Ihes egin beharra

1936ko uztailean, Espainian estatu-kolpea gertatu zen, Francisco Franco buru zela, eta errepublikaren aurkako altxamendu militarra abiatu zen. Altxamendua Espainiako hainbat eremutan arrakastatsua izan zen, baina Euskal Herriko eremu handi batean Errepublikarekin leial jarraitu zuten. Altxamenduaren lehen egunetan, familia osoek ihes egin behar izan zuten. Herritarren artean beldur handia zegoen, ez bakarrik soldaduengan, baita sala zitzaketen bizilagunengan eta jasaten zituzten mendekuengan ere. Garai hura zuzenean bizi izan zutenen testigantzak entzun ditzakegu.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia

Gaiak: Oroimen historikoa

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatzen diren jarrerak:

  • Balio demokratikoak ezagutzeko gogoa
  • Gerren ondorio pertsonalak ulertzea
  • Giza-eskubideak baloratzea
  • Erbesteratuen egoerarekiko kontzientzia
  • Gertakarien eta haien ondorioen jakintza
  • Gure historia ezagutzeko interesa piztea
  • Informazio-iturriak bilatzen eta aukeratzen jakitea
  • Hausnarketa pertsonala

 

Bideoa ikusi aurretik

Gaiaren aurkezpena egin: II. Errepublikaren epealdian egin ziren erreformen eta ideologia politiko ezberdinen arteko tentsioak aztertuko dira. Ikasleen aurrezagutzak aktibatu, gisa honetako galderak eginez talde handian:

- Zer bururatzen zaizu “Gerra” hitza entzutean?

- Zer dakizue Espainiako Gerra Zibilari buruz?

- Zergatik egoten dira hainbeste iheslari gerretan?

- Zure senideen edo lagunen artean inork kontatu al dizu gerrako pasadizorik?

- Zer uste duzu sentitzen zutela bideoko hiztunek?

- Zer arrisku egon daitezke gerratik ihes egitean?

- Zer arrazoi egon daitezke norbaitek bere etxea uzteko?

- Nola imajinatzen duzu izango zela 1936an gerratik ihes egitea? Eta gaur egun?

 

Bideoa ikusi bitartean

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurrezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
  2. Atentzioa eman dieten pasarteak gogoan hartu.
  3. Ezagutzen ez dituzten hitzak, izenak edo erreferentziak apuntatu ditzatela. (Adib.: “badatoz”, “koltxoiak leihoetan”, “karga bezala”, “dokumentazio gabe”, ...)

 Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

  1. Ziurtatu ulertu dutela Argitu zalantzak. 
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, talde(t)an:

- Ezaguna egin al zaizue bideoan aipatu duten zerbait? Entzun al duzue halakorik aurretik?

- Nola sentitu zarete bideoa ikustean? Eragin al dizue sentipenen bat?

- Bideoan agertzen diren lekukoak umeak ziren 1936ko gerra garaian. Lortu al duzue haiek horrela irudikatzea?

- Zer eragin izan zezakeen gertakari honek haien bizitzetan?

- Zure herriko historian ba al dago horrelako gertakariren bat?

- Zer antzekotasun daude gaur egun gerratik ihes egiten dutenen eta bideo honetan agertzen diren pertsonen artean?

 

   

3. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek horietako bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin ditzakete.

 

  • Testigantza bila. Ikasleek Gerra Zibilean etxea utzi zutenen arrastoak topatu beharko dituzte, nora, nondik eta nola ihes egin zuten aztertuz. Iturri bezala, Ahotsak.eus atariko testigantzak erabiliko dituzte. 

Garai hartako ihes-bideak kokatu eta aztertzeko, ikasleek talde txikitan (3-4 pertsona) lan egingo dute. Emaitzak ez errepikatzeko, talde bakoitzak zona edo herri konkretu bat aztertuko du (adibidez, Gernika, Eibar, Donostia, Hondarribia…)

Ahotsak.eus atarian, pauso hauek jarraituta, herri bakoitzean gai honi buruz dauden testigantzetara iritsi daiteke: Grabazioak - Herria - Gaiak - Gerra Zibila: ihes egin beharra. Bilatzailean hitz-gakoak idatzita ere testigantzak agertuko dira. Adibidez, “ihes egin” idazten badugu, 754 pasarte erakutsiko ditu bilatzaileak; izenburua eta deskribapena begiratuta, ikasleek jakingo dute testigantza baliagarria den ala ez. 

