Hitanoaren erabilera

Hitanoa euskaraz lagunartean erabiltzen den tratamendua da, azken hamarkadetan indarra galtzen joan dena. Adinekoek gainbehera horren zergatiak azaltzen dituzte bideo honetan, eta gazteek, berriz, hikaren erabilera nola ikusten duten kontatzen dute.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Euskara

4,86 puntu 5 izarreko maximotik
344 iritzi guztira

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

  • Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Arbasoen bizimodua eta historia hurbila ezagutzeko interesa
  • Hizkera kolokiala ezagutu, erabili eta balioesteko gogoa
  • Hitanoaren erabilera sustatzeko nahia

 

Bideoa ikusi aurretik

1-Gaiaren aurkezpena egingo dugu. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu. 

-Badakizue hitanoz/hika hitz egiten? Zer dira toka eta noka? Norekin hitz egin daiteke hika eta norekin ez?

2- Ikasleek hitanoarekin izan duten esperientzia kontatuko dute: ea sekula entzun duten, etxean erabiltzen duten, inork hitz egiten dien hikaz… Hitanoari buruz dakitena arbelean (digitala izan daiteke) idazten joan daitezke: hitanoaren arauak (norekin eta nola erabili) eta esaldi erabilienak hika.

 Norekin egin daiteke hika?  (BAI/EZ)

 Nola egin daiteke hika?   (TOKA/NOKA)

 Esaldi/esamolde erabilienak  idatzi


 Lagunek guri

 Guk lagunei

 Anai-arrebek guri

 Guk anai-arrebei

 Gurasoek/aitona-amonek guri

 Guk gurasoei/aitona-amonei

 Irakasleek guri

 Guk irakasleei

 Gazteagoek guri

 Guk gazteagoei

 Zaharragoek guri

 Guk zaharragoei
 


 Mutilak mutilari

 Neskak neskari

 Mutilak neskari

 Neskak mutilari

 

 

 

Bideoa ikusi bitartean

1-Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2-Ikasleek euren arreta erakarri duten pasarteak gogoan har ditzatela.

3-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu.

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari etekin guztia ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

1-Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.

2-Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, talde(et)an:

-Zer iruditzen zaizkizue bideoan entzundakoak? Eman iritzia.

-Zuen ustez, zerk eragin du hitanoaren erabilera hainbeste jaistea? Zuen inguruan zer jarrera ikusten duzue? (Familia, lagunak...)

-Lagunartean hika egitea erakargarria egiten zaizue ala arrotza? Zergatik?

-Lagunarteko erregistro bezala baliagarria ikusten duzue?

-Etxean eta lagunekin hitanoa erabiltzeko aukerarik baduzue? Zer iruditzen zaizue eskolan hika lantzea?

3-Ikasleek aurrez hitanoa lantzeko aukera izan baldin badute, jolas bat egin daiteke. Ikaskideek elkarri pilota bat pasatuko diote. Horretarako, onena denak zutik eta borobilean jartzea izango da. Pilota duenak esaldi bat esango du, nahi duena (barregarria baldin bada, hobeto), eta pilota ikaskide bati botako dio. Hark esaldi hori hitanoz esango du (beste ikaskide bat aukeratu, eta pilota botatzean hari zuzenduko zaio; hura neska edo mutila den kontuan izanda). Kate bat osatuko dute hala.

 

4-Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide (ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere):

 

  • “Jolasten”. Hitzekin jolasteko, piropo lehiaketa antolatu. Mezuek hitanoz izan behar dute. Lehiaketan banaka edo binaka har daiteke parte. Balioetsiko diren ezaugarriak: umorea erabiltzea, esamolde jatorrak erabiltzea eta ukitu poetikoa izatea (metaforak erabiltzea). Ez da piropo iraingarri eta sexistarik onartuko. Ikasleek erabakiko dute irabazlea nor den (epaimahaia osatu), eta baita saririk izango den ala ez (eta izatekotan, zer). Leloren bat gustatuz gero, logoa diseinatu eta pegatinak edo kamisetak egin ditzakete. Lehiaketako piropo onenak koloretako kartoi-meheetan idatzi eta ikastetxeko pasalekuetan jar daitezke.

