gu, ba, umiek giñen ta! Ta hasi zien holan bonbak botaten. Ta Durangon be bota abiezan bonbak, ta Gernikan.
Juanito Gallastegi (Durango, 1933): Bonbak goittik behera ta ni azpixen. E? Osea, Durangoko bonbardaketa. Ezta? Ta ondo gogoratzen naz, ganera. Nik hiru urte neukezan, baiñe itxurie, ba, ez dakit ba nik, hain jazoera gogorra ixeten da hori, ba, baiña buruen dekot, argi-argi-argi dekot.
Teresa Jaio (Durango, 1924): Esniekaz juen ta ama etorri. Durangora juen ta esniek emonda ta. Ta “Ene! Jentiek diñue bildurtzarra dauela, ba, erregular badator zeozer airoplanuek edo”. Ta ensegida airoplanuek; bederatzirek inguruen bueltie ein abien. Ta keie dana! Ta elixan! Andra Marixakue harrapau abien! Bai. Eta hainbat, ez dakit nik zenbat, hil zien be.
Isidro Ugarte (Durango, 1924): Gehixen-gehixen estaziñue atakau abien, ferrokarrille. Etara eban ke moltzo batzuk, eta kazak kanposanturantza, goxeko bildurregaz, jentie ariñeketan, ta kazak ametralletan, “ta-ta-ta-ta”. Hori neuk ikusitte deuket, e.
Luzina Arriola (Gernika-Lumo, 1925): Astelehena ixen zan, ta jente asko Gerniken, jente asko Gerniken, plazara, plazara juateko, plazara juateko.
Pilar Txopitea (Gernika-Lumo, 1924): Ba ze Gernikan plaza handixe eitten zan orduen. Astelehenetan. Oin be bai, baia orduen handixaue. Ta zerak, andrak hildde, ta astoak etzera bakarrik.
Enrike Aranzabal (Gernika-Lumo, 1924): Guri jausi jakun zortzi metrora bonbie. Armie bota eban, gure… egon zan piñurie erramak kendute, dana jausi jakun ganera. Belarrixek, hautse... hauts bat… ta hantxe! Lau lagun egon giñen azpixen. Ta joño…!
Jesus Kortabitarte (Gernika, Lumo, 1927): Etorten zien bederatzi, juaten zien; beste bederatzi etorri, juan. Ta bota. Bota ta bota. Ta danak negarrez, errezetan… Bueno! Zan… gabera… galdute ya. Bai, galdute ya akabe zanien ya, Gernike suten egon zan ta.
Maria Dolores Basterretxea (Gernika-Lumo, 1933): Ta handik arbola azpittik esaten oskuen: “Umiek, ez ein zirkiñik, egon geldi, egon geldi” ta gu hantxe bixok geldi-geldi bardatxuen azpixen. Horixe dekot gogoan.
Kontxi Arrien (Gernika-Lumo, 1929): Gero etorri gendunien, ha izen zan kuadrue…! Sutute herri guztixe.
Mertxe Hidalgo (Gernika-Lumo, 1928): Negarra, zarata… “Ikusi dozue nire familixe?”, ”Ikusi dozue nire nebak? Nire aiztek?”… Danak negarrez!