Bideo honetan gure planetaren krisi klimatikoaren jatorriaz hitz egiten da. Gehiegizko kontsumoak planeta kutsatzera garamatza, CO2a isurtzen dugulako. Zer egin daiteke egoera konpontzeko?
Mailak: LH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Balio etikoak
Gaiak: Ingurumena, Bizikidetza
Ikasleengan bultzatzen diren jarrerak
Bideoa ikusi aurretik
-Gure planeta krisian dago. Zer gertatzen zaio?
-Noiztik eta zergatik gertatu da larrialdi klimatikoa? Zer ezaugarri ditu?
-Atmosferara CO2a isurtzea kaltegarria da. Zuen ustez, zenbat kilo CO2 isurtzen du urtean gutako bakoitzak?
-Non kokatuko zenuke zeure burua: aberatsa, klase ertainakoa (langile-klasea) ala pobrea? Zergatik?
-Industrializazioak bizimodu-aldaketa handia ekarri zuen: hazkunde ekonomikoa, erosteko ahalmena, ongizatearen gizartea... Zerrendatu industrializazioak ekarritako gauza onak eta txarrak.
Argazkietan, lehortea eta Poloetako urtze-prozesua.
Bideoa ikusi bitartean
Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Bideoa ikusi ondoren
-Urte gutxi behar izan ditugu planeta hondatzeko. Egunerokoan jabetzen al gara gure kontsumo-ereduek dakartzaten kalteez (gehienak munduko beste leku batzuetan gertatuta)?
-Zer sentitzen duzu aberatsa zarela entzunda? Zure herriko pobreena ere ez dela pobrea, munduko beste toki batzuetako jendearekin konparatuta?
-Denok bizi nahi dugu ondo. Herrialde "azpigaratuetan" ere gero eta gehiago kontsumitzen eta kutsatzen dute. Zer iruditzen zaizue haiei guk egiten duguna ez egiteko esatea? Hipokrisia?
-Bideoan diotenez, gutako bakoitzak batez beste 8 tona inguru CO2 isurtzen ditu urtean (autoa, berogailua, argindarra, aparatu elektronikoak, arropa, bidaiak...) eta ez dugu kutsadura jaisteko benetako neurririk hartzen. Zer egin beharko genuke aldaketa eraginkorra izan dadin?
-Zer gertatuko da, adibidez, petrolioa agortzen baldin bada?
-Argi dago egin behar dena zer den: gutxiago kontsumitu eta gutxiago kutsatu. Baina nola? Zerrendatu zuen kasuan egin dezakezuena (adibidez, gutxiago erosi, Internet bidez ez erosi, garraio publikoa erabili, birziklatu, berogailua eta argia ahal den gutxien piztu, ura ez alferrik galdu, ingurukoak kontzientziatu...). Prest al zaudete zerrendatutako guztia betetzeko konpromisoa hartzeko?
Aldaketa klimatikoaren inguruko gailurrak eta goi-bilerak egiten dituzte munduko herrialdeek, erabakiak hartzeko. Azken goi-bileran hartutako erabakiak zein izan ziren ikertu eta komentatu daiteke. Hona hemen Glasgowko 2021eko bilerari buruzko artikulu bat. Klima aldaketari buruzko artikulu zabala Wikipedian.
5. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek horietako bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin ditzakete.
Batez ere plastikoa erabiliko dugu, baina zaborretatik ateratako edozer erabili daiteke (itsasbazterrean edo errekan aurkitutakoa ere izan daiteke): egurra, kartoia, metala... Posible da taberna batean edo denda batean zaborretara botatzen dutena eskatzea (adibidez, tapoiak, txapak edo botila kortxoak).
Egingo ditugun eskulanak erabilgarriak izatea ere inportantea izango da, bestela zaborretara botako ditugulako berriro. Adibidez, lata handiekin loreontziak egin daitezke, kartoiarekin lanparak, aldizkariekin saskiak, plastikozko ontziei erabilera berriak eman... Norberak erabiltzeko edo oparitzeko izan daitezke.
Hona hemen ideia batzuk:
Botilen kortxoekin egindako eskulanak. Hiru marran ("tres en raya") jolasa, giltzatakoak... egiteko behar diren materialak: kortxoak, koloretako pinturak, errotuladore beltzak, berniza eta zirrindola txikiak (giltzatakoentzat).
Posible da ikasle guztiek antzeko eskulana egitea, eta baita guztiek desberdinak egitea ere. Eskulanak taldeka ere egin daitezke, materialak partekatzeko. Ikasle bakoitzak egin duen eskulana erakutsiko du, ahozko azalpen labur bat emanez (zerekin eta nola egin duen eta zertarako erabiliko duen; posible da eskulanari izena ipintzea ere).
Proposamena: gela hiru-lau talde handitan banatzea eta talde bakoitzak gai hauetako bati buruz eztabaidatzea (batzuk alde egongo dira eta besteak kontra):
Hasi aurretik, eztabaidatzeko garaian kontuan hartu beharreko irizpideak jorratu ditzakegu (adibidez, baliabideak). Nork bere iritzia defendatzeko argudioak garatzea eta gainerakoen iritziak ulertu eta errespetatzea dira helburuak, eta ez norberak arrazoia izatea.
Talde bakoitzean bi azpitalde osatuko dira (erdi eta erdi, A eta B: aldekoak eta kontrakoak) eta moderatzaile bat ere izendatuko da, bati eta besteari hitza emateko. Eztabaida guztiak ez dira aldi berean izango, txandaka baizik; hala, beste taldeetako ikasleak publikoa izango dira, telebista-programa batean bezalaxe. Posible izango da uneren batean publikotik galderak egitea eta parte hartzea ere (adibidez, taldetxoren batean zer esan ez dakitela geratzen baldin badira, laguntzeko), baina moderatzaileak aukera emandakoan bakarrik (bestela, guztizko isiltasuna eskatuko zaio publikoari).
Lehenengo eta behin, iker dezagun zein diren hondamendi klimatikoak pairatzeko aukera gehien duten herrialdeak. Munduko mapa batean jar ditzakegu. Herrialde batzuetan hobeto daude prestatuta beste batzuetan baino (adibidez, AEBn eta Australian), eta horrek kalteak txikiagoak izatea dakar; artikulu hau herrialde zaurgarrienei buruzkoa da eta baita beste hau ere.
Ondoren, azken urteotan munduko toki desberdinetan gertatu diren hondamendi naturalak -uholdeak, suteak, hurakanak...- eta haien ondorioak aztertu ditzakegu, talde txikitan banatuta. Adibidez:
Taldetxo edo bikote bakoitzak ahoz aurkeztuko du jasotako informazioa gelakideen aurrean. Hona hemen kontuan izan ditzaketen puntu batzuk:
|
Aurkezpenen ostean, aproposa litzateke ikasleei euren sentipenak adierazteko tarte bat eskaintzea:
6. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena edo saioa egingo dute ikasleek.
Ebaluazio-irizpideak
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
Ikaste-prozesuari buruz
Bere komunikazio-gaitasunei buruz
Talde-lanari buruz
Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk, ikasgaiko konpetentzia espezifikoekin lotutakoak:
1. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
2. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
3. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
4. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
5. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
Leire Etxeberria (Oñati, 1980): Esan dezakegu azken 100 urtetan bizitza aldatu dela aurreko bi mendeetan baiño askoz gehiago.
Beñat Arzadun (Errenteria, 1973): Historikoki, orain dela 200 urte, munduan batetik bestera zeuden desberdintasunak, ondoren egon direnekin alderatuta, oso txikiak ziren. Europarrak Amerikara konkista egitera joan edo Afrikan aritu zirenean, diferentziak ez ziren inundik inora horren nabarmenak.
Leire Etxeberria: Atzera begiratzen badugu, azkenengo 200 urtetan, orain dela 200 urte, ba, nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi giñan, ba guk ekoiztutakoa jaten genuen, eta ba elkartrukean edo guk ekoiztutakoa salduta, ba, lortzen genuen beste produktu batzuk: ba olioa, azukrea... Baiña ez zegoen ez zaborrik, naturak ematen zigun ba behar genituen produktuak: su-egurra, ura...
Beñat Arzadun: Industria izan zen gizateriari aurrerapide ikaragarria ekarri dion... Industrialiazio aurretik, ez da konsumoa bakarrik, industrializazio aurretik bizi itxaropena ez zen 40 urtetara iristen. Europan ere umeen herena edo erdia edo –herena edo erdia!– bost urteak baino lehen hiltzen zan. Ez erromatarren garaiean, e! Orain dela 150 urte. Industrialiazioa izan da hori aldatzea ahalbidetu duena. Industrializazioa da ahalbidetu duena giza-produkzioa horrenbeste haunditzea, janaria horren ugari izatea, etxeen kalidadea ikaragarri hobeagotzea...
Leire Etxeberria: Ba industrializazioarekin batera kapitala etorri zen eta kapitalarekin batera, ba, hazkunde ekonomikoa. Eta, ba, guk produzitzen genuenetik bizi beharrean, ba, hasi ginan, b,a kapitalarekin erosten gauzak eta ba kontsumoaren gizartea sortu zen. Baita ere ura eta argindarra etorri ziren etxeetara, teknologia berriak, bai irratia, telebista, ordenagailua, Interneta, hegazkinean bidaiatu ahal izatea… eta ongizatearen gizartea sortu zen.
Beñat Arzadun: Hori leheno ezin zan, zergatik leheno nehikoa lan zun jende danak jatekoa lortzearekin. Ordun ezin zan bideratu biztanleriaren ehuneko lau bat ikerketa egitera. Hori dana industrialiazioak ekarri du. Baina, klaro, leku batean sortu zan, eta sortu den leku hortan 200 urtetan ikaragarrizko abantaila eman dio gainontzekoekiko.
Leire Etxeberria: Energia sortzeko, ba, erregai fosilak erabiltzen hasi giñan eta, askotan, erregai fosil hauek lortzeko, hegoaldeko herrialdeetara joten genuen. Ba iparra –bai Estatu Batuak, Europa...–herrialde garatu bezala gelditu zen, ba, industrializazioa bertan garatu zelako, eta hegoaldeko herrialdeak –ba Afrika, Hego Amerika, Asiako zati batzuk– ba, pobretuak, herrialde pobretu bezala, bertan industrializazioa ez zelako hainbeste garatu. Baiña, benetan, herrialde garatuak herrialde hauetara jotzen zuten, ba, bai erregai fosilen bila, bai mineral bila eta bai lehengai bila.
Beñat Arzadun: Gure posizioa laburtzeko, lehelengoa litzateke gu ez geala “clase media”, gu aberatsak gea. Euskal herritar praktikamente danak munduko % 10 aberatsenean gaude. Ez % 50, % 10. Mundua gutxi gorabehera momentu hontan hiru zatitan bana zenekaze. Munduan 8 mila miloi persona gea. Mila milioi gea aberatsak, eta hor gaude europar danak, Estatu Batuak, Kanada, Japon, Australia... hoik gaude. Golfo Persikoko Arabia Saudi ta holako batenbat egon leike, baina hoik dia mila milioi, aberatsak. Klase medioa nortzuk dira? Ba klase medioa da Europa ekialdea: Bulgaria, Rumania, Hungria… Magreb dana, Afrika iparralde dana, Egipto, Marruekos... Hego Amerika dana: Argentina, Brasil, Kolonbia... Momentu hontan Txina bera, Asiaren zati haundi bat. Hoik dia klase medioa. Eta gero dira behartsuak, eta behartsuak dira beste mila milioi. Eta benetan behartsuak dira: Sahara azpiko Afrika, Afrika beltza, eta Asia hegoaldea: India, Bangladesh, Pakistan, Afganistan, Nepal... hortxe. Zatiketa hori du munduak, eta gu gaude aberatsetan.
Leire Etxeberria: Munduko populazioa asko hazi da azken urteetan, eta gero eta gehiago gara, eta gehiago kontsumitzen dugu, eta energia fosil gehiago erabiltzen dittugu. Eta honek egiten duena da ba CO2 gehiago ixuri atmosferara eta berotegi efektua sortu. Mundua, lurra, berotzen ari da, eta berotze horrekin, ba, lehorteak agertzen dira, suteak,ur falta... poloak, bertako izotza desegiten ari da, itsasoko ur maila igotzen ari da... eta guzti honek larrialdi klimatiko batera eraman gaitu.
Beñat Arzadun: 25 urte hauetan nabarmen haunditu dira zikloi eta antzeko ekaitza tropikal haundiak. Zikloien ugaritze hori aldaketa klimatikoagatik gertatzen ari da. Aldaketa klimatikoa CO2 isurketengatik gertatzen ari da, eta azkenengo 200 urtetan isuri den CO2aren zati haundiena guk isuri degu. Ordun, gu hemen gure berebiletan, gure aire girotua, gure estufan, gure arropetan, gure altzaritan, gure etxeetan… horrenbesteko konsumoz egiten dugun hori egiten ari da Mozanbiken, esfortzu handiz azpiegitura miserable bat egitea lortzen duten bakoitzean, urtebeten tifoia etorri eta erdiya eramatea.
Leire Etxeberria: Gaur egungo kultura da beti gehiago erosi, gehiago kontsumitu, zuk merezi duzu, zergatik ez, erostea gauza ona izango balitz bezala. Erosi, erosi eta erosi. Baina benetan mundu bakarra daukagu eta bertako baliabideak mugatuak dira, eta ezin dugu hazi infinituki. Hori da gaur egungo kapitalismoaren lema: hazkunde ekonomikoa beti ona dela. Baina ez dauka zertan, ez, baliabideak mugatuak direlako. Eta deshazkundea bezalako beste alternatiba batzuk analizatu beharko genituzke.
Beñat Arzadun: Ze posiziotan gaude munduaren kontestuan? Ba gaude kutsatzaileen posizioan. Guk kutsatzen dugu tokatzen zaiguna baino askoz gehiago. Aldaketa klimatikoaz hitz egiten da. CO2 isurietan gutako bakoitzak bataz beste 8 bat tona CO2 isurtzen ditu urtean. Hegoamerikar bataz bestekoak 2-3 tona isurtzen ditu. Guk hiru bider gehiago. Sahara azpiko afrikar bataz bestekoak urrutitik ere ez du tona bat isurtzen.
Leire Etxeberria: Bueno, alde batetik, esan dugu gutxiago kontsumitu eta, beste alde batetik, gutxiago kutsatu. Gero eta gutxiago kontsumitu eta kontsumitzen dugun hori kilometro zero edo bertakoa baldin bada askoz hobe. Baita ere berrerabili: konpondu hondatzen diren gauzak, eta sortzen den zaborra ahal dan gutxiena izatea. Zer gehiago egin dezakegu? Ba produktu ekologikoak erosi eta ez masiboki eta kutsakorrak diren ongarriekin produzitutakoak.
Beñat Arzadun: Ziurrenik, mundu hobeago bat egiteko, hemen bizi gean jende gehienantzako eskuragarrien degun ekarpena da kutsatzea: gure kutsadura –pixka bat ez– asko jeistea. Zergatik hori eskura daukagu; ez dezu zure familia utzi eta hiru urte edonora… norabaitera joan beharrik. Gizarteko persona batek egin ditzazkeen bi ekarpen nagusiak hoiek dia: gainontzeko munduarekin bidegabeko izateari utzi, edo ez horren bidegabeko izan, eta garapenerako lanak bultzatu eta lagundu eta sustatzeko baliabide ekomonikoen ekarpena egitea. Hoiek lirateke bi egin daitezkeen bi gauza nagusiak.
Leire Etxeberria: Nola kutsatu dezakegu gutxiago? Ba, adibidez, kotxea gutxiago erabilita, garraio publikoa gehiago erabilita...
Beñat Arzadun: Gaur egun jarrera zein da? Gaur egun jarrera nagusia: "Bai, ni kutsadura jeistearen alde nago, baldin eta deus aldatzen ez diazutenen: gasolina ezin diazu iyo, gasa ezin diazu iyo, nik bidaiatzen jarraitu nahi dut...”. “Nik jarraitu nahi dut Getarian bizitzen eta Zumarragan lan egiten, ta egunero 100 kilometro autoz egiten". Edo "Nik jarraitu nahi dut bi persona bakarrik 90 metroko etxian bizitzen" o "Nik jarraitu nahi dut urtean lau bider `eskapada´ bat egiten" o "Nik behar dittut 25 kamixeta". Emaitza ezingo da aldatu zeozer aldatzen ez bada.