Nola ikusten zuten homosexualitatea sasoi batean? Eta gaur egun? Hainbat adinekoren eta bi gazteren testigantzak datoz bideo honetan, gaiari buruz hausnartzeko balio dutenak.
Mailak: DBH, Batxilergoa
Ikasgaiak: Herritartasunerako Hezkuntza
Gaiak: Bizikidetza, Genero-aniztasuna
Nola ikusten zuten homosexualitatea sasoi batean? Eta gaur egun? Normaltasunez hitz egiten al da horri buruz? Ikasleekin gai horri buruz hitz egiteko abiapuntu moduan aproposa da bideo hau. Batetik, garai bateko aurreiritziak eta jarrera ezkorrak ezagutuko dituzte, eta bestetik beraien jarrera nolakoa den konturatzeko balioko die. Ez bakarrik homosexualitatearekin lotuta; orokorrean sexualitatea nola bizi duten, hori izan daiteke hizpidea.
Bideo honetan adinekoen testigantzak datoz batez ere, sasoi bateko pentsaera atzerakoiaren berri ematen dutenak. Etxarri-Aranazko bi gazte ere agertzen dira. Haien ustez, ez da naturaltasunez hitz egiten gai horri buruz. Ikaskideen artean bai? Eta orokorrean sexuari buruz?
Hausnarketa-eztabaida-iritzi trukea egin daiteke gelan, hainbat galderari tiraka. Hitz egiten al dugu homosexualitateari buruz? Naturaltasunez egiten dugu ala txisteak egiteko? Zein jarrera ikusten ditugu gure inguru hurbilean (ikastetxea, familia, lagunak)? Gure ingurua egokia al da sexu aukera librea egiteko? Zein eragin dute telebistak eta komunikabideek? Baldintzatzen al dituzte gure jarrerak? Telesailetan eta pelikuletan agertzen al dira neskekin sexu harremanak dituzten neskak? Eta mutilekin maitemintzen diren mutilak? Topatu adibideak! Agertzen badira, nolakoak dira? Esterotiporik ba al dago (maitasunaren eta harremanen irudi erromantikoa)? Sexua bera, tabua al da neurri batean?