 

  • “Jolasten”. Ikasleek eskuko telefonoarekin euren burua grabatuko dute, hitanoz hizketan. Ikasle bakoitzak beste bat aukeratu beharko du, eta mezua hari zuzendu (gutxienez esaldi bat, toka edo noka). Katea osatuko dute hala. Boluntariorik ez badago, zotz eginda erabakiko da nor izango den lehenengoa. Grabazioak partekatzeko, Facebook-en orri bat zabaldu daiteke. (Adibiderako, ikus Urretxun festei begira egin zuten “Ipini pina” katea; “Hi!” pina ere sortu daiteke).

 

  • “Testigantza bila”. Binaka egiteko moduko lana: bikote bakoitzak hitanoz kontatutako testigantza bat aukeratuko du, eta aztertu. Minutu bat transkribatu, eta hitanoari erreparatu: aditzak identifikatu, toka ala noka ari diren... Gure herriko testigantzak topatzen saiatuko gara ahotsak.eus webgunean edo beste toki batzuetan, eta bestela, eskualdekoa, ahalik eta gertukoena izan dadin. Hona hemen ahotsak.eus webgunean jasotako adibide batzuk: Oñati-Bergara, Lizartza eta Oiartzun.

 

  • Gaur egunera begira. Hitanoaren gaur egungo erabilerari buruz hausnartuko dugu, orain arteko ibilbideari begiratzearekin batera. Ohiturak aldatu egiten dira, bizimoduarekin batera. Hitanoa mantentzea gero eta zailagoa denez, arauak malgutzea ondo ikusten dute batzuek. Bideo hau ikusi ondoren, eztabaida egingo dute ikasleek, bi taldetan banatuta. Batzuk ohitura aldatu eta berritzearen alde egongo dira: nagusiagoei hika hitz egitea ez dute begi txarrez ikusiko. Besteek, ordea, nahiago izango dute tradizioa bere horretan mantentzea. Eztabaidaren aurretik, ikasleak girotzeko eta nork bere iritzia eraikitzen laguntzeko, “Testuingurua” ataleko “Ohitura aldaketak euskarazko tratamenduetan” ataleko adibideak eta bideoak aipatu eta ikus daitezke gelan. Hitanoaren erabilera nola suspertu ere izan daiteke hizketagaietako bat. 

 

  • Eman iritzia. Hitanoa oso gutxi erabiltzen da hedabideetan. Ikus Azpimarra saioaren zatitxo bat (lehen bost minutuak). Bilatu adibide gehiago komunikabideetan (irratian, prentsan, telebistan; marrazki bizidunetan…). Banaka edo binaka egin daiteke lan hau. Bikote bakoitzak adibide bat topatu beharko du (hitanoari buruzko albiste eta erreportajeak ere izan daitezke), eta gelara eraman. Aurkezpena egingo dute ikaskideen aurrean: adibidea erakutsi/azaldu eta iritzia eman.

 

  • Zu zeu elkarrizketatzaile. Hitanoa erabiltzeko ohitura duen pertsona bat elkarrizketatuko dute ikasleek (binaka edo hirunaka). Elkarrizketa egin aurretik, galdetegia prestatuko dute denen artean (elkarrizketatua ikasleak baino nagusiagoa izango denez, zuka). Elkarrizketa hitanoari buruz eta hitanoz izatea litzateke onena. Bideokamerarekin edo poltsikoko telefonoarekin grabatzea komeni da, gero grabatutakoa ikaskideekin partekatzeko. Ikus elkarrizketak egiteko jarraibide orokorrak. Argazki bat ateratzea ere ondo legoke. Bideoa erakutsi aurretik, elkarrizketatuari buruzko datu batzuk emango dituzte ikasleek (izen-abizenak, biografia laburra, nondik ezagutzen duten...). 

 

5- Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek, gelakideei beraien lanaren emaitzak ezagutarazteko. Aurkezpenak laburrak izango dira eta ondo legoke bideokamerarekin grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusteko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea komeni da. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak.

 

 

Ebaluazio-irizpideak:

 

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

 

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

 

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikazio gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

 

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.



Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio irizpideak:

-Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.

- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.

- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.

- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.

- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean.

- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen.

- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen.

- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia.

- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak.

- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.

- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen

- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.

- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.

- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.

- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.

- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.

- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.

- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.

- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).

- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.

- Ea aztertzen eta balioesten dituen hitanoak euskararen transmisioan dituen funtzioa eta balioak.

- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.

- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa

duen.

HITANOAREN ERABILERA

Elkarrizketatzailea: Ordun ze hitz eitten zenuen zuen artian? Hika hitzeitten al ziñuen?

Paxkuala Kortadi (Hernani, 1923): Hitz ein?

Elkarrizketatzailea: Bai, hika.

Paxkuala Kortadi (Hernani, 1923): Beti hika. Oain ez, e. Nik oain ne ilobakin e zuka. Baino gure garaien hika.

Maria Angeles Amenabar (Andoain, 1940): Hika, hika, bai, bai. Hika.

Bixente Lizaso (Urnieta, 1931): Hika. Oain e bai.

Miren Sasieta (Urretxu, 1933): Oain ni nere anaiai eta nere lagunai danai hikaz.

Migel Ansa (Andoain, 1937): Ordun lagun artian raro ta dana itte zan zuka hitz eittea, nik uste det , e. Bai, bai.

Elkarrizketatzailea: Hika horrek ze ematen zun ba laun artian, o?

Migel Ansa (Andoain, 1937): Konfiantza gehio,  amistadia o jatortasuna o… eztakit nik zer zan.

Antonio Zubeldia (Altzaga, 1930): Etxen e neskakin hika. Aitte ta amakin zuka, baina gainontzen alkarrekin hika. Oain e hala itten deu.

Elkarrizketatzailea: Anai-arreba danak hika beti?

Antonio Zubeldia (Altzaga, 1930): Bai, bai, hika, hika beti.

Jose Juaristi (Etxebarria, 1941): Gu baino zahar-zaharragua bada asko gehixau, hari ez, baia osterantzien bai, e.

Elkarrizketatzailea: Baia berak zuri igual bai.

Jose Juaristi (Etxebarria, 1941): Bai hori bai, hori bai, hori beti.

Elkarrizketatzailea: Ta aitta ta amakin?

Maria Angeles Amenabar (Andoain, 1940): A, zuka.

Jose Juaristi (Etxebarria, 1941): Geuri bai, hori “ez dok eta bai dok” umiei eurek, gurasuek, guri bai, baina geuk eurei ez, e. Hori ez.

Elkarrizketatzailea: Edukazio gehiokua al da zuka?

Bixente Lizaso (Urnieta, 1931): Bai, netzako bai. Zea gehixeo, errespeto gehixeo. Zeatik zuk aitta bati hika ez diyozu hitz egingo. Ta hoi da errespetua. Nik ikusi izan dut semia aittai hika hitz eitten, baino joño, lotsagarri xamarra da neretzako.

Koldo Pildain (Otxandio, 1931): Hik gaztiai, e. Gaztiai. Zaharrai ez. Zu.

Juan Kruz Anza (Donosia, 1932): Bai, zaharragoei beti zuka.

Juanita Isasti (Getaria, 1918): (Neri hika iten diazu). Hika iten diñat hiri, bai. (Baina nik zuri zuka). Ba bai ba! Nola ingo dian ba hika? Ez diñat utziko, gaiñea! Ez diñat utziko.

Jose Mari Anitua (Markina-Xemein, 1924):  Nik persona nausixei “ez dok eta baidok” sekula be ez.

Elkarrizketatzailea: Ez? Amari ta aitteri ez?

Jesusa Anitua (Markina-Xemein, 1926): Ez, ez, neuk be ez hori.

Jose Mari Anitua (Markina-Xemein, 1924): Persona nausixei ez, e.  Norberan tamañokuei bai, ta konfidxantzia daukenak... normalmente konfidxantziak dauke hori hartu-emon…

Jesusa Anitua (Markina-Xemein, 1926): Ni ez naiz konturatu zeiñi  itten dotsaten... baina honei bai behintzet. Ta Karmen guriai be bai, eta honei be bai...

Elkarrizketatzailea: Baina niri, guri ez.

Jesusa Anitua (Markina-Xemein, 1926): Zuei ez dotsuet eiñ, ezta?

Elkarrizketatzailea: Ez dauka gugaz konfidxantzaik eta.

Maritxu Romaratezabala (Eskoriatza, 1935): Guk itten dou “hi” konfiantza haundixa daukunei, gaiñetikuei ez.

Ander Alberdi (Zarautz, 1933): Gure artian, hika iten da. Eta zuek hikako konbersaziyuan aitu behar bazue behar dezue nere edadekon bat o berdintsun bat. O alkarrekin hamaiketakua in da gero. Klaro, zeatik hotzian ez.

Isidro Ugarte (Durango, 1924-2015): Konfidxantza haundixen bat ez bada “hi” “zu” hobeto ikusten dot. “Hi” ya da aparte, “compañerismo” moduen, zer… “íntimos, como íntimos”, “hi”, “hi”.
 

HITANOAREN GAINBEHERA

Paskual Uribe (Durango, 1926): Hori lehen be astokerixa zan, e, hi ittia astokerixa zan.

Martin Zabala (Andoain, 1926-2015): Zea, hika baten batei esan, “jolines”, hori zea zan, “era una blasfemia” esaten zuten bezela.

Ander Alberdi (Zarautz, 1933): Eta neskakin, por ejemplo, nik behiñ e ez det in aizan. Behiñ e ez.

Mari Tere Areitioaurtena (Amorebieta-Etxano, 1930-2016): Igual, e, noizik behiñian aiztiari: ‘Hi’... Amak, e: ‘Berba patxaraz eiñ, e’. Etxakon gustetan geuk neba-arrebakin iñ daun. Ta eurek, etorten zien nebak, eta hittano beti. Euren kostunbrik ez zien, ez zien galdu, baina bearek guretzako ez eben gura hori ittia. Ta eurek beti hittano itten eben, neba-arrebakin, nik ez dakitt ba zegaittik, ta guk eitterik ez eben gure.

Maite Ormazabal (Zumarraga, 1937): Haikin hika, ta ama atzetik demandan.

Elkarrizketatzailea: Zeatik, baiño?

Maite Ormazabal (Zumarraga, 1937): Errespetuik ez gendukelako. Hika itten gendulako.

Maritxu Romaratezabala (Eskoriatza, 1935): Etxien be nik semiei betik hi, eta zerai be, ba... alabiai, en kanbio, alabia dogu ta alabiai “zu”. Ta aiztak, anai-arrebak be beti “hi” bata bestiei. Ez dakitt, kostunbrie holaxe.

Jose Inazio Aranberri ( Zumarraga, 1939): Alabai nik beti “zu” esaten diot. Ta semei beti “hi”.

Maria Lezeta (Eskoriatza, 1933): Mutil bixei nik hi itten xatat eta neskiai ez. (Ikusi, ta eurak…) Ta lehengunian esan osten: “Zeatik ez ostazun erakutsi hi itten?”. “Bueno, bueno...”.
 

BELAUNALDI BERRIEN IRITZIAK

Amaia Elorza (Azkoitia, 1981): Gure garaixen askoz gehixao hitz eiten zan hika, eta neskai… neskak neskan artin hika hitz eitten zeben… o mutillek neskai hika ondo hitz eiten zixoben o nik uste det hori, Azkoittin gehixen bat hori daola galtzen daona.

Asier Retegi (Oiartzun, 1990): Ttikitan ikastolan eta ez da hika… gaur egun Oiartzunen mutikuk ta ez dira hika aitzen. Hori erabat galdua do. Eta guren edadin ba… puf, bi-hiru kuadrilla izango ga hola eta geo… gehienak bueno, ez dakite. Ez dakite, esan nahi dut, bai, basikoa: “baduk” eta ‘hik in ttuk’ eta holako gauzak, ‘baniak’ eta punto. Esan nahi dut: ez dakite gauza haundiyik.

Patxi Castillo (Bera, 1992): Jende heldua edo baserri giroko jende horrek akaso bai. Gero, gaztetan, ya ez. Gaztetan ez eta… beti zuka, beti zuka, ta kontua da eskolan beti zuka ibili garela… ibiliko bagina hika, pues akaso gaur egun errexago ibiliko giñateke. Baino nik hika adin batetik beheittira ya ez dut iñor aditzen. (Ez).

Asier Retegi (Oiartzun, 1990): Nere ustez hezkuntzan, ya nola hasten den batuan eragin horrekin, bai hika eta bai euskalkiya galdua o geratzen da, ze hika re ez baita sartzen iya. Eta hika, hika lehen esan duguna: beste herritan ttikitan ikasten da, ta bai nere ustez oinarriya dela familitikan jasotzia biñon, nahiz ta batzuk familitik jaso, geo erabili in ber dute. Esan nahi dut: hika erabili in ber da. Nere kasua, adibidez: nik, nahiz eta jaso, nik lagun artin 16 bat urte arte ez dut erabili sekulan.

Andere Arriolabengoa (Aramaio, 1982): Gure kuadrillan eta oso oso gutxi itten da, ezpada… askotan gañera edo grazia itteko edo… zer konkretu ta egoera konkretutan ez bada, ez da hikaz berbaik itten. Eta nire etxien nire amandriek, aittajaunek, aittek-eta itten daue, edo in ixen daue beti etxien hikaz euren artien, baine nire aitak askotan esan dust bere pena, hori, penatako bat dala ba gu zelan alabak gitzen, bi alaba dauken, guri hikaz erakutsi ez izena, ez? Izen bagitzen mutillek erakutsiko oskule, baine…

Asier Retegi (Oiartzun, 1990): Bi alaba dittu amonak, ez daka semeikan ta... Eta jo pues amonak bere edadeko bai gizon ta bai emakume guztiyakin, o gehienakin behintzat, hika ingo du. (…) Gero, alabai ez yo sekulan hika in. Ba ez dakit, beak… ez dakit zertik, ez yot galdetu biñon ez dio sekulan in… Ta gero izebai ta amai itsusia iruitzen zaie. Itsusiya edo ezetz, hoi, ez dela hola ari ber. Ta aittak nei in izan ditenian: ‘Ai, umiri ez hika in’. Eta bueno.

Manex Agirre (Aramaio, 1982): Bueno, nik hika itten dot baiñe ez betidanik in dotelako, e. Guk umetan inoiz ez geben hika itten. Hori ez da guk txikitatik dakargun ohitura bat. Umetan zero, baina zero absoluto, ez, iñokin ez. Osea, hika zan gurekin ez oien gauza bat, zaharrena. Zaharren gauza bat, eta zahar oso euskaldunena. Igual inkluso baserriko kontu bat edo, ez dakit e. Hola perzepziñua, e, ez dakit. Eta gero, gaztetan, eta igual ya buruei… hasten zarenian apur bat pentsetan eta konturatzen zer pasetan dabillen hikakin ta hori, ba nik personalki ahalegin bat in nauen eta bueno, kuadrillako batzuk eta inguruko batzukin hika itten dot.

Asier Retegi (Oiartzun, 1990): Ta bueno guk… pixkan-pixkana hasi giñan, ba 16 bat urtekin o bueno… Aurrena Tuenti o Facebook, hor txateatzekun ba hor hasi giñan, ez, gehienbat? Eta gero ya polliki-polliki hizketan hastekun. Eta bueno, guren artin bai.

Maialen Chantre (Bera, 1991): Erabakitzen badut nik Patxikin hikaz aritzea, pues igual hemendik hiru urtetara ya natural ateriko zitzaigun.

Patxi Castillo (Bera, 1992): Ya, hori da, hori da.

Julen Idarreta (Oiartzun, 1990): Baiñon… hikak zer ematen digun? Ba nik ustet joe, pixkat esatea bezela: “Aizue, hau gure hizkuntza da eta ere bai landu behar dugu, ta pixkanaka saiatu beharko genuke ba hontan, hika re normal itten. Eta bildurrik gabe ta errex, ez?”. Eta nik uste bide hortan gabiltzala.

Asier Retegi (Oiartzun, 1990): Nik uste e jende askok, zuka hitz eitten dun jende askok, behar dula beste zerbaitt e lagun artin. Zuka lagun artian muga bat arte do. Esan nahi dut: hor behar du beste toke bat, ez? Eta jende askok holakotan gaztelerara jotzen du. Ta bukatzen du gazteleraz. Hitz eitten dute hola, guayago bezela, ez? Gazteleraz.

Maialen Chantre (Bera, 1991): Orain hika ordezkatu dugu gaztelerazko bertze espresio batzugatik. Ya norbaitek errateizu: ‘Hola, tia, zer moduz?’. Baita re erran nahi du hurbiltasun bat duzula, hikaz iten badizute bezela.

Asier Retegi (Oiartzun, 1990): Ta hikak ematen du punto hori.

Julen Idarreta (Oiartzun, 1990): Informalago igual.

Asier Retegi (Oiartzun, 1990): Bai, ez dakit informal… Informalagoa da baita ere, baina bueno, ez dakit hori den baino badu halako… Lagun artin hika. Eske hala ber du!

 

  • Hitanoa lagunarteko hizkerako adizkera alokutiboa da. Hartzailearen arabera desberdina da: toka (hartzailea mutila baldin bada) eta noka (hartzailea neska denean). 
  • Zuberoan helduek haurrei hika egiteko ohitura gorde egin da. Mutikoek hika hitz egiten dute adineko beste mutikoekin, baina neskatilekin ez, haiekin zuka. Neskatilek, berriz, hika mutikoekin baina neskekin zuka. Hori bai, helduei zuka egiten diete. Nesken artean noka hitz egiteko ohitura, ordea, galtzen ari da: adineko emakume batzuek bakarrik egiten dute euren artean. Etxean ez ezik, umeek ikastolan ere ikasten dute zuka eta hika erabiltzen.
  • Euskarazko beste tratamendu batzuk ere badaude: berorika eta xuka/zuka.
  • Ohitura-aldaketak euskarazko tratamenduetan:

-Berorika hitz egiteko ohitura, errespetuzko tratamendu hori, desagertu egin da ia-ia; eta inor gutxik proposatzen du berreskuratzea. Bideo hau ikus daiteke: Berorika 
-Badirudi XVI. mendearen aurretik hitanorik ez zegoela. Horrenbestez, ez da betidanik existitzen den tratamendu bat.
-Garai batean, hitanoa berdin erabiltzen zuten mutilek zein neskek. Hori bai, momentu batetik aurrera hori aldatzen hasi zen: bideoan ikusi dugu batzuek hitanoa neskentzat ez zutela (eta dutela) egokia ikusten, itsusia edo zabarra iruditzen zitzaielako, eta neskei ez transmititzea ohitura bihurtu zela zenbait toki eta familiatan. Beste batzuetan ez: Azpeitian, adibidez, nesken artean hitanoa bizirik eta osasuntsu mantendu da. Noka tratamendua galdu izana penagarria iruditzen zaie gehienei gaur egun, eta berreskuratzearen alde daude.

-Nagusiagoei hika hitz egitea errespetu falta izan da tradizioz. Hika adinekoei eta gazteagoei egitea izan da ohitura. Badira, hala ere, arau hori betetzen ez dutenak gaur egun. Batzuen ustez, arauak malgutu egin beharko lirateke, hitanoaren erabilera sustatzeko. Bi adibide: Leireren kasua eta Zuberoako anai-arrebena

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza