II. Errepublika: aldarrikapen eguna

II. Errepublika 1931ko apirilaren 14an aldarrikatu zen Espainia osoan ofizialki, baina Eibarren eta Espainiako beste bi herritan ordu batzuk lehenago aldarrikatu zen. II. Errepublikaren aldarrikapenaren egunaren nondik norakoak eta garaiko herritarren pentsaera eta aldaketa-nahia jaso ditugu egun hori zuzenean bizi izan zutenen testigantzetan oinarrituta.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia

Gaiak: Oroimen historikoa

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatzen diren jarrerak:

  • Balio demokratikoak ezagutzeko gogoa izatea.
  • Justizia soziala bultzatzeko nahia piztea.
  • Gizartea aldatzeko gaitasuna sustatzea.
  • Herritartasuna eta herri-nortasuna ulertzea.
  • Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea izatea.
  • Gertakarien eta haien ondorioen inguruko jakin-nahia izatea.
  • Gure historia ezagutzeko interesa piztea.
  • Informazio-iturriak bilatzen eta aukeratzen jakitea.
  • Hausnarketa pertsonala garatzea.

 

Bideoa ikusi aurretik

  1. Gaiaren aurkezpena egin: II. Errepublikaren aldarrikapena noiz eta nola eman zen. Ikasleen aurrezagutzak aktibatu, gisa honetako galderak eginez talde handian:

- Zer da errepublika bat?

- Egon al da errepublikarik Espainian? Zenbat? Noiz?

- Zer suposatu zuen II. Errepublikaren aldarrikapenak? Zer gertatu zen ordura arte zegoen botere-ereduarekin?

- Nola sentitzen dira bideoko hiztunak?

- Zuei zer sortzen dizue “errepublika” hitzak?

- Ezagutzen al duzue Errepublika batean bizi den herrialderik? Zein?

- Ikusten al duzue aukerarik Espainian errepublika berri bat aldarrikatzeko?

- Gustatuko al litzaizueke errepublika batean bizitzea? Zergatik?

 

Bideoa ikusi bitartean

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurrezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
  2. Atentzioa eman dieten pasarteak gogoan hartu.
  3. Ezagutzen ez dituzten hitzak, izenak edo erreferentziak apuntatu ditzatela. (Adib.: “udal hauteskundeak”, “exilioa”, “abajo el clero”…)

 Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

  1. Ziurtatu ulertu dutela Argitu zalantzak. 
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, talde(t)an:

- Nola sentitu zarete bideoa ikustean? Eragin al dizue sentipenik?

- Bideoan agertzen diren lekukoak haurrak edo gazteak ziren II. Errepublika aldarrikatu zenean. Lortu al duzue haiek horrela irudikatzea?

- Ba al zenekiten Eibarren horrelako gertaera garrantzitsu bat gertatu zela?

- Entzun al duzue halakorik zuen herrian?

- Zergatik aldarrikatzen zituzten “askatasuna” eta “eliza behera” bezalakoak?

 

3. Azken ekoizpena: Azken ekoizpena egiteko hiru adibide dituzte hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo talde bakoitzak proposamenetako bat egin dezake.

 

  • Eman iritzia. Ikasleek Errepublikari buruzko hausnarketa kritiko bat egin beharko dute eta beren iritzia modu argian arrazoitu. Idazlanaren izenburua Errepublika, aukera ala arriskua? izango da eta bi ikuspegi nagusi lantzeko aukera izango dute, nahiz eta biak ere nahastu daitezkeen.

 

Aldeko ikuspegia: Errepublika aukera gisa

      • Askatasun gehiago ematen du (Adierazpen astakatasuna, berdintasuna...).
      • Aurrerapen sozialerako eta politikorako aukera da.
      • Monarkiaren ordez, herritarrek aukeratzen dute gobernua.

Kontrako ikuspegia: Errepublika arrisku gisa

      • Aldaketa sakonek beldurra eragin dezakete.
      • Egonkortasunik ezaren sentsazioa sortu daiteke.
      • Aurretik pribilegioak zituztenek kontrako jarrera azalduko dute pribilegio horiek galtzean.

 

 

Idazlanak edo iritzi-artikuluak bi orrialdeko luzera izango du gehienez, eta eskuz idatzi beharko da, txukun eta garbi. Hemen, testua idazteko gomendio batzuk:

 

  1. Argi izan zure iritzia hasieratik.
  2. Erabili adibideak eta eguneroko egoerak: Adibidez, askotan ikusten dugu gazteek... 
  3. Errespetatu beste iritziak: Batzuek pentsatzen dute, baina, nire ustez...
  4. Erabili galderak irakurlea aktibatzeko: Zer egingo zenuke zuk halako egoeran?
  5. Ez errepikatu ideia bera hainbat aldiz.
  6. Erabili esaldi laburrak eta zuzenak.
  7. Erabili lotura-hitzak: “lehenik”, “bestalde”, “azkenik”, “ondorioz”…
  8. Esaldi indartsu batekin amaitu: Beraz, ez al da garaia aldaketaren alde egiteko?
  9. Egin zirriborro bat hasi aurretik.
  10. Irakurri ozenki amaitzean. Akatsak eta zentzurik gabeko esaldiak errazago antzemango dituzu.

 

  • Sormena lagun. Ikasleek fikziozko argazkiak eta (haien) historiak sortuko dituzte, eta argazki-erakusketa bat antolatuko dute. Helburua lantzen ari diren garaiaren ikuspegi historikoa barneratzea da.

Horretarako, ikasleek Errepublikaren aldarrikapenaren egunetako une garrantzitsuak irudikatuko dituzte, benetako momentuak edo fikziozkoak agertuz. Atrezzoa ikasleek sortuko dute.

Taldeka banatuko dira ikasleak eta bakoitzak fikziozko hiru argazki historiko aterako ditu nahi duen hori adierazteko: kaleko giroa, bandera-aldaketak, erregearen koadroak kentzea, jaialdiak, jendearen aurpegiak, manifestazioak eta aldarriak…

Argazki bakoitzari izenburua jarriko diote eta baita testu txiki bat ere. Adibidez:

1931ko apirilaren 14an, Eibarko gazte talde batek Errepublikaren bandera jaso zuen. Argazkian, 16 urteko Jonek harro begiratzen du balkoira: aldaketa baten hasiera sentitzen du.”

Argazki guztiak atera ostean, ikastetxeko korridoreetan edo beste leku apropos batean erakutsiko dira argazki guztiak, gainontzeko ikasleek ere ikusteko. Argazki-erakusketarentzat ere izen bat asma dezakete (Adibidez, “Eguna begietatik”, “Aldaketaren eguna”…).  

 

  • Bestearen azalean. Ikasleek TikTok bat sortuko dute, gertakari historiko bat gaur egungo ikus-entzunezko formatuetan aurkezteko gaitasuna landuz. Ariketa honen helburua Historia garaikideko pasarteak ulertzea eta egungo hizkera eta komunikazio estilora ekartzea da.

Talde txikitan lan egingo dute eta TikTok, Instagram Reels edo bestelako modako aplikazoen estilora, 30-60 segundoko bideo labur bat sortuko dute, Errepublikaren aldarrikapenaren inguruko gertakari historiko batean oinarrituta. Egungo hizkuntza, musika, etiketak edo efektuak erabil ditzakete, betiere testuinguruarekin koherenteak badira. Tonua serioa edo umoretsua izan daiteke, baina errespetuzkoa. 

Hona hemen jorratu daitezkeen eszena batzuk:

Alfontso XIII.a maletak hartuta erbesteratzen da, atzeko soinuan musika dramatikoa edo ironikoa erabilita.

Herritar talde batek errepublikaren bandera jartzen du udaletxeko balkoian.

Jendea kalean ospatzen, dantzan edo abesten ageri da.

“Influencer historiko” batek, errepublikaren aldeko mezua zabaltzen du.

Haur batzuk eskolara heltzen dira eta irakasleak etxera bidaltzen ditu, Errepublika aldarrikatu delako.

Herriko musika banda ateratzen da kalera.

 

Bideoak ikastetxeko sare sozialetako kanaletan edo webgunean argitaratu daitezke, etiketa bateratuak edota bilaketarako testu txikiak erabiliz ((#TikTokHistorikoa, #DBH4, #Errepublika…).

 

  • Historia egiten. 1931ko apirilaren 14an II. Errepublikaren aldarrikapena euren herrian nola bizi izan zen ikertu beharko dute ikasleek. Talde txikitan banatuko dira eta iturri ezberdinetara jo beharko dute informazio bila: artxiboak, liburutegia, hemeroteka digitalak, familiako edo herriko adinekoen testigantzak, Ahotsak.eus, egunkari zaharrak, argazkiak, kartelak eta dokumentu historikoak… Modu egokian jarri beharko dituzte iturrien erreferentziak:

- Miren Etxeberria (2023). “II. Errepublika eta gure herria”. Zumaia: Udal Liburutegia.

- Ahozko testigantza; Jose Mari Agirre. 92 urte. Elgoibar. 2025eko martxoa.

- artxiboa.euskadi.eus. Kontsultatua: 2025/05/10

Lanean hasi aurretik, gelan denen artean adostu ditzakete jorratuko dituzten puntuak eta ikerketarako egitura posiblea. Irakasleak galdera gidari batzuk ere proposatu ditzake.

GALDERA GIDARI POSIBLEAK, ADIBIDERAKO:

 

-  Nola eta non aldarrikatu zen II. Errepublika zuen herrian?

-  Zein eragilek parte hartu zuten (Udalak, herritarrek, alderdi politikoek…)?

-  Zein izan zen herritarren jarrera edo erreakzioa?

-  Zer aipatu zen egunkarietan horri buruz?

-  Geratu al da egun horretako oroitzapenik edo aztarna fisikorik herrian?

 

Ikasleek ikerketaren emaitza idatziz emango diote irakasleari. Ondoren, talde bakoitzak ahozko aurkezpen bat egingo du gelakideen aurrean.

 

 

4. Ekoizpena partekatzea. Antzezlanak eta ahozko zein idatzizko aurkezpena egingo dute ikasleek.

 

Ebaluazio-irizpideak

 

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

 

Edukiari buruz

  • Ea gaiak interesa piztu dion.
  • Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

 

Ikaste-prozesuari buruz

  • Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
  • Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
  • Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
  • Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikaziorako gaitasunei buruz

  • Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera izan duen ala zailtasunak izan dituen.
  • Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
  • Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

 

Talde-lanari buruz

  • Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
  • Ea balioesten duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen. 

 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk, ikasgaiko konpetentzia espezifikoekin lotutakoak:

 

1. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Egungo eta iraganeko prozesu eta gertaera historiko, geografiko eta sozialei buruzko informazioa bilatzea, hautatzea, antolatzea eta komunikatzea, hainbat euskarritan aurkeztuz, eta zereginaren helburuak kontuan hartuz.
  • Aro Garaikideari lotutako gai geografiko-historikoei buruz modu kritikoan argudiatzea, banaka zein taldean, askotariko iturri fidagarriak kontrastatuz eta baloratuz, jakintzagaiaren berezko terminoak eta kontzeptuak egokiro erabiliz.

 

 2. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Jarduera ekonomikoek eta mugimendu demografikoek lurraldean eta paisaian duten eragina ezagutzea, mundu-mailan, natura-, landa- eta hiri-ingurunea kontserbatzen eta hobetzen laguntzen duten portaerak eta ekintzak identifikatuz.
  • Jarduera ekonomikoek eta mugimendu demografikoek gizarteeetan duten eragina aztertzea, baliabideak modu unibertsal, zuzen eta bidezkoan eskuratzen laguntzen duten portaerak eta ekintzak identifikatuz, gaur egungo erronka demografikoak kontuan hartuta.

 

 3.  konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Gaiaren ulermena islatzen duten produktuen bidez, aro garaikideko antolaketa politikoaren eredu nagusiak mundu-mailan, estatu-mailan eta tokikoan adieraztea eta azaltzea; eskubide eta askatasun indibidual eta kolektiboak ezartzen lagundu zuten sistemei arreta berezia eskainiz, eta eskubide eta askatasun horiek erabiltzeko garaian atzerakadak izan zituzten aldiei edo egoerei kontrajarriz.
  • Aro Garaikidean kontzientzia solidarioa sortu, herritarren parte-hartzea eta gizarte-kohesioa sustatu eta desparekotasuna ezabatzeko lan egin zuten mugimenduak eta arrazoiak antzematea, parte hartzeko eta lan egiteko era guztietako estrategiak erabiliz.

 

 4. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Historia Garaikidearen eta egungo antolaketa politiko eta ekonomikoaren ezagutza esanahitsua bereganatzea eta eraikitzea dedukzio-prozesuen eta proiektu edo erronken bidezko lanaren bitartez, landutako gaiak ulertzen direla islatzen duten produktuak prestatuz.
  • Aro Garaikideko aldaketa historiko esanguratsuen prozesuak aztertzea, baita gizarteek aurre egindako erronka nagusiak ere, kausak eta ondorioak identifikatuz, jakintzagaiaren berezko termino eta kontzeptu teknikoak erabiliz eta gertaerak sekuentzia kronologikoen bidez erlazionatuz.

 

5. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Aro Garaikidean zehar portaera demografikoak, horien eboluzioa, izan dituzten aldaketak eta haien zikloak ezagutzea eta interpretatzea, kontzeptu tekniko zehatzak erabiliz eta gaur egun munduan ditugun arazo eta erronka nagusiekin lotuz.
  • Aro Garaikidean ezagutzen diren bizi-etapen eta bizimoduen ezaugarriak identifikatzea, gaur egungoekin konparatuz, bien arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak bereiziz, horien ezagutzak eskaintzen duen aberastasuna baloratuz eta gure inguruan eta ingurune hartan osasungarria eta jasangarria denaren arteko distantzia hautemanez

 

6. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Ekonomiaren garapenaren ideiaren eta horren gizarte-, lurralde- eta ingurumen-ondorioen esanahi historikoaren ezagutza aplikatzea, nazioartean, estatuan eta tokian, agiri ekonomikoen bidez, hazkunde eta atzeraldi erritmoak eta zikloak daudela ulertuz, eta planetaren jasangarritasuna bermatuko duten portaera ekosozialak hartzeko beharra kontuan hartuz.
  • Aro Garaikideko sistema ekonomikoak eta haien garapen-prozesuak aztertzea eta azaltzea, eta elkarren artean alderatzea, haien arteko erlazioak eta baita nazioartean sortu eta sortzen dituzten gatazkak identifikatuz, eta gizarte-eskubideen garrantziarekin eta oinarrizko baliabideetarako eskubide unibertsalaren beharrarekin lotuz.

 

7. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Historia Garaikidean zehar garatu diren kultura- eta politika-prozesuak gaur egunera arte eraiki diren talde-identitateekin lotzea, norberaren eta besteen identitatea osatzen joan diren ezaugarriak ezagutuz eta errespetatuz, eta bakoitzaren esanahi askotarikoak eta kultura unibertsalari egindako ekarpenak aztertuz.
  • Aro Garaikideko ekarpenak identifikatzea eta azaltzea, ondare historiko, instituzional, artistiko eta kulturala munduko herritarren ondare komun gisa aintzat hartuz eta balioetsiz, eta tokiko, autonomiako, nazioko, Europako eta mundu osoko talde-identitateen oinarritzat onartuz.

 

8. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Gaur egungo estatu eta hegemonien sorrera eta garapena ezagutzea, Espainiako estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eraketa barne, eta horiek espazioan eta denboran kokatzea, haiek osatu dituzten elementu historiko, kultural, instituzional eta erlijiosoak integratuz, sortutako errealitate multikulturala azalduz eta haien ekarpen garrantzitsuenak identifikatuz.
  • Jarrera ez-diskriminatzaileak erakustea eta aniztasun soziala eta multikulturala aintzat hartzea, inklusioa, gutxiengo etniko-kulturalen onarpena eta kolaborazioa baloratuz, gizarte-kohesioa bultzatzen duten balio gisa.
  • Gizonen eta emakumeen benetako berdintasunaren alde argudiatzea, hainbat esparrutan aro garaikidean zehar emakumezko pertsonaia garrantzitsuek egindako ekarpena nabarmenduz eta baloratuz, eta edozein egoeratan generoagatiko edozein jarrera eta portaera diskriminatzaileren aurka jardunez.

 

9. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Aro Garaikidean zehar, zibilizazioek egindako kultura-, arte-, zientzia- eta pentsamendu-ekarpen aipagarrienak ezagutzea eta azaltzea, eta egungo euskal eta espainiar kulturak garaiko korronte kulturalekin lotzea, egungo kulturen erroak nabarmenduz eta beste edozein adierazpen kultural errespetatuz.

1931ko apirilaren 12an, udal hauteskundeak antolatu ziren eta errepublikanoek irabazi zituzten bozkak. Eibarren gau hartan bertan hasi zituzten ospakizunak.

Candido Eguren (Eibar, 1906): Gabeko hamarrak inguruan edo. Urten genduan “Casa del Pueblo”tik ta juan giñazen frontoira, Astelenara. Jentiari esan etsaun: "Republikia aurrera doia". "¡Viva la república!"," Gora republikia!" ta bata ta bestia.

Hurrengo eguneko gauean, Alfontso XIII. erregeak exiliorako bidea hartu zuen bere familiarekin, eta apirilaren 14an aldarrikatu zen II. Errepublika estatu guztian. Eibarren, aurreko eguneko jaiarekin jarraitu zuten, eta goizaldean herri guztia plazan elkartu zen.

Jose Kareaga (Eibar, 1930): Etorri zittuan tipo bi, iñok be ez jekixan zeintzuk zian, ondo jantzitta ta Irundik edo. Irun beti ezkerrekua izan dok. Ta eurak esan ei jetsen, holaxe erderaz: “¿A qué estáis esperando?”, “¿Cómo que esperando?”, “Si la república ya se ha proclamado, ¡hombre!, y tal y cual”. Ta sinistu! Ta banderiori jaso juen, eta ez jeuan notiziarik. Ta, itxuria, diar ein bihar izan juen Bilboko “Casa del pueblo”ra, eta han be ez jekixen ezer. “Aquí no hay ninguna noticia, aquí no sabemos nada. ¿Pero os habéis dado cuenta de lo que habéis hecho?”, “Bueno, pues ya hemos hecho”, “Joe, ¡Pues buena os espera! y tal” ta holaxen. Ta... [Bildurtuta?] Jo, bildurtuta? Ataraik kontua bildurtuta...!

Emilia Unamuno (Eibar, 1915): Horreaittik da Eibarren lehenago urten ebana –egun bat lehenago– republikiak.

Maritxu Osa (Eibar, 1921): Bueno, bai horixe, hantxe nenguan Untzagan.

Emilia Unamuno (Eibar, 1915): Untzagan nenguan ni. Alboko etxian bizi zian Francisconekuak: “Mamá, ¿qué traje me voy a poner hoy? Klaro, republikiak urten ebala ta republikiak urten ebala Untzagan ta…

Mari Karmen Agirre (Eibar, 1924): Atsaldian ekarri eben...bonberuak eken halakotxe errobera haundixekin, ba, igotzeko. [Julita: Eskillaria]. Eskillara haundi bat. Horixa zan, gaiñera. Horixa. Eskillara haundi bat. Ta haretxekin eskillariakin… Hara, ikusten nao ointxe be. Gu arkupietako onduan. Porke ha kamiñua… ez zan juten han iñobez. Han kamiñuan autorik-eta, ez zeuen autorik. Ta hantxe aittakin ta amakin ta… Ta kendu eben, porke ipintzen eban “Plaza de Alfonso XIII” ekan han, eta haxe kendu eben… Hango txalua! Ta ipini eben: “Plaza de la República”.

Arantxa Lasa (Soraluze, 1925): Badakizu, “La ciudad ejemplar” emon otsan titulua republikiak, zeaittik izan zan lelengo herrixa republikia proklamau ebana.

Maritxu Osa (Eibar, 1921): Izan gara... espabilauak izan gara eibartarrak!

II. Errepublikaren aldarrikapenaren oihartzuna azkar zabaltzen joan zen lurralde osoan.

Bentura Arrieta (Elgoibar, 1925): Republikia bazetorrela ta ez zetorrela ta… hola. Eta nola deittu zion anaixak amari “Ama, ama, republikano banderiakin dator trena”. Ta “Aibala! Orduan jaiki da republikia”.

Inazia Llodio (Arrasate, 1917): Errepublikie etorri zan egunien, ni etorri nitzen Santa Agedatik. Oiñez, e! Eta ixilik, iño be ez kalien ta. Batek esan oskun: “Nora etorri zara?” ta “Eskolara”, “Republikiek urten dau eta juan zaittez etxera”.

Inaxio Zabala (Altzo, 1921): Tolosatikan neska ta mutil “¡Viva la libertad! Iepa, iepa! ¡Viva la república!” eiñez, zea, Tolosatik Alegriara, neska ta mutil, kantari.

Jesus Aranburu (Errenteria, 1918): Errenterian, arratsaldeko zazpitan hona aldea jendia atera zen eta kriston bandera haundi batekin ibili zin kaliaz barrenen, jendia atzetik; ta kriston banderakin kalian, kantatzen.

Maria Igarza (Elorrio, 1924): Kojo bat euen Elorrixon, ta igo eban ayuntamiento onduen mailla batera, mailatxo bat euen han, eta igo eban hara eta esan eban “¡Abajo el clero! Y ¡viva la república!”, eta danak “¡Viva!”.  

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza