Espainiako Gerra Zibilaren aurreko egoera ekarri nahi izan dugu gogora bideo honetan. Izan ere, egoera oso zakarra bizi zen politikan eskuindar eta ezkertiarren arteko etengabeko gatazkekin. Errepublikaren erreforma sozial eta erlijioso handiek ere ezinegona areagotu zuten, ezagunak zaizkigun ondorioak leherraraziz. Errepublika garaiko ideologia ezberdinen arteko liskarrak, tirabirak eta eztabaidak azaltzen dituen materiala prestatu dugu, garai hura zuzenean bizi izan zutenen testigantzetan oinarrituta.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia
Gaiak: Oroimen historikoa
Ikasleengan bultzatzen diren jarrerak
Bideoa ikusi aurretik
Gaiaren aurkezpena egin: II. Errepublikaren epealdian egin ziren erreformen eta ideologia politiko ezberdinen arteko tentsioak aztertuko dira. Ikasleen aurrezagutzak aktibatu, gisa honetako galderak eginez talde handian:
- Zer uste duzue esan nahi duela “polarizazio” hitzak?
- Noizbait sentitu al duzue gizartea zatituta zuen inguruan?
- Gaur egun, mundu mailan, ezagutzen al duzue gizarte zatiturik?
- Zergatik uste duzue sortzen direla tentsio politikoak gizartean?
- Zertan bereizten dira eskuineko eta ezkerreko ideologiak?
- Zergatik sortzen dira grebak?
- Zer ondorio ekar ditzake hauteskundeetan iruzurra gertatzeak?
- Ba al dakizu nor dagoen boterean Espainian? Eta Euskadin/Nafarroan?
- Nola eragiten dute zuen bizitzan boterean dauden gobernuek?
- Sistema baten kontra altxatzea zilegi dela uste al duzue? Zer neurri hartu beharko lituzke gobernuak?
Bideoa ikusi bitartean
Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Bideoa ikusi ondoren
- Zein izan zen zuen ustez gizartea hain banatuta egotearen arrazoia?
- Zergatik uste duzue ematen zuela jendeak bere botoa? Zuek emango edo salduko al zenukete zuen botoa? Zergatik?
- Zuen ustez, zergatik sortu zen hainbeste beldur faxismoarekin?
- Noiz uste duzue dela zilegi sistema baten kontra altxatzea?
- Greba baten aurrean gobernuak errepresio militarra erabiltzea justifikatuta dagoela uste al duzue? Zergatik?
- Gaur egun halako errepresiorik ikusten al da inguruan? Eta mundu mailan?
3. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek horietako bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin ditzakete.
Ikasleek, talde txikitan, “Eta... gertatu izan balitz?” galderari erantzunez, II. Errepublika garaiko gertaera batzuen alternatiba posibleak irudikatuko dituzte, eta pentsamendu kritikoa aktibatuko dute.
Hipotesi bat aukeratuko dute eta 1-2 orrialdeko gidoi bat prestatuko dute, eszenatoki alternatiboaren ondorio politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak behar bezala irudikatuz. Hona hemen hipotesi posible batzuk (beste batzuk ere asma ditzakete, beti ere lanketaren testuinguruaren barruan):
- 1934ko Iraultza arrakastatsua izan balitz…
- Gobernuak faxistak armadatik kendu izan balitu…
- Errepublikako eskola laikoak arrakasta izan balu…
- 1936ko hauteskundeak eskuinak irabazi izan balitu…
- Eliza katolikoak Errepublikako erreformekin bat egin izan balu…
- Euskal autonomia estatutua 1932an onartu izan balitz…
- Langileen eskubideak onartu eta aplikatu izan balira modu eraginkorrean…
Gidoia egiteko, hausnarketarako galdera batzuk egin beharko dituzte. Adibidez:
|
Gidoia prest dutenean, hipotesia ahoz (kontaketa dramatizatua, podcast moduko bat…) edo antzezpen txiki baten bitartez (3-5 minutukoa) aurkeztuko dute. Kartelak, musika, efektuak edo irudiak erabiltzeko aukera izango dute.
Aurkezpenak bukatzean, irakasleak gidatutako hausnarketa orokor bat egingo dute, prestatu diren hipotesiek gaur egun nolako inpaktua izango luketen irudikatzeko.
Iragana eta oraina lotuz, ikasleek gizarte polarizatu baten ezaugarriak identifikatzea lortu dutela jakiteko, ikuspegi historikotik abiatuta, gaur egungo gizartearen polarizazioaren hainbat adibide aztertu eta haien inguruko iritzia emango dute, II. Errepublikako egoerarekin konparaketa eginez.
Euskal Herrian, Espainian eta mundu mailan dauden hiru gatazka edo tentsio polarizatu aukeratuko ditu ikasle bakoitzak eta II. Errepublikako egoerarekin alderatuta, paralelismoak bilatuko ditu.
Denen artean eta irakaslea gidari dela, gatazken zerrenda bat egin dezakete eta arbelean idatzi, lurraldeka banatuta. II. Errepublikarekin izan dezakeen paralelismoa ere pentsatu dezakete. Hona hemen ideia batzuk:
EUSKAL HERRIKO GAUR EGUNGO GATAZKAK
ESPAINIA MAILAKO GAUR EGUNGO GATAZKAK
MUNDU MAILAKO GAUR EGUNGO GATAZKAK
|
Ikasle bakoitzak talde bakoitzeko gatazka bana aukeratuko du. Gaiari buruzko informazioa bilatu ostean, testu txiki bat idatziko du, ondorengo eduki hauek zehaztuz:
|
Idazlana prestatu bitartean barne-hausnarketa egingo dutenez, amaieran gelakide guztiak elkartu eta landutakoa amankomunean jarri dezakete. Irakasleak galdera batzuk planteatuko ditu, pentsamendu kritikoa lantzeko.
|
Bost taldetan banatuko dira ikasleak eta guztiek testuinguru historikoa ikertu beharko dute, baina bakoitzak bere rolaren ikuspegitik. Horrela, denek egingo dute ikerketa, baina ikuspegi desberdinetatik. Hona hemen gida txiki bat, talde bakoitzeko kideek egin beharreko ikerketan laguntzeko.
TALDEA | HAUSNARKETA | EGINKIZUNA |
FRENTE POPULAR |
Zer neurri nahi dituzue Espainia salbatzeko? Programa politikoan HEMEN |
Hauteskunde-kanpaina prestatzea, euren programa defendatzeko. |
CEDA |
Zer neurri nahi dituzue Espainia salbatzeko? Programa politikoan HEMEN |
Aurkako kanpaina egitea eta euren proposamenak azaltzea. |
KAZETARIAK | Zein dira alde bakoitzaren punturik eztabaidagarrienak? | BEste taldeei galdera kritiko eta objektiboak egin, eztabaida gidatu eta kronika bat idatzi. |
HERRITAR TALDEAK | Zein dira kezkak? Lana? Eskola? Erlijioa? | Eztabaida garaian, bi blokeei galderak egiteko eskubidea dute. |
SINDIKALISTAK ETA ELIZA/ARMADA | Zer interes dituzue jokoan? | Eztabaida amaitzean, ondorioak atera,hausnarketa gidatu, testuingurua azalduz. |
Ikasle bakoitzak bere rolari dagokion informazio-bilketa egiten duenean, taldeka elkartuko dira eta eztabaidarako estrategia martxan jarriko dute. Eztabaida dinamikoa izango da 6 fase izango ditu:
1. Aurkezpena (1/2 minutu taldeko): Frente Popularrak eta CEDAk euren programak azalduko dituzte. 2. Kazetarien galderak (1/2 minutu txandako): Kazetariek taldeei galdetuko diete programei buruz. 3. Herritarren interbentzioa (1/2 galdera talde bakoitzari) Herritarrek euren beldurrak eta interesak adierazi eta galderak egingo dituzte. 4. Sindikalistak eta Eliza/Armada (1-2 min. bakoitzak) Jarrera publiko bat hartuko dute: nori ematen dioten babesa eta zergatik. 5. Azken mezua eta hausteskunde kanpainaren leloa Frente Popularreko eta CEDAko alderdiek, botoa erakartzeko beraien leloak plazartuko dituzte.
|
Herritarren taldeak botoa eman eta zenbaketa egin ondoren, hausnarketarako ordua helduko da. Irakasleak zenbait galdera planteatuko ditu, besteak beste, bakoitza bere rolean ondo sentitu den ala dudak izan dituen jakiteko edota gaur egun zein alderditan egongo liratekeen pentsatzeko.
Hasteko, informazioa non bilatu daitekeen azalduko du irakaslea:
|
Ikasleak 2-3 laguneko taldeetan banatuko dira eta Udal artxiboekin, elkarteekin edota familiarekin kontaktuan jar daitezke, informazioa lortzeko. Informazio-iturrietan honako puntuak bilatzen hasiko dira.
|
Lortutako informazio guztiarekin ahozko aurkezpen bat prestatuko dute, gehienez 10 minutukoa, eta herrian izandako gertakarien berri emango diete klasekideei. Argazki zaharrak, dokumentuak edota testigantzak ere erakusteko aukera izango dute.
4. Ekoizpena partekatzea. Antzezlanak eta ahozko zein idatzizko aurkezpena egingo dute ikasleek.
Ebaluazio-irizpideak
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
Ikaste-prozesuari buruz
Bere komunikaziorako gaitasunei buruz
Talde-lanari buruz
Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk, ikasgaiko konpetentzia espezifikoekin lotutakoak:
1. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
2. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
3. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
4. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
5. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
6. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
7. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
Espainiako II. Errepublikaren garaian, gizartea gero eta polarizatuagoa edo bananduagoa zegoen. Banaketa honen faktore nagusiak lau izan ziren: Elizaren eta Estatuaren arteko banaketa, Nekazaritzaren Legearen erreforma motela, eskuinaren gorakada eta faxismoaren beldurra, eta 1934ko urriko iraultza. 1933an hauteskundeak deitu zituzten eta, kasu askotan, maizterrek edo nagusiek agintzen zieten beharginei botoa nori eman. Beste kasu batzuetan, botoa erosten zieten.
Kontxa Gonzalez (Elantxobe, 1928): “Zuk ze emoten deustazu /emotestazu/? Zenbat ladrillo? Zuk zenbat zemento?” Nok gehixen emoten deutsonak /emotentzonak/, harexentzako botu.
Teodoro Aranburu (Usurbil, 1928): Baserritarrak, maixterrak, generalian, izaten zian, ba, nagusiyak esan ”Zuk holakuai botau behar diyozu /beyozu/”.
Patxi Bilbao (Dima, 1902): Botaziñoatan batu ta tarras eroaten pertsona zaharrak eta, neskak eta. Han egon zan propietario bat, propietario handie, Zacarias Olivares. Etorri jatan geldiro-geldiro “Botoa... botoa emon eiskuzu guri” ta “Nik ezin neixu botorik emon –esan neutsen–. Badakizu zuk ondo nire aitte difuntueri zelango disgustuek emon eutsezan botaziñoa dala eta ez dala, eta ni ez noa botorik iñogaz aginten”.
1933ko hauteskundeak heldu zirenean, ezkerreko alderdiak oso sakabanatuta zeuden eta eskuinekoak elkarrekin joan zirenez, hauek irabazi zuten. Ondorioz, eskuineko CEDA, “Confederación Española de Derechas Autónomas”, gobernura hurbiltzen hasi zen. Errepublikaren lege batzuk bertan behera utzi eta Elizaren eta armadaren rolak indartu nahi zituztenez, ezkerrekoak beldur ziren faxismoaren antzeko sistema autoritario bat ezarriko ote zen, Alemanian eta Italian bezala, eta gatazkak ugaritu egin ziren, bai gobernuan eta baita kalean ere.
Gabriel Nogues (Lasarte-Oria, 1920): Gauza oso nahastuba zeon. O sea ke nazionalistan... ordun, ordun PNV ez zan esaten, esaten zan "nacionalistas", “Partido Nacionalista Vasco”, PNV ez zan esaten; eta bestiak zian "socialistas" ta "comunistas". Eta zeon pike ikeragarriya; baino borrokan, e?
1933aren ondoren, oso eskuinekoak ziren bi ministro sartu ziren gobernuan. Honek gizartea astindu zuen, batez ere Asturiasko meatzetako langile mugimendua. Ondorioz, gobernuak militarrak bidali zituen, Franco buru zela, eta errepresioa oso gogorra izan zen, milaka hildako eta atxiloturekin. Euskal Herrian, gatazka nabarmenenak Eibarren eta Arrasaten izan ziren, eta hildakoak ere egon ziren. 1934ko Urriko Iraultza deitu zitzaion
Salvador Marzana (Eibar, 1918): Republikako zerak, gobiernuak, eskumak ipini zittuan, ba, zerian, eta gauzak ez zaroiezen, ba, bihar dan moduan. Ta jaleuak zebizen. Ta “Hau ezin leike holan segidu! Hemen jaiki ein bihar jok honen kontra”. Ta holaxek. Ta Alfan neuk ikusten nittuan han zerak preparatzen, bonbak, eskuko bonbak-eta preparatzen.
Jose Sarasua (Eibar, 1923) eta Gonzalo Sarasua (Eibar,1913): Jose: Hor 5 de octubre de.. noiz zuan? del 34 zuan reboluziñua? Gonzalo: 34an. Jose: 5 de octubre.
Akelino Elosua (Zumaia, 1913): Treintaicuatruan eskubikuak irabazi zuen, gaixki ibili giñalako gu, partituta jun giñan ezkerra ta eskubikuak irabazi zuen, ta orduan huelga jenerala deklaratu zan, deklaratu zun UGTk, Largo Caballerok. Ta guk Zumaian zortzi egun geatu genduzen; taillerrik tailler ibiltzen giñan piketiak. Lanea hasi ta egun gutxira, ba, “guardia de asaltuak” billa: "Queda usted detenido. Venga usted con nosotros al ayuntamiento".
Jose Kareaga (Eibar, 1930): Ta Eibarren oktubreko reboluziñuan, ba, bat edo beste hil zittuan.
Candido Eguren (Eibar, 1906): Hiru. Hiru kondenau zittuen “a pena de muerte” gure juiziuan. Ni neu “25 años” emon zesten, horretxek pasiuok eittiarren. Ez neban tiro bat be jaurti, baina horrek pasiuok eittiarren.
Emillia Unamuno (Eibar, 1915): Eibarko danak sartu zittuen, gizon guztiak sartu zittuen preso Pamplonan. [Reboluziñuan?]. Bai. Eta gero elekziñuak etara zittuen.
1936ko otsailean, hauteskunde orokorrak deitu zituzten, eta ezkerrak irabazi zuen, Frente Popular izeneko ezkerreko koalizio batekin. Eskuinetik eta eskuin muturretik, CEDA berriz ere, bloke nazionala osatuz.
Jesus Aranburu (Errenteria, 1918): Frente Popularra zen: Partido Comunista, CNT, republicanos…
Jose Etxeberria “Querido” (Eibar, 1912): Baina sozialistak zelan genkaun eskarmientua, ta ezkerrak, formau zan Frente Popular, komunistak eta danak. Eta, orduan, ezkerrak etara eben zera, mayorixia.
Frente Popularrak gutxigatik irabazi zituen hauteskundeak. Gobernuak Urriko Iraultzan preso egin zituzten pertsona guztiak amnistiatu zituen, eta hainbat neurri bultzatzen hasi zen berriz ere: lurren banaketak, langileen aldeko politikak eta armada buruzagien rotazioak, esaterako. Kalean tentsioa geroz eta handiagoa zen.
Santiago Agirre (Azpeitia, 1926): Gerrie etortzeako hor mala letxe haundiye hartuta zeren aurreko urtetatik´e. Bata karlistie, bestia nazionalistie... ta boto harrapatzen bata bestiei. Eneee!
Uztailaren 13an José Calvo Sotelo eskuineko buruzagia hil zuten, eta lau egun beranduago, Marokon zegoen armadak, Franco buru zuela, altxamendu militarra hasi zuen. Eta nahiz eta ez zuen arrakasta handirik izan, Espainia bi bandotan zatitu eta Gerra Zibila hasi zen bat-batean.
Manuel Maiz (Usurbil, 1924): Azkeneko hil zuena, gainea, uste det Calvo... Calvo Sotelo uste det zala. Karlista o zea hoitakoa zan. Hua hil ta handik bela lehertu zan…
Arroxa Pikabea (Oiartzun, 1916): Gerra torko zelik iñork 'e ez zun pentsatzen.
Jose Etxeberria “Querido” (Eibar, 1912): Ba itxuria deretxian mobimentua, eta ejerzitua zelan euan ya preparauta... Prietok beti esaten eban "Kontuz, hamen militarrak sublebatzera joiazak eta.”
Benigno Baskaran (Eibar, 1908): Republikiak ezin izan eban ejerzituan puesto prinzipaletatik ta administraziñoko puesto prinzipaletatik faxistak bialdu. Horixe ezin izan eban konsegiru. Ta gero, atzenian be, gero, eurak sublebau ziran ta eurak eruan eben aurrera Gerra Zibilla.