Talde bakoitzak gutxienez 6 pasarte (edo beharrezkoak direnak) entzungo ditu, hurrengo galderei erantzun ahal izateko:

- Noiz egin zuten ihes? Gerra hasi eta berehala, hilabete batzuetara, bonbardaketetan…

- Nondik nora joan ziren? Ibilbidea markatu edo kokapena identifikatu.

- Zer eraman zuten?

- Nola joan ziren? Oinez, gurdiz, itsasontziz…

Behin informazioa bilduta, mapa batean kokatuko dituzte ihesleku guztiak eta hiztunek egindako ibilbideak. 

Talde bakoitzak ahozko aurkezpen txiki bat egingo du, eta ikertu duten herriko testigantzetatik jasotako ezaugarri nagusiak arbelean idatziko dituzte. Aurkezpen guztiak amaitutakoan, zer ezaugarri errepikatzen diren aztertuko dute.

 

  • Leku zehatz baterantz joateko joera al zuten?
  • Ihesaldietan eramaten zituzten ondasunak antzekoak izaten al ziren kasu guztiean?
  • Zer garraio mota erabiltzen zuten?

 

Irakasleak mapa erraldoi bat itsatsiko du horma batean eta aurkezpen bakoitzaren ondoren, taldeko ordezkari batek mapa horretan markatuko du ikertu duen herria eta bertatik lortu dituzten ihes-puntu eta ibilbide nagusienak.

Denek bukatzen dutenean, mapa handiari begiratuko diote eta hausnarketa egingo dute.

 

 

  • Patroirik errepikatzen al da?
  • Nora joango zinateke zu?
  • Zerk hunkitu zaitu gehien entzundako testigantzetan?
  • Uste duzu garratzitsua dela lekukotasun hauek gordetzea, zabaltzea eta entzutea? Zergatik?

 

  • Mundu Zabalean. Aurreko proposamenean Espainiako Gerra Zibilean etxetik ihes egin zutenen testigantzak aztertu dira. Oraingoan, gaur egungo gerren ondorioz sortutako ihesaldien errealitatea ezagutuko dute ikasleek, eta gaur egun dauden gatazken berri izango dute. Informazio-iturri nagusiak hedabide digitalak eta  sare sozialak izango dira. Sarrera bezala, irakasleak gaur egungo gatazkei buruz hitz egingo die ikasleei, adibidez egunkariko berriak edo sare-sozialetako estekak  aurkeztuz. 

Arbelean, gaur egungo gatazken zerrenda bat egingo dute denen artean, eta falta direnak irakasleak idatziko ditu, azalpen txiki bat eman ondoren. Ikasleak taldeka (4-5) banatuko dira eta bakoitzak herrialde edo gatazka bat aukeratuko du. Adibideak: Etiopia, Siria, Palestina, Iran, Hegoaldeko Sudan, Ukrainia, Venezuela...

Behin herrialdea edo gatazka aukeratuta, hari buruzko informazioa bilatu beharko dute, gertaerak kronologikoki ulertu eta poster batean irudikatzeko. Argazkiak, mapak, marrazkiak edo bestelakoak erabiltzeko aukera izango dute.

Gatazkaren nondik norakoak ulertuta, euren etxeetatik ihes egin behar izan dutenen testigantzak bilatuko dituzte. Kasu batzuetan, egunkari edo berrietako informazioa bakarrik izango da, baina beste batzuetan, sare-sozialetan ere bideoak aurkituko dituzte:

 

  • Sare Sozialetan: X, TikTok, Instagram…
  • Kazetaritza erreportajeetan (Argia, El Semanal…)
  • Egunkarietan
  • Blog edo dokumentaletan
  • GKEen guneetan: ACNUR, Human Rights Watch, Amnistia Internacional, Save the Children.

 

Informazioa sarean bilatuta, talde bakoitza galdera hauei erantzuteko gai izan beharko da:

 

 

  • Nola egin dute ihes? Zer bide/ibilbide hartu dute?
  • Zein garraiobide edo baliabide erabili dituzte (oinez, itsasontziz, airez...)?
  • Nola tratatu dituzte helmugan? Nork hartu ditu?
  • Zer laguntza jaso dute (humanitarioa, instituzionala, herritarrena...)?

 

Behin ikerketa txikia eginda, klase guztiaren aurrean aurkeztuko dira lanak. Lehenengo, hautatutako gatazka kronologikoki kokatzeko egindako posterra aurkeztu eta azalduko dute, eta, ondoren, iheslarien egoerari buruzko informazioa emango dute. Bukatzeko, sare sozialetan ikusi dituzten albisteen artetik (edo irakurri dituzten berri edo erreportajeen artetik) bat aipatuko dute, inpaktu gehien sortu diena,  eta gelakideei erakutsiko diete.

Talde guztiek aurkezpenak egin ondoren, denen artean hausnarketa egingo dute, irakasleak gidatuta:

  • Zer antzekotasun ikusi dituzue garai bateko eta gaur egungo iheslarien artean?
  • Zein egoerek harritu edo hunkitu zaituzte gehien?
  • Zer rol jokatzen dute sare sozialek testigantza horiek zabaltzeko?
  • Partekatuko zenuke zure ihesaldia sare sozialetan? Zergatik?

 

  • Bestearen azalean. Proposamen honen helburua ikasleek gerratik ihes egin behar izan duten pertsonek bizi duten egoerarekiko enpatia eta hausnarketa pertsonala garatzea da.

Ikasleek idazlan edo gogoeta bat idatziko dute, “Gauza bakarra eraman behar banu…” izenburupean. Gerraren eraginez euren etxetik edo herrialdetik ihes egingo beharko balute eta gauza bakar bat hartu ahal izango balute, zer izango ote litzatekeen pentsatu beharko dute ikasleek. Balio emozionala duten objektuak identifikatzeko baliagarria da ariketa hau.

Banakako lana izango da. Ikasle bakoitzak ondo pentsatu beharko du zer objektu aukeratu nahi duen, eta galdera hauei erantzun beharko die gogoeta egiterakoan.

 

  • Zer eramango zenuke?
  • Zergatik hautatu duzu objektu hori?
  • Zer esanahi du zuretzat objektu horrek?
  • Zertan lagundu lizuke objektuak?

Gogoeta idazteaz gain (2 orrialde gehienez), bakoitzak bere objektuarentzat argazki artistiko bat sortuko du. Argazki artistikoa  arte moduan sortutako argazkia da, helburu nagusitzat adierazpen pertsonala eta emozioak sortzea dituena. Horretarako, koloreak, konposizioa edo argia erabil daitezke. Hona hemen gomendio batzuk:

 

  • ARGAZKI ARTISTIKOA NOLA EGIN?

    1. Objektua aukeratu
    2. Sortzen dizkizun emozio eta sentimenduak identifikatu eta saiatu pentsatzen:
    • Zer kolore du nire emozioak?
    • Itzaletan al dago?
    • Osorik ikusten da ala ezkutuan dago?
    • Gertukoa da ala urruti dago?
    1. Kolorea, argitasuna, gertutasuna, ikuspegia… finkatuta, argazkia atera eta gero beharrezkoak diren filtroak ipini.

 

Argazki guztiak horma-irudi kolektibo batean eskegiko dituzte, maleta baten barruan. Horma-irudiaren izenburua “Bizitza bat maleta batean” izan daiteke, adibidez. Hausnarketa ere egin dezakete:

  • Zergatik da hain zaila gauza bakar bat aukeratzea?
  • Zer izan da zailena eta zer errazena?
  • Objektua zure identitatearekin lotuta dago?
  • Zergatik baloratzen dugu gehiago zerbait, galtzeko arriskuan gaudenean?
  • Zer sentitu duzu gogoeta idaztean?
  • Konektatu al duzu zure sentimenduekin?

 

  • Gogoeta gela. Ikasleek pentsamendu abstraktua eta filosofikoa lantzeko proposamena da honako hau, balioen inguruko hausnarketa sustatzeko. Ikasleen iritzia eraikitzeko eta adierazteko gunea izango da gela, eta entzute aktiboa eta enpatia garatuko dituzte.

    Gerren ondorioz “etxea” kontzeptua galdu edo aldatu duten pertsonen egoerarekin konektatzea izango da proposamen honen xedea, eta galdera nagusiak ondorengo hauek izango dira

    ×     Zer da etxe bat?

    ×     Zer gertatzen da zure etxea galtzen duzunean?

    ×     Etxea toki bat al da? Pertsona batzuk? Oroitzapenak? Babesa?

    ×     Zabalduko al zenioke zure etxea beste norbaiti?


Ikasle guztiak borobilean eseriko dira, denak aurrez aurre egoteko. Irakasleak galdera nagusi bat botako du: “Zer da etxe bat zuretzat?” eta nahi duenak hitz egingo du. Erantzunetan oinarrituta, galdera osagarriak egingo ditu irakasleak.

 

x       Etxea toki bat da ala emozio bat?

×      Etxea aldatu al daiteke?

×      Bizi al daiteke etxerik gabe?

×      Etxea norbere hautua da ala sortzen zaigun zerbait?

×      Nola eraikitzen da "etxe-sentimendua"?

 

Beste dinamika bat modu aktiboan ikasleen parte-hartzea bultzatzea izango da. Irakasleak esaldi batzuk irakurriko ditu eta ikasleek adierazpen fisiko batekin erantzungo dute. Adibidez, ados badaude zutik jarri daitezke, zalantzan badaude eserita gelditu, eta ez badaude ados belauniko jarri. Ondoren, irakasleak parte-hartzaileei galdetuko die zergatik erantzun duten horrela. Dinamika hau egiteko esaldi posible batzuk honako hauek izan daitezke:

 

Etxea leku bat da, eta leku hori galtzen duzunean ez dago etxerik. 

Pertsonak dira etxea egiten dutenak.

Etxea zu zara. 

Gerran zure etxea uzteak zure nortasuna galtzea esan nahi du.

Etxea ez da existitzen zure ama hilik badago. 

Etxea ez da derrigorrezko toki fisiko bat. 

Mugikor batekin eta lagun batekin edozein toki bihurtu daiteke etxea. 

 

 

Bukatzeko, azken galdera bat botako du irakasleak eta momentu bat utziko du norbaitek erantzun nahi badu. Helburua, inork erantzun ez arren, hausnarketa introspektibo bat egitea izango da: Nola lagundu diezaiekegu besteei beren "etxe berria" eraikitzen?

 

 

4. Ekoizpena partekatzea. Antzezlanak eta ahozko zein idatzizko aurkezpena egingo dute ikasleek.

 

Ebaluazio-irizpideak

 

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

 

Edukiari buruz

  • Ea gaiak interesa piztu dion.
  • Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

  • Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
  • Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
  • Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
  • Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikaziorako gaitasunei buruz

  • Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera izan duen ala zailtasunak izan dituen.
  • Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
  • Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

 

Talde-lanari buruz

  • Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
  • Ea balioesten duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen. 

 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk, ikasgaiko konpetentzia espezifikoekin lotutakoak:

 

1. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Egungo eta iraganeko prozesu eta gertaera historiko, geografiko eta sozialei buruzko informazioa bilatzea, hautatzea, antolatzea eta komunikatzea, hainbat euskarritan aurkeztuz, eta zereginaren helburuak kontuan hartuz.
  • Aro Garaikideari lotutako gai geografiko-historikoei buruz modu kritikoan argudiatzea, banaka zein taldean, askotariko iturri fidagarriak kontrastatuz eta baloratuz, jakintzagaiaren berezko terminoak eta kontzeptuak egokiro erabiliz.

 

 2. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Jarduera ekonomikoek eta mugimendu demografikoek lurraldean eta paisaian duten eragina ezagutzea, mundu-mailan, natura-, landa- eta hiri-ingurunea kontserbatzen eta hobetzen laguntzen duten portaerak eta ekintzak identifikatuz.
  • Jarduera ekonomikoek eta mugimendu demografikoek gizarteeetan duten eragina aztertzea, baliabideak modu unibertsal, zuzen eta bidezkoan eskuratzen laguntzen duten portaerak eta ekintzak identifikatuz, gaur egungo erronka demografikoak kontuan hartuta.

 

 3.  konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Gaiaren ulermena islatzen duten produktuen bidez, aro garaikideko antolaketa politikoaren eredu nagusiak mundu-mailan, estatu-mailan eta tokikoan adieraztea eta azaltzea; eskubide eta askatasun indibidual eta kolektiboak ezartzen lagundu zuten sistemei arreta berezia eskainiz, eta eskubide eta askatasun horiek erabiltzeko garaian atzerakadak izan zituzten aldiei edo egoerei kontrajarriz.
  • Aro Garaikidean kontzientzia solidarioa sortu, herritarren parte-hartzea eta gizarte-kohesioa sustatu eta desparekotasuna ezabatzeko lan egin zuten mugimenduak eta arrazoiak antzematea, parte hartzeko eta lan egiteko era guztietako estrategiak erabiliz.

 

 4. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Historia Garaikidearen eta egungo antolaketa politiko eta ekonomikoaren ezagutza esanahitsua bereganatzea eta eraikitzea dedukzio-prozesuen eta proiektu edo erronken bidezko lanaren bitartez, landutako gaiak ulertzen direla islatzen duten produktuak prestatuz.
  • Aro Garaikideko aldaketa historiko esanguratsuen prozesuak aztertzea, baita gizarteek aurre egindako erronka nagusiak ere, kausak eta ondorioak identifikatuz, jakintzagaiaren berezko termino eta kontzeptu teknikoak erabiliz eta gertaerak sekuentzia kronologikoen bidez erlazionatuz.

 

5. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Aro Garaikidean zehar portaera demografikoak, horien eboluzioa, izan dituzten aldaketak eta haien zikloak ezagutzea eta interpretatzea, kontzeptu tekniko zehatzak erabiliz eta gaur egun munduan ditugun arazo eta erronka nagusiekin lotuz.
  • Aro Garaikidean ezagutzen diren bizi-etapen eta bizimoduen ezaugarriak identifikatzea, gaur egungoekin konparatuz, bien arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak bereiziz, horien ezagutzak eskaintzen duen aberastasuna baloratuz eta gure inguruan eta ingurune hartan osasungarria eta jasangarria denaren arteko distantzia hautemanez

 

6. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Ekonomiaren garapenaren ideiaren eta horren gizarte-, lurralde- eta ingurumen-ondorioen esanahi historikoaren ezagutza aplikatzea, nazioartean, estatuan eta tokian, agiri ekonomikoen bidez, hazkunde eta atzeraldi erritmoak eta zikloak daudela ulertuz, eta planetaren jasangarritasuna bermatuko duten portaera ekosozialak hartzeko beharra kontuan hartuz.
  • Aro Garaikideko sistema ekonomikoak eta haien garapen-prozesuak aztertzea eta azaltzea, eta elkarren artean alderatzea, haien arteko erlazioak eta baita nazioartean sortu eta sortzen dituzten gatazkak identifikatuz, eta gizarte-eskubideen garrantziarekin eta oinarrizko baliabideetarako eskubide unibertsalaren beharrarekin lotuz.

 

7. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Historia Garaikidean zehar garatu diren kultura- eta politika-prozesuak gaur egunera arte eraiki diren talde-identitateekin lotzea, norberaren eta besteen identitatea osatzen joan diren ezaugarriak ezagutuz eta errespetatuz, eta bakoitzaren esanahi askotarikoak eta kultura unibertsalari egindako ekarpenak aztertuz.
  • Aro Garaikideko ekarpenak identifikatzea eta azaltzea, ondare historiko, instituzional, artistiko eta kulturala munduko herritarren ondare komun gisa aintzat hartuz eta balioetsiz, eta tokiko, autonomiako, nazioko, Europako eta mundu osoko talde-identitateen oinarritzat onartuz.

 

8. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Gaur egungo estatu eta hegemonien sorrera eta garapena ezagutzea, Espainiako estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eraketa barne, eta horiek espazioan eta denboran kokatzea, haiek osatu dituzten elementu historiko, kultural, instituzional eta erlijiosoak integratuz, sortutako errealitate multikulturala azalduz eta haien ekarpen garrantzitsuenak identifikatuz.
  • Jarrera ez-diskriminatzaileak erakustea eta aniztasun soziala eta multikulturala aintzat hartzea, inklusioa, gutxiengo etniko-kulturalen onarpena eta kolaborazioa baloratuz, gizarte-kohesioa bultzatzen duten balio gisa.
  • Gizonen eta emakumeen benetako berdintasunaren alde argudiatzea, hainbat esparrutan aro garaikidean zehar emakumezko pertsonaia garrantzitsuek egindako ekarpena nabarmenduz eta baloratuz, eta edozein egoeratan generoagatiko edozein jarrera eta portaera diskriminatzaileren aurka jardunez.

 

9. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Aro Garaikidean zehar, zibilizazioek egindako kultura-, arte-, zientzia- eta pentsamendu-ekarpen aipagarrienak ezagutzea eta azaltzea, eta egungo euskal eta espainiar kulturak garaiko korronte kulturalekin lotzea, egungo kulturen erroak nabarmenduz eta beste edozein adierazpen kultural errespetatuz.

 

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza